Günther Anders: Etsita banago, zer axola niri?

By • Feb 15th, 2013 • Category: Liburu Kritikak

9788461595945Günther Andersen argitalpen berri baten harira.

  1. Kaleratu berria da (DDT/Besatari, Bilbo 2012), Günther Anders pentsalariaren testu aukeratuekin osatutako edizio bat, gazteleraz.
  2. Izenburua: “Si estoy desesperado ¿a mí qué me importa?“ (“Etsita banago, zer axola niri?”)
  3. Hitzaurrea: Javier Rodríguez Hidalgo.
  4. Itzulpena alemanetik: Elena Martinez Rubio.
  5. Azala: John Heartfielden (1891-1968) irudi baten moldaketa.
  6. Edizio honek sei testu hartzen ditu barne: filosofoen hizkera “esoterikoari” eskainitako gogoeta bat, Andersen egunkaritik ateratako zati batzuk, hiru elkarrizketa eta, last but not least, bortxaren inguruko bere tesi-bildumatxo bat. (Azken hau, euskarara itzulita dago eta Lapiko Kritikoan online irakurgarri). Bertan ageri diren hainbat gairi buruz arituko gara hemen.

Andersen pentsamenduaren harrera

Andersek (Breslau, gaurko Wrocław, Polonian, jaioa; 1992an Viena, Austrian, hila) ez zuen, bizi zen artean, pentsalari eta poeta bezala zor zion ospea bereganatu, nahiz eta XXgarren mendeko beste pentsalari handiengan, Theodor Adorno eta Jean-Paul Sartrengan esaterako, eragina izan zuen. (Ukaezina da bestalde, Hannah Arendtek eta Günther Andersek kezka batzuk partekatu zituztela, bide beretik abiatuz zenbait kontzeptu garatzeko orduan.) Vietnameko gerraren kontrako Russell Epaitegiko kide izateak eta nuklearren kontrako borrokan parte hartzeak Anders aski ezagun egin bazuten ere, bere pentsamenduaren eta bizitzaren beste alderdi batzuk ezezagun samar izaten jarraitu dute.

Orain ordea, Andersen lanaren harrerari begira jarriz gero, aldaketa argi bat sumatzen dugu. Batetik, aleman kultura-eremuan gero eta Andersen liburu gehiago agertzen ari dira, berrargitalpenak nahiz orain arte argitaratugabeak, gehi lan monografikoak. Bestetik, aleman hiztunen mundutik toki eta hizkuntza desberdinetara heltzen hasia da Andersen pentsakera, astiro den arren. Joera honek gora egingo du seguraski hemendik aurrera, abiadura azkarragoa hartuz, elurbola baten moduan.

Testuinguru honetan nabarmentzekoa da, Andersen gaztelerazko lehen edizioa hain zuzen Euskal Herrian argitaratu zela (1). Esku artean dugun bigarren liburu honekin batera berriz, gaztelerazkoak gain, Andersen beste lan batzuk kaleratu dira aspaldion, gehienak italieraz eta frantsesez. “Bolada-fenomeno” ezaguna! Hannah Arendt, Andersen lehen emazte izan zenarekin antzeko zerbait gertatu zen, esaterako. Nahiz eta orduan, laurogeigarren hamarkadan, gertakizun historiko batek, Berlingo harresiaren erorketak alegia, bultzada berezia eman zion Arendten zabalkuntzari. Marxismoak pentsamenduaren alorrean utzitako hutsunea nolabait bete beharra zegoen-eta une hartan.

Rodríguez Hidalgok “Anders, ezezagun nabari bat” bere hitzaurrean gogorarazten digunez, Andersen pentsakerarekiko jakin-minaren pizkunde pozgarriak arrisku bat dakar berekin, ezinbestez: “Ez dago filosoforik etorkizuneko zein jaunen zerbitzuan lortuko duen hilezkortasuna aurreikus dezakeenik”. Andersen hitzak dira hauek.

