Lacan II: desira eta inkontzientea

By • Jan 18th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Artikulu honen lehenengo zatia hemen → Lacan I: Irudizkoa eta Sinbolikoa


Inkontzientea eta inoiz ase ezinezko desira


No, you can’t always get what you want

No, you can’t always get what you want
No, you can’t always get what you want
But if you try sometime, you may just find
You get what you need.

Agian The Rolling Stones musika taldeak hain famatu egin zituen hitz hauetan aldaketaren bat egin beharko genuke, Lacanen pentsamendua errespetatuko badugu: “you can never get what you want”. Baina oro har, nahiko ondo azaltzen dute kontua. Ezinezkoa da subjektuak bere desira asetzea, ezin du nahi duena lortu, soilik, akaso, behar duena, baina horrek ez du bere falta beteko. Subjektuaren identitatea faltaren arabera zehaztuko da, falta horren inguruan, alegia, eta aldi berean, falta horrek subjektuaren identitatearen itxiera galaraziko du: inoiz ez da guztiz osatuta egongo. Garena gara bete nahi dugun hutsunearen funtzioan, edo, argiago esateko, hutsunea betetzeko egiten dugunak definitzen gaitu, baina hutsune hori betetzea ezinezkoa denetik, subjektua etengabe ari da bere identitatea definitzen. Faltaz ari garenean, subjektuak ez daukan zerbaitetaz ari gara eta beraz, zatiketa agerian geratzen da: alde batetik faltak sortzen duen hutsunea bete nahi duen subjektua dago eta, bestetik, falta bera, alegia, berriro ere Bestea, subjektua definitzen den marretatik kanpo dagoena eta aldi berean, marra horiek marrazten dituena. Zatiketa bikoitza da, subjektua bera ere zatitua baitago, alderdi kontziente eta inkontzienteak osatzen dutelarik, orain ikusiko dugu baina, berez, zatiketa bat eta bera dela. Lacanen pentsamenduan, inkontzientea ezin da ulertu barne izaera (zera: id) primitibo gisa; aitzitik, hurrengoa dio inkontzienteari buruz: “inkontzientea hizkuntza gisa egituratzen da” eta “inkontzientea Bestearen diskurtsoa da”. Zer esan nahi du horrek? Alde batetik, inkontzientea ez dela askotan pentsatzen dugun subjektuaren kontzientziaren antagonista irrazional eta primitiboa, gizakiaren animaliatasunaren arrastoa kasik, ez. Eta bestetik, geure barnean nonbait ezkutaturik, erreprimiturik eta kanpoaldearengandik (Bestearengandik) isolatuta dagoen alderdi iluna ere ez dela. Inkontzientea, kontzientzia bezala, sofistikatua da, ez primitiboa, bere egitura konplexua da, eta Bestearen bidez hitz egiten du, hau da, izaera externo eta linguistikoa du, nolabait esateko. Bere konplexutasunean, metaforaren (kondentsazioa) eta metonimiaren (desplazamendua) bidez funtzionatzen du inkontzienteak, hots, bi figura lunguistiko horien bidez egituratzen da, izan ere, txistean, ametsean edo sintoman azaleratzen da inkontzientea era argienean eta horiek, hain zuzen, metafora eta metonimiaren bitartez azal daitezke.


Inkontzientearen egitura linguistikoa

Metafora ordezkapena da, alegia, ordezkapena ematen den momentura arte erreprimiturik egon den adierazle batek aurreko adierazlearen lekua hartzea, bi adierazleak antzekoak edo analogoak direlarik. Metaforaren funtzionatzeko moduari erreparatuz ohartuko gara, adierazle batek aurreko adierazlea ordezten duenean, adierazlea zein adierazia aldatu arren, esanahia ez dela aldatu, izan ere, esanahia ez dago adierazleari lotuta, ez eta adieraziari ere, aitzitik, esanahia adierazleak berak adierazle-katean duen lekuari lotuta dago. Honek, metaforaren eta metonimiaren arteko desberdintasuna argitzen ere laguntzen du.

