Kanonaren gaineko nazioaz liburuko zati bat

By • Apr 24th, 2012 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Kanonaren gaineko nazioaz (33. orrialdean, liburuan)

One of the most interesting developments in post-colonial studies was a re-reading of the canonical cultural works, not to demote or somehow dish dirt on them, but to re-investigate some of their assumptions, going beyond the stifling hold on them of some version of the master-slave binary dialectic. (Said, 1979, 350-351)

Orain arte esandakoarekin, eta Ziutateaz eta Bilbao-New York-Bilbao izanik liburu honetan aztertuko ditugun testuak, ezinbestean hartu beharko dugu posizio ahalik eta argiena (euskal) literatur kanonari buruzko eztabaidan. Azaldu bezala, literaturak ideologia eta komunitate eraikuntzarekin duen berebiziko uztardura kontuan hartuta, hasiera-hasieratik Harold Bloomen argumentuak hankamotz gelditzen dira parametrookin aurrera egin eta horietan sakondu nahi izanez gero. Beste modu batera esateko, gure gain hartu nahi dugun ikuspegi horretatik, kanonaren “egiazko” gakoa ez da mugatuko norbanakoak historiako momentu honetan irakurri beharko lukeenera. Are gutxiago izango da soilik norbanakoarena litzatekeen eta gizartetik isolatuta azter daitekeen halako denboraz gaindiko balio estetiko artistiko elitistaren araberako testu aukeraketa (Bloom, 1998, 189-205). Era berean, eztabaida ezingo dugu Enric Sullàk proposatzen duen eskemetara modu sinplista batean eraman, literatur kanonaren zentro diren lan ikergarri eta komentagarrien zerrenda horrek “boterearen” izaera kontserbatzailearekin duen erlazioa azaleratze hutsak  (Sullà, 1998, 12) gorago azaldutako literaturaren izaera dinamiko eta balio subjektu-eraikitzaileak albo batera uztea baitakar.

Asensik berak gogoratuko digunez, formakuntza sozial oro beti sortuko da testu batzuk aukeratu eta beste batzuk baztertuko dituen balore sistema jakin baten gainean (Asensi, 2009, 46). Even-Zoharrek ere, kanonaren izaera dinamiko eta aldakorraren berri ematen digunean, argi uzten du “kanona” ez dela “literatura txarra”ren kontra ezarritako “literatura ona” adierazteko eufemismoa. Bloomen pentsamenduaren aurka, kanonaren inguruan ezaugarri jakin batzuk elkarbanatzen diztuzten lanek topo egiteak ez du literatur balioen irakurketa esentzialista ahalbidetuko, guztiz kontrakoa baizik, momentuan momentuko arau multzo bezala irakurriko du kanonaren eraikuntza. Azken finean, kultu(ra)ren (poli)sistema osatzen duten gizarte geruza ezberdinen talka da kultura kanonizatu eta ez kanonizatuaren arteko tentsio horretan soma daitekeena (Even-Zohar, 2007, 10-11). Mignolok ere antzeko bidetik zera dio,

una de las funciones principales de la formación del canon (literario o no) es asegurar la estabilidad de una determinada comunidad […] Por lo tanto, la comunidad se sitúa a sí misma en relación con una tradición, se adapta al presente y se proyecta al futuro. […] la necesidad que tienen las comunidades humanas de poseer un canon (tanto si se trata de un conjunto de valores y criterios como de un conjunto de relatos cuya función) es dar cohesión a las comunidades, tanto para conservar y mantener el poder como para resistírse a él (Mignolo, 1998, 237-239)

Guzti hori Joseba Gabilondoren azterketekin lotzeak, ezarri nahi dudan literatur kanon euskaldunaren eta horri lotutako euskal gizartearen irakurketa propioa lortzen lagunduko digu. Atxagak jaso zuen 1990 urteko Espainiako sari nazioanalarekin burutu zen joera politikoari egiten dio erreferentzia Gabilondok. Hau da, 70ko hamarkadatik aurrera, Euskal Autonomia Erkideagoak (EAE) eraikitako sistema politikoarekin batera eratzen joan zen gaur egungo idazle ofizialen eta literatur kanonaren egitura kultural, politiko eta ekonomikoa. Literatur instituzioaren parte diren idazle eta obra kanonikoen osaketa, beraz, autonomiazko sistema politikoak eta horrek barneratzen duen hizkuntza sareak baldintzatuko du. Are gehiago esan daiteke, autore eta lan instituzional, ofizial zein kanonikoak EAEren babesean ezarri diren heinean, inkontziente politiko jakin bat ezarri duela, eta besteak beste, sistema horren erdigunetik euskaldun berriak edota emakumeak kanporatuko direla adieraziko du Gabilondok, bi kategoria horiek ez baitute erreferentzia izateko balioko (Gabilondo, 2006, 63-65). Lehenengo kapitulutik proposatzen gabiltzan planteamendu teorikoa kontuan hartuz gero, kanonaren balio modelizatzaileaz ohartuko gara: Mignolok azaldu dizkigun iruditeria modernoa egituratu zuten oinarrizko ideologiek disimulatu ezin dezaketen falogozentrismoan edota kolonialismoan oinarrituko dute kanonarekin duten lotura nabarmena, beti ere, testu aukeraketa horren ustezko izaera unibertsal edo transhistorikoan ezkutatu ezinik (Asensi, 2009, 47). Harold Bloomen gisan tradizioak eskainitako eskemen barruan patxadan bizitzeak, beraz, ez du soilik ideologia jakin baten araberako testuak aukeratzea ekarriko (eta beste batzuk baztertzea); kontuan hartzekoa zera da, ideologia horren bidez subjektuak (subjektibitateak) eraiki egingo dituela kanonak literaturaren balio performatibo eta esentzia emailearekin.

