Zesar Martinez: “Mobilizazioa eta borroka moldeek, denboraren poderioz, inpaktu politiko eta mediatikoa galtzen dute”. (Oihana Llorente. Gaur8, 2011-12-10)

By • Dec 10th, 2011 • Category: Albistekaria

Zesar Martinez: “Mobilizazioa eta borroka moldeek, denboraren poderioz, inpaktu politiko eta mediatikoa galtzen dute”

Soziologian doktorea den Zesar Martinez EHUko Leioako campusean aritzen da irakasle lanetan. Lanak baimentzen dion tarteetan, gainera, Joxemi Zumalabe Fundazioan aritzen da buru-belarri. Zesarrekin egin du solas GAUR8k mobilizazio ereduen eraldaketaren gakoak bertatik bertara arakatzeko.

Euskal Herriak mobilizaziorako gaitasun handia erakutsi du beti. Zergatik ematen da egoera hori?
Hainbat faktore hartu behar dira kontuan. Batetik, nabarmena da Euskal Herriak eta euskal herritarrok herri bezala bizi dugun ukazioa eta horrek historikoki eragin duen erantzuna. Faktore nabarmen eta iraunkorra da honakoa, baina badira maila berean kokatu behar ditugun beste zapalkuntza moduak ere, patriarkatuak eta kapitalismoak ezartzen dituztenak, adibidez. Zapalketa horiek mobilizaziorako prestutasuna aktibatu egiten dute. Menpekotasun modu ezberdinek, beraz, erresistentzia modu anitzak sortzen dituzte: emakumeena, langileena, ekologistena, homofobiaren kontrakoa, gazteena, ikasle mugimenduarena…
Historikoki, industrializazioaren eraginez, langileen borroka garrantzitsua izan da Euskal Herrian eta gaur egungo sindikalgintza ere horren erakusgarri da, baina aipamen berezia merezi du askotan bigarren maila batean uzten dugun feminismoaren borrokak. Kultura patriarkalean bizi gara eta aspaldi-aspaldidanik emakumeak eta talde feministak horren aurkako erresistentzia eta borroka garatzen ari dira. Gure artean, ez dut uste borroka honek merezi duen ezagutza, zentralitatea eta atxikimendua duenik.
Sistema instituzionala ere borroka politikoaren beste espazio garrantzitsua da. Gainera, alderdi politiko eta administrazio ezberdinek dituzten kontraesan, gatazka eta zirrikituen eraginez, mobilizaziorako aukera gehiago sortu ohi dira. Euskal Herriak bizi duen zatiketa juridiko-administratiboa eta alderdi politikoen mapa zabala eta gatazkatsua, zentzu horretan, kontuan hartu beharreko faktoreak iruditzen zaizkit.
Horrek guztiak kultura inkonformista bat errotu du Euskal Herrian, edozein menpekotasun forma saihestu eta erantzuten duena.

Zein da mobilizazioen oinarria?
Mobilizazioen elementu oso garrantzitsua harreman sareak dira, orain moda modan dauden sare sozialak, alegia. Azken finean, norberaren harreman eta ingurunearen arabera presenteago egongo dira, edo ez, kezka politiko edo sozial hauek. Mugimenduetan aktibo dauden pertsonen artean harreman pertsonal eta afektibo indartsuak sortzen dira, eta, hortaz, gertutasun pertsonal horiek errazten dute mobilizazioetara joatea eta ingurunean zabaltzea. Prestutasun horrek, era berean, kultura sortzen du.

Mobilizaziorako kultura egon badagoen arren, badira kontrako faktoreak ere.
Bai. Mobilizazio kulturak eraso handiak jasan ditu, bai merkatuaren aldetik, bezero-kontsumitzaile soilak bilakatu nahi gaituztelako, bai administrazioa eta erakunde publikoen aldetik ere, beste batzuengan delegatzen dugun subjektu pasiboak izan gaitezen nahi dutelako. Eta, horrekin batera, disidentzia oso zigortuta dagoela gogoratu behar dugu. Oso erreprimituta dago aktibismo disidentea gurean, eta, hortaz, errepresioa ere disuasio elementu bat da.
Balore eta printzipio kapitalisten zabalpena eta barneratze pertsonala nabarmendu nahi nituzke nik. Gure bizitza gero eta merkantilistagoa da, eta, horrexegatik, ezinbestekoa dugu merkatu kapitalistaren logikatik at dauden sare eta espazioak indartzea. Beste gizarte eredu bat eraikitzea, azken finean, ez da goitik behera etorriko den zerbait; auzolanean, behetik eta kolektiboki, gauzak beste modu batez egitearen eta antolatzearen prozesu amaigabea izango da.

