Abertzaleak eta eskubideak (Berria. 2012-06-17)

By • Jun 15th, 2012 • Category: Azterketak eta Azalpenak

KOLABORAZIOA:

Roberto Manjón Loyola. Hizkuntza normalizaziorako teknikaria.

Duela hogeita hamabost bat urte Espainiako alderdi Komunista (PCE) zintzotu zitzaigun Espainiako sistema politikoan integratu ahal izateko, eta horren kariaz botere hegemonikoen jendarmeek ezarritako baldintzak bete zituen: monarkia eta bandera gurtu zituen, sistema egituratzen zuten erakunde eta legediari men egin… Pentsa zitekeen aldaketa estrategiko hutsa zela, aldi berriko baldintzetan iraultzara errazago heldu ahal izateko. Gero argi ikusi zen komunista haiek benetan zintzotu zirela, ez zebiltzala itxurak egiten, ez zirela gehiago ez iraultzaile ez komunista, kapitalismoko ondinen (sirenen) kantuak osolaket zituztela. Desberdintasun handiak gorabehera, gaur egun ezker abertzaleari antzeko eskakizunak egiten zaizkio, sisteman jardun ahal izateko: bide demokratiko garbien hautua, indarkeriaren arbuioa, biktimen aitortza eta, laburbilduz, giza eskubideekiko aldarria. Eta baizkoa izan da eskakizun horiei emandako erantzuna. Noraino izan da itxura eta noraino benetako burubidea? Ondinen aire horiek zaharrak dira: demokrazian xede guztiak dira zilegi eta eskuragarri, bakean eta anaitasunean. Geroak esango du, noski, kantu gezurrezkoek gure Ulises, ezker abertzale matxino hori, noraino limurtu duen.

Demokrata xalo baten betebeharren artean giza eskubideek dute karga ideologikorik sakonena. Alta, inork ez die kasu handirik egiten, propagandan izan ezik, zeren benetan boteretsuak direnek etsaiak nahierara egurtzeko askatasuna baitute, eta mengelek ez baitute aukerarik ez betetzeko ez urratzeko —hauek dira zinez onak. Eta, hala ere, giza eskubideak sistemaren gune ideologikoan daude, zergatik? Giza eskubideak kapitalismotik bereiztezinak direlako. Burgesiaren garaitzaz geroztik modu bakarra dago gizakia zintzoki ulertzeko, unibertsalki ulertu ere, egun garaitza hori unibertsala denez: izaki autonomo edo giza banako bezala. Iraultza burgesak balioen iraultza bat ekarri du bere baitan; harrezkero, giza banakoa da oinarrizko kategoria soziala, ardatza, erkidegoa, ordea, meneko kategoria, giza banakoaren araberakoa, justifikazioa behar duena. Hala, Atenasko demokrazia gure aldian ez zen demokraziatzat joko, han eskubideen subjektu nagusia erkidegoa baitzen, ez banakoa, ostrazismoak argiro erakusten duenez. Antzinako greziarrek, Asiako herrien aldean, bere burua asketzat zeukaten agintea erkidegoaren legean zetzalako, ez banakoen ustezko eskubideengatik.

Giza eskubideak, beraz, giza banakoen eskubideak dira, eta sistemaren harroin ideologikoa, indibidualismoaren habea. Sortze beretik jabego pribatua izan dute oinarri, eta beste eskubideak horren euskarriak. Abiaburua Ilustrazio garaiko eskubide naturalak dira. Berpizkunde aroan burgesiak monarkia absolutuaren laguntza bilatu zuen merkatu bateratu eta baketsua erdiesteko. Absolutismoaren babesaz lotu zitzaion botere ekonomiko, politiko eta militarra eskuratzeari, eta horrela kenduz nobleziari, Elizari eta herriari. Hegemonia sozio-ekonomikoa zuela, Ilustrazioan, erabateko nagusitasun politiko eta ideologikoaren bila abiatu zen. Oraindik horretan dihardugu. Erdi Arotik zetorren ideia bat moldatu zuten: eskubide naturalak. Lockek eta frantses ilustratuek argi adierazi zuten: eskubide naturalik behinena jabego pribatua da, eta horren sostengua dirudunen askatasun- eta bizitza-eskubidea. Jabego pribatua gurutze santua. Aitzitik, Lockeren garaiko Ingalaterran, hamarkada batzuetan, milaka txiro urkatu zituzten edozer lapurtzeagatik, sagarra lapurtutako umeak ez gutxi. Geroko urteetan, berebizikoak izan ziren Europa osoan baserritar matxinoen aurka egindako sarraskiak, eta poliziak ere orduan sortu edo garatu ziren. Aldi berean (XVII-XVIII), herritarrak erruz eraman zituzten konkistetan eta gerla kolonialetan hiltzera, sekulan izan den aldirik gerrazaleenean (R.Muchembled, Una historia de la violencia).

