Abertzaletasuna, nazio eraikuntza eta independentismoa. Eztabaida.

By • Apr 26th, 2012 • Category: Asteko Gaia

Joxe Manuel Odriozola eta Andoni Olariagaren artean azken bi hilabetetan emandako eztabaida:

Andoni Olariaga: 500 urte estrategiarik gabe. Gara. 2012-03-11

Independentismoa mugimendu zabala izanik, motiboen unibertsoa infinitua dauka. Hortaz, helburuan koherentea eta bateratua (independentzia), eta motibazioan anitza izan beharko luke. Independentziak, beraz, helburu politikoa den horrek (estrategikoa dena, nahi bada, sozialismoa lortzeko), motibazio politiko guztiak artikulatu behar ditu. Teorian (a), hortaz, independentzia da artikulatzailea, eta motibazioak dira artikulatuak. Praktikan (b), herri batek garai bakoitzean erabakitzen du zein motibaziok hartu behar duen estrategikoki lehentasuna eta zein bigarren planoan utzi. Horrek nahitaez dakar estrategikoki praktikan erabakitzea zer diskurtso indartu behar den, aldian aldikoa. Baina eguneroko praktika horri ezinbestekoa zaio gaur egun urgentziaz diskurtso politiko koherente eta egituratu batez janztea.

Joxe Manuel Odriozola: Nazionalismo linguistikoa. Berria. 2012-03-15

Egungo euskararen herri ohitik abiatuta ez dago independentziarik eta askatasunik euskararen herriarentzat, euskaraz bizi nahi dugunontzat, hizkuntza eta kultura arrotzean goxo bizi diren abertzaleentzat ez baldin bada. Gure nazionalismo «partzialaren» aldeko borroka antzua eta denbora galtze nabarmena baldin bada Olariagarentzat, zer egingo dugu ba. Hala eta guztiz ere, nahiago dugu euskaraz eta euskaratik eraikitako nazio baten aldeko saiakera alferrean tematu, balizko independentzia politiko arrakastatsuan lehiatu baino. Esan bezala, ez dugu egungo euskal nazioaren egoerari darion «borondate» politikotik sor daitekeen askatasunean sinesten, gauzak errotik aldatzen ez badin badira behinik behin.

Andoni Olariaga: Joxe Manuel Odriozolari erantzunez. Berria. 2012-03-17

Motibazioak, ordea, pertsonalak diren heinean, subjektiboak dira, eta, beraz, beste mila motibazio daude abertzaletasunaren baitan: horiek errespetatzen ere jakin behar dela iruditzen zait. Izan ere, a priori, zein da ba motibazio garrantzitsuena: langile borroka, borroka linguistikoa, memoria historikoaren aldekoa, borroka ekologista, feminista…? Bakoitzak berearen alde egiten du. Nire artikuluko kritika zera zen: behingoagatik, abertzaletasunaren motibazioen unibertso zabal hori bilduko duen independentismoaren formulazio bat egiteko ordua heldu zaigula.

Joxe Manuel Odriozola: Mamia eta axala nazio eraikuntzan. Berria. 2012-04-26.

Gure ustez, euskal nazio-eraikuntzaren prozesuan askatu behar diren korapilo nagusiak ez daude berdintasun eta justizia sozialaren arloetan berez eta besterik gabe. Euskal nazioaren arazo behinena munduko herri eta nazio minorizatu gehienen arazo berbera da hondar-hondarrean: alegia, minorizazioak errotik erauzi digu gizartearen euskal izaera linguistiko, kultural, sozial eta nazionala, eta orain ez gara gai emantzipazio soziala eta nazio-askatasuna euskal ikuspegiaren arabera uztartzeko.

Artikulu osagarriak:

Unai Apaolaza. Abertzaletasunetik independentismora. Gara. 2011-05-12.

Diskurtso abertzalearen akatsa, antagonismoa euskal proiektu politikoaren (independentziaren) alde eta espainiar edo frantziar proiektu politikoaren alde leudekeenen artean oinarritu beharrean, faktore objektibo konkretu batzuk dituztenen eta ez dituztenen artean oinarritzea izan da. Antagonismoak euskal estatua nahi dutenen eta espainiar edo frantziar estatuan segitzearen alde leudekeenen artean egon beharko luke; ez kultura edo hizkuntza bat edo bestea dutenen artean.

Andoni Olariaga. Independentismoaren formulazio berri baterantz. Gara. 2011-06-12.