Bizi garen gizartea filosofo “menderaezinenak” ere “gizarteratzeko” gai delako, bere gisara erabiliz hutsal bihurtu arte. Edo horretan ahaleginduko da behintzat. Andersen idazki nagusia “Die Antiquiert heit des Menschen” (Gizakiaren zaharkitzapena) gazteleraz kaleratu denez gero, batek daki zer gerta dakiokeen aurrerantzean Andersen pentsakerari merkatu espainolean. (2) Edonola ere, hortxe izango ditugu beti, bizi-bizirik, Andersen hitzen berezko indarra eta irakurleak erakartzeko ahalmena.

Trotz delakoaren filosofia

1959an erabili zuen Andersek izenburuko esaldia lehenbiziko aldiz, Hiroshimako bere tesietan. Edizio honetako lehen testuan ekarriko digu gogora esaldi hura (3), ondoren bere filosofiak ez daukala Ernst Blochen aski manipulatua izan den “itxaropen printzipioarekin” zerikusirik, baizik eta Trotz delakoaren filosofia bat dela azaltzeko (Trotz: egoskortasuna, buru egitea, desobedientzia, discrepancia, différend…). Izan ere, Andersek argi utzi nahi du zentzugabe bezain gaitzesgarri deritzola “itxaropen” horri (4). Halako itxaropen laiñoa, “itxarokeria” litzateke, nuklear mehatxuagatik arrisku larrian bizi garela gogoan hartuta. Nuklear armetan oinarritutako faxismoak, indarkeriak, xantaiak… ez baitigute jakiten uzten, ezta munduak jarraipenik edo gerorik izango duen ala ez. Bestela esanda, munduan ezer aldatzeko edo hobetzeko ezinbesteko baldintza, munduak berak izaten jarraitzea da. Horrexegatik hartzen zuen Andersek bere burua “kontserbadore ontologikotzat”.

“Begi-zabaltzaile” baten zereginak

Andersek pentsalarien mitifikatzetik nahiz ikuspegi akademizista eta elitistetatik urrun kokatu zuen bere burua bizitza osoan zehar. “Brechtek ezin ninduen ikusi ere egin” elkarrizketako erantzunek jarrera hori ulertzeko balio digute. (Honen ildotik ere, Brechten nortasunari egindako kritika, ezkertiarren pope bihurtua zenez). Galdetu diotenean zertaz eztabaidatzen zuen Parisko erbestean Walter Benjaminekin, horrela erantzun du: “Benjamin ez zen niretzat Adornoren taldekoa, gu biok lehengusuak ginelako eta nik jaiotzetik ezagutzen nuelako. Ezin dut esan filosofiaz solastatzen ginela Parisen. Lehenengoz antifaxistak ginen, bigarrenez, antifaxistak, eta horrezaz gain, agian, filosofiaz ere hitz egiten genuen elkarrekin. Oker zaude emigrazioa irudikatzean, filosofiaz jarduteko astia genuela uste baldin baduzu.” (5)

1930garren urtean hasi zen Anders Berlinen kazetari, Brecht tartean zelarik. “Stern” bere abizenaz sinatu zuen hasieran, geroago “Anders” (“bestelakoa”, “desberdina”) goitizena hartuz. Une hartantxe moralaren aldetik garrantzirik ez zuen guztiaz ahaztea erabaki zuen, totalitarismo eta gerraren kontrako idazketa didaktikori ekiteko buru belarri. Hil arte aurrera eraman zuen erabaki bat. Bere eginbeharrak “begi-zabaltzailearena” izan behar zuela sinestuta zegoen-eta. Munduaren arazoetan murgilduriko filosofoa zen hortaz. Zeukan jokabide hau zela bide, “praktikara desertatzea” leporatu zion zenbaitek: huts bat filosofo batengan omen, barkagarriagoa izan ohi dena, “praktika“ horrek boterearen aldera jotzen duenetan.

Gizaki zaharkituok

Estatu Batuetako exilioan bizi zelarik, Theodor Adorno, Max Horkheimer, Herbert Marcuse eta Frankfurteko Eskolakoek izan zituen Andersek solaskide, ez taldekide alabaina. Eta bere kabuz lantegietan lan egitea egokitu zitzaion, job edo aldi bateko lanak eginez besterik ezean, haiek ez bezala.

