Miguel Unamunoren gerra eta bakea (Joseba Sarrionandia)

By • May 23rd, 2012 • Category: Atal Berezia, Azterketak eta Azalpenak

Honoko hau Joxe Azurmendiren Bakea gudan. Unamuno, historia eta karlismoa liburuaren hitzaurrea da, Joseba Sarrionandiak idatzia.

Lehenik, horra liburuaren aurkezpena Joxe Azurmendiren eskutik:

BIDEOA

I

Miguel Unamuno lotsagabea izan zela pentsa daiteke, beharbada, euskal nazionalisten artean eragin handia zuela idatzi zionean 1917ko ekainaren 20an Alfonso Reyesi:

«he influido en el nacionalismo, en cuyas filas se me respeta y aún algo más. Lo más de su bagaje ideológico se lo dí yo a Sabino, y mi conferencia sobre la agonía del vascuence fué capital».

Lotsarik gabe, baina ez arrazoirik gabe. Unamuno, XX. mendearen hasierako euskal nazionalismoan eragilea izan zen. Ad contrario, batez ere, behin eta berriz arbuiatu zuelako euskal nazionalismoa. Euskararen modernizazioaren kontra 1901ean Bilboko hitzaldian eta beste askotan esan zituenak esanda, behartu egin zituen euskaldunak apologisten autokonplazentzia utzi eta askozaz ere benetakoago eta argiago jardutera. Euskal nazionalismoaren aurkari zorrotza izanda behartu zituen euskal nazionalistak umekeriak utzi eta proposamen helduagoak aurkeztera.

Euskal Filologia modernoak badu nahikoa Unamunoren doktore-tesitik, eta euskaldunen nazio proiektuak nahikoa zor dio Unamunori, haren ondoezari eta bizitzaren zentzu tragikoari bada ere. Unamuno oso presente egon zen gerraosteko abertzaletasunean. Euskal literaturan ahaztezina da Unamuno ta Abendats saioa, 1958an argitaratu zena erdi ezkutuan, euskal saiakeragintzan leku berezia duena, eta bitxia da leitzea Salbatore Mitxelena Unamunoren filosofiatik euskararen defentsa deduzitzen eta, Unamuno bera baino paradoxazaleago, nori eta Unamunori berari esaten:
«Zeure filosofiak aldezten gaitu eta kondenatzen zaitu!».

Txabi Etxebarrietak utzi zituen paperak leitu dituenak badaki unamunozalea zela, eta Txillardegiren Huntaz eta hartaz irakurri duenak ere badaki Txillardegi unamunozalea izan zela, kritikoa, existentzialista, kezkarazlea, eragilea.

Joxe Azurmendi ere unamunozalea da, Unamunoren irakurlea eta kritikoa den bezainbatean.

II

Joxe Azurmendiren obra zerrendatzen ere zaila da honezkero. Hizkuntzaz, etniaz eta marxismoaz hasi zen argitaratzen 1971 bueltan, erdi klandestinoki oraindik. Errealismo sozialistaz eta kultura proletarioaz idatzi zuen gero hainbat liburu, gizakiaren animaltasunaz eta natura/kultura bikoiztasunaz, euskaldunen eta espainolen arteko liskarrez, eta modernitatearen eta teknologiaren inguruko gaiei buruz.

Ideien bilakaera orokorra ikertzeaz gain, hainbat autore ere arakatu ditu modu zehatzean: Orixe irakurle berrientzakoa, Jon Miranderen ideologia, Jose Maria Arizmendiarrietaren kooperatibismoa, Nemesio Etxaniz eta 60ko hamarkadako kultura giroa, Carlos Santamariaren pentsamendua, Etienne Salaberryrena, heriotzaren aurreko Bitoriano Gandiaga. Topikoen istingatik errekuperatu eta ondo esplikatu ditu, pertsonaiak berak egingo lukeen baino hobeto, agian, elementu eta baliabide intelektual gehiago dituelako hark baino eta, batez ere, denboraren abantaila. Baina sobreinterpretaziorik gabe, pertsonaiak berak ametituko lukeen moduan eta ez, hain ohikoa denez komentarista askoren aldetik, haren ideiak desitxuratuz.

