Lacan I: Irudizkoa eta Sinbolikoa

By • Nov 25th, 2012 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Hiru zatitan banatuta argitaratuko den artikulu honen bidez, Lacanen pentsamenduan funtsezkoak diren zenbait kontzeptu eta euren arteko erlazioaren ideia orokor bat irudikatzen saiatuko naiz.

Lacanen arabera, hiru dira giza errealitatea osatzen duten erregistroak: Irudizkoa (l’Imaginaire), Sinbolikoa (le Symbolique) eta Erreala (le Réel). Hirurak dira elkarren menpeko eta Lacanek korapilo borromeoaren bidez adierazten du hiruren arteko lotura hori, eraztunetako bat (erregistroetako bat) kenduko bagenu, korapiloa (giza errealitatea/subjektibitatea) guztiz desegingo litzateke. Lehenengo zati honetan, Irudizkoari eta Sinbolikoari helduko diet.

Korapilo borromeoa

 

Ispiluaren estadioa: nia-ren eraikuntza eta alienazioa

“El estadio del espejo como formador de la función del yo” idatziaren bidez, Lacanek aurresinbolikoa den ordena, alegia, Irudizkoa, zertan datzan azaldu egiten du, haurrak bere burua ispiluan islatuta ikusirik lehen aldiz bizi duen identifikazioari erreferentzia eginez. Haurrak 6 eta 18 hilabete artean dituela gertatzen da hau, hain zuzen, aktibitate neuronalaren eta motorearen arteko kohesio falta dagoenean. Momentu hori baino lehen, haurrak era zatituan funtzionatzen du eta ez dauka inolako batasun kontzientziarik bere buruari dagokionean (ez da gai bere gorputza nola mugitu behar den erabakitzeko, ez dauka kontrolik bere fisikotasunarengan); bere islada ispiluan agertzen zaionean baina, heltzen da momentu bat non, bera bezalakoa den hori, hain zuzen, bera dela ohartzen baita. Une horretan bertan, haurrak halako gozamen bat sentitzen du, osotasuna bizitzeak ematen diona (narzisismoa: bitartekorik gabe onartzen du bere existentzia bateratua): ispiluan irudia ikusten du, espazioan kokatzen den eta zatitua ez dagoen irudia; eta irudi hori bera (haurra) dela pentsatzen du, identifikatu egiten da. Hementxe dago, hain zuzen, nia-ren jatorria (nia-rena, ez ordea subjektuarena, zeinak izaera sinbolikoa duen).

Dena den, haurrak bere burua bailitzan ikusten duen irudi hau, ilusioa baino ez da; haurra ez da bere gorputzaren eta ispiluko irudiaren arteko distantzia ulertzeko gai, bata eta bestea nahastu egiten ditu, eta berdina gertatzen zaio beste haur batzuk ikusi edo amarekin erlazionatzen denean. Nia ez da beraz autentikoa, itxura hutsa da (berez, ispiluaren isladan groputz baten oso zati txikia ikusten dugu), geure batasun falta konpondu delako ilusioa eskaintzen diguna, zentzu honetan esaten dugu Irudizkoak alienazioa dakarrela, eta are, psikosia ere ondoriotzat izan dezakeela, haurrak bere subjetibitatea Sinbolikoaren erregistrora sartuz gauzatzen ez badu, ez baitu berezko identitate subjektiborik izango: bere irudiaren (beste haur baten, amaren) bidez biziko da, horrek determinatuko du bere errealitatea, edo bestela esanda, hori izango da bere errealitatea, ‘benetako errealitatearekin’ (Erreala + Sinbolikoa + Irudizkoa) kontaktua galduko duelarik. Irudizkoaren erregistroa baina, ez da ilusioen nahaspila hutsa, behin hizkuntza jokoan sartu denean, maila sinbolikoak egituratzen baitu.

