«Globalizazio ereduen artean, desatseginenari heldu dio Europak» (Berria, 2012-06-20)

By • Jun 21st, 2012 • Category: Albistekaria

«Globalizazio ereduen artean, desatseginenari heldu dio Europak»

Mitxelko Urangak Europa du aztergai nagusi ‘Espektroak’ trilogiaren hirugarren liburuan

Juan Luis Zabala Donostia (Berria 2012-06-20)

«Galdera handia, larria» planteatzen du Mitxelko Urangak Espektroak. Euskaldunak Europan liburuan, Paulo Iztueta editoreak azaldu duenez: «Ea gaurko egunean euskarak, Euskal Herri euskaldunak zer kokapen soziologiko duen, zer presentzia, egungo lurraldean, zer leku eman nahi zaion euskalduntasunari». Iztuetak ez daki Urangak galderari erantzun egokia ematen dion edo ez, baina «gai zahar hauek modu berrian planteatzeko ausardia, kuraia» ezin zaiola ukatu irizten dio. «Euskal Herri askearen giltzarria non dagoen zehazten ez badu ere —asko litzateke hori—, markatzen du norabide bat zentzu horretan: Euskal Herri independentearen bidea bilatu beharko litzatekeela zuzenean Europako Batasunean, eta ez Frantziaren eta Espainiaren bitartez».

Mitxelko Urangak (Berango, Bizkaia, 1978) espektroei edo mamuei buruz idatzi eta Utriusque Vasconiaek argitaratutako trilogia baten hirugarren alea da Espektroak. Euskaldunak Europan. Lehen liburuak —Espektroak. Euskal ‘terroristak’— «euskaldunaren mamua» du hizpide, egilearen hitzetan; bigarrenak —Espektroak. Gutuna euskalduntasunari buruz—, «gizakiarena»; hirugarrenak, «Europarena».

Zeus eta Europaren mito klasikoari heldu dio egileak egungo Europaz aritzean. «Zeusek bere indarkeria guztiarekin, patriarkalismoaren espirituarekin, mendean hartzen du Europa, eta bortxatu eta gero hiru zaintzaile ezartzen dizkio, mugak zelatatzeko. Gaur egun, oso modu antzekoan, zuzenean edo zeharka, Europak, Mendebaldeak behartzen ditu hirugarren mundu delako horretan bizi direnak bertara etortzera, ekonomikoki derrigortuta; eta, gainera, nahiz eta haien beharra izan ekonomiak funtziona dezan, egundoko zainketa ezartzen die sistema judizialaren, polizialaren eta abarren bitartez».

Europak gaur egun jokatu behar duen rolaz zalantzak daude, Urangaren ustez. «Batetik, ez du bere anaia nagusiaren —AEBen— menpeko izan nahi; baina, bestetik, badirudi elkar laguntzan ere aritzen direla maiz». Baina globalizazioaren sarea gero eta handiagoa da, eta ihes egitea ia-ia ezinezkoa bihurtu da. «Globalizazio eredu ezberdin asko daude, eta Europak hartu duena desatseginena iruditzen zait, oligarkek kapitalismoaren eta neoliberalismoaren eskutik helduta nahi baitute beren erako Europa txiki bat eratu. Grezian eta Italian gertatzen ari denak erakusten du Europako Batasuneko buruek nahi dutela denok haiek diseinatutako marko batean egokitu gaitezen».

Europan nahitaez

Euskal Herriak Europarekin izan beharreko harremanaz pentsatzean, «paradoxak» eta «kontraesanak» azaleratzen zaizkio. «Bihotzak esaten dit, Koldo Izagirreri jarraituz, Europa ez dugula nahi, ez hau eta ez beste bat, ez dugula Europarik behar, alde ekonomikoak areagotu besterik egiten ez duelako. Europa nazioaniztuna eta heterogeneoa izango dela esaten da; baina hala baldin bada, zer zentzu du mugak jartzea heterogeneotasun horri, kanpoan ere beste heterogeneotasun bat baldin badago? Baina bihotzak trenari pasatzen utzi behar diogula esaten badit ere, buruak esaten dit, praktikan, nahitaez Europan sartuta gaudela eta ikusle huts gisa aritzen bagara hondamendia baino ez datorkigula gainera».

Horregatik, parte hartu behar dela uste du, «Europa honi ezetz esateko, eta beste aukera posible batzuk, beste ikuspegi batzuk ahalbidetzeko eta gauzatzeko». Europak, independentziak bezala, «tresna hutsa» izan behar du. «Zertarako? Euskaldunok benetan burujabeak eta autonomoak izateko. [Carlos Ulises] Moulinesen azken liburua gogora ekarrita, nazionalismo honek dakar internazionalista izatea. Bestela, niri behintzat inmorala iruditzen zait, beste gauza batzuen artean. Niretzat, nire herriarentzat, nire kulturarentzat, eskubide indibidual eta kolektiboak aldarrikatzen ditudanean modu berean ari naiz aldarrikatzen balio berberak gainerako nazio eta kulturentzat. Horretan sartuta gaude nahitaez, eta horretan zerbait egin behar dugu, euskal herritarrak, euskaldunak edo dena delakoak egoera hobe batean egoteko. Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zait, batetik, independentzia, Frantziatik eta Espainiatik bereiztea; eta, bestetik, Europan egon behar badugu nahitaez, Europan proiektu hobe eta alternatibo baten alde lan egitea».

(Berango,1978) UNED-en burutu ditu Filosofia eta Antropologia sozial eta kultural ikasketak. Egun, Euskal Herriko Unibertsitatean ari da Soziologian tesia egiten mendebaldeko kulturako botere-harremanen inguruan. Bere lanen artean topa daitezke “Mitxoleta elektrikoetan koleopteroak” (Ediciones Beta, 2010) poesia lana eta “Espektroak. Euskal terroristak” (Utriusque Vasconiae, 2011) saiakera.
Email this author | All posts by

Leave a Reply