Miguel de Unamuno beste saiakera batean ere tratatzen du Joxe Azurmendik: Espainiaren arimaz. Liburu hori trilogia baten hirugarren partea da eta, Wilhem von Humboldten ideiak, Volksgeist edo ‘herri gogoa’ kontzeptuaren bilakaera aztertu ondoren, Espainiaren arimaz liburuan, nazionalismo espainolaren oinarri ideologikoak aurkezten ditu, Menéndez Pelayo, José Ortega y Gasset, Ramón Menéndez Pidal eta halako beste batzuen artean Unamunoren testuak azalduz.

Oraingo beste entsegu honetan, Joxe Azurmendik Paz en la guerra nobelaren filosofia aztertuko du. Joxe Azurmendiren araketa filosofikoa bidezkoa da, nobela hori filosofia politiko bat delako funtsean. Paz en la guerra euskal herri zaharraren akaberaren filosofia da. Eta Espainiaren eraikuntzaren filosofia ere bai.

III

Paz en la guerra liburua ez da hori bakarrik, jakina. Nobela on bat dela esan behar da lehenengo eta behin, denboraren froga pasatu duena, gainera, idatzi eta ehun eta piko urte geroago ere gustura irakurtzen delako. Testimoniala eta zer pentsatu ematen duena da, errealista eta lirikoa. Nobela autobiografikoa eta oroiminezkoa da, ume-denborarekin batera galduko den gizartearen lekukotasuna. Nobela historikoa da, eta sarritan azpimarratu da Unamunok egin zuen dokumentazio lana gertaera historikoak ahalik eta zehatzen azaltzeko. Azken Karlistaldia 1870ean hasi zen, eta 1872an porrot egin zuen. Gogor berpiztu zen 1873 hasieran, eta 1876 arte iraun zuen. Edozein historia-liburutan baino hobeto argitzen da sasoi historiko hori Unamunoren eleberri horretan.

Nobela politikoa ere bada. Baina nobela politiko gisa, ez da alderdikoia, eta honek benetan politikoagoa egiten du seguru asko. Unamunok pertsonaia bat marraztu zuen testuan bere burua islatzeko, Pachico Zabalbide, baina autorea beste pertsonaia askotan dago, enpatiaz. Bilboko gizarte zatitua zati bakoitzetik azaltzen ahalegintzen da. Ignacio Iturriondok, esate baterako, autorearen ulermen osoa du alde, eta sentimena ere bai. Hainbeste non, filokarlistatzat ere hartu izan den nobela hori.

Pertsonaiekiko eta errepresentatzen dutenarekiko enpatia hori literarioa baino gehiago da, heldubada. Irakurketa politikoa eginez, esan daiteke autorea ‘alderdikoa’ izateaz gain, liberala izateaz gain eman dezagun, ‘aldenetakoa’ bihurtu dela nobelagintza horretan. Enpatia ahalegin eta gizartearen ulermen saio eredugarria gaur eguneko irakurlearentzat ere, duela ehun urte bezala oraindik ere berdintsu gabiltzanean, balio desberdinekin bizitzeko arrrazionalitate eredu kultural eta politiko berrien bila.

Unamunok nobela horretan espainiar nazionalismoaren filosofia bat esplikatu nahi izan zuen. Euskaldunen integrazioarena espainiar nazionalismoan. Euskaldunena historiarik gabeko herria zen, Friedrich Engelsek ere esan zuenez. Historiara, nazioen kontzertura, euskaldunak –Unamunoren ustez– espainol edo frantses gisa agertu behar ziren derrigorrez. Horretarako ziren gerrak, aldaketa hori ahalbidetzeko. Gerra sakoneko bakearen ondoren, gerra horrek ekarriko zuen bizimodu berriarekin batera bakea. Bizkaiko gizartearen modernizazioaren eta espainolizazioaren kondairatzat zuen Unamunok Paz en la guerra.

