Zer gertatzen zaie gure politikoei?

By • Sep 4th, 2011 • Category: Albistekaria

2011-09-04

Zer gertatzen zaie gure politikoei?

Pako Aristi

Idazlea

Zapaterok hauteskunde nagusien deialdia egitea aski izan da, berriro ere, tamalez, gure politikoek Euskal Herriarekin zer egin eta zer bide ibili ideiarik ere ez daukatela baieztatzeko.

Ikusi dut Bildu abertzaleen arteko koalizio bat proposatuz Aralarri eta PNV, eta harri eta zur geratu naiz. Zelako noraez, nahasmen eta koherentzia eza sumatzen den horren guztiaren azpian. Ez dira urte asko Arnaldo Otegik esan zuela PNVrekin jai dagoela, pagoari ezin zaizkiola madariak eskatu, eta hortik abiatu zen polo soberanista bat osatzearen egitasmoa, PNV kontuan hartuko ez zuena. Ni ere ados nago diagnostiko horrekin: PNVk urte gehiegi daramatza, eta jadanik ez du herri honi ezer berririk eskaintzeko ahalmenik, hain agertzen da beti menderatua, domatua eta otzandua Madrilen aurrean!

Orduan, zertara dator orain berriro PNV inplikatu nahi hau? Zirkuluetan endredatuta gaude, eta inoiz ez dugu aurrera egiten. Hanka sartze berberak behin eta berriz, oker atera ziren ekimen guztien errepikapen etengabea da euskal politika.

Ikusi dut ezker abertzalearen justifikazioa, eta aurrekoak baino are harrituago utzi nau: herri bezala joan behar dugu Madrilera, nazio bezala, esan dute. Ea. Nik uste hemen funtsezko gauza batzuk kokatzen hasi beharra daukagula noizbait. Hauteskundeak dira estatu batek egiten duen gonbidapen bat jendeak parte har dezan. Estatu batek bere boterea legitimatzen du hauteskundeen bitartez, bere lurraldetasuna bermatzen du, eta eskubide guztien iturburua finkatzen du bere egituren baitan.

Espainiak Euskal Herria menderatu egin zuen, eta geroztik estatu inperialista baten errekurtso guztiak erabili izan ditu bere nagusitasunari eusteko. Biolentziaren bidez nagusitu den estatu batek ez du onartzen lurralde menderatuak beste estatu baten aldarria praktikan jartzea bere egituren barruan, eta ez du inoiz onartuko. Era honetan, gezurrak dira hemen funtsezkotzat esan eta errepikatzen diren bi adierazpen: bat, Europak Espainia ez dakit zertara behartuko duela; eta bi, euskaldunok erabaki eskubidea daukagula.

Nazio soberanoak ez dira elkarren barne arazoetan sartzen. Soberania da nazioen harremanetarako pasaporte bakarra, elkar ezagutzen dute nazio soberanoek, elkar errespetatzen, elkar zelatatzen, baina mugak ez dira zalantzan jartzen, eta nazioek ez dute onartzen bakoitzak bere mugen barnean izan ditzakeen arazoei buruzko aholku, presio edo baldintzaketarik.

Eskubideena da beste falazia bat. Eskubideak ez dira eskatzen, edo ez dira ematen. Eskubideak antolatu egiten dira. Eta historiak erakutsi digu, besteak beste, zuk indarra baldin badaukazu daukazula eskubidea, eta indarrik ez baduzu ez duzula eskubiderik izango ezertarako. Ez da eskubide kontua; indar kontua da. Indarra nondik sortzen da? Antolamendutik. Eta antolakuntza nondik datorkio herri bati? Hezkuntza politikotik. Hezkuntzak zer dakar? Estrategia politikoa.

Politikoek haien ezintasuna babesteko erabiltzen dute eskubideen auzia, eta jendea engainatzen dute krudelki. «Eskubidea dugu!», esanarazten diote jendeari. A bai? Eskubidea duzu? Zeinek eman dizu, Madrilek? Madrilek ez dizu ezer emango, bere buruaren kontra doanik behintzat. Eskubidea antolatu egin behar da, zutik jarri. Horrek esan nahiko luke gure indarrak parekatu ditugula Madrilekin. Baina indarrik ez daukanak beti ibili behar du eskubideak eman nahi ez dizkion horri ate joka, eta gu Madrilekin hala gabiltzala iruditzen zait.