Independentismoa diferentzia azpimarratzen zuen erresistentzia fasetik berdintasun politikoa (beste nazioen eskubide berberak) azpimarratuko duen fasera igaro behar da: irabazteko garaira.

Unai Apaolaza: Traineru bakarra. Berria. 2012-04-06.

Nazioaren diskurtsoek, subjektu independentista egituratzeko diskurtsoak direnez, «zer gara?» galderari erantzuten saiatu beharrean «Zer nahi dugu?» galderari erantzun beharko liokete. Subjektu politikoa baldintza objektiboekin zedarritu beharrean, baldintza subjektiboekin (nahi politikoarekin) mugatu beharko lukete alegia. Horrela, subjektu independentista indartsu bat egituratuko duen diskurtso independentista eraginkor bat eraikitzeko, nazioaren esentziatzat (euskara, kultura, historia, klasea…) izan ditugun faktore objektiboak, subjektibo bilakatu (erlatibizatu) behar ditugu, hau da, eskari politiko (demanda) moduan planteatu behar ditugu.

Unai Apaolaza: Ouroborosa edo politikaren desagertzea. Lapiko Kritikoa. 2011-11-30.

Pertsonek etorkizunerako duten nahia edo borondatea kontutan hartu gabe sortu nahi diren identitate politikoak, identitate hertsi eta zirkularrak dira; helburu politiko baten alde egiteko, helburu hori lortuta balego bezala jokatzen baitute. Hau da, ekite politikoarekin lortu nahi dena, ekite politiko horretan aritzeko baldintza moduan jartzen baitute.

Historia eta nortasuna (Txostena). Artikulu bilduma.

Raul Zeliken elkarrizketa eta Joxe Manuel Odriozolaren erantzuna, Jon Jimenez / Andoni Olariaga eta Unai Apaolazaren erantzunak Joxe Manuel Odriozolarenartikuluari, NABARRALDEren erantzuna: Beñi Agirre, Luis Maria Martinez de Garate, Mikel Sorauren etaAngel Rekalderen berehalako erantzunak, Lapiko Kritikoa webgunean, “Izan zirelako gara eta garelako izango dira?”, Andoni Olariagaren “Histori(et)atik askatu gaitezen” artikulua eta erantzunak, Fredi Paia, Floren Aoiz eta Manex Urdanpilletaren artikuluak, Aberriberri webgunearen kritika. Eranskinak: Joxe Azurmendi. Euskaldunak eta espainolak.Andoni Olariaga. “Volksgeist”en irakurketari jarraiki. Patxi Zabaletari elkarrizketa ZUZEUn. Iñaki Sotori elkarrizketa ARGIAn. Tomas Urzainquiri elkarrizketa GARAn. Floren Aoizi elkarrizketa Mondraberrin…

3 Responses »

  1. ESENTZIALISMOA
    Odriozolak naziotasuna eratzeko duen modua esentzialista da. Baina zer da identitate esentzialista bat? Behar bada asko arriskatuz baina esango dut identitate esntzialista bat, bakarrik, faktore objektiboekin identitate politiko bat determinatzen denean sortzen dena dela. Identitate kultural, etnografiko, antropologiko, linguistikoetaz… ari garenean ez dago esentzialismorik. Euskara hitz egiten duena euskalduna dela esatea, azal zuria duena zuria dela esatea edo oinarrizko soldata jasotzen duena langile klasekoa dela esatea tautologia bat da. Hor ez dago eztabaidarik (eztabaida bakarra zientifikoa izan daiteke; hizkuntzak zer identitate ematen du? Non legoke azal zuriaren eta beltzaren arteko muga? Zein soldatatatik aurrera langile klaseko bat burges bihurtzen da?). Hortaz, borondateak zer esateko gutxi duen identitate mota hauek ezin dira esentzialista izan.
    Baina zer gertatzen da naziotasunaz (identitate politikoa) ari garenean? Kasu honetan, faktore objektiboek naziotasuna determinatzen dutela badiogu, identitate esentzialistak sortzen dira. Zergatik? Gure borondatetik kanpo dauden baldintzek esaten baitigute zein identitate politiko dugun. Honela, gerta liteke, euskara ez dakien bat, nahiz eta berak bere burua euskal naziokidetzat izan, nazioaren diskurtso esentzialista batek nazio horretatik kanpo uztea.
    Odriozolaren kasuan identitate esentzialista hau justifikatzeko arrazoibide politikoak aparte utzi eta arrazoibide zientifikoak (“egiazkoak”) ematen ditu:
    “Abertzale askok ulertu nahi ez badigute ere, espainolez bizi den herritarra espainola da, eta beste horrenbeste frantsesez bizi dena. Auzi horretan dagoen mekanismorik erabakigarriena ez da abertzalearen sentiera edo asmoa edo gogoa; tasun eta dohain guztiok abertzalerik sutsuenarenak balitu ere, erraz gaindituko zaio hizkuntzaren mekanismoa bere nazioidentitatearen luze-zabalean. Frogatu uste dugun bezala, ez baita ideologia politikoa izaten norberaren nortasun-mota determinatzen duen mekanismo nagusi, hizkuntzari eta kultura nazionalari dariona baizik. Azken honen baitan erabakitzen da batez ere gure nortasun nazionalaren zerizana, nahiz eta hemen ere, jakina, ñabardurak egin behar izaten diren.” (Odriozola,2008:145)
    Euskarak mundu ikuskera bat ematen duela baieztatuz (erlatibismo linguistikoaren teoria) mundu ikuskera hori ideia eta sentiera politikoekin berdintzen du.