Joxe Azurmendiren irakurketa oso argigarria da, nobelaren oinarrian dauden XIX. mendeko filosofiaren iturriak eta eskema intelektualak, orduan nagusitu zen axioma eboluzionista-positibista eta, batez ere, Herbert Spencerren biologismoa, esplikatzen baititu.

IV

Paz en la guerra nobelaren oinarrian, literaturaren alorretik, baina hau ere filosofia da, Lev Tolstoi ere aipa daiteke. Lev Tolstoik Gerra eta bakea 1869an argitaratu zuen lehenengoz. Nobelaren titulutzat Pierre Joseph Proudhonen La guerre et la paix saiakerarena hartu zuen, 1861ean argitaratua hura, zeinetan gerra probidentzia dibinoaren ondoriotzat hartzen zen, nolabait. Tolstoik ezin zion gerraren errua Jainkoari atxiki, eta frantziarraren probidentzialismoa, Gerra eta bakea nobelan, organizismoa eta biologismoa da.

Zeharo bereizten da Lev Tolstoiren nobelan natura eta nolabaiteko kultura artifizial samarra. Alde batetik, gorputz organikoa dago, lurrarekin loturik, sustraiekin, bizi-senarekin. Eta, beste aldetik, arrazoia eta historia, artifizial samarrak betiere. Ilustrazioa eta modernizazioa, trena eta nazio modernoa, hutsalak gerta zitezkeen izadiaren eta gizakiaren bizitzaren aldean.

Gerra eta bakea nobelan bada halako pasarte adierazgarri bat. Austerlitzeko bataila-zelaian zauriturik datzala, Andrei Bolkonski printzeak Napoleon Bonaparte ikusten du, hurbiltzen ari dela, hantxe bertan dago eta, lurretik gora begira, zeruaren kontra ikusten du:

«Bonaparte izaki txikia eta garrantzi gabekoa iruditzen zitzaion bere gogoan gertatzen ari zenaren eta hodeiak pasatzen zireneko zeru sabai infinituaren aldean».

Napoleon Bonaparteren armada frantsesak pasatu egingo dira, haizetea heldu eta joaten den bezala, eta Errusiako zelaiak hor geratuko dira zeru sabai infinituaren azpian. Espiritu naturalaren eta arrazoi artifizialaren arteko gerra da. Alde batetik, lurra dago, eta komunitate natural ia roussonianoa, herri lurrari lotua; eta bestetik, Frantziatik heldutako ideiak, armadak eta gainerakoak. Indartsuenak irabazi behar balu ere, askozaz indartsuagoa da Napoleon baino, esate baterako, elurtea. Napoleonen hazia ezin izango da sekula Errusiako zoruan ernaldu eta egokitu. Hazi hori, Frantziako Iraultzak eta Napoleon Bonapartek asmatutako historia artifizial hori, berez ustelduko da Errusiako lurrean.

Bestelakoa da Unamunoren ondorioa Euskal Herriarekiko, Herbert Spencerren biologismoaren eskutik. Ahaltsuenek irabazten dute bizitzaren borrokan, eta besteak desagertu dira. Irabaziko du beharbada Errusiak, baina ez da borrokatik bizirik aterako Euskal Herririk, ez Hungaria ez Txetxeniarik, ez Maroko ez Txekiarik:

«Un sentimiento romántico, es decir, anticultural, podrá llevarnos a simpatizar con Irlanda, el Transvaal, Polonia; pero la causa de la civilización, del legado humano universal, está con Inglaterra en los dos primeros casos, con Alemania en el tercero».

Herri txikiek, indargeek, garaituek ez dute etorkizunik. Nazio-estatu handi garaileek irentsiko dituzte ezinbestean. Hala desagertu behar da euskara eta euskal komunitate zaharra, erremediorik gabe: euskaldunek beste hizkuntza modernoago bat eginez izanen dute Arrazoia eta Espainiako eta Frantziako estatu-erakundeak integratuz eginen dute Historia.

