Elkarrizketa: “Ideia fetitxeen korapiloak askatu behar ditugu.” Andoni Olariaga (topatu.info)

By • Dec 19th, 2012 • Category: Azterketak eta Azalpenak

topatu.info

2012 Abenduak 19

itxaso_urtiaga_zintilloa

 

Gaztea izanagatik, bide oparoa jorratzen ari da euskal filosofiagintzan Andoni Olariaga Azkarate (Berriz, 1984). Filosofian lizentziatua eta UEUko Filosofia Sailburua izandakoa bi urtez, baita Gara egunkarian iritzi saileko kolaboratzailea ere. Jon Jimenezekin batera “Modernitatearen auziaz” (Jakin, 2009) idatzi du eta, egun, doktorego ikasketak egiten hasi da EHUrekin. “EHko pentsamendu kritikoa XX-XXI. mendeetan” unibertsitate gradu-ondokoaren sustatzailea eta irakaslea, Lapiko Kritikoa kolektiboko kidea eta hAUSnART aldizkariko zuzendaria. Azken proiektu hori aitzakia gisa hartuta bildu gara berarekin, filosofiaren oinarria den borroka ideologikoa urruneko kontzeptuetatik egitate ulerterrazetara ekartzeko asmoz.

 

Zer da hAUSnART?

hAUSnART Lapiko Kritikoa kolektiboaren aldizkaria da, Lapiko Kritikoak paperean gauzatu duen proiektua. Proiektua sortzen da Lapiko Kritikoak webgunean egindako ibilbideak bere mugak zituela ikusita, interneten egiten genuen lana zabaldu beharra zegoelako. Bi formatu desberdin dira, paperezko aldizkaria eta interneten argitaratzen diren artikulu zein eztabaidak. Papera krisian dagoela esaten den arren, gaur egun oraindik demostratua dago jendearentzat papera dela ganoraz irakurtzeko modurik atseginena eta formatu bakarra. Horretaz, aldizkariak interneteko webguneak betetzen ez duen funtzio hori bete nahi du batetik. Bestetik, gauza garrantzitsuago bat, ez bakarrik gure iritziak internetetik atera eta paperean islatzea, baizik eta akademikoki gure herrian dagoen hutsune bat betetzeko bokazioz ere jaiotzen da hAUSnART. Eta, hirugarrenik, Euskal Herrian momentuan momentu dauden eztabaida politiko zein filosofikoei beste begirada bat eskaintzeko helburua ere badu.

Euskal Herria, arlo akademikoan ere, espainiar eta frantziar akademien menpe dago, zer esanik ez filosofiaren arloan. Esaterako, aldizkari zientifiko ia gehienak gazteleraz daude. hAUSnART hutsune hori betetzeko ere jaiotzen da, eta bere esparru zabaleko aldizkari zientifiko (baina jendarteari hurbil) bihurtu nahi dugunez, irekia dago bertan parte hartu nahi duen ororentzat, azken alean zehazten den bezala. Diziplinartea ardatz izanda, aldizkaria filosofia politikoa, antropologia, literatur kritika, soziologia, feminismoa… eta abar “korronte”taz hornitzen da, eta helburu gisa pil-pilean dauden gaiak modu sakon eta diziplinarteko batetik lantzea du. Hau da, ez akademiak inposatzen duen gai ordenaren inguruko artikulu andana (akademian geratzen diren ekarpenak izaten baitira horiek), baizik eta Euskal Herriari eta haren filosofiagintzari eta askagintzari interesatzen zaizkion gaiak lantzen saiatzen gara.

Hausnartek eta lapiko kritikoak, ordea, oinarrizkoagoa den helburu bat dute: euskal pentsamenduaren komunitate sare bat eraiki eta osatzea.

Zein funtzio eta zein garrantzia dauka borroka ideologikoak Euskal Herriaren eta euskal herritarron askapen bidean?

Borroka ideologikoak hainbat helburu izan ditzake. Batetik, Euskal Herriaren askapenera bidean tresna ideologikoak ematea. Bestetik, euskal filosofiagintza bera gorpuztea, hizkuntza komun bat osatzen joanez, esaterako. Hirugarrenik, borroka ideologikoak, filosofiaz ari garen heinean, mota guztietako dogmatismo eta itxikeriak borrokatu behar dituela iruditzen zait, baita gure barnean ditugunak ere (are gehiago azken horiek).