Mobilizazio ereduak aldatu egin dira azkenaldian, manifestaldi eta kontzentrazioez gainera, «lip dub», «performance», «flash mob» eta gainontzekoak nonahi daude. 
Mobilizatzeko eta protesta egiteko moduak etengabeko aldaketan daude beti. Koiuntura historiko batzuetan, protesta mota batzuk nabarmendu dira, eta, besteetan, beste batzuk. Orain aldaketa momentu bat bizitzen ari gara; komunikazioa eta teknologiak asko aldatu dira denbora gutxian eta horrek beste espazio bat ireki du, oso garrantzitsua den espazioa gainera. Horretara bideratuta daude ekimen berritzaile gehienak.
Bestalde, hainbat mobilizazio eta borroka moduk, denboraren poderioz, inpaktu politiko eta mediatikoa lortzeko aukera galdu egiten dute. Errepresioak ere badu zeresana; apurka-apurka hainbat borroka molde neutralizatzea lortu du. Horrek guztiak etengabeko berritzea dakar. Hala eta guztiz ere, erresistentzia moduak egokitzeko eta eraginkor bihurtzeko herri jakituriak duen ahalmen kulturalean konfiantza osoa dut.

Irudimena garrantzitsua al da?
Arlo guztietan bezala, sormen handikoak, inoiz ikusi ez denak, beti du beste inpaktu bat, sorpresa eragiten du. Badira gure historian protesta modu ikusgarriak: Giraldilla, Olentzeroa kartzeletan, antimilitaristen protesta koloretsuak, desobedientzia, ekintza saboteatzaileak… Beti egon da berritzeko eta asmatzeko gaitasuna.

Euskal Herria ez al da mobilizazio eredu berritzaileetan atzean gelditzen ari?

Berlin, Bartzelona edo Londres bezalako hiri handietan populazio zein kultur nahasketa handia egoteaz gainera, kontrakulturarako tradizio luzea dago. Bertako mugimendu alternatiboek sormen propio handia erakusten dute, bai espazio alternatiboak sortzeko ahalmenean bai komunikazioa eta estetika berritzeko gaitasunean. Baliteke eztabaida eta molde batzuen berrikusketa Euskal Herrira berandu eta ahulago iristea. Aldi berean, ordea, lotura egon badago, eta, sare internazionaletan egonez, asko ikasi dugu azken urteotan. Oso testuinguru ezberdina bada ere, Hego Amerikako borroka eta emantzipazio prozesuak oso gertutik jarraitzen ditugu eta lotura horiek oso beharrezkoak dira betiko moldeak aztertu eta gaurkotzeko.

Teknologia berriak, Internet bereziki, zer-nolako eragina izaten ari dira mobilizazio ereduetan?
Eragin nabaria izan du Internetek. Esparru birtuala deitzen dugun esparru berria zabaldu du, bere logika eta harreman modu propioak dituena. Hala eta guztiz ere, asko dugu ikasteko.
Milaka erantzun eta protesta bideratu dira azkenaldian Internet eta mugikorren bidez eta lortu duten hedadura, gainera, ez da nolanahikoa izan. Orain arte mobilizatzen ez zen jendea mobilizatzen hasi da teknologia horiei esker, eta hori nabarmentzekoa da.
Aurrez aurreko harreman sareez gain, sare horien hedapen maila aintzat hartu behar da orain. Internet edo mugikorren efektua neurtezina da, mobilizaziorako deialdi baten eragina hiruzpalau aldiz biderka dezakete-eta. Normalean, gainera, ezaguna duzun pertsona batek ematen dizu deialdiaren berri eta hurbiltasun horrek eragin mobilizatzailea du. Hedapen bide estrategikoa dela argi frogatu dute arabiar mugimenduek edo “haserretuen” mugimenduek.

