Higiemoniaz: hegemonia higieniko baten deskribapena

By • Jan 10th, 2012 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Antonio Gramsci dugu hegemoniaren kontzeptuaren etorrerari ateak irekitzen dizkiona. Honekin batera Ernesto Laclau-k gerora bere lan mardulenetako batean, terminoaren beraren interpretazio sakon bat egiten du. Hala ere, Antonio Gramsci ohartzen da kontzeptu honi dimentsio berri bat emateko aukerak irekitzen dizkiona. Posibilitate berri hauen egunsentian gizartearen beraren ikuspegi berri baten lehenengo orduak deskubritzen dizkigu Gramsci-k. Zertaz ari gara ordea hegemoniaz ari garenean? Askotan hartzen da termino hau monopolioaren edo gehiengo baten sinonimo bezala, are gehiago, monopolioa adierazteko hegemoniarekin trukatzen da Badiou-k dioen bezela, bere San Pablo obran kontzeptuez egiten den obliterazioaz ari denean; kultura hitzak artea hitza ixten du edo teknologia hitzak zientzia. Aldaketa edo trukaketa hauek perbersio kalkulatu bati erantzuten diote halabeharrez eta ondorioz beste obliterazio modu bat sortzen dute. Badago jadanik tendentzia hau gaur egungo hegemonia nagusiak bereganatzen duena. Hegemonia berri honen iturburua ez da ez ezkerra ez eskubia. Bi tendentzia hauen arteko borroka dikotomikoak arerio berri eta indartsu bat aurkitu du zentruaren hegemonian. Dialektikaren logikan tesi eta antitesiaren arteko sintesian kritika egoera naturalean aurkitzen den bitartean, zentruaren radikalizazio hegemonikoan oraindik argitzeke dago baliozko dialektika bat.

Hegemoniaren azalpen bat ematerakoan Zizek-i hainbeste gustatzen zaizkion simil eskatologiko bat erabiliko dut. Badago Ziek-ek askotan erabiltzen duen komunaren eta kakaren adibidea. BIDEOA Are gehiago, europako bizilagun ezberdinak klasifikatzera ere iristen da Zizek, beraien kaka mordoen formaren arabera. Komunetan botatzen ditugun kaka-mordoak gure komunetan behera egiten dute. Bertan desagertzen dira. Zizek-ek adibide hau askotan erabiltzen du sistemaren osotasunaren tendentzia absolutoa adierazteko, komunean ez baita bukatzen kakaren ibilbidea, honekiko dugun pertzepzioa baizik. Nolabait, kaka desagertzearekin batera gure gainetik pixu bat kentzen dugu, karitatea erabiltzen dugunean bezela. Komunak bere hortan zuri kolorekoak ohi dira izan, bi arrazoiengatik nagusiki. Alde batetik, zikinkeriak modu anker batean gure gorputzetatik kanpora botatzen ditugun leku horrek, kontrastean garbia behar du izan, gu sartzen garenean eta oraindik garrantzizkoagoa, bertatik ateratzen garenean. Ezinbestekoa da gure kontzientzia ere garbi izateko, aurretik eta ondoren komuna garbi mantentzea. Honek badu oinarri psikoanalitiko ezagun bat. Honela, ezer “txarrik” egin dugunaren kontzientzia ezeretan geratzen da. Zikina eta usain txarrak, ezin garbiago den zuritasunean galtzen dira zisternari ematean. Bestetik, gure kakaren markoa osatzen duen egitura daukagu gure ipurdi azpian, kaka egiten dugun bitartean. Gure produktuak, gure barrenak utzi eta errealera egiten du salto komuneko markoa pasatzerakoan. Marko horrek badu atea. Askotan konfunditu ohi da, lehen esan dugun bezela, hegemonia eta monopolioa edo gehiengoa. Kasu honetan konfusioa markoa eta atea nahastean oinarritzen da. Guk atea uzkian daramagu, markoaren bilaketa etengabean gabiltzararik mundutik zehar. Ez dugu uzkia markoarekin nahastu behar, hori horrela balitz kaka bera produzitzeko beharrari uko egiteko aukeran egongo baiginateke. Ateak egiten ditu kontentzio lanak, errepresio eta joissance jokoan. Markoak aldiz joko hau hausten du eta liberazio batera eramaten gaitu. Ezinbestean. Sartrek deskribatzen zuen bezela, gure askatasuna da, ezinbestean, markoak liberatzen gaitu eta ez ateak, horretarako erabakirik taxutzeko aukerarik ez dugularik. Ateak simbolizatzen duenez errepresio eta joissance-aren arteko jokoa, Lacanen eremu simbolikoarekin parekatu daiteke. Ondorioz, hegemonia ez da atea izatearen monopolioa edo gehiengoa. Atea, uzkiak bezela, denok baitugu bat edo batzuek. Uzkiak bezela, denok iritziak ditugularik, era berdinean. Monopolio sinboliko hau, sinboliko hutsean geratzen da. Markoak gure simbolikoaren transendentzia irudikatzen du. Uzkitik ateratzen den kaka mordoak komuneko marko ezin garbiagoa zeharkatzearekin batera, imaginarioaren bidea hartzen du.