Zehazki, askapen bidean borroka ideologikoak hartu duen dimentsioa status ezinbestekoarena da. Askapen mugimendua hainbat erronkaren aurrean aurkitzen da: ezkerraren krisia eta birformulazio beharra, abertzaletasuna gaindituko duen independentismo koherente baten beharra… Lehenari dagokionean, ekarpen klasiko zein ortodoxoak egokitzeko, ezinbestekoa da borroka ideologikoak egin behar duen argipen lana; beti ere galdera egokiak planteatzera bidean eta inolaz ez estrategia edo teoria politiko definitu bat gorpuzteko asmoarekin. Askapenerako subjektua, ezkerreko eta abertzaleen oinarri ideologikoen artikulazio berria… Hori guztia eztabaida betean dago. hAUSnART-en bigarren alean, esaterako, saiatu gara gaur egun hainbat prozesu eratzailetan ematen ari diren eztabaida batzuk zeharka lantzen, edo haien atzean dauden ideiak kritikatzen, kritikaren zentzu positiboan.

03_2012_12_19_andoni_olariaga1-page-001Zein dira plano ideologikoan askatu beharreko korapilo nagusiak?

Orain eta hemen, ideien planoan, ideia berri-berriak pentsatu ordez, urteen inertziaz gehiegi korapilatu diren korapiloak askatzea da urgentziaz egin behar duguna. Ideia asko gotortu egiten dira, eta erabiltzearen erabiltzeaz atzean dauden aurre-suposizioak ahaztu egiten dira, ideia fetitxe bihurtuz. Esaterako, gaur egun ez dakigu zer esaten dugun iraultza esaten dugunean; hitz fetitxe bihurtu da, korapilo bat. Ideiak eta hitzak adiera konkretu batean eta garai horretako testuingurua kontuan hartuz erabiltzen ez badira, idealismoaren atakatik atera ezinean geratzen gara, eta handik zuzenean dogmatismora eta errealitatea aldatzeko ezintasunera.

Nire ustez, Leninek “La enfermedad infantil del izquierdismo en el comunismo” idatzian esaten duen bezala, askatasuna borrokatzen duten guztien akats arriskutsuena zera da, norberaren desioa edo ideal politikoa errealitate objektibo batekin nahastea. Idealismo mota hau oso zabaldua dago. Esaterako, Leninen kritikari jarraituz, gure ideal politikoarentzat parlamentarismoa neoliberalismoaren oinarrietako bat dela pentsatuta ere, parlamentutik borroka egin behar ez dela esatea Leninek aipatutako idealismo horretan jaustea litzateke. Hau da, norberaren desioa, batetik,  eta errealitatea (hau da, parlamentuak jendartean duen legitimitate maila eta boterea), bestetik, nahastea.

Beste adibide bat jarriz, Pako Aristik dio instituzio kolonoetatik ezinezkoa dela independentzia lortzea, Espainiak EAEri zein Nafarroako Komunitate Autonomoari instituzioak ematearen asmoa independentziari bideak ixtea den heinean. Beraz, borroka instituzionala kontuan hartuz eratzen den estrategia independentista okertua dagoela ondorioztatzen du. Ariketa arrazional batean logikoa dirudi; independentziari ateak ixteko murruak diren horietan jokatuz, nola lortuko dugu, bada, independentzia? Aldiz, errealitate politikora baldin bagoaz, eta azken independentzia prozesu guztietara zein legedia juridiko internazionalera, ikusiko dugu Aristiren ariketa logiko horrek alderantziz funtzionatzen duela errealitatean. Alegia, azken 30 urteetan independizatu diren herri ia guztiek instituzio kolonoetan gehiengoa zutela aldez aurretik. Hor legoke, aspektu politikoan, errealismoaren eta idealismoaren arteko bereizketa.

Beraz, ezin ditugu nahasi gure desioak eta errealitate objektiboa. Askapen mugimenduari begiratzen badiogu, nire ustez, hark detektatu behar ditu aspektu horretan dituen desorekak: izan baditu, eta dezente.

Desioak aipatu dituzula probestuz, esango nuke, oro har, desioak edota idealak oso gauza pertsonalak direla. Aldiz, politika, kolektiboen borroka-espazioa da. Nola osatzen dira ideal kolektiboak? Zertan datza ideal kolektibo baten arrakasta? Nola lotu daitezke desio pertsonalak ideal kolektibo batekin?