Lan-munduko bizipenak oso baliagarriak izan zitzaizkion Andersi “Gizakiaren zaharkitzapena” liburua idazteko. Bertan azaldu zuenez, teknikak, behin subjektu bihurtuta, kontzientziaren tokia hartu du. Eta gizakiok teknikak bazterreratutako izaki zaharkitu eta akasdunak baino ez gara. Era berean, giza gehiengoak “ekoiztu” egin daitezke gaur, beste merkatuko “produktu” guztiak ekoizten diren bezalaxe, masa-komunikabideak direla medio. Badira egun estatu demokratikoetan gehiengo batzuk, Hitleri botoa eman zioten haiek baino demokraziaren ispilu handiago ez direnak.

Gizakiok beste izakien maila berean

Andersek, mendebaldeko tradizio filosofikoari aurre egin eta beste izaki guztien maila berean ezarri zuen gizakia, munduaren erdigunean jarri ordez. Areago, ongia eta gaizkiaren artean hautatzeko “askatasun morala” ei den hori, abantaila edo onuratzat baino, beste izakiekiko desabantailatzat jo zuen. Ideia honek Sartreren askatasunerako kondenaren tesian izan zuen eragina, Andersen “Pathologie de la Liberté” (1930, frantsesez, jatorriz) izeneko testuaren bitartez.

“Hauxe da gizakiaren desberdintasuna: otsoak ezin dira errudun izan … Kontua ez da erabakitzeko aukera dugula, baizik eta aukeratzera behartuta gaudela… Neuk ez nuke esango, errudun izateko aukera izatea gure bikaintasunaren adierazgarria denik.” Animaliak baino gehiago garela sinestea “harrokeria metafisikoa” baizik ez da. (6)

Filosofia nuklearren mehatxupean: terra incognita

1945eko Hiroshimako hondamenak hitzik gabe utzi zuen Anders bost urtez. Bonba nuklearrak sortutako izu hari Auschwitz eta beste kontzentrazio esparruena gehitu zitzaion gerra osteko urteetan. Ets gizadiak bere burua lurretik desagertarazteko duen ahalmenaz jabetze hura, bere pentsakera nahiz ekintza guztien ardatz bilakatu zen denborarekin. Arazo filosofikotzat hartuta terra incognita da gure bizialdia indar nuklearrak mehatxaturik eraman behar izatea. Erabat egoera berria. Munduaren iraupena ez baita honezkero esan gabe doan zerbait, aurreko filosofo guztientzat izan zen bezala. Zentzu honetan ez zaigu zilegi pentsamenduaren aro berri baten atarian gaudela esatea. Ez dakigulako gerorik izango den ala ez. Andersen “tema” urte luzetan barne, bere egunkariko hainbat pasartetan ikus daitekeenez.

Gaizkiaren “errugabetasuna”

50garren hamarkadako azken urteetan, Claude Eatherly bonba atomikoaren jaurtiketan parte izan zuen pilotuarekin harremanetan jarri zen Anders. Eatherley bere burua hiltzen saiatua zen Hiroshimagatik errudun sentitzen zelako. Adolf Eichmann naziaren kontrako prozesuaren garaia zen hura. Eichmann berriz, ez zen ezertaz damutzen, eta bere burua zuritzeko, zegokion eginbeharra bete baino ez zuela egin esan zien epaileei. Bion arteko alde morala mugatzen zaila izanik ere, pilotuak “gaizkiaren errugabetasuna” gorpuzten zuen Andersen ustez, Eichmann “bulegoko kriminala” zen bitartean.

Andersek ondorioztatu zuenez, Eichmann ez zen bere jokaera errudunaren ondorioak irudikatzeko gauza. Honek Vorstellungskraft edo irudimenaren azterketara eraman zuen. (7) Andersen arabera, ez gara gai teknikaren bidez ekoizten dugunaren eraginak eta kalteak irudikatzeko. Eten hau gainditzeko, baita erru morala eta erantzukizuna gureganatzeko ere, irudimenaren lantzea zaigu ezinbesteko. Irudimenik gabe gainera, ez dago inolako ekimenik. (Irudimenari garrantzia emate hau, besteak beste, oso hurbil dago Arendten judizio mailako Einbildungskraft kontzeptutik, adibidez).

