Euskal unibertsitatera bidean (Gara. 2012-09-09)

By • Sep 9th, 2012 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Unamunoren ustez herriei askatasuna kulturak ematen die. “Ezazue hegan egiteko askatasuna proklamatu, hegoak eman baizik… Herriari eman behar zaion askatasuna kultura da.” Askatasun hori kultura bakoitzak bere kultura propioa eraikiz eratu behar du, nork bere askatasun propioa. Euskal Herrian, ordea, gure kultura Espainia eta Frantziaren azpikultura bihurturik dago aspalditik, hori jakina da. Boterearen gezur legitimoaren pribilegioarekin, Sabino Arana arrazista eta Ortega y Gasset intelektual espainol handi bilakatu dira, Joxe Azurmendik esan bezala, gure unibertsitate zein eskoletan. Logika horrek autore unibertsaltzat dauzka Jose Antonio Marina, Fernando Savater eta enparauak; bitartean, euskal pentsamendua azpiatala ere ez da. Etica para Amador da gure eskuliburua, Euskal Herria krisian ez. Hori da gure errealitatea. Izan ere, filosofia unibertsalaren parte filosofo espainolak bakarrik izan daitezke, eta, asko jota, abertzaleak ez diren filosofo euskaldunak. Aldiz, Txillardegiren pentsamendua, esaterako, ez da unibertsala, euskal abertzaletasunarena da izatekotan. Odon Elorza Donostiako alkatea eta Juan Karlos Izagirre Bilduko alkatea diren bezala, berdin-berdin; batzuei bakarrik suposatzen zaie unibertsaltasuna herri honetan. Gure pentsamendua eta pentsalariak, beti adjektibatuak, azpiatal bezala ongi zapalduak eta ezdeusak izaten jarraitzeko ahalegin handia egin du inperialismo espainolak, eta ahaleginak bere fruituak eman dizkiola esan behar da.

Izan ere, gure unibertsitateetan gutxi-askok dakite nortzuk diren Arizmendiarrieta, Mirande, Rikardo Arregi, Agirrebaltzategi, Txillardegi eta enparauak, asko jota, ezagunak egiten zaizkigunak haien izenak dira. Eta haiek ez ezagutzea ez da gure utzikeriaren ondorio, baina gure errespontsabilitatea da haiek ahanzturan ez uztea. Izan ere, unibertsitatean inoiz ez dira ikertzen, esaterako, 1960. hamarkadan Jakinen loraldiaren baitan izandako ekarpen intelektualak, pentsamendu unibertsalaren parte gisa. Izatekotan, pentsalari eta paradigma filosofiko, kultural eta politiko horiek abertzaletasunarenak dira, ez dute merezi unibertsitatean ikerketa subjektu izatea. Hortaz, ez dira sartzen gure pentsamenduaren historian, filosofiaren historia Espainiak idazten baitigu oraindik. Zentzu horretan, Euskal Herriak ez du filosofiarik, soziologiarik, antropologiarik… finean, pentsamendu propiorik: guk hala eraikitzen ez dugun arte.

Nazio gisa, kulturalki espainolak gara aspektu horretan. Nazioak komunitate imaginarioak diren heinean eta imaginario horiek egunez egun alor desberdinetatik elikatzen eta eraikitzen diren heinean, pentsamenduaren alorrean guztiz eraiki gabeko imaginario bat dugula esan daiteke, eta imaginario hori efektibo egiteko inongo egitura eta borondaterik eza. Hainbeste urteren eta hainbeste inposizioren kontra urtetan egin diren ekarpen intelektualek ez dute merezi ikasgai kaxkar bat ere gure unibertsitateetan; baina kontuz, ikasgai bat egiten badute oraindik ere eskerrak eman behar dizkiozu hezkuntza sistema espainolari eta! Errealitatea horixe da; esaterako, pil-pilean dagoen hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko harremanaren gaia (edota kulturaren eta naturaren artekoa) ikertu, irakatsi eta estudiatu nahi bada, gure unibertsitateetan pentsalari amerikar eta espainolenak dira irakurri beharreko eskuliburuak. Argi baitago, alor honetan Txillardegiren eta Joxe Azurmendiren ekarpen erraldoiak (azken honek liburu andana dauzka gaiaren inguruan, sasifilosofo espainol askok baino askoz hobe tratatuak) ez dira kontuan hartzekoak: euskaldun abertzaleak dira, punto. Betiko logika espainol berbera atzean.

Gurea bezalako herri txiki baina pentsamendu hain aberatsa izan duen eta duen herri batean, gure pentsamenduaren bazterketa eta zokoratzea egunero egiten zaigun eta gehiago onartu behar ez den mespretxu iraingarria da. Garaia da gure herriak bere pentsamendu propioa berreskuratu, berreraiki, ikertu eta zabaltzeko. Izan ere, euskal pentsalaririk ez da egongo euskal pentsamendua ez baldin badago: Jon Mirande ez baitago bizirik testuetan eta liburuetan dagoenean, haren pentsamendua zabaldu eta ikertzen denean baizik. Salbuespen ederrak kenduta, hortaz, eremu ofizialetan gure pentsamenduak ez du aitortzarik.