Metonimia desplazamendua da, hots, adierazle batetik bestera igarotzea. Bi adierazleak bata bestearen ondoan egon behar dira adierazle-katean, hau da, antolakuntza sinbolikoan zuzenean konektaturik daude (kate baten mailen antzera). Kasu honetan esanahia bera da desplazatu edo mugitu egiten dena, adierazle batetik bere ondokora (espazio sinbolikoan).

Puntu honetara helduta, aurretik azkar-azkar ukitutako gai batera itzuli behar dugu: desira. Arestian esan bezala, desira beti geratzen da asegabe eta beraz, iraunkorra da, beti mantentzen da, izan ere, falta (hutsunea, absentzia) dagoen bitartean, desira ere egongo da, berau, subjektu osotugabeak duen osotasun eta batasunerako joera saihestezina baita. Desira, edo, hobeto esateko, desiraren objektuaren adierazle kontingente iragankorra, forma metonimiko edota metaforikoan eraldatzen da.

youcan

Metonimiaren kasuan, errepresioaren mugak (hesiak), alegia, adierazlea eta esanahia banatzen dituen mugak, adierazle batetik bestera mugitzen duen esanahia ezkutatzen du inkontzientean, eta horrela sortzen da, Zizeken arabera, malenkonia: demagun ordenagailu bat erosi berri dudala, denda bakarrera joan naiz eta kalitate-prezio erlaziorik onena zuen produktua eraman dut etxera; ordenagailua erosi aurretik zorionera hurbiltzen zen halako sentsazioa neukan, uste nuelako, ordenagailua erosteak zorion hori emango zidala (“hori zen etxean falta nuen tresna!”), eta jakiteak ordenagailua erosiko nuela zorionera hurbiltzen ninduen; aukeraketa egitean ere halako gogobetetzea sentitu dut (“nire falta asetuko duena lortuko dut eta gainera aukeraketa egokia egingo dut!”); pozak ez du ordea asko irauten, objektuak laster sortzen baitit desengainua: etxera iritsi eta ordenagailua konektatzean nire desiraren objektua izatetik lan edo aisirako tresna hutsa izatera pasatu da, bertan agertzen da objektu horrekiko malenkonia → objektuarekiko interesa galdu izanak sortzen duen pena; eta segituan beste zerbait aurkitzen dut zentzu berean, esparru berean, adierazle-kate sinboliko berean, nire desiraren-objektu bihurtuko dudana, adibidez, modan dauden tablet horietako bat edo argiago geratu dadin, nire ordenagailuaren hurrengo modelo berriagoa. Desira, batetik bestera desplazatu egin da, eta berriro desplazatuko da, etengabe, ez baitauka adierazlearekin zer ikusirik, esanahiarekin baizik; eta esanahia inkontzientea denetik ez daukat ezagutzeko modurik, eta ondorioz, falta edo hutsunea asebetetzeko erarik ere ez.

Metaforaren kasuan zerbait ezberdina gertatzen da, adierazle batek beste adierazle bat (edo multzo bat) ordezkatzean, adierazia eta esanahia mantendu egiten dira eta hau errepresioari esker besterik ez da posible. Zizekek behin baino gehiagotan aipatu izan du zenbait hitzaldi eta artikulutan bere lagun batek bizitako esperientzia latza: Zizeken lagunak emaztea galdu zuen, hil egin zitzaion, baina bere ingurukoen harridurarako, ez zuen ematen gertakari horrek inondik inora beragan eraginik izan zuenik; arraroa zeharo. Bere emaztearen heriotzaren ondoren baina, gizon honek ez zuen bere emaztearen hamsterra albotik kentzen, egun osoa ematen zuen hamsterra eskuan edo beragandik hurbil, hamsterra ere hil egin zitzaion arte. Behea jota utzi zuen maskotatxoaren heriotzak. Kasu honetan, hamsterra metafora bat baino ez zen; bere emaztea hilda zegoela erreprimitu eta emaztearen hamsterraren bidez mantendu zuen emaztea bizirik, egoera traumatikoa metaforaren azpian hondoratuz.

(1989, Algorta) Filosofian lizentziatua. Egun Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia masterreko ikaslea.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. Hementxe dakart agindu nizun erantzuna. Ur handitan sartu naiz nire lehenengo filosofia idatzien artean psikoanalisia aukeratzean dibagatzeko euskaraz. Baina, tira, goazen!!

