Etorkizuna begiztatzeko behatxuloa: Independentzia eta Sozialismoa

By • Dec 16th, 2012 • Category: Azterketak eta Azalpenak

topatu.info (eztabaida segitzeko)

Gizarte-eraldaketa helburu duen edozein planteamenduren abiapuntua ondorengoa da: gaur egungo gizarte antolaketa (eredu ekonomikoa, soziala, kulturala….) ez da nahitaezkoa, hau da, ez da aldaezina, eta beraz, egungo gizarte ereduak sortzen dituen zapalketak ere ez dira inolaz gaindiezinak. Errealitatea honela ikusteak soilik ahalbidetzen du bestelako gizarte eredu posible batean pentsatzea.

“La utopía está en el horizonte. Camino dos pasos, ella se aleja dos pasos y el horizonte se corre diez pasos más allá. ¿Entonces para que sirve la utopía? Para eso, sirve para caminar.” Utopia. Eduardo Galeano

Imajinarioan eraikitako “bestelako gizarte eredu posible” bati deitzen dio, hain zuzen, “hipotesi komunista” Alain Badiou filosofo frantsesak.
“Komunismoa”ren ideiaren bidez, zehazki, zapalketarik gabeko gizarte eredu ideal bati egiten dio erreferentzia, eta “hipotesia”ren ideiaren bidez, halako gizarte eredu bat gauzatzea posible dela adierazten du. Azkenean, hipotesi komunista ez da jarraitu beharreko borroka-gidoi moduko bat, indesozi2baizik eta aldaketa gauzagarria dela ikustarazten digun ideal utopiko (ez finko) bat. Honek etorkizuneko proiekzio bat biltzen du bere baitan, izan daitekeela jakiteak berau nola gauzatu pentsatzera baikaramatza.

Hipotesi komunistaren funtsezko osagaietako bat “egia politikoa” deritzona da. Egia politikoa ideal komunista leku eta une konkretu batean gauzatzeko proiektu politiko konkretu bat pentsatu eta garatzea litzake. Izan ere, egungo egoera aldagarria dela ulertzea bezain garrantzitsua da aldaketa hori errealizatu ahal izateko ibilbide posible bat irudikatzea, hau da, ideal hipotetikoa ipar-izar gisa finkatu eta berau gauzatzeko proiektu bat osatzea. Ea azaltzen naizen: mendi-gailur bat igo aurretik, mendizale batek, igoera bera posible dela ikusi behar du nahitaez, izan ere, ezinezko dela pentsatuko balu, ez litzateke saiatu ere egingo. Zergatik ez gara saiatzen gure besoak soilik astinduz hegal egiten? Zergatik ez saiatu itsas-gainean gure oinekin ibiltzen? Aldez aurretik badakigulako ezinezkoa dela. Bada gizarte bat eraldatzeko erronkaren aurrean berdin: funtsezkoa da eraldaketa hori gauzatzea posible egingo duen bidea irudikatuta izatea (gako orokorretan bada ere).

Euskal Herrira etorriz, Badiouk “hipotesi komunista” deituriko hori Independentzia eta Sozialismoaren proiektuan gorpuzten da. Proiektu konkretu hau gure “egia politikoa” dela esango nuke, gaur gaurkoz berau baita bestelako gizarte eredu bat gauzatzea posible dela pentsatzea ahalbideratzen digun proiektu bakarra, egungo errealitate ilunetik etorkizun koloretsu bat begiztatzeko aukera ematen digun behatxulo bakarra.

Independentzia eta Sozialismoa proiektuari zeozer gehitu, zer, nola, bai, ez, zergatik bai, zergatik ez… galderen aurrean, proiektu politiko honek (bere horretan) biltzen duen aktualitate, baliagarritasun, osotasun eta eraldaketa-potentzial maila nabarmentzen saiatzeko zirriborroa da gaurkoa, guztiz konbentziturik bainago proiektu hau ez dela miligramo bat ere zaharkituta geratu eta ideal-kolektibo batek arrakastatsua izateko eskatzen duen adinako integraltasun-maila biltzen duela (horrek indesoziematen dion eraldaketarako-potentzial eta baliagarritasun guztiarekin).

Zergatik diot aktuala dela?
Batetik, proiektu hau bideraezina denik ez delako frogatu (guztiz gauzatu ez denez, porrot egin ez duelako), eta bestetik, oraindik orain egungo zapalketak gainditu eta gure idealera gehiago hurbilduko den gizarte-eredu bat eraikitzea posible dela sinistea ahalbidetzen digulako. Posibilitate hutsari darion indarrak ezin sendoagoa egiten du proiektua bera, behatxulotik bueltan sartzen den argiak ilusio eta itxaropenak berotzen baititu, borroka egun hotz eta ilunenak goxatuz, etsipen-itzalak uxatuz eta bihotzik makalduenak indarberrituz.

Zergatik diot integrala dela?
Akats larria litzateke sozialismoa guztiz definituta dagoen produktu osatu edo eredu zurrun baten gisara ulertzea. Sozialismoa, lekuan leku eta unean une, praktika bakoitzean berrasmatu beharreko proiektua da. Euskal Herrian gauzatuko dugun sozialismoa euskal herritarrok eraikiko dugu egunez egun geure beharrei erantzunez. Eta hain justu ere, egun bakoitzean emandako urratsek ezaugarrituko dute bertan loratuko den sozialismoa. Alegia: euskara lehenesten badugu, euskalduna izango da (bestela ez), ikuspegi feminista batetik eraikitzen badugu, feminista izango da (bestela ez), balore ekologistetan eraikitzen badugu, ekologista izango da (bestela ez), etabar.

Sozialismoa, beraz, errealizatu beharreko ideal orokor bat besterik ez da (besterik ez eta guzti hori aldi berean): zapalketarik existituko ez den gizarte eredu baten ideia. Halaber, zapalketa guztiei erantzuteko pretentsioa duen ideala izanik, benetan osoki errealizatuko bada, zapalketa mota oro detektatu eta gainditze bidean jartzeko zorroztasun kritikoa eta zuhurtzia politikoa bereziki findu beharko dira. Geroz eta askapen-borroka konkretu gehiago barne bildu gure eguneroko praktika politikoan, orduan eta osoagoa eta errealizatuago izango da gure ideala.

BIBLIOGRAFIA:
– Galfarsoro, Imanol (2012) “Alain Badiou eta hipotesi komunistaren birdefinizioak”, hAUSnART, Lapiko Kritikoa kolektiboaren aldizkaria, 2. alea
– Basabe, Zaloa (2012) “Ukabilkoa mahai gainean”, hAUSnART, Lapiko Kritikoa kolektiboaren aldizkaria, 2. alea

(Zarautz, 1989) Filosofian lizentziatua. Egun topatu.info webgunean blogaria da, eta hAUSnART aldizkariko erredakzio kontseiluko kidea.
Email this author | All posts by

Leave a Reply