Joxe Azurmendiri eman diote Eusko Ikaskuntza saria (Berria. 2012-06-06)

By • Jun 6th, 2012 • Category: Albistekaria

Berria.info   2012-06-06 – 13:33:07

Joxe Azurmendi Otaegi idazle eta pentsalariari (Zegama, 1941) eman diote aurtengo Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa saria, haren ibilbidea aitortuta. Gaur eguerdian jakinarazi dute erabakia. 1995ean sortu zuten Euskal Herriko Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientziak saria. “Euskal Herriaren kulturaren garapenean laguntzen” duten pertsonak saritzen dituzte.

Azurmendi 1971tik ari da saiakera liburuak idazten. Hizkuntza, etnia eta marxismoa izan zen haren aurrena. Azkena, duela egun batzuk aurkeztu du: Bakea gudan. Unamuno, historia eta karlismoa.

Gazte-gaztetatik Arantzazuko frantziskotarren ikastetxean ikasi zuen, eta gero ordena horretan sartu zen. Filosofia ikasketak Alemanian egin zituen, eta Teologiakoak Erroman. 80ko hamarkadaren hasieran, ordena utzi eta gero, irakasle gisa hasi zen lanean EHUn. 1984an doktore tesia aurkeztu zuen Arrasateko mugimendu kooperatibistaren sortzaile Jose Maria Arizmendiarrietari buruz. Jakin aldizkariaren bultzatzaileetako bat izan zen, eta Egunkaria-ren sustatzaileetakoa ere izan zen.

Xabier Altzibarrek Historia de la literatura vasca (2000) liburuan dioenez, Azurmendi “euskal saiakeragilerik emankorrena” da. “Azurmendiren saiakerak arnasa handikoak eta luzeak dira. Horietan gaur egungo europar gaiei ekiten die sakontasun eta erudizio handiz. (…) Azurmendi intelektual kritiko bat da. Arazoa aztertzen du, soluzioa baino areago. Badaki pentsamendua azaltzen eta garatzen. Tonu polemikoa hartzen du maiz askotan. Erregistro jasoa eta lagunarteko esapideak konbinatzen ditu bere hizkuntzan eta haren prosa bizkorra, zorrotza eta ironikoa da”.

2 Responses »

  1. Joxe Azurmendiri elkarrizketa elegantea Deian:

    JOXE AZURMENDI IDAZLE, POETA ETA PENTSALARIA
    “Bestearen etikaz arduratzen gara, geureaz arduratzea nahikoa ez eta”

    Zegaman sortua 1941ean, Joxe Azurmendik Filosofia eta Teologia ikasketak egin zituen Alemanian eta Italian. Jakinen baitako fronte kulturaleko kide izan zen, eta 80ko hamarkadan, EHUn sartu zen irakasle. Jose Maria Arizmendiarrietaren filosofiari buruzko doktore tesia egin zuen

    Kepa Matxain – Jueves, 7 de Junio de 2012 –
    Joxe Azurmendi

    DONOSTIA. Euskal letren plazara poesiaren bidez ailegatu bazen ere, Joxe Azurmendi (Zegama, 1941) bere pentsalari ibilbideak egin du ezagun. Ez da astebete igaro Bakea gudan. Unamuno, historia eta karlismoa argitaratu zuenetik, bibliografia oparo bateko lanik berriena. Haren idatziak “pentsamenduaren eta kontzientziaren askatasunaren defentsa bat” dira, eta horren esker on gisara jaso du Eusko Ikaskuntza saria.

    Sari honek zure ibilbide osoa sari tzen du nolabait. Nola hartu duzu berria?

    Etxe garbiketan ari nintzela, kanpora joateko prestaketak egiten. Eskertzen diet Eusko Ikaskuntzari eta Euskadiko Kutxari. Saria nire ibilbide osoari emandakoa baldin bada, pentsa zenbat jendek lagundu didan beti, eta beraz, bistan dago guztiontzat dela. Euskal kulturan, eta bereziki Jakinen, elkarri lagunduz funtzionatu dugu.

    Modernitatearen ostean, fundamentu finkorik gabeko gizartean sortzen diren erantzun dogmatikoen aurkako borroka izan da zure pentsamendua. Nola bizi da irizpide absoluturik gabe?

    Pertsonalki denok dauzkagu absolutu batzuk, bestela haize-orratzak izango ginateke. Nik defendatzen dudana da, helburu eta irizpide absolutuak bakoitzak beretzat izan ditzala, ez besteei ezer exijitzeko. Gure tradizioa alderantzizkoa da: arau eta irizpide absolutuak gizarteak ezartzen dizkigu, elizak oro har, eta gure nortasun morala ez da geuk egina, maileguan hartua edo autoritateak inposatua baizik. Ez da sanoena, ezta?