    Nik bereziki Freuden psikoanalisia ikasi dut, Lacanena apurtxo bat eta Zizekena ez. Baina Freud bi aurrekoen aita denez, eta Lacanen psikoanalisia Freudenera itzultzea adierazten duenez (1900-1950etako zatitzeen ondoren, Jung eta besteak) ba, ausartuko naiz gauza batzuk esaten.

    Lehenik eta behin ona ekarri behar dugu eztabaidaren arrazoia: Gure berbetan Twitteren, Jule Goikoetxeak eta hirurok esanahi desberdinak aplikatzen genizkion “errepresio” hitzari, zure artikulua Lacan II: desira eta inkontzientea irakurtzean. “Errepresio” hitza entzuten dugunean kanpoko errepresioari lotzen dugu, hau da, ideologia edo politika errepresiboa, moral errepresiboa, poliziaren errepresioa, gurasoen errepresioa, eta abar. Errepresio hori, lagunarteko erabiltzen duguna, psikoanalisiaren “ezabatzea” da, “unterdrückung”, “répression” edo “supresioa”. “Ezabatze” hau, gainera, Prekontziente-kontziente sistemari dagokio. “Errepresioa”, “verdrängung”, edo eskola frantzesan “refoulement” zure artikuluan agertzen den bezala, sistema inkontzienteari dagokio.

    Hau dela eta psikoanalisi arloan “errepresio” hitzak (“eustea” euskaraz?) beste esanahi bat dauka. Freuden ustez, “verdrängung”, “refoulement” , defentsa inkontzientea da, barruko mehatxu bati erantzuna da eta mehatxu horrek afektu mingarri bat azaleratu nahi du. Afektuaren atzean egoera (edo “hitza”, Lacanen arabera) traumatiko, desatsegin, onartezin edo jasanezin dago, horrexegatik erreprimitzen dugu, jasanezina, mingarria, bateraezina, elkarrezina izateagatik. Freud-ek esaten zuen haren analisietan mina iparrorratz bat bezalakoa zela, bidea erakusten duen tresna egoera (hitza) traumatikora iristeko, eta berriro egoeraren afektua ondo kokatzeko, edo behintzat ulertzeko eta horrekin bizi izaten ikasteko.

    Lacanen errepresioak, Freudenean oinarrituta, adierazten du erreprimitzen duguna ez dela gauza bat, egia bat baizik, subjektuaren erreala arloarena. Horrek ez du esan nahi subjektuaren egia osoa, subjektua guztia dena, subjektuaren mamia edo “identitatea” hor dagoela, inkontzientean, psikoanalisian ikusgaia. Freudek berak esaten zuen identitatea, dena dela, eraikintzatan dago, ez inkontzientean. Lohitzune, adierazi duzun bezala identitate hori subjektuaren faltari lotuta legokela. Baina Lacanek, ondo ulertu badut, “falta” lotzen zuen subjetibitateari eta existentziari, ez identitateari. Dena den, leku horretan, inkontzientean, Freuden esaten zuen eszena bat daukagula, subjektuaren historioaren eszena batzuk, eta beraiekin jokatu beharko dugu gure zentrua okupatzeko. Freudek esaten zuenez, ““hori” (Bestea) zegoen lekuan, nik izan behar dut”. Eta beharrezkoa da, gero Lacanek esango duenez, ez geunden lekua okupatzea diskurtso propioa berrezkuratzeko, eta “horrek” (Besteak) diskurtsoa jabe ez dezala. Egia erreprimitu duen subjektuak ez du gobernatzen, haren diskurtsoaren zentruan ez dago, baina diskurtsoa jarraitzen da, subjektuaren haraindian.