Ideal kolektiboak nazioak bezala sortzen dira, modu kontingente eta aldakor batean. Azken batean, kolektibo imajinarioak dira (ez ilusioaren edo gezurraren zentzuan).

Uste dut Txillardegi izan zela Josep Pallach militante katalana gogoratuz esaten zuena aski izan behar litzatekeela mugimendu batean militatzeko bertako ideia eta printzipioen %51rekin ados egotea. Kontuan izanda gure subjektu politikoa gero eta anitzagoa eta heterogeneoagoa dela, oraingo momentuak %51 hori gehiago lantzea eskatzen du; alegia, norberaren pretentsioak baztertu gabe taldea kohesionatzen duten helburuei garrantzia ematea norberaren ideia partikularren gainetik. Eta, norberaren desioak baztertu gabe, haiek komunean dugun hori elikatzeko balio izatea, banantzeko beharrean.

Ezinezkoa eta ameskeria da ideietan guztiz heterogeneoa eta estrategian eta ekintzan homogeneoa edo bateratua den (edo izan nahi duen) mugimendu batean guztiok ideia eta desio berdinak izatea. Ezinezkoa da eta gainera ez litzateke sanoa inondik inora. Mugimendu politiko baten osasuna, nire ustez, alderantzizkoan datza: helburu konpartitu batzuen pean, mundu ikuskera, balio eta printzipio desberdinak dituen jende multzo ahalik eta dibertsoena egonik, momentu bakoitzean mugimendu horretako pertsona orok bere desio edo ideia partikularrak pixka bat limurtzen jakitea, taldearen helburu konpartituetan indarra jartzeko. Horrek ez du esan nahi bakoitzak bere desioak, kapritxoak, irakurketa politikoak etab. albo batera utzi behar dituenik. Aitzitik, gaur egun Euskal Herrian dagoen mugimendu politiko indartsuenean gatazka ulertzeko pertsona haina modu daudela izan behar da kontuan, sozialismoa ulertzeko pertsona haina modu dauden bezala ziur aski.

Hori kudeatzeko, kontua ez da, noski, guztion desio, irakurketa eta balioen multiplo komun bat egitea: kontua da helburu sinple eta eder batzuen inguruan adostasuna bilatu eta helburu haien alde antolatu eta borrokatze. Euskal Herriaren askatasuna, patriarkatuaren suntsipena, justizia soziala, sozialismoa edo demokrazia erradikala… Askapen mugimenduak baditu helburu eder askoak Euskal Herriaren gehiengo batek konpartitzen dituenak. Noski, helburu horiek ulertzeko mila modu daude ere. Are gehiago, batzuek helburu batzuk bitarteko bezala ulertzen dituzten bitartean, besteek helburu soil gisa ulertzen dituzte. Anabasa hori konpontzeko, suposatzen dut, momentuan momentu kontsensu inplizitu (eta esplizitu) batera heldu behar dela, helburu bat noiz izan behar den helburu eta noiz bitarteko erabakitzeko; edo helburu bat helburu izatea borroka jakin baterako (independentzia auzi nazionalerako), baina bitarteko izatea beste helburu baterako (independentzia sozialismorako). Kontsentsu hori, noski, borroka dialektiko gogorren eta praktika politikoaren arabera definitu behar da, eta errealitate politikoa aldatzearekin batera bere ere moldatu. Baina hor norberaren ideal edo desioak taldearenarekin uztartzen jakin behar da.

Nola artikulatzen da ideal kolektibo baten alde ekingo duen subjektu politikoa? Borroka ideologikotik ekarpenik egin al daiteke subjektu hori artikulatzeko erronkari?

Euskal Herrian eta mundu zabalean, marxismo klasikoari erreparatzen badiogu, subjektu politikoa a priori definitu izan da. Hau da, klase sozial jakin bat edo identitate nazional jakin bat zuten pertsonak aukeratu dira askapen sozial edota nazionalean motorra izateko. Antonio Gramsci sardiniarrak, eta ondoren Ernesto Laclau argentinarrak, ondo asko ikusi zuten subjektu politiko bat horrela definitzearen errorea. Izan ere, marxismoari egiten zioten kritikan, subjektua modu determinista batean artikulatzea egozten zioten. Alegia, subjektua klase sozial jakin bat (proletalgoa) izan behar zela zioen ideia determinista zela esaten zuten. Horrek aurresuposatzen zuen klase jakin bateko kide izateak klase hartako kontzientzia ematen zizula, inondik inora gertatzen ez den zerbait. Beraz, eskema horretatik atereaz, Gramscik esaten zuen subjektu politikoa edo borondate kolektiboa klase jakin baten pribilejiotik kanpo artikulatu behar direla, non klaseak, generoak, nazionalitateak zeharkatuko dituen subjektu bat eraikiko den.

