Musika Nietzscheren filosofian II

By • Sep 25th, 2012 • Category: Azterketak eta Azalpenak

(Lehen zatia irakurtzeko: Musika Nietzscheren filosofian I)

Ur-Eine edo Jatorrizko Bata

Nietzscheren Ur-Eine edo Jatorrizko Bata Schopenhauerren nahimenarekin identifika dezakegu, betiere bi ideien arteko ezberdintasunak garbi utziz. Badirudi Nietzschek onartu egiten duela Schonpenhauerren tesi kantiarra, zeinaren arabera espazioa eta denbora ezagutzaren formak besterik ez diren. Hori ontzat emanda, eztabaida ezina dirudi testuan Schopenhauerrek aipatzen duen aniztasuna espazioan eta denboran kokatzen dela eta, beraz, principium individuationisa horien menpe dagoela. Hortaz, principium individuationis hori ezagutzaren formen bidez geureganatzen dugun ezagutza mota besterik ez da. Schopenhauerrekin gertatzen den bezala, Nietzscheren filosofian, Jatorrizko Bata indibiduazioa gainditzen denean agertzen da, espazioa eta denbora nolabait desagertu egiten direnean.

«Bajo la magia de lo dionisíaco no sólo se renueva la alianza entre los seres humanos: también la naturaleza enajenada, hostil o subyugada celebra su fiesta de reconciliación con su hijo perdido, el hombre. (…) Ahora el esclavo es hombre libre, ahora quedan rotas todas las rígidas, hostiles delimitaciones que la necesidad, la arbitrariedad o la «moda insolente» han establecido entre los hombres. Ahora, en el evangelio de la armonía universal, cada uno se siente no sólo reunido, reconciliado, fundido con su prójimo, sino uno con él, cual si el velo de Maya estuviese desgarrado y ahora sólo ondease de un lado para otro, en jirones, ante lo misterioso Uno Primordial». (1872: 46)

Dena den, lehen Schopenhauerrengan ikusi dugun nahimenaren izaera metafisikoa ez da Nietzscheren Jatorrizko Bat horretan errepikatzen. Badauka kutsu mistiko edo espirituala, baina inola ere ez zentzu mentafisikoan: tradizio filosofiko zein kulturalak izpiritua eta gorputzaren arteko dikotomiaren barneratzea ekarri duenez, behin arimaren adiera zaharrari uko egin diogunean gorputzari ere ezaugarri hori ezabatu diogu, izatez badaukan izaera kontziente hori existituko ez bailitzan. Zientifismoan galduak gaude eta, materia ulertzeko daukagun moduak, Nietzschek aldarrikatzen duen espiritualtasun mota hori metafisikotzat hartzeko joera barnerarazi egiten digu guztiz. Esandakoa hobeto ulertzen da Nietzschek hizkuntzari eta zientziari egiten dien kritikari esker.

Aipatu dugu lehen Egiaz eta gezurraz moraletik kanpoko zentzuan, Nietzscheren saiakera. Goiko aipuan ikusi ahal izan dugun bezala, bertan, filosofoak, adimenaren engainua azaleratzen du: euliak bere burua unibertsoko erdigune hegalaritzat jotzen duen era bertsuan dauka gizakiak bere burua Jainkoaren sormenik ikaragarriena bailitzan, eta hau bere adimenak sinestarazten dio, berari egozten zaiolarik horren erantzukizuna. Baina gizakiak bere burua engainatu baino ez du egiten, bere adimenak momentu bat iraungo du betierekotasunean eta bere existentzia euliarena baino garrantzi gehiagorik gabe desagertuko da. Hori da zehazki, Nietzscheren ustez, adimenaren ataza, bere burua engainatzea eta, sinistaraztea, hizkuntza eta zientziaren bidez (alegia, adimenari berari esker) badagoela gauzen esentzia ezagutzerik, munduaren egia: egia, zentzurik metafisikoenean (eta beraz, era absolutuan) ulertuta.