Lev Tolstoik badu beste nobela txiki bat, idatzi zuen azkena omen dena, gaztetan Txetxenia aldean militar ibili zeneko esperientziaz osatua: Hadzi Murat. Errusiarren kontrako erresistentziaren buruetako bat da Hadzi Murat, noiz eta 1851n. Gaur egun bezala baitzebiltzan errusiarrak orduan ere Txetxenia eta Dagestan aldean. Eta nobela horren edizio batzuetan bada metafora estiloko sarrera bat. Kanpoan buelta bat emanda, narratzailea landan zehar itzultzen ari da. Lore batzuk han-hemenka biltzea otu zaio, etxerako. Udako eguna da, eta koloreetako lore sorta polita osatu du jadanik, belardian kardabera ikusi duenean.

Kardabera loratu eder hori ere hartu nahi du. Bi hatzez zurtoinetik heldu eta ez da lurretik irten. Zurtoina bihurturik ere ez du kardabera ebaki ahal izan. Lurrari tinko loturik dago eta azkarra da, gorantz gogor tiratu du, baina alferrik. Kardabera lurretik erauztea lortu duenerako, eskuak mindurik eta odoldurik ditu, eta kardabera bera ere zapuzturik dago. Halako gertaera batek ekarri omen zion gogora Lev Tolstoi zaharrari gaztetan errusiar soldadu gisa Txetxeniako mendietan ezagututakoa.

Ez zuen kardaberak amore eman bere burua hondatu gabe eta hartzailearena ondo mindu gabe. Kardabera hori bezalakoa izan zen errusiarrentzat eta Errusiarentzat Hadzi Murat eta Txetxenia osoa.

V

Euskal nazionalismoa oximoron moduko zerbait zen Unamunorentzat. Nazioa eta historia estatuarenak eta hitz modernoak, nahitaez, erdararenak zirela uste zuen. Euskal nazionalismo jeltzalea hiru lau urteko umea zen Paz en la guerra nobela idatzi zenean, eta halakoxea iruditu zitzaion beti Salamancako Unibertsitateko katedradunari, polita eta maitagarria une batzuetan, baina aldrebeskeria eta ernetzeko motiboa gehienetan. Umekeria moduko zerbait, oro har.

Hala ere, nobelaren amaieran, arrakalatzat har daitekeen zirrikitu txiki bat uzten zien nazio bihurtu nahi zuten herriei:

«Por debajo de las nacionalidades políticas simbolizadas en banderas y glorificadas en triunfos militares, obra el impluso al disloque de ellas en razas y pueblos más de antiguo fundidos, antehistóricos, encarnados en lenguajes diversos y vivificados en la íntima comunión privativa de costumbres cotidianas peculiares…».

Nazionalista espainola izan zen Unamuno, hizkuntzan oinarrituriko nazionalismo hispanikoaren abanderatua, gainera. Euskaldun eta espainol sentitzen zen, kontraesan handirik gabe, arazoekin. Baina arazoak, Estatuak eta denborak ia berez konponduko zituztela uste zuen. Itzelezko fedea izan zion Estatuaren ideiari, eta nazionalismo espainol esentzialistena bultzatu zuen, gerrazaleena ere bai momentu larri batzuetan.

Baina euskal kardabera ere ez zen lurretik ateratzen hain erraza suertatuko. Eta ez zuen nazio-arazoa konpondu ahal izan Unamunok, ahalegindu zen arren hil arte, ondoko espainol eta euskaldun askok ere konpondu ezin izan dugun bezala.