Nora doa gure produkzioa eta gu garen horren zati izan den kaka mordo hori? Galdera honek bere baitan ez gaitu inora eramaten. Inora eramatearen abilezia da hain zuzen imaginarioaren ezaugarri indartsuena. Imaginarioa dago ezinezkoa eta pentsaezinatik urbilen. Beraz, Zizek berriro harira ekarriaz, deadlock egoera hori da hain zuzen markoak zuzentzen duena. Markoaren joera hegemonikoan askotan ahaztu ohi dugu imaginarioarekiko salto hau. Beste hitz batzuetan, simbolikoaren (atearen) bitartez imaginariorako (markoa) salto honetan artikulazio hegemonio batean gorpuzten dan ezinbestean. Inora ezezagun eta ezagutu ezin hau da kakan bideratzen duen topos-a. Hegemonikoaren ondorioz, alde egiten gaituen ezinbesteko elementu hori da bai politikan edo eremu sozialean. Hegemoniak ez du egoera leuntzen edo arautzen, ezinbestean aurkitzen dugun elementua da, artikulazioa gerta dadin. Europar politikaren hegemonia zentruko erradikalek hartu izanak (kasu argien, Italiaren teknokraten irudian aurkitu dezakegu) esan nahi duena da, politika egiteko artikulatzeko markoaren ezaugarriek determinatzen dutela, politikoek “kaka egiteko” modua. Hegemoniak ez dituzte ateen diseinuak determinatzen, bakoitzaren uzkiak ez dituzte ukitzen, uzkiak dira ezinbestean markoetara egokitzen direnak (ia denok egin behar izan dugu zuhaitz baten azpian horrelakorik, orduan ere gure egoera izan dugun marko hegemonikora egokitu dugularik, ezinbestean). Hain zuzen, markoak eta ateak mantentzen duten distantzia da klabeetako bat. Ez dira inoiz bat, monopolioek bateratasun inklusiboago bat proposatzen duten bezela. Zizek-ek berak New York-en izandako azken konferentzian adierazten zuen bezela, Txinako Partidu Komunistaren ezaugarri esanguratsuena Estatuarekin uzten duten distantzia bera da. Zizek-ek zioen bezela, Txinako administrazioan inork Partidu Komunistaren erregistrorik bilatzera joan ez gero, goiza alperrik galduko luke. Partidu Komunista ez baitago erregistroan. Ez da existitzen. Ez dago Estatuarekin erlazio zuzenean. Distanzia berdina mantentzen da. Hemegonia, behin eta berriro, ez dago Txinako Partidu Komunistaren presentzia etengabearen monopolioan edo adierazpen askatasunaren ukazio etengabean, eta abar. Aldiz, Txinako hegemonia politikaren artikulazioan datza, markoan alegia. Txinako Partidu Komunistak Estatuarekin mantentzen duen distantzia, uzkiak komunarekin mantentzen duen distantziaren berdina da. Ondorioz, Txinako Partidu Komunistak ez du erlazio sexualik zentzu Lacandar batean Estatuaren boterearen artikulazioarekin. Distantzia bat mantentzen du. Hegemoniara bueltatuaz, politikaren artikulazioan aurkitzen dugu soilik eta ez politika egiteko moduetan, azken hauek ezkertiarrak edo eskuindarrak izan arren. Orain arte esandakoek, laburbilduz, bi hausnarketa nagusi probokatzen dizkidate. Alde batetik, egun dagoen egoera hegeomonioak badu ezaugarri berritu bat, guztiz berria ez dela esaten dutenak ere badirelako. Orain arteko ezker-eskuin borrokan, zentruko tendentziak bigarren plano batean geratu izan dira. Egun aldiz, zentruko politikak dira mundu okzidentalean modu erradikal batean