Euskara, hegemonia eta errukia

By • Mar 19th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Adibide batekin hastearren. Herrialde Katalanetan, katalanaren erabilera normalizatua da, hots, katalana, ñabardurak ñabardura, hegemonikoa da han. Edozeinek —PPko kargudunek barne— erabiltzen duelako nonahi, edozertarako, inolako zama politikorik gabe.

Gurera etorrita, erran behar da Tafallaldean aitzinean aurkeztutako egoerarantz doala euskara emeki-emeki, luzera bada ere. Izan ere, aste batzuk igaro baitira Tafallako Udalak aho batez euskararen aldeko dekalogoa sinatu zuenetik. Gure hizkuntzaren normalizaziorantz aurrerapauso ezinbestekoa, ekinean aldatzeko hagitz badago ere, hau da, haren erabilera hegemoniko izatetik urrun badago ere. Horrela, demokrata izateko —teorikoki orain, lehen ez bezala— , euskararen alde agertu behar duzu argazkietan, mihian azkura ematen jarraitzen badizu ere. Berri ona da, ordea, bide luze honetan, indar navarroespainolistek euskararen defentsarekin bat egin behar izana. Ez UPNko zinegotzi eta alkateak euskaraz barra-barra adituko ditugulako, baizik eta, beste behin, honakoa argi geratu delako: herri mugimendua —gizartea oro har— da politikariei eta instituzioei normala eta onartu beharrekoa zer den adierazten diena.

korrika-18-215x300
AEK eta Korrika ere horren adierazgarri dira. Zenbat jendek parte hartzen duen eta zein pertsona ezberdinek onartzen dituzten haien aldarriak. Aldi berean, berdintasunaren adierazle dira biak: euskararen eta kulturaren birikak Euskal Herriko edozein tokitan daude, berdin-berdin hartzen dute arnasa Erriberan, Baldorban eta Larragan… zein Baigorrin, Sestaon eta Donostian. Askotan entzun izan baitugu, harriduraz beterik, beren burua gure mintzairaren aldeko gurutzatutzat daukaten batzuen ezpainetan, nola liteke posible azken erreserbetatik hain urrun dagoen eremu honetan euskaraz egitea, euskarak daukan sostengua izatea… Harrotasunez beteriko birikak haize-hustuz, urruneko hizlaria ttikiago azaltzen da benetako egoeraz ohartzean —alderatu du, nonbait, beste herri batzuetakoekin—. Momentua izaten da orduan gogorarazteko anai artean anaitasuna zor diogula elkarri, ez errukia.

 

Jimenez Martinez (Tafalla, 1986). Filosofian lizentziaduna. Andoni Olariagarekin batera Modernitatearen Auziaz (2009. Donostia: Jakin) liburuaren egilea. Txalapartako editorea.
Email this author | All posts by

Leave a Reply