    Pentsalari konprometitua izan zara euskal gatazkarekin, eta askotan salatu duzu norbanakoen kontzientzian etengabe sartu eta gaitzespen moral zein politikoak exijitzen dituela Estatuak. Egungo egoeran areagotu egin al da joera hori?

    Bai, eta egunotantxe ikusten ari garenez, Estatuari ez zaizkio laguntzaileak falta. Damutu egin behar dela, barkazioa eskatu, etab. “Gure nortasun morala ez da geuk egina, maileguan hartua edo autoritateak inposatua baizik” Zein gara gu bestearen kontzientzia barruan sartu eta zer egin behar duen edo ez duen erabakitzeko? Inkisizio txiki asko dago gure kulturan. Bestearen etikaz arduratzen gara, geurearekin arduratzea ez dugu nonbait nahikoa.

    Pentsamendu kritikoa lantzeko komunitate iraunkor baten beharra defendatu izan duzu, eta Lapiko Kritikoa kolektiboa sortu da gerora, behar horri erantzun asmoz. Nola ikusten duzu egungo euskal intelligentsia?

    Ziklo berria hasi da, pentsamendu berria lantzeko ordua da orain. Egungo gazte eta ez hain gazteak gu egon ginen baino hobeto prestatuak datoz, eta lanerako gogoz.

    Lehengo astean Unamunoren ‘Paz en la Guerra’ liburuaren irakurketa kritikoa plazaratu ondoren, ba al duzu proiekturik eskuartean?

    Udazken aldera liburu bat argitaratuko dut Elkarrekin, eta hain zuzen ere, Estatua eta kontzientziaren kontrolaz arituko naiz. Era berean, Ernest Renani buruzko lan bat ere badaukat eskuartean: ipuin baten bidez jorratuko dut nazioaren bi kontzeptu desberdin daudelako hipotesia, bata frantsesa, eta alemaniarra bestea. Lan hori Koloniako Unibertsitateko (Alemania) bibliotekan egiten dut, eta gustatuko litzaidake aurten amaitzea.

  2. Baita Garan ere (Maider Iantzi,2012-06-07):

    «Euskal kulturan uste duguna baino gehiago dugula erakutsi nahi nuen»

    Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzia sariko epaimahaiak aho batez aukeratu du Zegamako idazle eta pentsalariaren lana aitortzea. Bere jakin-min unibertsala nabarmendu dute, kultur sustrai sendo batetik datorren jakin-mina. Udazkenean jasoko du saria -20.000 euro dakartzana-, Donostiako Miramar jauregian.

    Maider IANTZI | DONOSTIA

    Joxe Azurmendik hagitz ongi daki nola etorri zen euskal kulturara eta euskaraz idaztera, eta nola argitaratu ahal izan duen gero «merkatuko lege guztien aurka». Sariak orain gogora ekartzen diona euskara berrikasten lagundu diotenak dira, idazkera zuzendu eta oraindik zuzentzen diotenak, bereak bezalako saioak argitaratzea posible egiten duten Elkarreko langile guztiak, eta anitzez lagun gehiago. «Euskal kultura elkarri lagunduz egiten dugu, eta niri behintzat jende pila batek lagundu dit», adierazi digu.

    «Batzuetan deserosoa eman dezakeen arren, beti izan da argitzailea», erran du epaimahaiak zutaz. «Gogoetak egiten dituen pertsona da, konprometitua». Zer iruditzen zaizu?

    Egia esateko, nire gogoetak ez dira nire aurrekoen gogoeten jarraipena besterik. Intuizio intelektual handiak gure belaunaldian Txillardegik izan ditu. Eta berak eta beste batzuek urratu dituzte bide berriak, ez nik. Nik egundoko zortea izan dut, euskal kulturara etortzean Txillardegi, Aresti, Joseba Intxausti, Xarriton, maisu eta adiskide izatekoa. Haiek egindako bidean ibiltzeko zortea. Lehenengoetako azkena izateko zortea.

    Zure jakin-min unibertsala ere aipatu du epaimahaiak, beti kultur sustrai sendoetatik ateratzen den jakin-mina. Hau al da zure motorra? Zer garrantzia dute sustraiek zure obran?

    Sustraiak egin egiten dira, eta nik euskararen herrian sustraitzea erabaki nuen. Hori nire obra guztian esentziala da, sustraien bilatze eta sustraien indartze saio bat baino ez baita obra osoa. Herri batek, eta berdin pertsona batek, modu askotan finka ditzake bere sustraiak. Politikarekin, lanarekin, musikarekin. Ni jakin-minarekin saiatu naiz. Nire biografiagatik izan nintekeen italiarra edo alemana edo espainola, baina beti garbi eduki dut: euskalduna izan nahi dut eta beste ezer ez. Gaurko munduko euskaldun bat.