aplikatzen direnak. Artikulazio hegemonikoa demokrazia den bitartean, egokitasun nagusia zentruko proposamenek dituzte (Frantziako adibidea hartu daiteke hemen, non Afrika post-koloniala duten Frantzia europearrean orain istilu sorburu bezela tolerantzia eta errespetuaren politiken itzaletik, beste hitz batzuetan, Frantziar izateko proposamena lehenik eta behin frantziar izateko kondizioak baldintzatzen baitu; garai batean Hego Ameriketan espainol eta portugaldarrek jarraitu zuten politika erlijiosotik oso gertu dagoen pentsamendu bakarraren eskutik: izan zaitez kristau, baino kristau izateko lehenengo kondizioa kristau izatea da eta ez indigena amerikar bat). Berriro, nahiz eta uzkia zentrukoa izan, okzidentalen demokrazia hegemonikoaren egokidura maximoa gorpuzten du kakaren produkzio nagusiak. Beraz, zentruko politikari erantzuna emateko posizio ezkertiar edo eskuindarrek indarra galtzen dute. Argi geratzen da, tradizio modernutik jarraitu daitekeen argumentazioari segika, ezkerrraren antitesian geratzen dela eskubia; diseinu dikotomikoan kokatzen dira. Zentruko proposamenek jaungoikotar templantza dute bere alde. Ikuspegi dialektiko batetik, tesi eta antitesirik gabeko sintesiaren aurkikuntzan datza. Berriki Frank Rudak proposatzen duen idealismo gabeko idealismoaren eskutik erantzunik aurkitu genezake. Zentruko politika basati eta gupidagabeek materialismo gabeko materialismoa proposatzen duten bitartean, erantzun egokia izan daiteke Frank Ruda-rena, atal berezi bat merezi duena bere osotasunean azaltzeko. Bestetik, eta argumentu honi jarraiki, gure herrian (gure eta herririk balego behintzat) bertsolariek hegemoniarekin duten papera ere mintzagai izan dezakegu.

Azken boladan bertsolarien papera hegemonizatu da. Ez da monopolio baten aktore bihurtu, hau da, euskal munduaren iritzien iturri ofiziala. Ez da kasua. Haratago joan da bertsolariaren papera. Publikoki onartu da bertsolariak publikoaren markoa osatzen duela. Publikoaren eritziaren iturri izan ordez, publikoa denaren osagai nagusia dela, euskal munduaren eremu publikoarena, behinik behin. Publikoaren eremuaren hegemonian kokatzean bertsolaria ez da afarietako kantore txistosoa. Hala ere, hegemonia hau, batuzengatik oso ongi etorria den arren, ez da benetazkoa. Beraz, benetazko eta gezurrezko hegemoniaz ere hitz egin daiteke, efektuak errealak diren arren bi kasuetan. Bertsolariak gure herrian markoa izatearekin masturbatzen dira gure herrietako plazetan, nolabait aurketzen dutena uzkia dela konturatu gabe. Kasu honetan ere, uzkia eta komuna edo atea eta markoa konfunditzen dira. Hegemonia eta nagusitasunaren nahasketa honetan ez dago galtzailerik. Alegia, gezurretan murgiltzen den masa sozialak ez du gezurra sufritzen, egiarekin topo egiten duen arte. Beraz, bertsolarien gezurrezko egungo hegemoniak ez du efektu txarrik, euskal mundua deiturikoaren apaltasuna eta akritikotasunaren baieztapena izan ezik. Ikuspegi Lacandar batetik aztertuta, bertsolaria da amarekin edipo konfliktua garatu beharrean egun neskalagunaren amarekin garatzen duena. Saltu kualitatibo honetan zenbait gauza gertatzen