Filosofoen hizkera “esoterikoa”

Andersek agintekeriaren kontra borrokatzeko prest dagoen edonori zuzendu nahi zizkion bere testuak eta ahaleginak. Bidegabe zeritzon filosofoek lankide edo beste akademikoentzat soilik idazteari. Okinek ogia okinentzat bakarrik egitea bezain ezmoral eta zentzugabea. “Hizkera filosofikoaren esoterismoari buruz” izeneko 1943ko testuan (8), filosofoen eginkizuna eta jarduera aztertzen ditu Andersek. Hitzaldi baten aitzakiaz, aleman unibertsitateko hierarkia-giroaren karikatura den katedratikoa eta irakasle kontrolaezinaren arteko tirabira bat aurkezten digu hemen. Tarteka barreari edota auzo-lotsari ezin eutsiz ikusiko ditugu entzule zintzoak, katedradunarekiko begiruneari atxiki nahian era berean.

Filosofoen ogibidearen salaketa garratz bat, azken batez. Zientzilariek haien artean hitz teknikoak erabiltzea onargarria da, sortzen dutena jendeak erabil dezakeelako. Baina zertarako balio dute filosofoen hitzek? Zergatik hiztegi ilun bat erabili, baldin eta beren burua inorengandik babestu beharrik ez badute, talde itxi esoterikoek ohi duten legez? Aitzitik, unibertsitate eta eskolako filosofo-talde horiek ez dute etsairik, estatua bera dago-eta beren alde… hizkeraren “esoterismo mota” bitxi horri eusten dioten heinean bederen. Filosofia ulertezin bat itzal handikoa da eta ez du inongo arazorik sortzen. Filosofoek zera dute aldiz erronka: gai zailez era ulergarrian eta errezean aritzea. Agerian geratuko litzateke orduan hamaika diskurtsoren hutsalkeria.

Nahikoa al da bortxarik gabeko protesta?

Lehen Munduko Gerraz geroztik bakezale engaiatua izan zen Anders. Aitortzen zuenez, bortxaren erabilera bere oinarri moralei kontrajarria zen. Hala eta guzti, testu bat kaleratu zuen 1987an, non bortxarik gabeko protestak bere ustez “sasiekintza sentimental eta sinboliko huts” besterik ez zirela azaldu zuen. Nuklear indarraren hor egotea gizadiarentzat ultimatum izaera duen txantajea delako, eta bonba atomikoaren jabe izate hutsak errutasun morala esan nahi duelako. Argi dago munduaren suntsiketa prestatzen ari direnen kontra gure burua defendatzeko eskubidea dugula, bai eta eraginkor izateko beharra ere. (9) Une honetan, gure edozein protesta-ekintza, bakezaleena nahiz sinbolikoena, erresistentzia edo erasotzat hartu ohi da boterea dutenen aldetik. Geu gara ordea indarkeria jasaten ari garenok. Hortik galdera: noiz arte jarraituko dugu agintari hiltzaileentzat kaltegabe izaten?

Eskizofrenia morala

Bada, ezinezkoa zaigu gure borrokan arrakastatsu izango garen ala ez jakitea. Baina berdin ekin behar diogu borrokari. Andersek “eskizofrenia morala” deitu zion honi, gaurko egoeran sor daitekeen ekintza politikoa deskribatu zuenean. Eta horrela esan zuen beste elkarrizketa batean: “Ez dut astirik nire buruari galdetzeko ea itxaropenik badudan ala ez. Dauzkagun eginkizunen aldean, ia-ia barregarria zait neure aldarteaz kexu izatea”. (10) Edizio honen izenburuaren osagarri zaizkigun esaldiak dira hauek.

