Independentzia eskubide iturri

By • Oct 24th, 2012 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Zergatik arrazoitu independentzia? Zergatik justifikatu? Independentziarako arrazoiak ez al dira partikularraren justifikazio eta defentsa? Independentzia eskatu eta arrazoitzeak ez ahal gaitu unibertsaltasunetik urruntzen?

Unibertsala eta partikularraren arteko erlazioaren afera, politikoaz aritzen direnen artean gai garrantzitsuenetako bat da. Eskari unibertsalak; askatasuna, justizia, demokrazia, berdintasuna… bateragarriak al dira eskari partikularrekin; pertsona multzo batek momentu konkretu batean eduki ditzakeenekin? Ba al dute erlaziorik? Edo ura eta olioa bezalakoak dira; bateraezinak.

Jean Paul Sartrek, Burgoseko epaiketaren karira Giséle Halamik idatziriko Le procés de Burgos liburuari hitzaurre sonatua egin zion. Hitzaurre horretan, bi klasetako unibertsalak zeudela baieztatu zuen Sartrek, unibertsal abstraktuak alde batetik eta unibertsal konkretuak bestetik. Unibertsal abstraktuak, maila teorikoan bakarrik existitzen diren kontzeptuak lirateke, unibertsal konkretuak aldiz, momentu historiko batean pertsona multzo batek sortzen dituen unibertsalak lirateke. Horrela, unibertsala (berdintasuna, demokrazia, justizia, askatasuna, bakea…) hezurmamitzeko modu bakarra unibertsal konkretua dela baieztatu zuen Sartrek. Hau da, justizia lortzeko adibidez, bide bakarra, egoera historiko konkretu batetik abiatzea litzateke. Unibertsala gauzatu, eskari partikular batek justizia, demokrazia, berdintasuna, askatasuna… sinbolizatzen duenean bakarrik lortu daitekeela jarri zuen agerian. Egoera partikular batekin erlaziorik ezean, unibertsala ezin gauza liteke, edukirik gabeko unibertsaltasuna litzateke, abstraktua.- Etxea, adreiluz, harriz, lastoz, egurrez… eraiki daiteke eta denak dira etxe, ezinezkoa dena inongo materialik gabe etxea eraikitzea da.- Unibertsalaren existentziaren baldintza eskari politiko partikularrek “kutsatua” izatea da. Eskari partikularrak asetu gabe dituen herriak ezingo du unibertsalik lortu. Eskari partikularrak asetzearen aldeko borroka, askatasunerako, justiziarako, berdintasunerako borroka da. Unibertsalak lortzeko borroka da.

Postura hau indartu egin da azken urte hauetan eta gai hauetaz aritzen diren autore askok aldez edo moldez ontzat ematen dute Sartrek pasa den mendeko 70. hamarkadaren hasieran egin zuen unibertsalen arteko bereizketa.

Independentzia nahi izateagatik, urteetan, unionistek, ez-solidarioak, baztertzaileak, ez-demokratikoak, identitarioak, azken finean gure zilborrari bakarrik begiratzen diogun partikular zaleak omen garela leporatu digute. Gure onura partikularrari begiratzen omen diogu soilik.  Mundua gure sudur puntatik haratago zabaltzen omen da. Adurretik eta Ebrotik haratago begiratu ezkero, berdintasun zalea, justizia zalea eta demokrazia zalea den mundu bat deskubrituko omen genuke.

Hein handi batean, diskurtso mailan unionistek ezarritako dikotomia, independentistok ere irentsi egin dugu: Euskal Estatua nahi izatea partikularraren aldeko defentsa moduan planteatu izan du maiz independentismoak bere borroka. Horrela, arerio politikoari, unionismoari, unibertsalaren monopolioaren giltza oparituz. Hauenak lirateke ondorioz aukera politiko justua, demokratikoa, berdintasunaren aldekoa… hitz batean unibertsala.

Independentismoak duen erronka nagusienetako bat, dikotomia horri buelta ematea litzateke, independentzia hautu unibertsala dela eta unionismoa unibertsalen kontrakoa dela azpimarratu beharko du Estatua lortu nahi duen independentismoak. Independentismoa eskubide unibertsalen aldekoa dela eta unionismoa horien kontrakoa dela azpimarratzea dagokigu. Hau egiteak ahalbidetuko liguke subjektu independentistaren zabaltze izugarria.

Nahiz eta urteetan independentismoari unibertsaltasuna ukatu nahi izan dioten, baztertzailea, insolidarioa, antidemokratikoa… partilur zalea dela esanez, errealitate horri aurre egingo dion diskurtso bat eraikitzea da independentismoaren erronka nagusienetako bat. Diskurtso honek, independentismoa demokratikoa, justua eta berdintasunaren aldekoa dela azpimarratu behar du, Euskal Herrian bizi garen guztion iritzia errespetatzea eta betetzea aldarrikatzen duelako.  Esan ahal lezake berdina unionismoak?