dira. Suhi perfektuaren paperean, ediporen drama alde batera uzten da. Larrutan egiteko desioa trukatzen da. Ama biologikoa neskalagunaren amarekin alderatzen da. Erlazio inzestuosoa alde batera uzten da. Posiblearen bidea hartzen da, inposibleak sortzen duen drama alde batera utziaz, hau da, ama biologikoarekin larrutan egitearen konfliktoa sahiesten da. Euskadi politikoaren produktua den euskalduntasuna da ama berria, neska lagunaren ama, alegia. Edipok sortzen dituen ezinegonak erlazio hegemoniko berri bat sortzen dute, non bertsolariak diren uzkiak eta euskal mundua den marko akritikoa. Bertsolariaren produkzioa plazan aurkezten da modu berritu honetan. Templantzak, konfliktu ezak, akritikotasun inklusiboak eta sentiberatasun sinpatikoek margotzen duten lientzoa. Ikuspegi honetan lehen aipatutako zentruaren hegemoniarekin zenbait berdintasun usaindu daitezke. Inzestuaren desioa ez onartzearen saiakerak eszenario berritu batera bultzatzen du bertsolariaren bertsio errebisatu honek. Bertsolariaren lehengo bertsio tradizionalak ez zuen inongo arazorik baserriko familiaren kutsu inzestuosoa berproduzitzen. Bertsolaritzan tradizionalki eman diren gaiak eta leku (afari eta plazak) gertukoak dira horren lekuko. Inzestuaren endogamiari izkin egiteko dela ere baieztatuko da zenbait zirkuloetan. Emaitza aldiz oso bestekoa da. Endogamia etengabe erditzen duen beste ama baten aurkikuntzan dago bertsolaria gaur egun. Tasun guztiak kudeatzearekin batera, bertsolariak markoa bera diseinatzen saiatzen da, zentruko politika erradikalek artikulazioen tasun guztiak kudeatzen dituen bezela. Jokaera honetan ez da onartzen inongo kritikarik; eta honen ondorioz eratortzen den nortasunak ekidistantzia arbitrario bat produzitzen du, zentrurik zurrunenean. Egoera honetan kritikaren inklusioak hegemoniaren beraren (markoaren) lurrikara probokatzen duelarik, kritikaren inklusioa arreman sexualean tartean sartzea bezela ikusten da. Sentimentalismo berri honen aktoreek ezin dute inor tartean nahi, erlazioa argira ekarri ez gero sortu ditzazkeen ezinegon publikoak sahiesteko beste behin. Bertsolari españolista baten agerpenak egiturarekin kritika zurrun bat ekarriko lukeen bezela, edozein plaza eta lehiaketa (atletismoko korrikalarien antzerakoak egun, hitzen malabarretan hausnarketa reflexiborik gabekoak) herri español eta euskaldunen artekoak astinduko lituzkeen moduan. Ondorioz, drama ezean tragediaren aldeko agertzen da euskal mundua. Heroi eta biktimen tragediaren bertsio berritu baino zaharkitua. Zuhaitz honen itzalean, ama biologikoaren heriotzaren hurrengo egunean, suhi perfektuak bere lekua hartzen du gizartean, dramarik gabe tragediak ittota. Hegemoniaren diskurtso eskatologikora bueltatuaz, amaitzeko, arazoaren muina kakalarrian komun baten bila desesperazioan dabilenaren drama da. Drama traumaren antzera, soluziorik ez duen asezinezko galdera bezela da. Beharrezkoa, mingarria baina amaigabeko prozesua, hegemoniekin harreman karnalean.

Filosofian lizentziatua, egun Reno-ko Center for Basque Studies-en doktoretza egiten.
Email this author | All posts by

Leave a Reply