Noski, eraikiko den subjektu politikoa helburu batzuk konpartitzen ditugunok osatuko dute, ez propietate batzuk (klase batekoa izatea, euskalduna izatea, identitarioa izatea…) konpartitzen ditugunok. Bigarrenaren bidez subjektu politiko bat osatzea subjektu horren potentzialari ateak ixtea da. Izan ere, helburu horien artean klase zapalduen defentsa eta askatasuna baldin badago, ez dago subjektua aurredefinitu beharrik. Aitzitik, subjektu politikoa antagonismo baten bidez eraiki behar da, proiektu politiko jakin bat nahi dutenen eta nahi ez dutenen artean banatuz jendartea. Eta, hor, klase desberdinetako zein identitate/ nazionalitate desberdinetako jendea sartu behar da. Zentzu horretan, gure subjektua Euskal Langile Herria gisa definitzea akats bat iruditzen zait: herritar batasuna egokiagoa begitantzen zait, Gramsciren logikari jarraituz. Logika bera jarraituz, subjektuaren artikulazioan ere unibertsaltasunaren borroka irabazi beharra dagoenez, gure sozialismoa euskal identitariotzat jotzea beste akats estrategiko bat dela iruditzen zait. Espainiar inperioaren borroka ideologiko baten mamia hori izan baita: gu identitariotzat, partikulartzat etab. jotzea, haiek herritarrak eta unibertsalak diren bitartean. Adjektiboak kentzeko ordua dela esango nuke, borondate kolektibo indartsuago bat osatzeko eta irabazteko ezinbestekoa iruditzen zait. Hain justu ere, gai hori bera zehatzago aztertua azaltzen da hAUSnART-en azken alean.

Euskal Herriko pentsamendu orokorraren ebaluazio bat egingo bazenu, zein bertute eta zein gabezi nagusi nabarmenduko zenituzke?

Euskal Herriak, izan dituen baliabideekin eta zapalkuntza politikoarekin, dagoen lekura heltzea ez da gutxi izan. Kultura mailan militantzia gogorra behar izan da gauden lekura heltzeko. Gaur hemen gaude, bere garaian Txillardegi edo Azurmendi batek, edo Jakin taldeak bere garaiko oztopo guztien gainetik, haien bizitza proiektu bati eskaini ziotelako. Bertuteak, beraz, ezagunak dira, eta errekonozitu egin behar dira. Baina, gabeziak ere nabarmenak dira: oraindik ere ez dago Euskal Herriko pentsamendurik, propioki esanda, errekonozitua. Hori ez da derrigorrez independentziarekin etorriko bat-batean, egunez egun landu behar den zerbait da. Horretarako, bere garaian Jakinen inguruan batu zen indar hori bezala, gaur egun beste proiektu batzuen inguruan jendeak gehiago eman beharko luke, atsotitzak esaten duen bezala, gutxi batzuk dena eman ez dezaten.

Gabezia da oraindik ez dugula osatu pentsamenduaren komunitate sendo bat, haren beharrak detektatu eta erantzungo dituena. Bestalde, Unibertsitatea Madrili begira dago, eta merituak handik jasotzen ditu. Gainera, bertako hainbat pentsalarik akademiarentzako idazten du soilik, eta turismo akademikoa egitera mugatzen da. Noski, hark eramaten ditu diru eta meritu guztiak. Esparru hori ere, gure gustukoa izan edo ez, bereganatu egin beharko dugu. Boterea bere forma guztietan hartzeko ordua dela iruditzen zait.

Pentsamendu orokor horren analisiarekin jarraituz, askapen bidean, egungo zein aukera eta zein arrisku nabarmenduko zenituzke?