Beraz, askotan independentismoa erasotzeko erabili diren unibertsalen jabe egin behar gara eta ez sarriegi gertatu den bezala unibertsalen monopolioa unionistei utzi. Hau lortzen duen neurrian izango du independentismoak arrakastaren gako nagusienetako bat. Hori lortzea litzateke hegemonia lortzea; hegemonia izatea hori baita, unibertsalen jabe nor den eta nor ez markatzeko gaitasuna izatea.

Laburtuz, independentziarako arrazoiak ez dira berezitasun partikularren defentsa, Sartrek erakutsi zigun moduan, eskari partikularrak, justizia, berdintasuna, askatasuna eta demokrazia hezurmamitzeko bideak izan baitaitezke.  Zentzu horretan da independentzia demokraziaren bermea eta eskubide iturri eta unionismoa, eskari horiei ataka jartzen dienez, ez-demokratiko, inposatzaile, justiziaren kontrako. Euskal independentismoa da unibertsalaren defentsa.

Filosofian lizentziatua.
Email this author | All posts by

8 Responses »

  1. Artikuluaren izpirituarekin erabat ados nago. B. Andersonek jada aspaldi esan zuen (Imagined Communities) nazionalismoa izan zela marxismoaren hutsegiterik eta asignatura pendienterik garrantzitsuena. Alabaina, Sartreren filosofiari eta bere unibertsaltasun bikoitzaren desberdinketari heltzeak, unibertsaltasunetik bananduta betiko segiko dugula bermatzen du. Banaketa hori faltsua da. Zizek, Butler eta Laclauk harrez gero askozaz elkarrizketa interesgarriagoa izan dute partikuluar/unibertsaltasunari buruz eta bertatik abiatu beharko genuke, Sartreri bere interbentzio puntuala eskertuz baina bere filosofia salatuz (bere biografia filosofikoak berresten du bereizketa unibertsaltasunaren faltsutasuna, Fanonek aspaldi salatu zuen bezala). Berrito diot, artikuluaren izpirituarekin erabat ados nagolako planteiatzen dut goikoa.

  2. Aupa Joseba, unibertsaltasunak hezur-mamitzeko partikularraz “kutsatua” behar duela egon azpimarratzeko Sartre erabili dut; euskaldunon borroka (ETArena zehazki) aitzakiatzat hartuta egin baitzuen hori. Dena dela, arrazoi duzu Zizekek eta Laclauk (Butler gutxiago ezagutzen dut) unibertsala/partikularraren inguruan askoz ere elkarrizketa aberatsagoa izan dutela esaterakoan eta berdin berdin erabili nitzakeen. Hala ere, Laclauk batez ere eta Zizekek ñabardurak ñabardura, unibertsala, partikular batek diskurtso hegemonikoaren bitartez unibertsala sinbolizatzen duenean gertatzen dela baieztazten dutenean, nire ustez, Sartrek adierazi nahi izan zuenaren antzeko zerbait esaten ari dira.

  3. Orain bai. Hain zuzen ZLB-ek adierazten dutena da edozein unibertsal dela era berean partikular, partikularraren arrasto ezabaezina duela eta, are, arrasto horrek ematen diola bere unibertsaltasunari bere esanahi eta egia. Beraz ez daude unibertsaltasun forma desberdinak. Hor Sartrek unibertsaltasun europar modernoak sartu nahi dizkigu hain zuzen bere partikulartasunetik desberdindurik eta beraz hegemonikoki unibertsal bezala, eta partikulartasun hau ezkutatzen duen heinean hegemonia europarra sartu nahi digu partikulartasun bakarra bezala zeina de facto unibertsala den.
    Neurri batean Galfarsorok hori jada egin du bere kritikan. Baina Galfarsorok, Badiouren eraginez nik uste, halako ideia boluntarista/erromantiko batean erortzen da, non nahi izan hutsarekin euskal partikulartasuna unibertsal bihurt daitekeen. Eta hori ez da posible, azkenean hori boluntarismo kartesiarra da (nahi dut beraz banaiz, esistitzen dut). Partikularismoak ordena sinboliko osoa eraldatu behar du eta ordena sinboliko/politiko/historikoaren eratzaile bihurtu behar du (quilting, adierazle huts) eta hori ezin da boluntarismo hutsez egin, soilik nahi dugulako. Hor neuk uste Galfarsoro kartesianismo boluntarista batean erortzen da, Nietzscherenetik ez oso urruti. Eta are, eta neuk uste dut hor dagoela kartesianismo boluntarista honen akatsik handiena, historia eta ekonomia (Marx) ahaztutzen ditu. Ordena sinbolikoa historikoa eta ekonikoa da. EAJen gehiengo sozialdemokrata enoraturik ez dago independentziarik, hegemonia hori aldatu behar da, klase sozialak kontutan harturik. Hots, boluntarismo kartesiar hori idealista da. Espainolak eta euskaldunak-eko X. Azurmendi ere (ez dut harrez gerokoa irakurri oraindik), kartesianismo boluntarista horretan erortzen da, ezin baitu euskal sujetu historiko bat topatu (errenaziementuan batez ere), euskal senhorito eta jauntxo gaztelafiloak baizik. Euskal independentzia historikoki pentsazeko, historia euskaldun hori eta bere partikulartasuna nola unibertsalizatu pentsatu behar dugu, eta hori ez da proiektu nazional bat (nazio estatuarena), baizik eta postnazionala, beste parametro batzuetatik pentsatu behar duguna, nazio-estatura iritsi nahi badugu ere.