Zer axola guri etsita bagaude, ez bageunde bezala jarraitu beharko dugu. Edo Eduardo Galeanorekin batera: “Goizero zalantzak gosatzen dituen itxaropena da merezi duena.”
______________________________________________________________________
(1) Günther Anders, “Llámese cobardía a esa esperanza. Entrevistas y declaraciones”. Besatari. Bilbo, 1995.
(2) Günther Anders, “Die Antiquiert heit des Menschen”, 1956. Gazteleraz: “La obsolescencia del hombre”. Pre-textos, Valencia 2011. Frantsesez: “L’Obsolescence de l’homme”, T.1 Éditions Ivrea et éditions de l’Encyclopédie des Nuisances. Paris, 2002. Eta T.2 Éditions Fario, Paris, 2011.
(3) Günther Anders, “Brecht konnte mich nicht riechen”, 1985. Edizio honetan. (Brechtek ezin ninduen ikusi ere egin). Bide batez: hizpide dugun edizioak ez du zerikusirik “Si je suis désespéré, que voulez-vous que j’y fasse?” Frantziako argitalpenarekin, nahiz eta “halabeharrez”, hau da, kasualitatez, elkarren berri izan gabe eta garai beretsuan, editoreei esaldi berdina izenburutzat hartzea bururatu zitzaien. Beraz, gaztelerazko edizioa ez da frantsesezkoaren itzulpena, eta frantsesezkoan ez dauden testuek osatzen dute.
(4) Ernst Bloch, “Das Prinzip Hoffnung”, 1949.
(5) Günther Anders, “Brecht…”, 1985. Op.cit.
(6) Günther Anders, “Brecht…”, 1985. Op.cit.
(7) Günther Anders, “Vorstellungskraft ist das Notwendigste”, 1982. (Irudimena dugu beharrezkoen). Edizio honetan.
(8) Günther Anders, “Über die Esoterik der philosophischen Sprache”, 1943. (Hizkera filosofikoaren esoterismoaz). Edizio honetan.
(9) Günther Anders, “Reicht gewaltloser Protest?” 1987.(Nahikoa al da bortxarik gabeko protesta?) TAZ aleman egunkarian 1987ko Maiatzaren 9an argitaratutakoa. Edizio honetan.
(10) Günther Anders, “Die Besudelung”, 1986. (Egunkaria zikintzen). Frank furter Allge meine Zeitung-ek zentsuratu zion elkarrizketa. Edizio honetan.

Euskara-alemana/alemana-euskararen hiztegiaren (Elkar, 2006. Bigarren argitalpena, 2009) egilea. Egin, Gara, Berria, Jakin, Uztaro, Ezpala, Larrun, Geu, Senez... aldizkarietan kolaboratzailea. Bilbon jaioa. Filosofia eta Soziologiaren lehenengo zikloa Nürnberg-Erlangen-go Unibertsitatean egin zuen. Berlingo Freie Universität-en Literatura ikasi zuen. Filosofian lizentziaduna Bartzelonako Autonoman. Filosofian doktorea Madrilgo Autonomoan. Euskal Filologian lizentziaduna EUTGn. OHOko irakaslea Ingeles Filologia Sailean. Hizkuntzazalea, frantsesa, errusiera, ingelesa, alemana, katalana... Irakaskuntzan aritua, EHUko Filosofia irakaslea euskaraz. Besatari Elkartean zenbait libururen argitaratzailea. Itzulpengintzan aritua, alemanetik eta ingelesetik euskarara eta gaztelerara, Filosofia arloan. Hiztegigintza: Uzeiko Filosofia hiztegian artikulu eta sarreragilea. Frankfurteko Unibertsitateko euskara irakurle ohia. Filosofia arloan: "Hannah Arendt: Un pensamiento a la intemperie" liburuaren egilea, "Hannah Arendt: La historia, relato de infinitos comienzos y ningún final" (beste batzukin batera) "Bidaia filosofikoak" eta "Jactaos vosotros". Literatura arloan berriz, De noche a noche. Poesian: Pasaia Lehiaketako 1.Saria (2009) "Vivíamos a la vuelta de la esquina". Mungiako Lauaxeta Lehiaketa 2. Saria (2008). Jactaos vosotros (DDT, Bilbo 2015) eta Bidaia filosofikoak (Utriusque Vasconiae, 2015)
Email this author | All posts by

Leave a Reply