Joxe Azurmendiren hipotesia da Unamunok, sasoiaren semea izanda ere, euskal nazio-arazoa konpontzeko baliagarriak izan daitezkeen ideia batzuk garatu zituela, ideia kritiko, existentzialista, kezkarazle batzuk, eta, hala ere, horiek ez zizkiola euskal arazoari aplikatu. Salbatore Mitxelenaren ideia nagusia ere horixe zen, Unamunoren beraren filosofiak euskararen defentsa eta euskal herritartasunaren ideia sostenga zitzakeela: pertsonaren edo herriaren eginbidea norbera izatea dela sostengatzen baitzuen batez ere Unamunok, ez ‘beste pertsona’ edo ‘beste herria’, eta hizkuntzak egiten zuela herria. Baina hizkuntzaren modernizazioaren inguruko ideiak ere ez zizkion euskarari aplikatu nahi izan. Alde horretatik, balio desberdinekin bizitzeko arrazionalitate kultural eta politiko baten bila dabilenak, Unamunok egiten duen euskal nazioaren eta euskararen ukazioaren aurrean, Salbatore Mitxelenak, Jose Luis Alvarez Enparantzak, Txabi Etxebarrietak edo Joxe Azurmendik bezala esan dezake: filosofia horrek beste zerbait eskatzen du.

Unamunok aterata zegoela uste izan zuen gerrate karlisten ondoren, kardabera esan nahi dut. Oso idealizatua zuen 1873-76ko gerra zibila, eta Paz en la guerra bera idealizazio horren emaitza da, eta nobelaren ondoren are gehiago idealizatu zuen modernitatearen erditze lez. Derrota haren bidez uste zuen sartzen zirela euskaldunak arrazionalitatera eta historiara. Umeei kontzientzia zibila sortu zitzaiela esaten zuen, halaxe, orokorrean.

Gerra bera ere idealizatu zuen. Azken Karlistalditik, borroka basati odoltsuaren oroitzapen amestu bezalako bat geratu zitzaion gogoan, eta bakearen eta gerraren paradoxa asmatu zuen. Gerra dagoela bakearen funtsean eta bakea dagoela gerraren funtsean, eta hala bilakatzen direla gauzak gerra zibilaren bidez. Nobelaren antzera, Paz en la guerra deitu zen artikulu batean ere idatzi zuen, 1933ko apirilaren 25eko Ahora egunkarian:

«he podido sentir la paz como fundamento de la guerra y la guerra como fundamento de la paz».

Gerra hori eta bake hori bere baitan zeramatzala zioen. Gerra zibilaren apologia egin zuen behin eta berriro, borroka egin behar zela, elkarrekin topo eginez, batak bestearen arrazoiak konprenituz, arazoak eztabaidatuz eta gaindituz. Baina Unamunok Johanes Etxeberri Sarakoak Eskuararen Hatsapenak liburuan proklamatzen zuen gerra eder miragarria izaten zuen gogoan, ez errealitateak gerratzat ekarri ohi duen gerra inzibil, odoltsu, gupidagabea.

Ez zitzaion Unamunori gustatzen egia erdialdean bilatzeko ohitura, bazterrekoak eliminatuz, via remotionis. Estremoak izaten dira sarritan bata bestea ukatuz bizitzaren erritmoa markatzen dutenak. Erdibidean, maiz, egien itzal hotz eta lausoak baizik ez dira azaltzen. Hobetzat zuen kontrarioen argitze aldizkakoa, aurkarien dialektika, eta helduko zen bizikidetzaren eta gatazkaren ondorioz erdigune edo soluzioa.

Baina horretarako, gerra zibila ez dadin gerra militarra eta inzibila bihurtu, ‘alderdiko’ jendea ezik ‘aldenetako’ jendea behar zen, Unamunoren ustez, besteekiko enpatiarekin, ‘aldeosokoa’. Ez fanatikoak, ez erresuminduak, ez dogmatikoak, baizik eta besteen iritziak ere konprenitzeko gauza zen jendea, eta gogor borrokatzeko, baina bakearen oinarri den gerra zibil ekarkorrean, hau da, gerra zibilizatuaren oinarri den bake emankorrean.

VI

Manuel Garcíak Los pseudónimos de Miguel de Unamuno argitaratu zuen 1947an Liverpooleko Unibertsitateko Bulletin of Hispanic Studies aldizkarian eta, beste batzuen artean, Manu Ausari izenordea aipatzen du artikulu horretan, lehenengo izena atzekoz aurrera irakur daitekeela esanez, anagrama partzial gisa, baina aitortuz ez dakiela Ausari interpretatzen. ‘Hauts’ edo ‘ausiki’ hitzekin esplikatu da gero Ausari hori. Orduko bizkaieraz, ausaria, auskaria, ‘borrokaria’ edo ‘borrokazalea’ zen.