«Suminduen» mugimenduak arrakasta handia eskuratu du gure mugetatik gertu.
Bizi dugun koiuntura ez da krisi finantzarioa edo ekonomikoa bakarrik, krisi sistemikoa, zibilizazio eredu baten krisia, dirudi. Modernitate kapitalista eta patriarkaletik eratortzen den gizarte ereduaren krisia da honakoa, eta, aplikatzen ari diren neurriak, gainera, agortuta dagoen eredu berdinak ezarritako neurriak dira.
Horrek guztiak ordezkaritza politikoaren krisia ere eragin du. Elite ekonomikoen eta teknokraten boterea sistema politikoaren botereari gailentzen zaio. Aukeratuak ez diren eragileek gero eta erabaki gehiago hartzen dituzte urrunak, ilunak edota eskuraezinak diren erabaki guneetan. Eta horrek guztiak, demokrazia ordezkatzaile eta liberal honen krisia ekarri du, bere legitimazioaren eta sinesgarritasunaren krisia.
Hortik ulertzen dut, nik behintzat, “suminduen” mugimendua. Orain arte mobilizatuta ez zegoen jende asko mobilizatu da mugimendu honekin. Zentzu horretan positiboa da, jendeak kontzientzia hartu duelako eta injustiziaren kontra urratsa emateko prestutasuna agertu duelako.

Zergatik Euskal Herrian ez du indar bera eduki?

Hainbat faktorek eragiten dute horretan. Euskal Herriko koiuntura politikoa oso berezia da, aldaketa sakonen aurrean gaude eta arlo politiko elektoralean gauza berriak ezagutzen ari gara. Alderdi politikoen mapa eta pluraltasuna ez da Estatu espainolean dagoen bezalakoa, eta horrek hemengo erantzuna apalagoa izatea dakar.
Bestetik, Estatu espainiarretik etorritakoak errezeloa sortzen du beti Euskal Herrian. Kontu handiz zaintzen da mimetismo horiek ez egitea. Horiek horrela, distantziarekin ikusi dira 15M mugimenduak eragindako eztabaidak.
Horrek bere argiak eta ilunak ditu. Antolatuta dagoen jendeari zaila egiten zaio egitura hasiberrietara irekitzea. Finean, kultura politiko handia duten pertsonak hasiberriak direnekin aritzea konplikatua da, eztabaidak zerotik hasten dira, ez dago maila politikorik kasik… Aldi berean, ordea, komunikazio bide horiek irekiagoak izan beharko lirateke mugimendu guztietan, izan ere, mugimendu bat handitzeko hasiberriak ezinbestekoak dira.

Mendebaldeko herrialde aberatsetan konplikatua da egunerokotasuna apurtu arteko mobilizazio maila lortzea.
Zikloak egoten dira mobilizazioetan. Koiuntura historiko bakoitzak bere baldintzatzaileak eta bere mimetismo internazionalak ditu. Aldakorra da, beraz. Hala ere, zaila izaten da egunerokotasuna apurtu arteko mobilizazio masibo eta iraunkorrak gertatzea, salbuespen historikoak dauden arren. Izaera eta maila ezberdinetako faktoreen konfluentzia eman behar da horretarako, eta, askotan, gutxien espero denean aktibatzen dira. Oso jende gutxik aurreikusiko lituzke arabiar matxinadak orain dela lauzpabost urte; ezustean hasi ziren eta zabaldu egin dira.
Mendebalde kapitalistaren erdigunean gaude gu, ez periferian, baina argi dago gure gizarte eredu honek, bere logikan jarraituz gero, ez duela ez iraunkortasunik ez etorkizunik. Eta, historiako beste pasarte batzuk erakusten duten bezala, urte gutxitan asko alda daitezke gauzak. Historiak hori erakusten du eta honako momentuak ez du zergatik salbuespena izan behar.

