Eguraldia, patua eta zaborra (Berria 2012-11-11)

By • Nov 13th, 2012 • Category: Azterketak eta Azalpenak

EDUARDO APODAKA -SOZIOLOGOA ETA EHUKO IRAKASLEA

Berria 2012-11-11

Albistegi ondoren etorri ohi da, gainerako berri guztiek duten denbora bera izan ohi du, zorrotzenaren jakin-mina asetzeko adina detaile eta datuz horniturik. Eguraldia da. Zinez, eguraldiak obsesionatutako jendeak gara. Baina, zergatik obsesio hau aroaren mende bizi beharra erruz gutxitu omen den honetan? Ingurukoei galdetu eta erantzunak astinaldiko egurasteetara, edo armairuetan gordeak ditugun demaseko arropak hautatze zailetara, edo garraio-mendekotasunera eraman naute. Ez naute erantzunek ase; obsesio meteorologikoan gure garaiko adierazpide esanguratsu bat ikusten dudalako.

Mendebaldeko modernitatea aurrera begira bizi izan da, ez edonola: geroa berez etorriko zena bainoago, konkistatu eta eraiki beharreko lurraldea baitzen. Aurrean eta ondasunez beteta zegoen lurralde bat: horrela asmatu zen aurrerapena, progresoa, eta hura gauzatzeko milaka proiektu. Horietan nabarienak ez ziren izan oso zehatzak, alderantziz, zer egin behar zen zehazki esan gabe, egindakoei zentzua ematera mugatzen ziren gehienetan. Baina denetan, plan handi eta txikietan, protagonista jendea zen. Modernoek zinez sinesten zuten jendearen sormenean, ilusio-sormenean, hain zuzen. XIX. mendearen hasieran hedatu zen ilusio handien izena, ideologia, eta XX. mendearen hondarrean metakontaera horiek eragindako hondamendi eta aberrazioak inbentariatu ondoren, ziklo ideologikoa bukatzeko agindu ziguten postideologoek: ideologiek giza gehiegikeria guztien errua zuten, eta, ondorioz, guztiak arbuiatu zituzten kontuan hartu barik zein zen euren kausa, zein balio zuten gidari. Aro postideologikoak ez du luze iraun. Baina ondorio lazgarria izan du: patuaren ezinbestekotasunaz blai utzi gaitu. Halabeharraren mendekoak gara; jakintza zuhur eta eraginkor bakarra, haren kapritxoetara ondo egokitzea baino ez da: aterkia hartu edo ez. Halabeharrez dator euria, hala ekaitza, eguzki-beroa, krisia edota langabezia. Erdarazko errepika, «con la que está cayendo», euskaraz behar ote dugu? Lekutan utzi dugu frenopatikoaren aldarria: «mañana hará el tiempo que a mí me de la gana».

Egungo ideologia nagusiak, alegia, egungo «errealismo ez-ideologiko egokiak», egitasmo handiak ahantzi eta arrisku orotarako aseguruz babestutako proiektu txikiekin konforma gaitezela diosku. Eta handiak eta txikiak lokatu ditu, bidenabar jendearen sormena, ahalmena eta eragimena uxatuz. Ditugun plan handienak hipoteka eta pentsioak direnean, mundua iraultzeko beharra, nahia eta mentura fikziozko erretolika aspergarri zaigu gehienoi. Edo ez. Agian, bada plan txikietan handiaren eta sublimearen hazirik. Agian, biharko eguraldiaz horrenbesteko ardura hartzen duen lagun horrek badu klimaren aldaketa globalari buruzko kezka eta irizpiderik; agian, egunik egun egin daitezkeen kontu txikietan bestelako aldaketa global bat prestatzen diharduela uste du. Eta agian, halaber, ez da kexu gaurko euriaz, eta bai gaurko bizimodu hondatzaileaz, eta halaber, euri azidoaz.

Ez dut onartzen paralizatu nahi gaituen ideologia meteorologikoa: bagara nor, badugu ahalmenik asko. Bai, baina badago zer ikasi benetan zerbait irauli duten mugimenduetatik: handitara jo nahi duenak txikitara jo behar du. Jendarte-eguraldia ez dator berez; baina jakin behar dugu jokaldi txiki arruntak eta helburu nagusiak uztartzen. Elkarri ematen diote zentzua eta ahalbidea.

Hauteskundeetan gorabehera meteorologiko horien zantzu batzuk izan ditugu. Adibidez, EHBilduk Gipuzkoan izan dituen emaitzen haritik, bi hauek: bata, ez omen dute komunikazioan asmatu, eta bestea, atez atekoari buruzko polemikaren eragin galgarriei kalte egin die. Esanak esan, komunikazioan nekez asma daiteke hartzailea mezuari sor bazaio. Jendartea aldatu nahi duenak jakin beharko luke mintzakideak eraldatu behar dituela, eta aurrena bere burua. Gainera, oraingo krisiak eragindako premia larriek ez omen dute handitara jokatzeko aukerarik ematen, zuhurtziaren tenorea ei da. Beldurrarena ere bai. Eta askok ez dute ardura gehigarririk nahi, ez dute entzun nahi, esaterako, soluzioak beren esku(menak) direnik, are gutxiago erantzukizunak. Nori eman boza: parte hartzea, lidergo partekatua eta halako botere-lagapenekin gaztigatzen gaituenari edo zuhur eta lehor, sakrifizioak eta aurpegi onak beharko ditugula dioskun aditu planta ondo diseinatua duenari? Berak egingo digu lana, berari botako dizkiogu kexak eta kritikak… Eta mezu aringarria dakar: zuek nahikoa duzue bizi beharraz egiten dituzuen sakrifizio gordinekin, aro gaiztoan nik «kudeatuko» zaituztet, eta aterpera gidatu. Atez atekoan, bestalde, miopia postideologikoa dugu nabari: txikietan eraikitzen da handia, baldin eta ikusten badugu zein den handi hori eta zer-nolako lotura duten txikiak eta handiak. Bestela ere, euria egingo duen galdetzen jarraituko dugu, konturatu barik, guk eragiten dugula euria. Komunikazio txarra? Ez da komunikazio kontua soilik, hori bada ere, jendeari zein eguraldi egingo duen esan barik, eguraldia aldatu behar eta ahal duela sinetsarazi behar zaio. Eta komunikazio biderik eraginkorrenean, ekintza da mezua

Leave a Reply