    Bi lan kaleratu dituzu berriki: «Filosofia eta poesia» (Jakin) eta «Bakea gudan. Unamuno, historia eta karlismoa» (Txalaparta). Lehendabizikoan, zure testuez gain, Juan Kruz Igerabide, Juan Ramon Makuso, Jose Inazio Lasa, Javier Aguirre, Felipe Juaristi eta Maider Etxanizenak bildu dituzu. Bigarrena Unamunoren filosofia da zure begietatik begiratua.

    Aipatu dituzun bi liburuak adibide onak dira, euskal kulturan nola egiten dugun lana elkarlanean. Hori da behintzat nire ideia. Filosofia eta poesiarena esperientzia oso polita izan zen Euskal Herriko Unibertsitatean, Donostian. Unamunorena ere Deustuko Unibertsitatean antolatutako hitzaldi ziklo baterako idatzi nuen. Askotan pertsonaia bakanak miresten ditugu, eta ez dago gaizki. Baina nire ustean, kulturan eta zientzian, XIX. mendea indibidualitate handien aroa da, mundu guztian. Gaur ekipoen eta ekipo lanaren aroa da, eta euskal kulturan are gehiago.

    Zein lanekin ari zara orain?

    Badago mito bat, nazioaren bi kontzeptu daudela dioena: bata frantsesa eta bestea alemana, edo Renanena eta Herderrena. Bata arrazionala eta zibikoa omen da; bestea, erromantiko irrazionala eta arrazista. Euskal abertzaletasuna bigarrena da, noski. Hala esaten da. Beste dogma txar bat. Renan aztertzen ari naiz eta mito hori apurtzea espero dut.

    Joseba Sarrionandiak zure azkeneko liburuaren hitzaurrean aipatzen duenez, egileak aztertzerakoan, egile horiek eginen luketena baino hobeki azaldu dituzu. Egileak eta haien ideiak errespetuz tratatu dituzula dio, gaininterpretaziorik gabe. Zer garrantzi du horrek zuretzat?

    Hitzaurrea oso polita dela esatea, Sarrionandiarena izanda, ez da asko esatea, baina halaxe da. Sarrionandiak dioen bezala, nire lan askotan aurreko autoreak aztertu ditut: Salbatore Mitxelena, Mirande, Arizmendiarrieta, Rikardo Arregi, Salaberry, eta abar. Ni irakurzalea naiz eta alde horretatik abantaila handia daukat aurreko autoreak interpretatzerakoan. Autoreak berak ez bezala, nik obra osoa daukat aurrean. Autoreak inoiz ez dauka bere pentsamendu guztia presente, nik bai harena. Nik ere neure pentsamendu guztia batera presente inoiz ez daukat. Bigarren abantaila handia, Sarrionandiak ongi dioen bezala, denboraren abantaila da. Haiek geroari begira idatzi dute, nik haiei buruz post festum. Gauza bat esan gura nuke. Nire obrako parte handi bat aurreko euskal autoreen azterketa da. Autore horien obra askotan sakabanatua dago aldizkarietan, jendeak ez du bere osoan ezagutzen. Beti deitoratzen dugu gure artean transmisioak ez duela funtzionatzen. Nik ezagutzera eman nahi nituen. Euskal kulturan uste dugun baino gehiago daukagula erakutsi nahi nuen.

    Zerbait gehiago azaldu nahi duzu?

    Beharbada bai. Begira, sariak pertsona bati eta besteari ematen zaizkie, baina lana, nik esate baterako, Jakinen eta Jakin taldearen laguntzarekin egin ahal izan dut. Begiratzen baduzu nire obra eta Jakinen obra, ni pozten nauena Jakinen obra da; eta harrotzen-edo nauena, Jakinen obraren barruan nire obra ikustea. Eusko Ikaskuntzari saria eskertzen diot, eta Jakini nire bizitza literarioa.

    Frantziskotar izana, irakaslea, poeta… Ibilbide luzea egiten ari da Azurmendi

    Joxe Azurmendi Zegaman sortu zen 1941ean. Arantzazuko frantziskotarren ikastetxean ikasi eta ordena horretan sartu zen. Filosofia eta Teologia ikasketak egin zituen. «Jakin» aldizkariaren inguruko mugimendu kulturalaren bultzatzaile izan zen. Ordena utzi eta gero, irakasle lanean hasi zen EHUn. Pentsalari eta saiakeragile gisa nabarmendu bada ere, poesia ere egin du. Renan aztertzen ari da orain.

Leave a Reply