Lettre à JLG: erlazioei buruzko ikerketa

By • Feb 20th, 2012 • Category: Azterketak eta Azalpenak

 Kaixo Jeannot

 Nonbait irakurri dut Antonello Brancak Pantera Beltzekin egindako Seize the Time  pelikulan  zure filmak askatasunerako tresna gisa aurkezten dituela. Pelikula horretako eszena batean, behartzeko-alkandora zuria soinean daramala, azal beltzeko pertsona bat liburutegian sartu eta alkandoratik askatzeko laguntza eskatzen du. Liburuzainak, hainbat irakurgai gomendatu ondoren, zera galdetzen dio azkenean: “ Ikusi dituzu Jean-Luc Godarden pelikula guztiak?”

 Zer dute bada zure pelikulek, Jean-Luc, hain baliagarritzat hartzeko? Erantzun azkar bat bilatu nahiak zure zinemagintza militanteenera eramango gintuzke. Aurreko mendean 60ko hamarkadan eta ondorengo urteetan egindakoari begiratuko genioke, bereziki Dziga Vertov Taldearen baitan egindako pelikulei. Mao urteak deituriko sasoi horretako zure filmeen eduki politikoa hain esplizitua izaki, horretan legoke bapateko erantzuna: pelikula politikoak diren heinean dute, izatekotan, garrantzia. Erantzun sinplea bezain hutsala ziur aski. Agian arrazoi duzu pelikula politikoak egitea baino egokiago dela pelikulak politikoki egitea diozunean. Edota nik ulertzen dizudan moduan: pelikulak politikoki egiten diren heinean soilik direla benetan politikoak, edukiak eduki. Zertan datza, ordea, politikoki egite hori? Zein erlazio ezarri daiteke, halakorik balego, egiteko moduaren eta errealitatea eraldatzeko gaitasunaren artean?

 Zuk aipatua da kultura araua dela eta artea, aldiz, salbuespena; eta arauak berezkoa duela salbuespena akabatu nahi izatea; eta aldatzen zailena forma dela; eta hortik hasi behar dela, formen iraultzatik, iraultza egiteko. Ezinbestekoa dirudi beraz, ezer aldatzekotan, forma berrien etengabeko bilaketan jardutea. Hortxe legoke zure ekarririk behinena, Eisenstein maisuaren ildotik: muntaiaren inguruko hausnarketa amaigabea, hau da, formak eratzen dituen pentsamendua eta pentsa arazten duten formen bilaketa. Horrela uler dezakegu muntaia filmaren ezaugarri nagusi gisa, erlazioen gauzatze konkretu gisa, irudien arteko erlazioa, irudi eta ideian artekoa…eta eraldatzeko tresna gisa ere bai, apika. Badakizu: montage, mon beau souci.

 Zer eraldatzeko baina? Egia ote Quo vadis Europa horrek benetan kezkatzen gaituela? Europa:  Bizimodu mendelbaldarrari alternatibarik eraiki ezin dion kontinente zaharra. Hemen dugu berriro ere Hegelen nagusia eta esklaboaren ateko dialektika, eskubia nagusi eta ezkerra… auskalo. Horra hor zuk  bideoari buruz behin esandakoa metafora hits bihurtua, eskubiko bobinari nagusi deritzola eta ezkerrekoari esklabo. Baina sinets dezagun baietz, egoera aldatu dezakegula. Ez dugula Lars von Trier eta bere Melancholia behar eta uko egiten diogula zerura etsiturik begira egoteari lurrean izorratzen gaituzten artean, heriotzak noiz berdinduko zain. Nahiago dugula Eisenstein eta berak Odessako eskilaretako sarraskiaren eta lehoien esnatzearen artean egindako muntaia.

Ez didazu esango Potemkin sinekdoke ederra ez denik. Zein ondo ordezkatzen duen itsasontzi bateko matxinadak herrialde osoaren iraultza. Bapo Eisenstein! Hala ere sentimendu gazi-gozoak sortzen dizkit eta komentatu nahi dizkizut. Pelikula bat politikoki egitearen eta eraldatzeko gaitasunaren arteko erlazioaz ari ginen, non kokatu hor Potemkin? Alde batetik Historia janztera dator, hau da, gertakarien atzetik dator eta, ondorioz, ez dagokio halako gaitasunik; bestetik, gaitasun hori onartuko bagenio ere, arre edo so egiteko berdin balio duela dirudi. Oroitu bestela Goebbelsek nola miresten zuen film hori. Ziuraski, kezka horiek, auzia ikuspegi oker batetik ebatzi nahi izanagatik sortu dira eta egokiagoa litzateke eginean eginean sortzen diren auziez soilik arduratzea, ezintasun orohartzaileak alde batera utziz. Era berean, ikusia eta ikasia dizugu Alphaville-n nagusi zen Ongia unibertsalak ezkutatzen zuen txarkeria.