Askapen bidean aukerak zabalak eta anitzak dira. Arriskua bat eta nabarmena: prozesua geldotzea Estatuak jarrera pasiboa erakusten duelako konponbidearen aurrean, (horrekin) jendeak ilusioa galtzea eta orain Europan estatu berri bat lortzeko irekita dagoen aukera galtzea aurreko bi gertaera horien ondorioz. Jakin egin behar da noiz gauden irabazten eta noiz ez. Uste dut orain irabazten ari garen momentuan gaudela. Baina, jendeak uste badu irabaztea pelikuletan bezalako zerbait izango dela, oker dabil. Irabaztea gauza geldoa izango da, pixkanaka lortuko dena, eta herritarren gehienen atxikimenduarekin. Ez da mundua geldituko eta epikaren bidez askatasuna lortuko. Azkenean, gauza sinple bat izango da, egitura juridiko bat. Hala ere, epika bilatu nahi duenak atzera begira nahikoa bilatuko du, eta aurrera begira pertseberantzian, antolakuntzan, ilusioan eta irudimenean topatu beharko ditu.

Euskal Herriaren askapen prozesuak atal asko ditu. Aspektu politikoan independentzia materiala eta formala bereizi behar dira. Egunez egun ari gara independentzia materialean sakontzen, Euskal Herria saretzen, naziogintza egiten. Independentzia prozesua aspalditik hasi zen, eta prozesu hori egunez egun egiten da. Beste gauza bat da independentzia formala: egitura juridiko baten lorpena, Euskal Estatua. Eta, hain zuzen, gaur egun “independentzia formala edo ezer ez” planteatzen ari denak, arduragabe bat izateaz gain, independentzia egiteari uzten dio, egunez egun egiten den zerbait baita.

Berriz ere desioa eta errealitate objektiboa nahasten da plano horretan. Izan ere, argi daukagu, independentzia dela demokraziarako baldintza, eta Euskal Herria dela subjektu politikoa. Baina, errealitate politikoan oraindik ez dugu gehiengo bat irabazi lurralde guztietan gure desio edo ideal politiko hori gauzagarri bihurtu dadin. Horretaz, ezin da hori existituko ez balitz bezala jokatzen egon eta, ondoren, egunez eguneko estrategia darabilenari ezer ez duela lortuko edo estrategia falta duela aurpegiratu. Niri arduragabekeria galanta iruditzen zait.

Galderari erantzunez, gaur egungo aukerak nabariak dira: Europan mahai gainean jarri da berriz independentzia, eta ziur denbora zehatz batez egongo dela hor. Etorkizunean beste Europa bat izango bada, edo estatuen konfederazio bat, noizbait erabaki hori hartu beharko dute orduan egongo diren estatuek. Euskal Herria hor egoteko borrokatu beharko da, bestela etorkizunean existitzeko zailtasun handiak izango ditu. Orain dugu momentua, nire ustez.

Zeintzuk dira pentsamendu askatzaile baten oinarrizko ezaugarriak? Izan beharrekoak eta saihestu beharrekoak.

Pentsamendu askatzaile bat integrala izan behar da eta, gaur egun, kontuan hartu behar ditu sozialismoa barnebiltzen duten borroka guztiak: borroka feminista, langile borroka, hizkuntzaren aldeko borroka etab. Pentsamendu askatzaileak izan behar duen bertutea, nire ustez, berea pentsamendu edo artikulazio kontingente bat delako kontzientzia izatea da. Alegia, ez dagoela gizakia salbatuko duen mirarizko pentsamendurik, bere garaian marxismoa ulertu izan zen bezala. Filosofia askatzaile bat oinarrietan erlatibista izan behar da, umila, aspektu horretan.

Saihestu beharrekoa, hortaz, argia da: ez dugu behar mesias gehiagorik, ezta pentsamendu salbatzailerik. Itxura horren pean datorrena berriz pentsamendua gatibatzera dator, gizakiaren eta hark bere buruarekiko zein natura eta teknologiarekiko duen harremanaz interpretazio bat eta bakarra inposatzera. Halako pentsamendu batek, jantzi ezin dotoreagoekin jantzita etortzen bada ere, bere testuinguru historikoan jaiotakoa dela onartu beharko du, eta haren beharrei erantzutera datorrela. Pentsamenduak ez ditugu handiak behar, etorkizun hurbil baterako soluzio errealak emango dizkigutenak baizik, gaur egun behintzat.

Zer dela eta landu duzue aldizkariaren azken alean ‘Sozialismoa XXI. mendean Euskal Herrian’?