Hamaika kolektibo, bakoitza bere interesen alde, borrokan batera egotea eraginkorra al da?
Mugimendu sozialen alorrean aldaketa oso interesgarriak ematen ari dira. Pasa den mendean menpekotasun eta subordinazio modu ezberdinen bereizketa eta hierarkizazioa nagusitu zen: langile borrokak, emakumeenak, zapalketa linguistiko, kultural eta nazionala… Askapen prozesuak hierarkizatzeko joera zegoen.
Emantzipaziorako subjektua bakarra ez dela barneratzen ari gara orain, anitza eta plurala izan behar dela. Askapen egunaren zain egon beharrean, egunerokoan eta esparru ezberdinetan amaierarik izango ez duten prozesu askatzaileak eraiki behar ditugula ikusi dugu. Emantzipazioak kolektiboa eta estrukturala behar du izan, baita pertsonala eta egunerokoa ere; bien arteko lotura koherentean dago koska.
Kolektiboek euren borroka eta espazio propioak behar dituzte, baina, aldi berean, elkarlanerako espazioak artikulatu beharra dago. Identitate desberdinen artikulazio baten beharra sumatzen da azken urteotan eta horrek eztabaida berriak eta indar berriak eragiten ditu.

Boterea eskuratzea beti da helburua?
Hainbat hamarkadetan gizartea aldatzeko palanka nagusia gobernuetan zegoela uste izan da. Askapena gobernua norberaren esku zegoenean lortuko zela ulertzen zen, eta, hortaz, mugimendu politikoen helmuga erakundeen boterea hartzea zen.
Azken urteotan, ordea, Brasilgo MST Lurrik Gabekoen Mugimenduak edo Zapatismoak erakutsi duten moduan, askatasun egunaren zain egon gabe edo erakundeek zer egingo itxaron barik, autoantolakuntzaren eta auzolanaren bitartez prozesu emantzipatzaileak aktiba daitezke. Eta horrek boterea eta aldaketa ulertzeko modu ezberdin bat dakar.

Zer-nolako eragina eduki du horrek Euskal Herrian?
Eragin hori nabaria da. Hor dugu auzolan kulturaren berrindartzea, herrigintzaren kultura. Itxaroten egon barik, autogestioan oinarritutako erantzuna da auzolana, eta oso errotuta egon da eta dago auzolana gure artean.

Nola ikusten duzu etorkizuna Euskal Herrian?
Azken hilabeteotan grina politikoaren eta pasio politikoaren berrindartzea ikusten ari gara. Ez aurrera ez atzera, blokeatuta, zeuden hainbat kontu desblokeatzea lortu dugu, eta horrek indar berriak aktibatu ditu. Mobilizazio oso jendetsuak egiten ari dira eta horrek fase politiko oso bizian sartzen ari garela pentsarazten dit. Oso konplikatuak izango dira borroka guztiak, baina nire inguruan jende asko ikusten dut baikor eta gogotsu aurrera egiteko.

(Hernani, 1975). Filosofian Lizentziatua. Zinemazalea ere banaiz, nahiz eta sarri barrurakoan baino aldarte ilunagoarekin atera ohi naizen zinema aretotik. Freud-en "Egonezina kulturan" (Gaiak, 2009) liburuaren itzulpenak dituen gabezien erruduna ere ni naiz.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. Inpaktu politikoa eta mediatikoa bilatzea okerkeria handia da, biak baitira beste prozesu batzuen emaitza. Inpaktua mediatikoarekiko obsesioak sortu ditu artikuluan aipatzen diren arazo asko. Burokrazia ezindu baten tranpa bat da, bete-betean. Komunikazioan dago gakoa, estrategia politikoaren helburupeko komunikazio-estrategia sendoetan. Inpaktu nahiak jendea, militanteak, zaleak eta bidaideak alienatzen ditu, eta baseetan egin behar den lana errotik ukatzen, horiek inpakturik ez dutelako. Eta abar…

    Inpaktuaren falaziak https://neurehegitik.wordpress.com/2011/04/18/inpaktuaren-falaziak/

Leave a Reply