Mitxelko Uranga: “Zer mamu gorpuztu nahi dugun adostu behar dugu”. (Berria. 2011-10-15)

By • Oct 16th, 2011 • Category: Albistekaria

BERRIAko notizia

2011-10-15

Mitxelko Uranga: «Zer mamu gorpuztu nahi dugun adostu behar dugu»

Euskal kultura ikuspegi filosofikotik aztertu du ‘Espektroak. Gutuna euskalduntasunari buruz’ saiakeran

Juan Luis Zabala Donostia

Trilogiako hirugarrena 2012an kaleratuko du. / GARI GARAIALDE / ARP

«Modernitatearen narrazio guztiak krisian dauden neurrian, euskalduntasuna eta abertzaletasuna ere birpentsatu egin behar dira, eta, horretarako, euskaltzaleok batu egin behar dugu, eta adostu zer-nolako mamua gorpuztu nahi dugun, nahi baldin badugu zer edo zer gorpuztu». Horixe du tesi nagusietako bat Mitxelko Urangaren (Berango, Bizkaia, 1978) Espektroak. Gutuna euskalduntasunari buruz liburuak (Utriusque Vasconiae), egilearen Espektroak trilogiako bigarrenak. Birpentsatze horretan, Urangak oso argi dauka euskarak derrigor egon behar duela, eta ez bigarren maila batera baztertuta.

Euskal kultura dute gai nagusi eta ardatz trilogiako hiru liburuek, eta «puzzle bat» osatzen dute, egilearen esanetan. «Ez dira bata bestearen jarraian egindako hiru ale. Liburu batek ez du bukatzen jorratzen duen gaia, eta besteek bestelako ikuspegi bat ematen diote gai horri. Edozein ordenatan irakur daitezke, baina elkarrekin lotuta daude». Trilogiako aurreneko liburuan —Espektroak. Euskal ‘terroristak’—, ikuspegi soziologikoa nagusitu zen; bigarrenean, berriz, ikuspegi filosofikoa nagusitzen da, egileak dioenez. Hirugarrenak Espektroak. Euskaldunak Europan izango du izenburu, eta historiari eta antropologiari erreparatuko die bereziki. Trilogiako liburu bakoitzak bere hitzaurregilea ere badu: Joxe Azurmendi, Edu Apodaka eta Imanol Galfarsoro, hurrenez hurren.

«Lehen liburuan adierazi nuen euskal kultura modernoa hilda dagoela, baina haren mamua bizirik dagoela eta oraindik aukera daukagula gorputz berriak emateko», adierazi du Urangak. Bigarren liburuan, berriz, planteatzen du euskalduntasuna krisian dagoela, birpentsatzeko garaian, eta zer mamu gorpuztu nahi den adosteko unea dela. «Kritika bat egiten diet Nabarraldekoei, eta oro har historizistei, historia baino ez dutelako nabarmentzen, eta beste gauza asko ahaztu; baita lurraldetasuna soilik kontuan hartzen dutenei ere, ez zaidalako nahikoa iruditzen euskalduna izateko muga batzuen barruan bizitzea; Koldo Izagirreren Autopsiarako frogak liburuko aipu bat egiten dut hor: Izagirrek dio nahi duela Euskal Herri bat non margolariek euskaraz margotzen duten, eta ni bat nator horrekin».

Mamu bat gorputz bila

«Ondorioa da zerbait berria asmatu behar badugu ere euskarak hor egon behar duela derrigor, eta euskarak baldintzatzen duela gure mamua», dio Urangak. «Mamua euskara da, eta euskararik ez balego, ez legoke ez mamurik eta ez gorpuzterik. Euskara da abiapuntua, eta gero adostu beharko dugu zer gehiago izan beharko duen kontuan abertzaletasunak, euskalduntasunak edo dena delakoak, hari gorputz jakin bat emateko».

Argitaratu berri duena «eztabaida pizteko liburu bat» dela dio egileak. «Batzuetan iraganarekin apurtu beharko dugu eta beste batzuetan ez. Baina euskarak izan behar du abiapuntua».