    Baina gertatzen da erreprimitua (egoera, hitza, vorstellung freudianoa, irudipena edo adierazle lacanianoa) ez dela ahazten, ez da desagertzen, ez da erortzen behin-betiko amildegi batean. Errepresio-mekanismoari esker (eta hemen J.Goikoetxea “haserretu” zen) egia horrek egon nahi du, hitz egiten jarraitu nahi du, itzulera-erreprimitua fenomenoa da. Fenomeno honi esker erreprimitua, egia eta psikismoaren beste alderdi batzuk egia hari lotuta, gure historioan ondo kokatuko litezke. Psikismoaren mekanismo horiei esker, dei bat, ohiu bat azaleratzen da, baina deformatua, desplazatua (metáfora) edo kondensatua (metonimia). Erreprezioagatik ohiu hori ezin da atera haren esanahiaz, beste esanahi batez, beste hitz edo letra batzuez agertu behar du. Horrexegatik Lacanek esango du Inkontzientea egituratuta dagoela eta egitura hori hizkuntza dela. Hori dela eta, analista, lingüista bat baieztatuko du.

    Bestalde, zure artikuluak irakurtzean beste gai batzuk ohartu ditut eta aprobetxatuko dut aipatzeko. Rodriguezek subjektuaren faltaz hitz egin du eta falta hori asebetetzeko aipatu du objetu baten kontsumoa (ordenagailuaren adibidea). Ni ez nago ziur hori egokia denik. Lacanen falta ez da azebetetzen objetuekin (objetuek beharra arloa asebetuko lukete, umeen perbersitate polimorfikoaren hiru garairen arabera, aldi berean 3 kontzepturi lotuta: beharra, eskakizuna eta desioa) ezta besteen ezagutzearekin ere (eskakizuna arloa asebetuko luke, nahiz eta eskakizunak desioen metonimiak izan daitekeen). Noren-falta egitura azebetuko litzateke (inoiz ez da ezebetetzen) desioaren bidez, Bestean. Desioak egituraren zentruan, hizkuntzaren zentruan egon nahi du. Azken finean desioa izatearen faltan kokatzen da eta desioa eskakizun berezi bat bihurtzen da: amodioaren eskakizuna.

    Honen ondoioz Lacanek Freuden ildotik banandu ziren beste psikoanalista batzuei aurpegiratu zien subjektuaren falta leuntzea: subjektuaren falta estaltzea edo asebetetzea desioa irakurtzeko posibilitatea galarazten du.

    Honen ondorioz, Psikoanalisia ez da erabiltzen pertsonen bizitza hobetzeko, Freuden eta Lacanen arabera uste okerra da hori, horrexegatik Lacanek Freuden ildotik banandu ziren beste psikoanalista batzuei aurpegiratu zien subjektuaren falta leuntzea: subjektuaren falta estaltzea edo asebetetzea, subjektuaren desioa irakurtzeko posibilitatea galarazten du. Finean, ez dago sendabiderik subjektuaren falta gainditzeko. Asko jota, subjektuaren existentzia-orientabidea oinarria egiteko. Beharrezkoa da onartzea bizitza eremu ezegonkorrean dagoela, ezezkotasun erradikalari edo ezerezari aurre egiteko. “Falta”, existentziaren euskarri ontologikoa bezalakoa izan daiteke. Lacanen ustez, falta onartzeak subjetibitate irudimenezkoa eta sortzailea aukera ematen du, barruko zorraz gain bernegoziatzeko.

    Eta ordenagailuaren adibideari lotuta aipatu duzun beste kontzeptu bat, malenkonia, eta eta definitu duzu (edo Zizek egin du) “objektuarekiko interesa galdu izanak sortzen duen pena” bezala. Nik berriro zehaztuko nuke objektu erotikoaren (desioa) galera da malenkonia. Ezin dut ulertu objektuarekiko (berriro beharra) interesaren galera bezala. Freuden “duelo” eta “malenkonia” kontzeptuak desioari lotuta daude, beraz, faltari, izatearen faltari, Besteari, eta ez beharrari.

    Eta ez ahazteko, bakarrik aipatzea gai garrantzitsuak ez ditugula aztertu baina lotuta daude eta agian egin dezakegu beste artikulu batean, argitaratzen baduzu: emakumeen desioa (biraketa feminista), politica (Zizeken biraketa?) eta abar.

    Orain bai, bukatzeko, barkatu ergatibo, erlatibo, akats gramatikalak eta beste utzikeri batzuk. Hau prozesu luzeeeaaaa da. Behintzat espero dut zuek ulertzea. Gai honi buruz jarrai gaitezke ikertzen eta partekatzen nahi baduzu. Laster arte!

Leave a Reply