“Me va la vida en ello”

By • Oct 24th, 2011 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Biolentziaren kasuan bezala, beste edozein gaietan ere erlatibismoa izan beharko genuke hizpide. Biolentzia edo biolentziak? Zeintzuk dira? Nolakoak? Norenak? Noizkoak? Nongoak? Eliza Santu honetan egi eta jainko bakarra baino ez dago. Biolentzia batzuena da, eta hori bukatuta goazen etxera! Batzuk langabezira, ordea.

Erlatibismoa ere errelatoen kontuan. Biblia bezala, historiaren kontakizuna bahitzeko joera daukatenak azkar dabiltza posizio hartzen, trena pasatuko zaielakoan… edo galtzaile suertatuko direlakoan, indarrez inposatu nahirik haien ikuspuntua. Saldu nahi baitigute, hemen, errelato bakarra Aita Santu demokraziak idatziko baituela.

Eta erlatibismoa ere maitasun kontuetan. Silvio Rodriguezek ikusi zuen, aspaldian, maitasun bat baino gehiago zegoela. Bi behintzat: bata erreza dena, bestea zaila. Eta bere burua erditik banandu behar zuela ere ikusi zuen: debo partirme en dos. Burua estalita abestu nahi zuen eta gero gure ondoan konfunditu, nahastu; nahiz eta horrela ez eduki ez lagunik ez neska ederren faborerik. Maite zaitut, maitia, ez bakarrik utzi. Erraza izan da, horrez gero.

Eta edertasuna. Ezin baitugu ahaztu sentiarazi diguten dena. Batzuk edertasunaren bide luze honetan atzerago jeitsi ziren, dena itsusia zela argudiatuz, zela eta izan zela. Ahaztuta agian, Almirantearen hegaldia. Ahantzita, apika, edertasun ezberdinak daudela. Siempre evité ser un súbdito de los laureles. Kontakizuna, maitasuna eta edertasuna. Horixe da gure gaurko kantaren fundamentua. Me va la vida en ello, diosku Silvio Rodriguezek. Esaidazu, laztana, dena ez dela hondoratzea izan, maitatzea izan baita niretzat aditzik ederrena.

Lagun batek esaten zuen moduan, hemendik gutxira berriro ere Anoeta beteko da eta aho batez, aho betez, gora maitasuna! ohiukatuko. Maitasunaren apologiaren garaia heldu da.

Jimenez Martinez (Tafalla, 1986). Filosofian lizentziaduna. Andoni Olariagarekin batera Modernitatearen Auziaz (2009. Donostia: Jakin) liburuaren egilea. Txalapartako editorea.
Email this author | All posts by

Leave a Reply

Printer  Print This Page