Eta ez zen auskari edo borrokazale makala Unamuno! Borrokan eman zuen bizitza osoa. Gerra zibila predikatzen, umetan idealizatu zuenaren ondoren, gerra inzibil bihurtu zitzaizkion arren ezagutu zituen gehienak. Azkeneko gerra ere, bakea ekartzeko txalotu zuena, laster inzibilizatuko zitzaion gero.
Heriotzaren alde ere hasi zen José Millán-Astray, tolesdurarik gabe, zuzenean:

«¡Cataluña y el País Vasco, el País Vasco y Cataluña, son dos cánceres en el cuerpo de la nación! El fascismo, remedio de España, viene a exterminarlos, cortando en la carne viva y sana como un frío bisturí!».

Eta auskari hasi behar izan zuen orduan Unamunok, Kataluniaren eta Euskal Herriaren alde berriro, gerra zibilaren ideia hondatzera zetozen gerrarien aurka, heriotzaren kontra:

«Venceréis, porque tenéis sobrada fuerza bruta. Pero no convenceréis, porque para convencer hay que persuadir. Y para persuadir necesitaréis algo que os falta…».

Bortxa sobera izanda ere, zerbait falta zutelako. 1936ko azken egunean hil zen lagunekin solasean ari zela. Dena erdi aldrebes irteten zitzaion Unamunori: heroi falangista gisa enterratu zuten. Antonio Machadok lerro batzuk idatzi zituen gero berria jakitean:

«Señalemos hoy que Unamuno ha muerto repentinamente, como el que muere en la guerra. ¿Contra quién? Quizá contra sí mismo».

Unamuno gerran hiltzen denaren moduan hil zen. Noren kontrako gatazkan? Bere buruaren kontrakoan, batez ere.

*Eskerrak eman nahi dizkiegu bai hitzaurregile zein egile zein argitaletxeari, testua Lapiko Kritikoan eskegitzen uzteagatik.

**Liburua esteka honetan eskuragarri.

One Response »

  1. Gorka Erostarbek Joxe Azurmendiri berrian egindako elkarrizketa: «Unamuno ez da inoiz liberala izan; antiliberala zen azken fasean ere»

    «Unamuno inportantea ez da pentsatzaile politikoa, nahiz eta nik hori aztertu dudan». Miguel Unamunoren Paz en la guerra nobelaren «irakurketa kritikoa» da Bakea gudan. Unamuno, historia eta karlismoa liburua (Txalaparta), Joxe Azurmendi idazle eta pentsalariak (Zegama, Gipuzkoa, 1941) argitaraturiko azken lana.

    Paz en la guerra nobelaren inguruan egindako tesi espainolistak «faltsifikazio» bat direla esan duzu berriki Bakea gudan liburuaren aurkezpenean. Zergatik?

    Unamunoren nobela karlistaden interpretazioa bat da, baita Euskal Herriaren eta modernitatearen meditazio bat ere. Euskal Herria eta modernitatea elkarrezinak direla du tesitzat. Hori topiko ezaguna da Unamunorengan. Topikoa da gure artean, hain zuzen ere, Unamuno euskararen etsaia zela, abertzaleen etsaia ere bai. Ezaguna da, batez ere, 1901eko Lore Jokoetako hitzaldia: euskarak hil egin behar du, ez da gauza modernitateko pentsamendua adierazteko, eta abar…

    Eta hori espainolismoaren diskurtsoak bere argumentu bihurtu du.