Eskubide naturalen —giza eskubideen— eskutik, klase hegemoniko berria dena pribatizatzera eman zen: lurra, esku-lana (gremioak), udalbatzak, bortxa… Etxalde baten jabe izan gabe, eskubide politikorik ez. Arau eta antolamendu komunalak suntsiturik herritarra proletario bihurtu zuten. Halatan, erkidegotik erauzita, banako deslai (solte), alderrai (munduan galdua) eta ezdeus bilakatu gara, harrapakin erraza, objektu eta indar-ekoizle huts eta kontrolatua. Eta, guztiagatik ere, indibidualismoa paradoxikoa da: giza banakoa zenbat eta bakanduagoa orduan eta estandarizatuago, ekoizpensistema berriak, oso arrazionala izanik, gizaki mota hori behar baitu ekonomia etengabe haz dadin. Arrazionalismo kapitalistak banako klonikoak behar ditu, parametro jakin batzuen arabera berdindutako ekoizle-kontsumitzaileak. Giza eskubideek sistema horren barruan kokatzen gaituzte, nahiz eta, ezker abertzalearen antzera, horiekin batera talde-eskubideak ere aldarrikatu.

Giza-eskubideak eta erkidegoarenak atezuan daude, funtsean printzipio aurkariei erantzuten dietelarik. Alabaina, ia ezinezkoa zaigu ideien itxitura horretatik irtetea. Kultura ipuin multzo bat da, promesez betea, eta geure ipuinak sinesten ditugu, ipuin burgesak. Horregatik konbentzituta gaude giza eskubideak gure lorpenak direla, hamaika borrokaren ondorioz eskuratuta. Marka desberdinak kontsumitu ahal ditugu, gaitzerdi. Politikan ez, noski, hor marka bakarra da zilegi, izen desberdinekin, eta marka alternatiboren bat mehatxu bihurtzen bada, akabo eskubide aizun horiek, jakina, beti ere zuzenbidearen bidez. Teoriko liberal askok argi eduki dute beti: Demokrazia —kapitalismoa— autoritarismoak salbatuko du.

Ez naiz tolesgabea, Erdi Aroan eta aro guztietan txakurrak ortozik; ez dago inora itzultzerik, ez aurrera egiterik. Etengabeko orain batean bizi gara, gure aldia kudeatzera behartuta, kultura jakin bateko itsas nesken kantuak lagun. Kantuok entzun ditzakegu, beharko! bai eta erabili ere, betiko modura, alegia, norberaren gogara, konplexurik gabe, finean kantuak direnez gero. Ezker abertzale anizkun berria nagusien ondina-kantuak ari da entzuten, sekulan baino ozenago. Ulisesen antzera, aditzen jakingo ote du liluran erori gabe?

2 Responses »

  1. Ezker abertzalearen erronka nagusia izango da hori: ur “arrotzetan” murgildu, arrain bilakatu gabe. Ez da erraza izango, gizarte zibil indartsu bat egon beharko da atzean, zakatzak ateratzen hastea sahiesteko.

  2. Bai hala da, eta kontua da ikuspegi oso kontrajarriak egon daitezkeelako ezker abertzalean bertan, une batean lehenengo maila hel daitezkeen kontraesanak hain zuzen. Bestalde, estrategia egoki baterako, aurretik urte (hamarkada?) batzuetako bilakaeraren aurreikuspena egin behar da, oso desberdina baita kapitalismo sendo eta hazkor baten aurreikuspena edo gero eta krisi sakonago batean sartzen ari den sistema edo zibilizazio batena; gora doan globalizazioa edo bloke etsaietan zatikatzen ari den beherazko kapitalismoa, hots, barrutik desegiten ari dena. Aurreikuspenok oso etorkizun desberdinak marraz ditzakete, eta beraz, oso estrategia egoki desberdinak ere bai. Nik gogoeta estrategikoaren falta sumatzen dut ezker abertzale klasikoan, agian neure ezagutza urriagatik. Geroriari buruzko hipotesiak egin ditut artikulu batzuetan: Berrian, 2010-6-12, 2011-1-6, 2011-1-7, 2011-5-5, 2011-7-8, 2011-11-2, GARA: 2011-5-16. Eta era berean, Uztaro 74 zk., 2010 (artikulu luzea). Nolanahi ere, nire irudiko (ikus Berria 2011-1-6, 2011-1-7), ezker abertzaleak izan duen areriorik eragingarriena frankismoaren ostean gertaturiko postmodernitatearen etorrera izan da, aurreikusi gabea, eta nago horrela izaten jarraituko duela (ikus Uztaroko artikulua). Baina egoerak anbibalenteak izaten dira, batetik, gizarteak kohesioa galdu ahala sistema bera krisian sartzen da, harik eta erabat erori arte, baina orobat gizarte hori kohesio sozialetik eraitsi nahi duten indarrak ere krisian sartzen dira, eta horrek galarazi diezaieke erorketa horren subjetuak izatea. Nire ustez, ezker abertzale ateka horretan dago harrapatuta, agian modernoegia delarik gizarte gero eta barreiatuago batean (deslai) arrakastaz jarduteko. Nire ustez, erronka praktiko eta teoriko handia dugu bizi garen postmodernia kudeatzeko eta datorkeen post-postmoderniarako.

Leave a Reply