Hizkuntzak elkartzeko proiektu bitxi bat

By • Mar 5th, 2012 • Category: Albistekaria

Hizkuntzak elkartzeko proiektu bitxi bat

Argitalpenaren izenburua:
“Topaketaren olerkiak. Hizkuntzen asanblada bigarren mendeurrenean”

Floricanto eta Atenero Republicano de las Hespérides. Mexiko. 2011. Hogeitazazpi hizkuntzetan (euskara barne). 175 or.

“Mundua ederra da, egiazkoa baino lehen. Mundua miretsia izaten da, egiaztatua izan aurretik” (Bachelard)

Latinoamerika eta Karibeko independentziaren bigarren mendeurrenaren karira argitaratu berri den liburu honek, poliglosia eta olerkigintzari toki bat egitea du helburu. Bere buruaren jabe den kulturaren goraipamena gauzatzen da bertan, hogeitazazpi hizkuntza desberdinetako olerkien bidez.

Berrogeita hamar idazle eta itzultzaileren lanak bildu dira hemen, potere zapaltzaileek eragindako desberdintasun eta biolentziari aurre egin eta inkomunikazioa nahiz isolamendua borrokatzeko asmoz. Burutazio polita eta aberasgarria horrenbeste hizkuntza eta olerkari “ausaz” batzea. Hitzaurrearen egileek aitortu dutenez:

“Liburu hau apur bat eroa eta begirunegabea da nolabait, merezi duten beste ekimen asko bezala, inor osorik irakurtzeko gai izango ez den lana baitugu hau. Baina badauka zentzua… Poema multzo bat da, Latinoamerika eta Karibeko kolore-aniztasuna eta hizkuntza zaharren edertasuna islatzen dituena, bai eta ipar-afrikako bereberen aberastasuna, Bahametako ingelesarena eta hainbat europar eskualdetako hizkuntzarena ere.

Ideiaren bultzatzaile artean, Iliana Godoy, Elia Espinosa, Teresa Guarneros, Eduardo Molina y Vedia eta Antonio Sánchez Verdú daude, besteak beste.
Ketxua, maya, zapoteko, siziliera, amazigh, alemana, frantsesa, euskara, gaztelania… eta Murtziako “panocho” hizkera elkarren ondoan… edo elkarrekin nahasita. Gai anitzak, betiere askatasuna xede nagusia delarik.

Liburutik hartutako bi olerki, bata euskaraz (Elena Galzusta), bestea berriz gaztelaniaz eta náhuatl-ez dator.

zail da ikusten baso honetan
beldurrez dardarka
ari ez den hostorik
karrask hunkigarri batez
leizeratzen ez den
adar iharturik
ur ilunik ez daraman
ubide sakonik

ez dira hemen
sakailak sendatzen
ez osatzen arrailak
esku zakarretan
odolusten dira minak
betikotuz tantaz tanta

kolpez zatitzen dira
epaitutako gerriak
eta astun akitu agor
amildu hobira
lepo egindako enborrak
—zart!

Azken zein erraz galtzen diren
ahots aske apalak
zein arin itzali
mintzo txiki kutunak
oihan makur honetan
—zail-zaila da bizia
______________________________

He querido construir bosques y playas,
pintar el paisaje de colores,
dejar caer la mano sobre los cerros
suavemente, acariciándolos.
He soñado que la luz todo penetra e ilumina,
que el murmullo de los ríos es palabra dulce
y que no estamos solos.
He querido decir que veo, más allá de mí,
mujres, hombres, campos y ciudades.
Y que la vida nos abarca por igual.

Elvia de Angelis

Euskara-alemana/alemana-euskararen hiztegiaren (Elkar, 2006. Bigarren argitalpena, 2009) egilea. Egin, Gara, Berria, Jakin, Uztaro, Ezpala, Larrun, Geu, Senez... aldizkarietan kolaboratzailea. Bilbon jaioa. Filosofia eta Soziologiaren lehenengo zikloa Nürnberg-Erlangen-go Unibertsitatean egin zuen. Berlingo Freie Universität-en Literatura ikasi zuen. Filosofian lizentziaduna Bartzelonako Autonoman. Filosofian doktorea Madrilgo Autonomoan. Euskal Filologian lizentziaduna EUTGn. OHOko irakaslea Ingeles Filologia Sailean. Hizkuntzazalea, frantsesa, errusiera, ingelesa, alemana, katalana... Irakaskuntzan aritua, EHUko Filosofia irakaslea euskaraz. Besatari Elkartean zenbait libururen argitaratzailea. Itzulpengintzan aritua, alemanetik eta ingelesetik euskarara eta gaztelerara, Filosofia arloan. Hiztegigintza: Uzeiko Filosofia hiztegian artikulu eta sarreragilea. Frankfurteko Unibertsitateko euskara irakurle ohia. Filosofia arloan: "Hannah Arendt: Un pensamiento a la intemperie" liburuaren egilea, "Hannah Arendt: La historia, relato de infinitos comienzos y ningún final" (beste batzukin batera) "Bidaia filosofikoak" eta "Jactaos vosotros". Literatura arloan berriz, De noche a noche. Poesian: Pasaia Lehiaketako 1.Saria (2009) "Vivíamos a la vuelta de la esquina". Mungiako Lauaxeta Lehiaketa 2. Saria (2008). Jactaos vosotros (DDT, Bilbo 2015) eta Bidaia filosofikoak (Utriusque Vasconiae, 2015)
Email this author | All posts by

Leave a Reply