Motibo barik, presoago (Berria, 2012-01-12)

By • Jan 12th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Barrura begiratzeko leihoak filma ikustean, garrantzi gabeko esaldi batek harrapatu ninduen. Jesus Mari Zalakain bere burua defendatzen saiatzen ari zela, eta hori berori eragozteko asmoz, «no nos interesan los motivos» bota zion 18/98 auziko epaile andre inkisidoreak. Deigarri egin zitzaidan, aspaldiko partez motiboak desagertzen ari direlako eta, zergatik galdetu beharrean, mundu guztia dabilelako zertarakoka. «Zertarako» galdetu diote Urkulluk eta Egibarrek, Mendiak eta Lopezek, todoeseta-ri: «Zertarako horrenbeste urte borroka armatupeko estrategia okerrean?». Egia motiboesan, galdetu orduko ezkerreko abertzale zenbait ere «zein helburu, zein mandatu, zein fantasiagatik lehertzen zarete ekinean?», ari ziren galdezka.

Ezker Abertzaleak arazo bat du iraganaldiarekin: estrategiaz aldatuta, nola eman zentzurik egindako bideari? Nola uztartu lehengo borroka tematia eta oraingo egokitzapen zuhurra? Erantzuna, nire ustez, ez dago zertarakoetan, zergatietan baizik, interesik gabeko motiboetan, hain zuzen.

Aspaldian, atzo goizean kasik, kausak eta printzipioak generabiltzan bolo-bolo. Euskal Herriaren Kausa sakratutzat genuen, beste hamaika bezala. Ekintzaren motor potenteak ziren. Motiboetan hain ginen fededun, ezen ez genituen helburuak eta printzipioak zehazki bereizten, eta bai, ordea, absolututzat hartzen. Ezarian galdu genuen harrizko fede hura, eta harekin batera, motiboen bizipen subjektiboa, motibazioa deritzon hori, lausotu egin zitzaigun. Motiboak hor zeuden, baina lanbroan bezala: kausa handiak faroko sirenen errepika nekagarri bihurtu zitzaizkigun, are gehiago bitartekoak helburu bilakatu ahala eta oldar bereko oldarrari eta ekintza osteko ekintzari genien miresmena zertarakoen azpian zanpatzen zitzaigun neurrian. Baina askok jarraitzen zuten tema berean, askotan gazte kemenez eta maiz ere kausa handien ordez, kasu konkretuek hartaraturik: motibazioak, argi dago, ez dira beti printzipio hutsen orpotik etorri, sarri askotan adiskide eta gogaideei, senide eta auzokideei zaien atxikimendua izan dute kausa. Kausak eta kasuak nahastu dira kontaera bakarra onartzen ez duten milaka istorio horietan.

Hortxe ibili dira tentsioan, eragile gisa, justiziaren kausak eta elkar zaintzearen kasuak. Eta haietan ernatzen diren motiboak defendatuz eta berriro motibazio bihurtuz lortuko du Ezker Abertzaleak iragana etorkizun kapitala izan dadila. Horretarako, baina, ez du inongo zalantzarik izan behar bidezko motibo horiek sortu eta eragin zituzten ondorio gaitz eta krudelak gaitzesteko orduan. Batez ere, ez du zalantzarik izan behar bai onespen, bai gaitzespen absolutu guztiak arbuiatzeko orduan. Absolutuak aspaldi bihurtu ziren estatuen giltzarrapo. Sen onez askatu da korapilatzen gintuen azkena; bide okerra da, ordea, harekin batera motiboen kapitala xahutzea.

Kapital horri erasoka ibili dute etika, motiboak eta ondorioak elkarri kateatuz eta gaitzetsiz. Etikotzat dut nik kontrakoa: motiboak eta ondorioak zein bere aldetik juzgatzea eta betiere ikuspegi eta balio askotatik. Ez da, ostera, «gatazkaren ondorioen mantra» hura, ezta detentebalen antzera, erasoa gelditzeko kutun magikoa. Bistan da, motiboek eta ondorioek ez dute elkar zuritzen eta ez gaiztotzen. Bereiztea dut etikotzat, besteak beste, zer egin erabaki behar duten jendeek koska anitzeko egoera jakinetan hala edo nola erabaki behar dutelako. Kontrara, ordea, Etika ustez Unibertsalaren armadek testuinguru eta ethos-ik gabeko subjektu batekin bonbardatu dituzte bizi-komunitateak, printzipio abstraktu eta formalen arabera jokatu behar dela gaztigatuz, edota etikaren muina ondorioak baino ez direla xedatuz. Gizon arrazionalen printzipio unibertsalen inperio etikoan, emozio on zuriak eta gogoeta arrazionalak tarteko, norako eta alderdi anitzeko harreman guztiak bi polodun batera murriztu ziren: biktimarioa eta biktima edo heroi santu salbatzailea eta arima gaixo salbatua. Dilema etikoak eta kontzientzia-kasuak, egoeraren mende, eragin eta konpromiso anitzeko harremanetan erabaki eta ekin behar dutenentzat geratu ziren. Bonbardaketaren ostean, printzipio absolutuek justizia abstraktua aupaturik, elkar zaintzea eta bizibeharraren justizia lurrari atxikirik geratu ziren, eztabaida eta hizketa arruntetan muntatu beharreko brikolaje etikoa izatera murriztuak: unean unekoa, beti prekario, beti dudako. Sen etiko hark ez zituen motiboak baztertu, maiz «betebeharraz» mozorrotu arren, motiboetan zuen etikotasuna: haiekin subjektuak duen borroka dilematikoan eta haietatik eratortzen diren motibazio edo intentzio nahasietan.

Motiboetan justiziaren kausak eta elkartasun kasuak batzen dira oraindik. Horien izenean gonbidatu gaituzte gaur Bilbora. Hori buruan otu zait, Ezker Abertzaleak aktore kolektibo gisa iraungo badu, presoen motiboen dimentsio etiko eta politiko horiek agerrarazi beharko lituzkeela eta ondo atxiki independentismoaren oldarraren kariaz direla preso. Eta bururatu zait oldar hark sortu dituen on-gaitz guztien kargu egiteko gai izan beharko lukeela, balantze politiko eta etikoari beldur barik. Bestela, presoak iraganeko karga astun bat baino ez dira, iraganaren artxibo atxiloa. Ziegara eraman dituen borrokaren motibo eta eginak ahantziz gero, haien ordez elkartasun afektibo zintzo bat haizatuz, presoen afera despolitizatzen da, eta zer zentzu du, orduan, presoak? Motibo barik dago, presoago, zertarako galdezka.

Leave a Reply