«Euskal Herriak behar ditu euskal intelligentsia, euskal pentsalariak»

Utriusque Vasconiaek saiakerak argitaratuz egiten duen lana eta ahalegina laudagarritzat eta eskertzekotzat ditu Mitxelko Urangak. «Euskal Herriak behar du euskal intelligentsia, behar ditu euskal pentsalariak. Betidanik ibili izan gara kanpotarren pentsamenduak aztertzen eta haien atzetik jotzen, eta Utriusque Vasconiae bezalako argitaletxeen beharra dugu». Lapiko kritikoa bloga eta hAUSnART aldizkaria ere oso egitasmo txalogarriak iruditzen zaizkio. «Uste dut azken urteotan gazteak —eta ez hain gazteak— lan handia egiten ari direla pentsamenduaren arloan, oinarri zaharretan oinarrituz baina gauza zahar asko eraldatzen eta iraultzen. Uste dut hor bide polita dagoela egiteko».

(Berango,1978) UNED-en burutu ditu Filosofia eta Antropologia sozial eta kultural ikasketak. Egun, Euskal Herriko Unibertsitatean ari da Soziologian tesia egiten mendebaldeko kulturako botere-harremanen inguruan. Bere lanen artean topa daitezke “Mitxoleta elektrikoetan koleopteroak” (Ediciones Beta, 2010) poesia lana eta “Espektroak. Euskal terroristak” (Utriusque Vasconiae, 2011) saiakera.
Email this author | All posts by

2 Responses »

  1. Euskal pentsalariak bai, baina ez ideietaz bizi diren eskaleak

    Ez nuen uste artikulu baten biografian, idazle batek bere liburu baten erreferentzi egingo zuenik, harrigarria, hazi berri baten behaztopa edo dignitate eferbeszente baten ausardia daukagu aurrean? Zertarako erabiltzen dituzu halako biografia pisutsuak? Zu pentsalaria izan ezkero, zertarako babestu behar zara hainbeste jenderen atzean? Beldurra akaso? Euskal pentsalariak bultzatu behar dira bai, baina lur emankor horretan ernetzen diren lehen haziak produktiboak ez diren belar oportunistak dira, ez dakit zure kasua izango den, baina zure artikuluetan jartzen dituzun curriculum propaganda horiek mesedez ez itzazu jarri, eskalearen planta ematen baitute. Pozgarria da halako orrialdeak suertatzea, baina batzuetan paroan dauden idazleen kooperatiba edo salmenta toki baten antza ematen dute, hitz asko eta gatz gutxi, eta lapiko batean gatzik ez badago zer erakutsiko diogu munduari edo gure buruei. Hey Hey My My

  2. Bai, arrazoi osoa duzu Eupalino. Barkatu arkitekto greziar baten izenpean edo mendi azpian zulo handi batean ezkutatu ez izanagatik (zein tontoa naizen, zein azkarra naizen erakusteko nahiko omen zen pertsonai klasiko baten inguruko zer edo zer esan eta besteren bat debalde iraintzearekin); barkatu nire BIOGRAFIAN nik idatzitakoei erreferentzia egiteagatik (ni bai tontoa, zelan ez dut jakin bizitza bizitzatik bereizten), eta barkatu horren BIOGRAFIA pisutsua izateagatik nirea (zelan ez dut ba Belen Esteban-en iritzirik plagiatu.. ni bai tontoa); barkatu oportunistatzat agertzeagatik nire burua (zelan ez dut ba, eztabaidari zer edo zer gehitu baino, besteak iraindu? zelan ez dut ikusi askoz errezagoa dela, besteen iritziei kritika egin baino, edukiarekin zerikusia ez duten tontakeri hutsalak jaurtitzea?); mea culpa! emadazadu tas-tas ipurdian berriz errepika ez dadin! arrazoi osoa duzu, Eupalino, gatzik gabeko lapikoekin ez dago zer erakutsi. Venga, salao!

Leave a Reply