    Unamuno posizio horretara nola joaten den ulertu behar da, ematen diren esplikazio batzuk sinplistak baitira. Unamuno abertzale gisa hasi zen, hala dio berak ere. Sabino Aranaren abertzaletasunaren ideia asko berari zor zaizkiola esan zuen gerora ere. Gero tesi kontrarioetara joateko zer pasatu zitzaion? Unamunok, Madrilen ikasle zela, positibismo ingelesa ezagutu zuen, Herbert Spencerrena, batez ere. Horrekin deskubritu zuen progresoaren filosofia bat, modernitatearen filosofia bat. Eskema horren arabera, herri arkaiko primitiboek ez daukate lekurik historian, baztertuak geratzen dira.

    Eta Unamumo konbertitu egin zen?

    Bai, bai erlijiosoki eta baita politikoki, bere lehenengo katolizismo eta abertzaletasunetik positibismo filosofiko batera, eta PSOEn sartu zen. Fase horretan idatzi zuen Paz en la guerra liburua. Sozialismoaren barruan dago, progresoaren sinestun da, filosofia positibista onartu du, fede berri bat da, baina nobelan ez du horrelako ezer erakusten. Nobelan karlistek daukate rol positiboa, nahiz eta gero sakrifikatuak izango diren, eta liberalek hartzen dute rol negatiboa, nahiz eta garaile aterako diren. Gaur egun ere ,asko aipatzen da «Unamuno liberala», baina Unamuno liberala ez da inoiz izan, antiliberala izan da gero ere, estatuaren dogmatiko bat izango da bere azken fasean ere.

    Sozialismoaren aurkako jarrera ere hartu zuen gerora.

    Bai. Oso kritikoa bihurtu zen sozialismoarekin, anarkismora makurtzen da, une batean behintzat; karlistak identifikatzen ditu anarkistekin, sinpatia guztiz… Bizkaiko eta Espainiako sozialismoari kritikatzen dio euskal arazoa ondo ez ulertzea, zentralistak izatea, eta abar…

    Eta azken Unamuno, existentzialista da garrantzitsuena?

    Azken faseak egingo du inportante Unamuno pertsonaia gisa. Unamuno existentzialista edo pre-existentzialista da, irrazionaltasunaren errebindikazioa egiten duena. Bere azkeneko filosofia hori, bere inportanteena eta definitiboa, ez dio aplikatu Euskal Herriko arazoari. Lehenago ukatu badu Euskal Herria eta abertzaletasuna modernoa ez delako, orain, koherentea balitz, berrirakurri egin beharko luke euskal arazoa, baina ez du egiten. Akaso sentimentalki bai, Hendaian idatzitako gutun batzuetan-eta badirudielako berriro egokitu duela bere jarrera, baina ideien aldetik espainola eta espainolista da oraindik. Ez da koherentea bere pentsamenduarekin. Eta hain zuzen ere, bere pentsamendu horri, existentzialismoari, ondorioak aterako dizkiona eta pentsamendu horrekin euskal arazoa berrirakurriko duena gerraondoko belaunaldia izango da. Salbatore Mitxelena, Txabi Etxebarrieta eta, batez ere, Txillardegi.

    Berrikuspenik merezi du Unamunoren pentsamenduak egun ere?

    Unamunok beti merezi du. Unamuno benetan pentsalari handietako bat da. Handietako bat delako erabil daiteke oso modu diferentetan, hain zuzen ere. Espainolismoak horrela aprobetxatu izan du, nahiz eta falangisten bizkarretan hilobiratu zuten. Edozeinek aprobetxatzeko moduko materiala dauka.

    Espainolismoak bere alderako erabili duen hein berean ez al du euskal kultur eta politika komunitateak erraz alboratu du Unamunoren pentsamendua?

    Bai, gure artean topikoa da Unamunoren ukoa. Oso sinplea da: euskararen etsaia zen, eta kito. Baina ahaztu egiten dugu gerraondoko euskaltzalerik bortitzenak Unamunok inspiratu zituela. Baina Unamuno handia, poeta alde batera utzita, existentzialista da. Obra horietan agertzen da egiazko Unamuno. Unamuno interesgarri da, oraindik ere, ez bada murrizten «liberal inozo» bat izatera, ez baita hori.

Leave a Reply