    ESENTZIALISMO ESTRATEGIKOA
    Baina zertarako sortzen dira identitate esentzialistak? Gehienetan, estrategia politikoak dira; helburu politikoak lortzeko erabiltzen baitira. Baina, noiz da eraginkorra (lagungarria helburu politikoak lortzeari begira) esentzialismo estrategikoa (Kontzeptu hau Spivakena da)? Esentzialismo estrategikoak eraginkortasuna izan dezan, politikoki eraldatu nahi den jendartearen gehiengo oso zabal batek, aukeratzen den faktore objektiboa partekatu behar du (eraginkorra izan dadin kopuru horrek gutxienez %80tik gorakoa beharko du izan).
    Odriozolaren esentzialismoa estrategikoa dela kontsideratzen badugu, pentsatu beharko genuke Odriozolak naziotasunerako baldintzatzat euskara jartzea estrategia politiko bat dela. Baina Euskal Herrian dugun euskal hiztun kopurua kontutan hartu ezkero, esentzialismoa estrategia politiko moduan erabiltzea eraginkorra izan beharrean kontraproduzentea da (hizkuntza gutxietsita dagoenean eta hiztun kopurua jaisten ari denean esentzialismoa erabiltzea erresistentzia estrategia bat da eta kasu honetan positiboa izan daiteke hiztun kopurua jeisteari galga jarzten baitio, baina hiztun kopurua handitzeko, eta helburu politikoak lortzeko, ez du balio. Erresistentzia estrategia bat da ez helburu politikoak lortzeko estrategia politikoa). Odriozolaren kasuan, oraindik esentzialismoan tematzeak, haserako esentzialismo estartegikotik, estrategiarik gabeko esentzialismora jauzia egiten ari dela erakusten du. Nahiago du “egia” zientifikoa eraginkortasun politikoa baino. Hau guztia argi ikus daiteke Odriozolak, “Hala eta guztiz ere, nahiago dugu euskaraz eta euskaratik eraikitako nazio baten aldeko saiakera alferrean tematu, balizko independentzia politiko arrakastatsuan lehiatu baino.” dionean. Laburtuz, nire ustez, Odriozolaren nazionalismo linguistikoak nazionalismo izateari utzi egin dio “egia” zientifikoei estrategia politikoari baino garrantzi gehiago ematen dion momentutik. Ekintzaile politikoa izan baino nahiago du argizari museoko zaindari izan.

  2. Unai, nire hurrengo artikuluari aurreratu haiz. Oraindik Odriozola erantzun gabe daukat eta hurrengo garako artikuluan erantzuteko asmoz nengoen (beste bat pentsatua nuen idaztea hasieran, baina kontua argitzea erabaki dut azkenean). Eta hain zuzen, esentzialismoaz… Beno, beste bide batetik helduko diot, ez dakit, ikusiko dut ;)

  3. BAGARE, BAGERA, BAGIRE, BAGARA.

    Independentzia, ez da bakarrik behar dugun zerbait. Ezta eskubide soila. Norbanakoak, eta jende multzo ezberdinek, independentzia berezkoa duten organismoak dira. Hau da, norbanakoen eta jendarte kulturalen imaginarioak, BADIRA. Gure arima, pertsonena eta herriena, bada independientea beraz, nahi hala ez. Hori izan da XX.mendeko 11 matxinada txikien gairapena. Herri borrokalari, ameslari eta libre askoren borroka. Gurea kasu, asimilatuak ez izatea lortu duten herri errebelde eta borrokalariak.

