Nahiago posmoderno, apaiza baino

By • Jun 6th, 2012 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Azken aldian, gehiago fijatzen naizelako edo gehiago hitz egiten delako, Moderno-Postmoderno eztabaidaren berpizte bat-edo sumatu dut. Aski ezaguna den eztabaida, bestalde. Aski demodé. Hala ere, nonbait, herri honen gurpil zoroan, zaharrak aurre hartzen dio berriari, apika, berria agertzen hasten ez delako.

Zein da, ba, eztabaida honen funtsa? Postmodernoari hainbat ezaugarri ematen zaizkio: likidoa, denak balio du, dena erlatiboa da, estetika etika eta politikari gailentzen zaio… Dena zurrunbilo batean sartzen omen du Postmodernitateak. Ezer ez dago argi, ezer ez da betiko. Nietzschek jarri du dena ezbaian –Nietzschetik geroko ia guztiek idatzi dutena, bere obraren oin oharrak izanik–: “Jainkoa hil da, gizakiek hil dute”. Hau da, artxierrepikatuta bada ere, berriro azalduko dut nire hitzekin: absolutuak bukatu dira, jai daukazue. Eta jaietan gabiltza: erabaki nahian zeintzuk diren gizakiaren funtsak, gizartearen oinarriak, etikoki zuzena dena, politikoki egin beharrekoa. Anabasean.

Batzuk, ordea, enpeinatu dira anabas hori eta bilatze hori ez direla inolaz ere beharrezkoak eta Postmodernitatearen aspektu horien aurka altxatu dira. Kaosa eta erlatibitatea jasangaitzak zaizkigu –Descartesi bezala– eta berehala abiatzen gara puntu finko baten bila. Hots, berehala abiatzen gara Modernitatera eta bere eskemetara. Gure herrian, zorionez, Modernitatetik at geratu gara. Eta zoritxarrez, frantziar zein espainiar Modernitateetatik edan dugu: arlo moral zein politikoetan, behinik behin; hortik balio moral absolutu batzuen predikamendua, adibidez. Ez dugu Modernitatea igaro, gure kabuz behintzat ez dugu egin. Horren ordez, gaur egun, Modernitatearen eskemarik zurrun eta absolutuenetara buelta bat proposatzen digute batzuek: dialektika, etika absolutua, progresoa, errealitatean aurkitzen ez diren eskema dikotomikoak… Jainko zaharrak berpizten ari zaizkigu.

Edo, gehiago esan genezake. Zalantzak dauzkat jadanik Modernitatearen eskemetara itzuli beharrean, ez ote gauden kristautasunaren eskemetara itzultzen. Azken finean, espainiar zein frantziar Modernitateak horixe baino ez baitira, kristautasunaren errepikapen “laikoak”.

Hortaz,  askatasuna itzaltzen duten eskema zurrunen aurrean, nahiago anabasa. Nahiago postmoderno –zer den oso ondo jakin gabe–, apaiza baino.

Jimenez Martinez (Tafalla, 1986). Filosofian lizentziaduna. Andoni Olariagarekin batera Modernitatearen Auziaz (2009. Donostia: Jakin) liburuaren egilea. Txalapartako editorea.
Email this author | All posts by

Leave a Reply