Eisensteinengana bueltatuz, sinekdokea ahalbideratzen duen kasu partikularrak edo konkretuak kontuan hartu beharreko garrantzia duela esango nuke. Abiapuntu gisa horixe har dezakegu, gauza txikiak maneiatzen errezagoa eta eraginkorragoa delakoan edo. Zer da konkretu hori? Lantegi jakin batean ematen den auzia adibidez? Oroitu nola laguntzen zenieten langileei euren pelikulak sortzen,”cinétracs” izeneko haiek. Edo nazioa akaso? Ezin burutik kendu Mozambiken burutu nahi zenuen proiektua, Naissance de l`image d`un nation. Agian arrazoi duzu, nazio batek benetan aske izan nahi badu bere irudiak sortu beharko ditu. Eta zuzen zaude, akaso, Italiak nazio gisa duintasuna Rosselliniren Roma, città aperta-rekin berreskuratu zuela nazien aurkako pelikula egitean. Herriak eta irudiak, ez dirudi txorakeria. Izan ere diozunez, okupazio garaian, frantziako aktoresa batzuk Berlinera jo zuten bezala aktore euskaldun batzuk ere Madrilera joan zaizkigu, eta bueltan almirantearen hegaldiari buruz bertsio egokia ekarri digute opari eta telebistak zabaldu. Ez da ez hain aspaldiko kontua: Paris Irratiak gezurra dio, Paris Irratia alemana da.  Aukeran Manfredi torturatuaren irudiak ekar zitzazketen baina… Orain, ordea, Alphavilleko errelato zuzena eraiki nahi digute, bat bakarra eta ñabardurarik gabea. Paradoxa ederra, Histoire(s) egiteko aukera zapuztu nahi dute plurala kenduz eta Histoire bakar hori egin nahiean Histoire(SS) avec des SS egiten amaituko dute, SSkoek gustoko luketen historia hori alegia. Jeannot, ederki ulertzen dugu zinema zuribeltzean zergatik hasi zen azaltzen duen zure teoria. Diozunez, zinema bizitzari gorazarre egiteko baino heriotzaren aurrean dolua emateko hasi zen zuribeltzean. Ondoren technicolorrak dolu hori disimulatu besterik ez du egingo, bere faltsutasunean lortu gabe. Odessako eskilaretan behera doazen zuribeltzezko kosakoek eta herri txiki honetan ikusi ditugun kolore guztietako uniformeek zure teoria baieztatzen dute. Ahaztu nahi badute ere.

Odessara bueltatu garelarik zer pentsatua eman dit nola paratu duzun bertan Minervaren hontza, Eisensteinen agertoki berean baina ehun urte beranduago. Sarraskia, lehoiak eta hontza, zein da hiru irudi horiekin egin beharreko muntaia? Badiouk gela huts hartan hitzaldia eman behar izan zuelarik, non sartuko dugu hontza pelikulan?  Auzi horiek ebatzi artean zure hurrengo pelikularen zain geratuko naiz. Eta ez, ez dut uste pentsatzeko eginak diren pelikulak segituan ahazten direnik.

 P.D. Costa Concordian filmatu zenuen Europaren metafora ez dadila ontzia bera izan.

Aipatutako film nagusiak:

Bronenosets Potyomkin (Eisenstein, 1925)

Film Socialisme (Godard, 2010)

Histoire(s) du cinéma (Godard, 1988-1998)

(Hernani, 1975). Filosofian Lizentziatua. Zinemazalea ere banaiz, nahiz eta sarri barrurakoan baino aldarte ilunagoarekin atera ohi naizen zinema aretotik. Freud-en "Egonezina kulturan" (Gaiak, 2009) liburuaren itzulpenak dituen gabezien erruduna ere ni naiz.
Email this author | All posts by

6 Responses »

  1. Biblio nota txiki bat, nahi duenak irakurtzeko:
    “Notes on Cinematography” Robert Bresson

    http://www.scribd.com/doc/29524082/Notes-on-Cinematography-Bresson

  2. Ze polita artikulua! Eta ona, Iker, Bresson-en erreferentzia. Nire ustez, ez dago Godard Rosselini eta Bresson gabe ulertzerik.