    Estaturik gabe ere izaterik BADAGOelaz ari gara eta Euskal Herria sozialista izaten, hamarkadak daramatzagu gurean iada. Herri eta pertsona libreen abangoardiaren eginbeharra, errealitatea AMESTea eta IZATEKO gauza berriak ASMATzea delako. Gauza hauen artean, zerrenda amaigabea aipatu daiteke, baina bada hauen artean nagusitu egiten den 1, amaren etxea defendatu eta eraikitzea ahalbidetuko digun teknologia asmatzea hain zuzen ere. Gaur 8, EUSKAL EGOERA MAKINA berria fabrikatu eta EUSKAL HARRI modernoa amestu beharrak dauzkagulako.

    Berezkoa eta biologikoa den independentzia hori errespetatua ez denean-baina, amestu egiten den errealitatea eta imaginatutako errealitate birtualaren arteko matxura handitzea dakar. Pertsonen eta herrien identitateak estandarizatu nahi izatea, naturaren aurkako genozidioan bihurtu daitekelarik, hegozentrismoaren makina nagusiak diren kultura itsuen esku.

    Herri edota jendarte kultural libre eta independiente batek -gaur egungo Estatu bat adibidez- asmatutako egoera makina, handitze, zabaltze eta azkenik eta halabeharrez, ukaziorako teknologia identitarioa izan daiteke-baina. Errealitate objetiboan eta beraz, EGIA zientifikoan oinarriturik, Amalurran hasi eta unibertso osorarteko bidea errekorritzen duten kultura integral unibertsalak, hau da, jakintza elkartrukatu eta xamurtasuna eta zintzotasuna biltzen dituen elkartasun keinuen aitzin unibertsoa, kultura inperialista hauekin egingo dute talka. Eta talka honetatik sortzen den energia esfera, -gatazka politikoa- bezala ezagutzen ditugun XX.mendeko guda modernoak ditugu.

    Euskal Herria osatzen dugunon kolektibidadearen egoera marraztu eta eraikitzeaz aparte, nahi ez ditugun mezuetaz babestuko gaituen ezkutua egin beharra daukagu aurrerago solastu bezala. Garaiko teknologiak eskutan -euskal egoera- makina sortzeaz ari gara, eta nola ez, auzokideak ditugun beste kultura inperialista eta despotetatik babestuko gaituen ezkutua, hau da, -euskal harria-.

    Esan bezala, elkarbizi diren kultura ezberdinak, jakintzaren elkartrukaketa erritualizatua duten kulturak edo inbasoreak eta etnozentrikoak diren kulturak izan daitezke, jabetza pribatuaren kapitalaren kultura bezalakoa hain zuzen ere. Espainia kasu, asmatutako identitaterik gabeko -arimabako- herri birtuala. Nazioarteko nagusi kapitalisten espainiar Matrixa.

    Artista eta zientzalari abangoardiei, euskal teknologiak amestea dagokigu gainera. Hau da, lengoai, antolakuntza eta produkzio sitemak amestu behar ditugu -sarelanean-. Energia indibidual guztiak dantzan jarriko dituen auzolanerako sarearen makina. Edo -euskal egoera- marrazten duen makina bera. Eta noski, etorkizuna ikuskatzea ahalbidetuko digun -aitzin teknologia esfera-.

    Euskal herriko memoria historikoaren erara eta beti ere hobeto bizitzea eta elkarbizitzea ahalbidetuko duen -Egoera makina-. Ba al dago erakargarriagoa den proiekturik bizitzan, bizitzaren proiektuaz haratago?

    Unibertsalitate 1nter1ndependent1sta pentsatu, Estatuen mundua aldatzeko. Euskal metodoa erabaki, pertsona eta herri libreen mundua irabazteko. Omenaldirik onena, garaipena delako. Aurrera bolie bidelagun agurgarriok! Urteetako borrokaren fruituak jaso ditzagun eta mundura zabaldu. Herrien Mundua eta Munduaren Herriak posible egingo dituen nazioarteko sarea sortu beharra dagoelako. Gaur 8, guztia irabazteko. Garaipen 0so eta definitiboa, gu guztion sarelanak egingo duelako posible.

    Besarkada bat euskal errepresaliatu guztiei. Maite zaituztegu!

    _isilmisilka proiekt_
    2012/06/18_Euskal Herrian.

Leave a Reply