Lacan III: Erreala eta ‘objet petit a’

By • Jan 27th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Artikuluaren lehen eta bigarren zatiak:

Lacan I: Irudizkoa eta Sinbolikoa

Lacan II: desira eta inkontzientea

Erreala: sintomaren trauma ezezaguna

magritte4

Ceci n’est pas une pipe – René Magritte

Paradoxiko xamarra da ordena erreala zer den azaldu behar izatea, izan ere, “etengabe ez idazten den horixe da”. Erreala ezin da idatzi eta ezin da berbalizatu, guztiz helezin eta ulergaitza da. Bertan dute jatorria, hala ere, Irudizkoak eta Sinbolikoak eta, hain zuzen, Errealaren bazterketaren bidez soilik da posible beraien sorrera. Ordena hau fisikalitate gordina da, materiaren osotasuna, bere egoera barne: fisikalitate gordin atenporala, nolabait adierazteko. Atenporala diodanean zera esan nahi dut: denborarik gabea edo, behintzat, denborak sorturiko zatiketarik gabea. Ispiluaren estadioa ematen denean apurketa bat ematen da, jadanik ez da batasuna, bi batasunen dualitatea baizik; eta hizkuntza jokoan sartzean maila sinbolikoan azaleratzen den falta agertzen da. Ezinezkoa da beraz apurketa erradikal hori gainditu eta Erreala atzematera iristea, Irudizkoaren eta Sinbolikoaren bitartekaritzaren emaitza errealitatea besterik ez baita, eta ezin dugu hori, inondik inora, Errealarekin nahastu.

Hala ere, Erreala ez dago errealitatetik guztiz isolatua. Bere burua sintoma gisa adierazten du ordena sinbolikoan. Horrek ez du esan nahi, noski, sintoma Errealari dagokionik, baizik eta Errealean duela bere objektua, alegia, trauma: je ne sais quoi hori. Larritasunaren (angustia) objektua Lacanek berak erabiltzen duen adibidea da; larritasun libreak, hau da, inolako kausarik ez duenak eta ondorioz, fobiatik ezberdintzen den horrek, ez dauka bitartekaritzarik, zuzenean dago konektatuta Errealarekin. Objektu batek kausatzen duen momentuan, esan bezala, fobia daukagu.

Objet petit a

Objet petit a (‘a’ xehe objektua), Lacanen esanetan, berak asmatutako kontzeptu bakarra da: eskuraezina den desiraren objektua da, zeinak metonimia sortzen baitu. Adierazle batetik bere ondokora salto eginez etengabe, adierazle katea mugimenduan jartzen du. Dena den, objet petit a honi dagokionean benetan garrantzitsua dena da, Errealak, Sinbolikoak eta Irudizkoak osatzen duten korapilo borromeoaren erdigunean kokatzen dela, alegia, hiru erregistroek bat egiten duten lekuan; serie honen lehenengo artikuluan azaldu bezala, eraztunen bat kendu edo apurtuko bagenu, korapilo osoa suntsituko genuke; hori ez gertatzea Sinthome (symptom + saint + Saint Thomas) izeneko osagaiak ziurtatzen du.

Horrez gain, funtsezko garrantzia du objet petit a Sinbolikoak Errealean sartzean sortzen den soberakina, hau da, gozamen (jouissance) gainbalioa izateak, izan ere, honek Errealaren inguruan ikertzeko aukera ematen digu: ezin dugu Erreala ezagutu, baina pentsatu egin dezakegu.

Azken atal honetan aurretik aipatu gabeko bi kontzeptu garrantzitsu agertu dira: Sinthome eta Jouissance. Kontzeptu konplikatu xamarrak dira horiek eta luze joko luke horien inguruko azalpena hemen emateak. Horra, Lacanen pentsamenduan gehiago sakontzeko aukera, edo are, tentazioa! Bitartean, Argentinako Encuentro telebista kateak emandako Lacanen konferentzia eta elkarrizketa batekin uzten zaituztet, gozatu!

 

Bibliografia

– HOTTOIS, Gilbert, 1997: Historia de la filosofía del Renacimiento a la Posmodernidad, Ediciones Cátedra, 1999, Madrid.

– LACAN, Jaques, 1955: “The Seminar on ‘The Purloined Letter’”, [http://www.lacan.com/purloined.htm]

– LACAN, Jaques, 1949: “El estadío del espejo como formador de la función del yo” in Escritos I

– MYERS, Tony, 2003: Slavoj Zizek, Routledge, 2003, London. [http://www.lacan.com/zizekchro1.htm]

– PHILLIPS, John: “Lacan and Language”, [http://courses.nus.edu.sg/course/elljwp/lacan.htm]

– ZIZEK, Slavoj: How to read Lacan, [http://www.lacan.com/essays/]

(1989, Algorta) Filosofian lizentziatua. Egun Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia masterreko ikaslea.
Email this author | All posts by

Leave a Reply