    Aitortuko dut: Godarden film guztiak ikusi dituenetakoa naiz (Gorinekin Vertov taldearentzat egindakoak barne, eta agian, bereziki :)), Socialisme (2010) izan ezik.Ea laister ikusteko aukera dudan. Friki galanta naiz, zentzu horretan behintzat! Godardzaletu nahi duenari, sarrera modura, bere film hauek gomendatuko nizkioke (azken garaikoak alde batera utzita): Le Petit Soldat, Vivre sa vie, Alphaville, Pierrot Le Fou, Week-end, British Sounds, Tout va bien + Letter to Jane, eta Histoire(s) du Cinema. Baina, bere karrera zabalean, ia edozeinek balioko du.

    (Mokadutxo moduan, eta ironikoki, eta bizi garen garaiak kontuan izanda, bere lehen filma “Operatión Betón” (1955) (Zementu operazioa) ikus daiteke hemen: http://www.youtube.com/watch?v=Cliz6BA8Arw&feature=fvwrel , nahiz eta bere ondorengo lanekin zerikusirik ez izan)

    Eta ezinbesteko Colin MacCabe britainiarrak artista suitzar-frantziarrari buruz egindako bio-fimografia, Godard-en munduan pauso seguruz sartzeko!

    Segi ongi!

  3. Sarraskia, lehoiak eta hontza (edo, nahi bada: krisia, politika eta hausnarketa), horien arteko erlazioez galdetzen nuen idazkian. Krisian gaude eta hasiera berriak saiatzeko premiak estutzen gaitu (ik. Olariaga “500 urte estrategiarik gabe” edo Apaolaza “Traineru bakarra”). Artikulu horiek laguntzeko testu bat gomendatu nahi dut hemen: Joxe Azurmendiren “Filosofia eta poesia: Platon eta Homero, Heidegger eta Hölderlin” in Filosofia eta poesia (Jakin irakurgaiak). Bereziki kontuan hatzekoak dira, eta gogoan gordetzekoak, bertan hasiera berri historiko-konkretu bati (Alemania, nazismoa eta Heidegger) eskainitako pasarteak. Estutzen gaituzten aipatutako auziak pentsatzeko garaian zenbat lasaitzen nauen herri txiki batekoa izateak, hau da, historia loriatsurik gabe, gogoetarako hizkuntza pribilegiaturik gabe, gizateriarentzako patu/eredurik gabe…

  4. Aurrekoan esan gabe utzi nuen eta, orain bai: artikulu ederra Jesus Mari!

  5. Hasiera berriak gora eta behera, hona Zizeken pasarte bat:

    “Cuando un régimen autoritario se acerca a su crisis final, su disolución sigue, como regla, dos pasos. Antes de su verdadero colapso, una ruptura misteriosa tiene lugar: de repente la gente sabe que el juego ha terminado, ya no tiene miedo. No es solamente que el régimen pierda su legitimidad, sino que además su ejercicio del poder es percibido como una reacción impotente de pánico”
    ¡Bienvenidos a tiempos interesantes!
    SLAVOJ ZIZEK

    Pasarte hori, bere testuingurutik aterata, unibertsaltasunean formulatua dela esan genezake. Eta gure konkretasunari dagokionez zer? Ez ote du gogoetarako biderik ematen? Oraingo honetan ez dirudi oso zaila unibertsaltasun/partikulartasun dialektikan barneratzea. Esan dezagun, pasarte hori, Irango kasuaren konkretutasunean luzatu digula Zizekek. Baina gure ikuspegi partikularretik unibertsaltasunean parte hartzen duten gogoetak ere aurki ditzakegu Txalapartak argitaratu duen liburuan, Katu Arkonadaren hitzaurrea edo Imanol Galfarsororen epilogoa kasu. Irakurtzeko gogoa piztu bazaizue hona erreferentzia:

    Zizek, S.: ¡Bienvenidos a tiempos interesantes!, Txalaparta, Tafalla, 2012

  6. Katu Arkonadaren hitzaurrea:
    LA IZQUIERDA ANTE LA CRISIS: IDEOLOGÍA Y HEGEMONÍA. PENSANDO A ZIZEK DESDE EUSKAL HERRIA.

    http://www.rebelion.org/docs/147798.pdf

Leave a Reply

Printer  Print This Page