  4. Eztabaida funtsezkoa Unaik planteatu duena partikular/unibertsal kategorien eta independentzia (ez dakit nazioa deitu, soberania, zerbait post-nazionala… horiek denak noizbait argitzen hasi beharko da) aldarrikapenaren artekoa. Aitzakia egokia iruditzen zait betiko kezka bat berriro aipatzeko: Estatuetako indar ezkertiarrak; teorian unionistak izan gabe, langileen eskubideei dagokionez demagun, unibertsaltasunari estatuaren mugak ipintzen dizkiotenak idependentziazale-regional-burgesen aurrean. Indar ezkertiar horiek euren unibertsal/konkretu hori gauzatu nahirik jardutea ezin da txartzat jo. Baina dagoeneko serio planteatu beharko zaie gure unibertsal/partikularra txarra ez baina agian hobea ere izan daitekeela, edo behintzat, terminu horietan eztabaidatzea dela funtsezkoa (insolidario, burges.. eta halako pitokeriak ea alde batera uzten dituzten). Bide horretan Unairen artikulua bikaina iruditzen zait.

  5. Jesus Mari, “dagoeneko serio planteatu beharko zaie gure unibertsal/partikularra txarra ez baina agian hobea ere izan daitekeela” diozu. Baina hemen nire galdera da: zeri deitzen diogu “gure unibertsal/partikularra” zer da delako “unibertsal/partikularra” osatzen duen osagai hori? Independentzia hutsaz ari zara, bizi eredu bati buruz, ekonomia eredu bati buruz, kultura bati buruz… Zer aldatuko da boterea Madriletik Gasteizera (edo nahiago bada Iruñeara edo Baionara) igarotzearekin? Horrekin bakarrik gauzak hobetuko dira? Ala lehen pausotzat jotzen duzue hori? Zergatik boterea lekuz mugitzeko gogo hori? Zer egiteko?

    Pd: barkatu, agian atzera pausoa da nire galdera baina askotan horren erantzunik inork ez dit ematen-eta…

  6. Apa Felix. Unibertsal/partikular hori hemen nola gauzatu daitekeen eta horren aurka beti zein argudio erabiltzen duten gogorarazi nahi nuen. Eman dezagun hemen denak oso ezkertiarrak garela eta estatu propio bat edukitzeak eredu sozial jakin bat eraikitzeko asko lagunduko lukeela uste dugula, gure unibertsal/partikularra: Independentzia eta sozialismoa, nolabait esateko. Bada hori aipatu eta segituan leporatuko dizute beste herrialdeko langile klasearekin, adibidez, insolidarioa zarela soberania kontuekin hasten bazara. Edo okerrago, independetzia aldarrikatzea berez eta definizioz ikuspegi ezkertiarraren aurka doala. Bi eremu ezberdin eta berezitu gisa aurkezten dute, kontrako gisa aurkezten ez dutenean. Hau da, sozialismoaz ari bagara ederto baina zuek independentistak izan nahi baduzue hori beste eremu bateko arazoa da eta agian beste eremu horretan ba guk federalismoa aldarrikatuko dugu. Zergatik? Bada gu benetan unibertsalak garelako eta burgesen nazio arazoez ez garelako arduratzen. Noski, unibertsal bikain horren mugak estatuarenak dira, munduko langileriaz jarduten dutenean ere. Unairen artikuluak goiburu “Independentzia eskubide iturri” du eta hor ikusten dut nik bi eremuen bateratzea: Arazo nazionala eta soziala, horrela hitzegiten uzten badidazu. Gero ereduak, aipatzen dituzunez, eraiki egin beharko dira baina azpirratu nahi nuena bi poloak bateratzeko beharra zen. Boterea, diozun bezala, gure eskutan hartzeak ez du berez egoera hobetuko baina Madrilen edo Parisen noiz hobetuko dituzten zain egon behar dugu? Espainiako III.Errepublikaren zain geratu behar dugu eurek hobeto egingo dutelakoan? Ezin dugu guk eredu hobeagorik eraiki tresnak guk geuk izan ezkero?

