Dabilen elea sariketako hitzaldi laburra (Joxe Azurmendi)

By • Nov 7th, 2012 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Eskerrik asko idazle, itzultzaile, irudigile, editore eta Galtzagorritxoen familia guztiari.

Izan ere, hau familiako sari bat bezala da. Edo bide luzean bidaideak bidaideari ematen dion otamena bezala, momentu bat itzalean pausatu eta indarrak berritzeko, kontu batzuk kontatzen diren bitartean.

Eskerrik asko Joan Mariri, Xabierri, Loreari, kontatu dituzuen kontu eta ipuin ederrengatik.

Antton Olariagari, eskerrik asko – Zakilixuten deboto bat naiz.

Eskerrik asko Juantxo eta Xabier Zeberiori: musika da hitzaren lagun minena – batez ere hitz poetikoarena, eskerrik asko Hedoi Etxarteri.

Euskal letren familia edo klub honetara gutako bakoitza modu diferentean eta zio ezberdinengatik etorri ginen seguru asko. Baina kasi seguru lagunen bat edo batzuekin, eta elkarri lagunduz etorri ginen. Ni Jakin taldean hasi nintzen, euskara berrikasten –gure garaian horrela zen-, eta lehenengo gauzatxoak idazten, gaur lotsa ematen dizkiguten gauzak, baina borratu ezin direnak. Gerra osteko euskal berpiztean Arantzazuk paper erabakiorra jokatu du: arte modernoan, pentsamendu erlijiosoaren berritzean, eta euskararen berpiztean ere bai. Berpizte horretan kokatzen da Jakin aldizkariaren, eta batez ere Jakin taldearen sorrera. Izaeraz nahiz pentsaeraz jende arrunt diferenteak osatutako taldea da, baina mende erditik gora irauten du ja; idazleak dira, itzultzaileak, editoreak, mila lan egin dute, mila lanetan kolaboratu, eta euskal pentsamenduari plataforma bat eskaini. Jakin taldean kokatzen da nire obra osoa. Eskerrik asko Arantzazuri eta Jakini.

Eskerrik asko Elkar taldeari ere, azken urteotan berak argitaratu ohi ditu nire liburuak. Langile asko da Elkarren idealismoa eta profesionaltasuna bateratzen dituena euskal liburugintzaren zerbitzuan. Denok badakigu beste editorialetan antzera dela, barka editore bakoitza izenarekin aipatzen ez bazaituet orain. Zuena ez dela bide erraza, begiradatxo batekin gerraosteko historiari ikusten da; argitaletxeak agertu eta desagertuz nola joan diren. Horregatik euskal editore guztioi zuen penak eta lan isila eskertzen dizkizuet. Euskarazko liburua zuei eskerrak bizi da. Eskolako testuetatik literatura altueneraino, euskara idatziaren berriztean editoreon partea oinarrizkoa izan da eta da.

Euskararen bidea denon artean egiten ari gara; bestela esan, gurea azkengabeko trekking luzean bizi den familia da. Beti bidea egiten, euskara batua egiten, kulturako euskara egiten, zientziakoa, haur literaturako, poesiako, fikzioetako, kazetaritzako euskara. Ikastoletako irakasleak, hiztegigileak, gramatikagileak. Baditut urte batzuk, eta bide honetan guztian pentsatzen badut, taldearen eta familiaren kontzeptuak asko zabalagotzen dira. Neure hastapenetan aitzindariak ageri zaizkit, maisu eta adiskideak: Txillardegi, Aresti, Krutwig, San Martin Otsalar, Gandiaga, joanak direnetatik bakarrik aipatzeko. Eta behialako Karlos Santamaria, Rikardo Arregi, Eusebio Osa. Eta orainagoko eta gaur-gaurko idazleak, harrituta irakurtzen ditudanak. Nik uste dut orain oso ondo idazten dela.

Ez da izan euskara lantzea bakarrik. Orain batzutan irribarre egiten dugu, Ipar Amerikako Estatu federal batzuetan oraindik kreazionismoa irakasten omen delako eta ez Darwinen eboluzioaren teoria. Baina baten batzuk gogoratuko duzue, gu hasi ginenean Orixek kreazionismoa defendatzen zuela eta eboluzioa onartzen zuten apaizekin sutan jartzen zela haserre. Bergson txoroa zen, Sartre deabrua. Zaitegirentzat existentzialista mindulinak gizarajo batzuk ziren, euskaldunon gizatasun sendoa gabekoak. Txillardegiren lehen idazkia, oker ez banago, existentzialismoa ateista zela-ta arbuiatzen zuen norbaiti erantzutzeko izan zen. [Egunotan Xabier Leteren autobiografia irakurtzen ari naiz – -zorionak Inazio Mujikari lanagatik, eta sariagatik, eta zorionak egunotako beste saritu guztiei ere- ba Xabier Leteren biografian irakurri dut, existentzialista izatea leporatzen ziotela, hau da, ateo eta nihilista]. Txillardegik aristotelismoa onartzen ez zuelako izan zituen Orixerekin kalapitak. Orain substantzia eta esentzia aristotelikoekin jadagoneko inor ez da oroitzen, eta ateismoak ez du inor eskandalizatzen, beharbada gehiago norbaitek Jainkoan sinesteak, edo norbaitek bere filosofian Jainkoa aipatzeak behintzat. Mitxelenak Orixe ez dakit Koperniko edo Galileiren aurrekotzat jotzen zuen. Esan nahi dut, euskararen bide luzea bezala, pentsamenduan ere bide luzea egin dugula eta ari dugula. Eta bidegintza honetan uste dut oso garbi agertzen dela, nola denok ekipo bat osatzen dugun, familia bat; nola egiten dugun, behin arazoak planteatu, hurrengoan soluzioak bilatu, denon artean, elkarri ikusiz eta ikasiz.

Euskararen modernizazioan, eta baita mentalitatearen modernizazioan ere, zerikusi handia narratibak izan du –nobelistikak, ipuingintzak-, eta beharbada ez gutxiago itzulpenek, filosofiko eta literarioek. Poesiak izan duen eraginaz, aski Aresti gogoratzea. Eta poesiak, orain, mentalitate aldaketaren eragile ez denean ere, mundu aldatu batean jartzen gaitu ja. Bidegintza amankomun honen barruan planteatu dut nik beti neure lana, askotan testuinguru horri egokitzeak neure testuan desajuste batzuk eragiten zizkidanean ere. Familia horrekin eta horrentzat ari nintzelako lanean.

Beraz, eskertzen dizuet, nire familia intelektual horri, festatxo hau. Elkarrekin jarraituko dugu, familian, bidea egiten. Haserre batzuekin, eta laguntasun askorekin geure artean.

Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, Gipuzkoa, 1941eko martxoaren 19a) euskal idazlea, filosofoa, saiakera egilea eta poeta da. Etikaren, politikaren, hizkuntzaren filosofiaren, teknikaren, euskal literaturaren, eta orokorrean filosofiaren gaineko liburu eta artikulu asko plazaratu ditu. Jakin irakurgaietako zuzendaria izan zen, eta 2010 urtera arte bere zuzendaritzapean 40 liburu atera zituen argitaletxeak. Hala nola, Klasikoak editorialaren filosofiako euskarazko itzulpenetan lagundu izan du. Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetako bat izan zen, halaber; eta EHUko irakaslea da. 2010ean euskaltzain ohorezko izendatu zuten.
Email this author | All posts by

Leave a Reply