Sullàk zera dioenean,

probablemente haya sido y sea todavía la existencia de las nacionalidades históricas y su política de reconocimiento lingüístico y cultural, de autoafirmación, el mayor desafío al que se enfrenta hoy un hipotético canon español (Sullà, 1998, 18)

ez du kontuan hartzen kanon espainiar hipotetiko horrek eragiten duen subjektuaren determinazio geopolitiko, sozial eta kulturala. Gaur egungo Estatu-nazioen araberako komunitate eraikuntzak sortzen dituen talde eta subjektu ezberdinek ezin dituzte beren buruak iraganean egonkortu, orainaldira egokitu edo etorkizunera proiektatu literatur corpus beraren gainean, ezta Corpus horren interpretatzeko modu berdinarekin ere (Asensi, 2009, 46-47). Hau da, euskal literaturaren kanona Gabilondok horrela azaltzen duen baldintzapean eraiki delako ideiarekin ados agertuko gara hasieratik,

If today the literature of Uribe, for example, is popular and successful, among readers and state institutions, it is not because his literature “represents the Basque Country,” in the broader sense of re-presentation, but rather because it actively seeks not to represent it while claiming to represent it. Moreover, I would like to defend that all rewarded literature, from Atxaga to Uribe, has been written with the purpose of not re-presenting the Basque Country (Gabilondo, 2010, 230)

Euskal Herria ez adieraztea, beraz, euskalduna Norbera bezala eraikitzeari uko egitea izango da. Euskarak izan dezakeen azentu pluraltasuna –subjektibitate ezberdinen gatazka, diskurtso diferenteen arteko artikulazioa– isiltzea, pentsamendua diskurtso bakarrera murriztea eta eus- kal subjektua (euskalduna) koordenatu sozial, kultural eta geopolitiko jakin bakan batzuetara mugatzea: Estatu-nazio espainiarraren barnean (eta ez frantziarrarenean, zentroa EAEn kokatzen baita) eratzen den eta horrek erregulatzen duen Beste subordinatu legez egituratuta ezarriko du euskarazko literatur kanonak subjektu euskaldun hegemonikoa; hau da, diferentzia baino, Estatu-nazio espainiar eta frantsesek beharrezko duten (in)diferentziaren logikara makurtuko du subjektu euskaldunaren eraikuntza eta ondorioz, “in this sense, there is not a canon per se in Basque literature, but rather an exceptional canon, a canon of the exception, of indifference: a negative canon in last instance, which, one could even argue, is not Basque but rather Spanish or French” (Gabilondo, 2010, 219, 232). Kasu horretan, ahaztu ezin duguna, nolanahi ere, ezagutza eta boterearen arteko erlazioa da. Norberatasun/Bestetasun edo nagusi/esklabu bitasunen arteko lotura ez dela inolaz ere dialektiko eta simetrikoa. Diskurtso dominatzailearen jabe egingo da subjektu subordinatu euskalduna, eta hortaz “bitasun” horien gainazpikatze hutsak ez die azpiratutako subjektibitateei ahotsik emango (Bhabha, 2008, 103). Foucaultek berak puovoir/savoir horretako botereaz hitz egitean, leku guztietatik datorrela gogoratuko digu. Ez da norbanakoa Estatu-nazio jakin bati lotzera bideratutako instituzio multzoa izango, ezta talde batek beste bati ezarriko dion dominazio sistema orokorra ere. Boterea, esan bezala, dominatzaile eta dominatuen arteko biko oposaketa globala onartuko ez duen indar inmanenteen arteko erlazio anitza izango da. Hitz laburretan esateko, ez da “Boterea” izango, “boterea” baizik: guztiok eragingo dugu boterearen diskurtso inposatzaileak iraunarazten eta ezartzen (Foucault, 2006, 96-99). Guztiok ezarriko dugu euskaldunaren infor- matzaile natiboaren irudia.

Kanonaren gainean ezarritako nazio horren analisirako aukera bezala, ondorioz, kanonean ezarrita dauden testu hegemonikoen apropiazio estrategia da proposatzen dudana. Hau da, testuek edota horien irakurketa ofizialek natural eta berezko gisara gizarteratzen duten subjektu euskaldun subordinatuaren izaera ideologiko eta artifiziala salatzea; horiek proposatzen duten testuaren ustezko izaera monologikoaren aurrean, testua aztarna bezala ulertzeak posible egiten duen gizarteko estratu ezberdinen arteko gatazka era dialogikoan erakustea. Horrela, diskurtso hegemonikoek etengabe isiltzen duten subalterno euskaldunaren ikuspuntua hartzen saiatu, modu osatugabean bada ere, eta isilduarazitakoaren bitartez performatibitatearen oinarrizko ezaugarria den errepikapen egiturak zalantzan jartzen saiatzea lortu nahi du irakurketa estrategia horrek. Orain arte jasandako biolentzia epistemiko eta sinbolikoen aurka, irakurketaren bidezko biolentzia berdina erabiltzea da helburua.

(Galdakao, 1984) Euskal filologian lizentziatua. Literatura konparatuan masterra Universitat Autònoma de Barcelonan. Filosofia Garaikidean masterra bukatzen ari da orain, 452ºf aldizkariko zuzendari eta erredakzio kontseiluko kide lanetan dihardu, eta Literatura eta identitate kontuak jorratzen ditu.
Email this author | All posts by

Leave a Reply