Zergatik egiten du kalte Sarrionandiak? – Lorea Agirre (Berria, 2011-11-25)

By • Nov 25th, 2011 • Category: Albistekaria

Joseba Sarrionandiari eman diote eman nahi ez zioten saria. Sarritan esaten da erakunde publikoek antolatutako lehiaketetan saritu sari-emailea saritzen dela saritua bera baino gehiago. Alegia, mesede sariaren antolatzaileari egiten diola. Berdin Sarrionandiak irabazi duen Euskadi Literatura sarien kasuan ere: zenbat balio du lehendakari eta sailburuak kultur munduko jendez inguratuta hedabide guztietan agertzeak? Beti desio izan du politikoak, itxuran bederen, kulturaren edo kultutasunaren igurtzi hori tarteka sentitu, horrek legitimitatea eta prestigioa ematen diolakoan gizartearen begietara.

Azkenean, egia da, erabilera politikorako antolatzen dira sariketa publikoak. Ze sariarenak ez dira idazlearen kontu korrontean diru-saria ingresatuta bukatzen, garrantzitsuena kazetarien aurreko ekitaldia da. Hain justu, hainbestetan auzitan jarri izan diren Euskadi sari hauen krisietako bat saritua ekitaldira nahi edo ez nahi agertuko beharrak ekarri zuen. Dirua idazlearentzat, baina argazkia boterearentzat.

Hala ere, ez da beti betetzen arau hori. Euskadi sarien aldi honetan, Urgell Kultura sailburuak, agian, nahiago izango zuen sari banaketarik izan ez balitz, Sarrionandiari eman nahi ez zion saria ematen hedabideek argitaratu ez zezaten. Sarrionandiaren arrebari egin beharreko irribarre lazgarri hori argazkilariek jaso ez balute hobe. Eusko Jaurlaritzak ez zuen Sarrionandia saritu nahi, horrelaxe esan zuten epaimahaiak haren izena aitatu orduko eta horren haritik etorri ziren mamuak astintze, damutze eskaera, birgizarteratze eta justiziarekin zor kitatze inguruko espantu guztiak, azkenean guztiak eta denak gezur iruzur eta irain izan direnak. Ez zuten saritu nahi eta saiatu ziren, baita sari banaketa ekitaldia hauteskunde ondorenera atzeratuta ere. Are, sari ekitaldi ondorenean Eusko Jaurlaritzako kideek jarraitzen dute esaten ez dutela Sarrionandia saritu nahi. Hau guztia eta gero, barkamenik ez, inondik ere. Bakarmen hitza Sarrionandiaren ahotik baino ez zen entzun herenegungo sari banaketan.

Baina zergatik egiten du kalte Sarrionandiak?

Roland Barthes semiologo eta pentsalariak zioen literaturari eskatzen ziona irekia eta interpretazio anitzei bide egingo ziena izatea zela. Irekitasun horrek egiten zuela testu bat on, hortxe dagoela literatura ona eta txarraren arteko muga. Eta horren harira, testu irakurgarriak eta testu idazgarriakdaudela. Irakurgarria testu itxia da, ez dio irakurleari ez interpretazio ez gogoetarako zirrikiturik uzten, idatzia dagoen moduan irakurri eta ulertu behar du. Idazgarriak, aldiz, irakurle bakoitzaren baitan leiho bat edo gehiago zabaltzen ditu, eta irakurleak bere modura ulertzeko bideak ematen ditu. Nago, Barthesek berak Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? lana bigarren taldean sartuko zukeela. Epaimahaiak berak ere saiakera saritzeko arrazoi nagusietakoa horixe izan du, interpretazio anitzen kabi dela. Itxitasunaren justu kontrakoa baita saiakera hori. Eta, hain justu, horixe da Sarrionandiaren literaturaren ezaugarri nagusienetako bat: dogmatismoaren kontra eta dogmatismorik egin gabe idazten duela, irakurleak irakurri eta horren gainean bere gogoeta idatzidezan. «Egiarik gabeko kritika egin behar dut literatura egiten dudanean». Horra idazlearen hitzak, non dagoen eta nondik idazten duen argitzen dutenak.

Errelato irakurgarriak, itxiak, zirrikiturik gabeak egiteko tentazioa beti du botereak. Eta oraingo honetan ere horrela izan da. Egia berea baino ez dela uste duen Eusko Jaurlaritzak irabazle eta galtzaile errelatoa egunero dihardu idazten, eta istorio horretan irakurleari ezin zaio interpretaziorako zirrikiturik txikiena ere utzi. Bestela, nola izango dira gaiztoak oso gaiztoak eta zintzoak oso zintzoak, nola egongo dira galtzaileak eta irabazleak. Istorio horretan Sarrionandiaren pertsonaiak erdi erditik txikitzen du galtzaile eta irabazleen dogma, gaizto eta zintzoen antagonia. Nola irabaziko du ezer gaizto eta galtzaile izan behar duenak.

Sakatu hemen Berriako artikulua ikusteko.

Jimenez Martinez (Tafalla, 1986). Filosofian lizentziaduna. Andoni Olariagarekin batera Modernitatearen Auziaz (2009. Donostia: Jakin) liburuaren egilea. Txalapartako editorea.
Email this author | All posts by

Leave a Reply