Hasieran esan dudanez, Lapiko Kritikoa kolektiboaren helburuetako eta zereginetako bat, autoinposatua, Euskal Herrian garaian ematen diren eztabaida eta behar ideologikoei bere ekarpen xumea egitea da. Inolaz ez politikoaren rola betetzera etortzea, baizik eta politika edo politikoa dena pentsatzeko tresna berriak ematea. Filosofiak galderak sorrarazi behar ditu, galdera egokienaren atzetik jarri. Erantzunak ematen dituen filosofiak mesfidantzaz begiratu behar dira beti.

Zergatik sozialismoa ‘XX. mendean Euskal Herrian’? Bada, gure herrian XXI. mendeko sozialismoa pentsatzea delako gaur egun erronka nagusiena. hAUSnART-en bigarren alean egiten den ekarpena zera da: azken 100 urteetan sozialismoaren inguruan egon den literatura jaso eta gure herrira moldatzea. Ongi ala gaizki, hori izan da gure asmoa, eta hori da egin duguna. Aurreko literatura ere kontuan hartuta, baina idealismoa ahalik eta gehienen bazter batean utziz edota gogor kritikatuz. Azken alearen asmoa sozialismo berri horren bilaketa etengabea pentsatzeko tresna berriak ematea da, makulu berriak; inolaz ez erantzunak.

Eta, zeintzuk dira jorratzen diren auzi nagusiak?

Aldizkarian XXI. mendean eta gure herrian, sozialismo berri bat pentsatu eta praktikara eramateko gai arantzatsuenak jorratzen dira. Esaterako, nola lotu utopia sozialista posible bat eta eguneroko praktika politikoa? Nola artikulatu askapenerako subjektu politikoa? Zein da hori egiteko hartu beharreko irizpidea? Zergatik? Askapenerako subjektua Euskal Langile Herria behar du izan, edo horrek marxismo zaharrak planteatutako eskema zahar bat erreproduzitu baino ez du egiten, alegia, klaseak a priori daudeneko ideia, eta baita klase bateko izateak haren kontziente egiten zaituenekoa ere? Gure tradizio politikoaren artikulazio nagusia independentzia eta sozialismoa al da? Feminista ere txertatu behar ote zaio? Azken galdera horri dagokionean, adibidez, Zaloa Basabek pista ezin hobeak ematen ditu galdera hori modu horretan planteatu ordez beste modu egokiago batean planteatzeko.

Horretaz, azken finean, ale hau erosten duenak, denetarik topatuko du. Artikulu zientifikoak, artikulu malguagoak, sozialismoari buruzko bost elkarrizketa, liburu kritikak… Lehen inpresioan zerbait dentsoa iruditu dezakeen arren, hilabete luzeetan egindako lana kontuan hartuta, nik uste ale hau gazteriak irakurri eta astindu beharreko zerbait dela: zabaldu, kritikatu, berrirakurri, birplanteatu… beharreko hainbat gai lantzen dira bertan. Gure partetik, esan beharrik ez dago, eskuak zabalik eta poz pozez jasoko ditugu kritikak.

Non edo nola eskuratu daiteke?

Aldizkariak hainbat salmenta puntu dauzka. Orain, Donostiako Filosofia fakultatean, Donostiako Antiguotarrak elkartean, Gasteizko Hala Bedi tabernan, Iruñeko La hormiga Atomica eta Karrikiri  liburu dendetan eta Bilboko Herriko tabernan eskuratu daiteke. Baina, gure asmoa, ahalik eta harpidedun gehien izatea da, gure aldizkariaren biziraupena bermatzeko funtsezkoa. Horregatik, urtean bi aleak jaso nahi dituenak aski du lapikokritikoa@gmail.com-era idaztea, harpidetza nahi duela eskatuz. 18€ dira urtean, eta aleak etxera bidaliko zaizkio, inongo bidalketa gasturik gabe.

ERREFERENTZIAK

* Elkarrizketako galdera batean Mikel Sotok artikulu batean landutakoa aipatzen dut hasieran. http://www.gaur8.info/edukiak/20120707/350719/51

(Berriz, 1984) Filosofian lizentziatua. Jon Jimenez-ekin batera "Modernitatearen auziaz" (Jakin, 2009) idatzi du. UEUko Filosofia Sailburua 2 urtez izandakoa. Doktoradutza ikasketak bukatzen EHUrekin. Gara egunkarian iritzi saileko kolaboratzailea izan da. hAUSnART aldizkariko zuzendaria.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. […] la velocidad del instinto, con el rayo del prodigio, como mágica evidencia, lo real se nos convierte en lo idéntico a sí […]

Leave a Reply