Eta bada garaia, halaber, gure herriak pentsamendu unibertsalari egin dizkion ekarpenak zeintzuk diren galdetu, pentsatu eta ikertzeko, filosofia espainolaren galbahetik pasa gabe. Horretarako, egun badaukagu Euskal komunitate filosofiko dispertsatu handi bat, guztiz egituratu gabea. Arazo horri buelta ematea erraza da, interes komunen inguruan indarrak batuz, nola politikan hala kulturan; uniformizaziorako bidean baino, gure diferentzia guztietatik abiatuta euskal pentsamenduaren komunitate sendo bat eraikitzeko, ditugun erronka guztiei ganoraz erantzun ahal izateko. Hau da, giza zientziek osatzen duten esparru anitzetatik euskal herrirako pentsamenduaren komunitate sendo bat sortzeko beharra ezinbestekoa da.

Baina Euskal Herritik mundura betiere, eta mundutik berriz Euskal Herrira, inongo galbahetatik pasa gabe. Ez gaude 60ko urteetan bezala, eta, beraz, ez dugu beste hainbat urte luzez militantismo hutsetan zertan aritu, instituzio desberdinen laguntza gabe. Hogeita hamar urte dira EHUn filosofia euskaraz irakatsi eta egin dena; ondorioz, badago masa kritiko filosofiko nahikorik, euskarazko filosofiagintza egituratu eta bultzatzeko. Arlo politikoan bezala, alor horretan ere instituzioek, herri mugimenduek eta kultur eragileek indarrak batu behar dituzte, minimoak konpartitu eta batak besteari elkar lagundu, bide berean. Bide horretan, erronka horiei aurre egiteko gauden egoeran arduragabekeria xamarrak dira abstentziorako deia egiten duten zenbait aldarri; horrek, gaur eta hemen, gure kultura zokoratu eta mespretxatu duen horri bazka ematea baino ez baitu ekartzen, bide honetan instituzioetatik ezinbesteko laguntza diren ahots abertzale eta ezkertiarren indarra ahuldu besterik ez baitu ekartzen.

Azkeneko helburua, hortaz, Euskal Herriko pentsamenduaren komunitate bat sortzea da, gure herria filosofiaren arloan ere Espainia eta Frantziari subordinatua izateari utzi eta autonomo gisa aurkezteko komunitate zientifikoaren aurrean. Bide horretan pauso efektiboak emateko unea dela ematen du.

Hain zuzen, helburu horren izpirituarekin sortu zen UEU. Udako Euskal Unibertsitatearen ametsetako bat, hastapenetatik, Euskal Unibertsitatearen sorrera izan baita. Eta gaur eta hemen, eremu politikoan bezala, trantsizio garai bat beharrezkoa izango da, helburuetara hurbildu nahi badugu. Horregatik, UEUk sustatu eta EHUk eskainiko dituen lau graduondoko berriak euskal unibertsitaterako trantsizio bidean ulertu behar dira. Euskal unibertsitatea egingo bada (eta Euskal Estatua eraikiko bada), lehenik gai izan beharko dugu trantsizio hori aurrera ateratzen: bestela jai dugu. Graduondoko horietako bat, EHko pentsamendua XX-XXI. mendean, artikulu honetan aipatutako logika eta hutsuneari buelta emateko saiakera xume bat besterik ez da. Behingoagatik, Larramendi, Mirande, Txillardegi, Azurmendi… eta oro har gure pentsalari guztiak, inongo galbahetik pasa gabe, pentsamendu unibertsalean kokatu eta horrekin elkarrizketan jartzeko ordua da. Hemendik aurrera ez izatea Txillardegiri buruz ohoratzeko bakarrik idatziko dugula, edo Azurmendiri buruz bere lagunek idatziko dutela (hori ere bai); aitzitik, haien pentsamendua unibertsitatean ikertu eta estudiatu behar da, beste guztiak bezala. Arlo politikoan ez ezik, eremu honetan pausoak ematen ez baditugu, gure nazioaren askatasuna hankamotz geratuko da.

(Berriz, 1984) Filosofian lizentziatua. Jon Jimenez-ekin batera "Modernitatearen auziaz" (Jakin, 2009) idatzi du. UEUko Filosofia Sailburua 2 urtez izandakoa. Doktoradutza ikasketak bukatzen EHUrekin. Gara egunkarian iritzi saileko kolaboratzailea izan da. hAUSnART aldizkariko zuzendaria.
Email this author | All posts by

Leave a Reply