  7. Ulertzen dut esan nahi duzuna Jesus Mari eta guztiz konforme nago: bere kultura bereko Estatuaren jabe den sozialista ez da ohartzen Estatu horrek ez gaituela gu errepresentatzen, eta bera errepresentatzen duen bezala beste Estatu bat nahi dugula. Ez da ohartzen berak nazionalismoaren ikuspegitik behar oro asetua duela, guk ez bezala; eta guk arazo sozialaz gain, badugula beste bat ere: nazionala. Ostantzean, esan geniezaieke espainiarrei “ahaztu Espainia eta sar gaitezen Europan bete-betean. Utzi castellanoa alde batera eta mintzatu soilik ingelesez, ez ni behartu castellanoz hitz egitera, azken finean, lanean ingelesa soilik eskatzen didate-eta. Ah eta delako Independentziaren Gerra, gezurra da, Napoleon baita europarron eroia”.

    Baina, hemen ikuspegi arazo bat dagoela uste dut. Madril edo Paris aipatzen dugunean urruneko lurralde bati buruz ari garela ematen du. Aldiz, andaluziar batek Madril agian ez du hain urrun sentizen. Badirudi amezketar batentzat Madril oso urrun dagoela baina Castroko batentzat ez (ejem…) baina egiazki, maila berean gaude. Gasteizen hartzen diren erabakiak egun Madrilen hartzen direnak baino urrunagokoak izatea gerta liteke. Esaten denean guk alemaniarren edo luxenburgotarren maila berean egon nahi dugula, ez gara deus esaten ari. Zergatik? Espainiar identitatea dugunez (karnetean behintzat), beraien maila berean gaudelako. Alemanian denak soilik alemaniar al dira? Ez al dago Estatuaz gain beste instituziorik?

    “Guk alemaniarrak edo espainiarrak bezala izan nahi dugu, maila berean egon nahi dugu” esaten den bakoitzean belarriko mina jartzen zait. Badakit zer esan nahi den, baina ez dut uste argumentu ona denik (zoritxarrez!!!).

  8. “Por una parte, las estrategias puramente particularistas –al encerrarse en su propia identidad cultural o social- no podrían entrar en una coalición más amplia con otras fuerzas ni tampoco desarrollarla. En cambio, estarían en constante peligro de terminar en alguna clase de apartheid autoimpuesto. Por otra parte, la posicion puramente universalista –como la de los herederos habermasianos del racionalismo iluminista- corre el peligro de trascender todos los particularismos en nombre del consenso universal y racional [ Edo partikularismo europar ilustratua jarri nahi du unibertsal posible bakar bezala. Azken finean ekintza hegemoniko bat egiten ariko lirateke; norberaren partikularrak unibertsaltzat jarriaz]. Laclau nos ofrece una respuesta diferente y distintiva: al afirmar la necesidad de alguna versión de universalismo y al rechazar la idea del particularismo puro, Laclau en efecto invierte el estatus de lo universal. Lo universal ya no es el nombre del fundamento primordial de lo social, como lo era la categoría de “la razón” para el Iluminismo, sino que está vaciado de todo contenido y se ha convertido en el nombre del fundamento imposible de lo social, que no es sino otro nombre de la ausencia de todo fundamento primordial.” Simon Critchley eta Oliver Marchart, “Laclau. Aproximaciones críticas a su obra”.

    Artikulu honek gogoeta bat izan nahi du subjektu independentista zabaltzeko bidean; zehazkiago, independentismo hegemoniko bat lortzeko bidean. Diskurtso independentistak (diskurtso nazionalistaren eskutik gehienetan), nire ustez, izan dituen akats batzuk seinalatu eta aterabide posible bat marraztea zen artikulu honen helburua. Diskurtso independentista, unibertsalen aldekoa dela azpimarratu beharko litzateke, hau da, eskubideen aldekoa. Ondorioz independentziak eskubideen berme beharko luke izan. Honela planteatu ezkero diskurtso independentista, bertan edonork luke lekua. Orain arte, diskurtso independentistak, independentzia partikularrak babesteko dela esan du(gun)ean, akats larria egin du(gu). Zergatik? Subjektu independentista partikular horiekin estuki lotzeak ez duelako biderik eman subjektuaren zabaltzeko, eta goiko pasartean ederki esaten den moduan “apartheid autoimpuesto” bat egiten ariko ginateke. Hortik dator euskal independentismoari egin zaizkion eraso askoren iturburua: Pribilegioen babeserako dela eta abar. Euskal independentismoaren diskurtsoak “pribilegioak” babesteko baino, eskubideak bermatzeko bide “bakarra” dela azpimarratu behar du. Eta hori unibertsalekin egiten da, ez partikularrekin.

Leave a Reply