Ordena sinbolikoa: adierazleak, Bestea eta subjektua

Ordena sinbolikoa adierazleen esparrua da, edo, modu zehatzago batean esanda, Sinbolikoaren erregistroa adierazleen armiarma-sarea da: subjektua baino lehen existitzen da, eta subjektua desagertzen denean mantendu, hala ere, ez du berezko existentziarik, ez da soilik bere kabuz. Bere izaera kolektiboak baimentzen du hau, subjektuengan joan-etorri egiten diren adierazleen arteko elkar ekintzatik sortua da: subjektu indibidualarekiko independientea da, baina subjektu multzoa beharrezko zaio iraun ahal izateko. Kontrako norabidean, berriz, alderantziz gertatzen da, subjektu indibiduala ordena sinbolikoarekiko guztiz menpekoa da:

This symbolic space acts like a standard against which I can measure myself. This is why the big Other can be personified or reified in a single agent: “God” who watches over me from beyond and over all real individuals or the Cause which addresses me (Freedom, Communism, Nation) and for which I am ready to give my life. [1]

Nire subjektibitatea inguratzen nauen guztiaren arabera definitzen dut, alegia, Sinbolikoaren arabera; honek ez du esan nahi Bestearen identikoa naizenik, ezta Bestearen antagonismoa naizenik ere, baizik eta, Bestea (Autre – Aitaren izena – faloa), nire burua definitzeko neurria dela, Protagorasen estiloan jartzeko: “Bestea da nire buruaren neurria”. Esandakoa adibide batekin argitu daiteke: nerabeena. Nerabezaroan subjektua krisian sartzen da, berreraikitzeko beharrean aurkitzen du bere burua, agian ordena sinbolikoa kolpeko aldaketa gehiegirekin agertzen zaiolako gaztetxoari. Umetasunetik heldutasunera eman beharreko pausu horretan amildegia zabaltzen da eta identitate galera bat barik, badago zalantza itsaso bat. Zer egin behar dut? Zer nahi (desio) dut? Gurasoen legea hor dago, orain arte egon den bezala, baina nerabea ez da jadanik haurra, etxeko legea kaleko legearekin tentsioan sartzen da horrela kasu askotan. Nerabeak haurtzarotik askatzeko beharra du, autonomia nahi du, berriro ere Irudizkoaren ilusioen jolas arriskutsuan sartzen da. Ez du bitartekorik nahi, bere burua, aske egin nahi du! Bere lege propioen arabera jokatu. Eta uste du kontrako zentzuan lortuko duela hori: alegia, gurasoen legea, etxekoa, era sistematikoan hausten. Hau ordea kaleko legea betetzen dutenekiko identifikazioaren eraginez gertatzen da; errebeldearen irudian aurkitzen du nerabeak berak daukan askatasunaren ideia, eta bera bezalakoa izan nahi du, edo are gehiago, bera izan nahi du, berak betetzen duen posizio berdina bete, gainontzekoen modelo bihurtu, askatasunaren eredu eta gauzatze izan. Baina berriro ere, hau ilusioa besterik ez da eta, litekeena da, errebeldea ere egoera antzekoa bizitzen egotea. Nerabeak konturatu behar du badagoela lege bat, beti, legea hor dagoela, LEGE SOZIAL (jainko) gisa, menpekotasuna sortzen digun Beste handi hori bezala, eta horren arabera eraikitzen dugula/dela subjektua. Behin hau onartuta, ikasiko du akaso bere desirak identifikatzen, errebeldearen (edo futbolari famatuaren, edo aktorearen, edo dana dalako ilusioren) desiren menpe egon ordez.

 

[1] Zizek, Slavoj (2006):  “Empty Gestures and Performatives. Lacan confronts the CIA” in How to read Lacan [http://www.lacan.com/essays/?p=88])

(1989, Algorta) Filosofian lizentziatua. Egun Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia masterreko ikaslea.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. […] Lacan I: Irudizkoa eta Sinbolikoa […]

Leave a Reply