«’Berbaitango gauza’ (hau litzateke hain justu egia purua, ondoriorik gabea) erabat eskuraezina da, eta, gainera, ez da batere desiragarria hizkuntzaren sortzailearentzat. Gauzek gizakiekin dituzten erlazioak izendatzen ditu soilik, eta, berauek adierazteko, metafora ausartenak darabiltza. (…) Zuhaitzak, koloreak, elurra eta loreak ditugunean hizpide, gauzei beraiei buruz zerbait badakigula iruditzen zaigu, baina, oso bestela, gauzen metaforak baino ez dauzkagu, esentzia primitiboei ez dagozkienak ezelan». (1873: 105)

«Haren metodoa [ikerlariarena]: gizakia gauza guztien neurri gisa erabiltzea. Baina hori egiten duenean akats batean oinarritzen da, gauzak bere aurrean immediatoki eta objektu puru gisa dauzkala pentsatzen du. Ahaztu egiten du, horrenbestez, jatorrizko metafora intuitiboak ez direla metaforak besterik, eta, aitzitik, gauzak eurak direla uste du». (1873: 109)

Bada, musikak auto-engainu hau biluztu egiten du, argitara eman. Musika dionisiakoak biolentziaz agertzen du bere burua, energiaz gainezka egiten du eta, hala, adimenaren engainua ukaezin bihurtzen da: musikak hartu egiten gaitu, inbaditu, aparteko era batean dauka eragina guregan,  eta, hori guztia, kontzepturik gabe; arrazoimenaren erreinutik kanpo geratzen dela esan genezake. Uste dut akats larria litzatekeela Nietzscherentzako musikak munduaren baitako esentzia deskubritzeko gaitasuna duela baieztatzea, izan ere, Nietzschek uko egiten dio Schopenhauerren metafisika horri. Berez, zera gertatzen da: musikak, aurretik egi puru eta aldaezin gisa geneukanaren irrealidade matefisikoa agertzen digun hordikeria egoera batera garamatza, hala, gizakiaren existentziaren laztura (ezereza) ezkutaezin bihurtuz. Dionisok musikaren bitartez irakasten digun egia da, hain zuzen, egiarik ez dagoela, berau esentzia gisa ulertuta, berbaitango gauza gisa; alegia, egia, gizakiak errealitatearekiko daukan harremanera mugatu egiten dela, beti. Hori da eta ez beste ezer, existentziaren laztura, ikaratu egiten gaituen huts metafisikoa. Musikak errealitate hau ulertzera behartzen gaitu, hots, kontzeptuen bidez esplikatzen duten hitzekin ez bezala, musikak jakinaren gainean jartzen gaitu, ulertuarazi egiten digu geure engainua, sortzen duen plazer inbasiboaren bitartez, aipatu hutsak sortzen duen ikara sentitzera behartuz. Eta hori da hain zuzen Jatorrizko Bata, huts metafisikoa, baina osotasun erreala, ontologikoa, nolabait esateko.

Musikak ikaragarrizko plazerra sortzen digu eta hala eramaten gaitu aipatu hordikeria egoerara, non existentzia bere horretan ulertuko dugun. Izatearen kontraesana ageri da, orgasmoarekin gertatzen den bezala, plazerrak garamatza egia hori bizitzera, eta izu, laztura hori sentitzeak berak ematen digu aldi berean plazerra: arrazoimenetik askatu egiten den kontraesan existentziala, Jatorrizko Bata.

BIBLIOGRAFIA

DE SANTIAGO GERVÓS, L. E., 2004: Arte y poder, Editorial Trotta, S. A., Madrid, 2004.

NIETZSCHE, F., 1872: El nacimiento de la tragedia, Alianza Editorial, S. A., Madrid, 2005.

NIETZSCHE, F., 1873: “Egiaz eta gezurraz moraletik kanpoko zentzuan” in Nietzsche eta Freud, filosofian eragile, Jakin, Donostia.

NIETZSCHE, F., 1889: El crepusculo de los idolos, Editores Mexicanos Unidos, México, 1982.

SCHOPENHAUER, A., 1919: Mundua nahimen eta errepresentazio gisa, Klasikoak, Bilbo, 1999.

SCHOPENHAUER, A., (?): Pensamiento, palabras y música, Edaf, Madrid, 1998.

(1989, Algorta) Filosofian lizentziatua. Egun Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia masterreko ikaslea.
Email this author | All posts by

Leave a Reply