Zeren Madrilek hauteskundeak antolatu eta guk herri bezala hauteskundeotara aurkeztu behar dugula esatea ostikada bat iruditzen zait intelijentzia politikoari. Nola aurkeztuko gara gure helburu politikoa ukatzen duen nazio baten hauteskundeetara? Horrek ez du ez hanka eta ez buru. Herri bezala erantzutea hau litzateke: ez aurkeztea hauteskundeetara, ez parte hartzea. Esatea: guk, nazio menderatu bezala, erabaki dugu estatu menderatzailearen hauteskundeetan ez parte hartzea, ez dugulako zuen lurraldetasuna bermatu nahi, ez dugulako zuen legitimitatea zilegiztatu nahi, ez dizuegulako eman nahi eskura gure gainetik dauden eskubideen aginte-makila.

Bildu jaso dituen botoen esklabo da gaur egun; orain eutsi egin behar. PNV inertziarik idorrenaren esklabo da, berriz. Konstituzionalistek, aldiz, zein erraz eta zuzen betetzen duten euren estrategia. Ezetz esaten dakite, Javier Rojo Senatuko presidenteak PNVri esan dion bezala erabaki-eskubidea konstituzioan sartzeko proposamenaren aurrean. Andoni Ortuzarri, aldiz, kazetari xume batek esan dio gauza berbera El Pais egunkarian. Ortuzarrek dionean Ibarretxe planak Madrilen porrot egin zuela, baina Euskadin ez, arraposten dio kazetariak: «Bai, baina legalitatea han dago». Eta Ortuzarrek: «Bai, eta guk onartzen dugu, baina ea ea…».

Gauza ez da konplikatua, Ghandik filmean erantzuten dion bezala agintari ingelesari, honek zera esan dionean: «Zer nahi duzue, gu hemendik alde egitea, besterik gabe?». «Bai, horixe nahi dugu. Besterik gabe». Ghandik antolatu zuen herrialde erraldoi bat. Ameriketako Estatu Batuetan ere bildu zituzten 50 estatu. Euskaldunok ezin ditugu zazpi probintzia txiki bildu?

Esan izan didate batzuetan: «Zu politiko guztien aurka zaude». Ez. Ni politikaren alde nago. Oso, gainera. Gaur, independentziaren aldeko estrategia bat aurkeztuko balute, haien alde nindukate erabat, ni eta zientoka milaka gehiago. Horregatik, tristura ikaragarria sortzen dit politikoek politikarik egiten ez duten gizarte batean bizi beharrak, lan egin beharrak, eta urteak pasa arren ez dugula zipitzik ikasten baieztatu beharrak behin eta berriro.

3 Responses »

  1. Zer gertatzen zaie gure literatoei?

    Zur eta lur geratzen da bat herri honetako intelligentsiarekin. Pako Aristiren “Zer gertatzen zaie gure politikoei?” artikuluarekin gertatu zait niri, irakurri dudana ezin sinistu geratu naizela. Pentsatzen dut bateren baten erreakzioa artikulua irakurtzean hau izango dela: “a ze kritikoa den Pako!”, edota “a zelako egurra, inor ez da salbatzen!” bezalako komentarioak. Beno, niri fundamenturik batere gabeko kritikak eta purrustadak iruditzen zaizkit, zintzo esateko. Zergatik?

    Artikuluak aditzera ematen du gure politikoek ez dakitela Euskal Herriarekin zer egin edo ze ibilbide proposatu. Zertara dator purrustada hau? Bada, Bilduk abertzaleen arteko koalizio bat proposatu dielako Aralar eta PNVri, Espainiar hauteskundeetarako herri bezala joateko, Euskal Herriaren aitortza eskatzera. Aristiren ondorioa da ezker abertzalea noraezean dabilela, Arnaldok noizbait esan baitzuen PNVrekin jai dagoela, ez dagoela biderik egiterik eta abertzaleen indar metaketarako ere baztertu egin behar dela. Espainolez esaten den bezala, “mezclar churras con merinas” bikaina.

    Kontua ez baita, ez, PNVk ze asmo dituen edo ez, partido del negocio vasco den edo ez, eta Euskal Herriarentzako inongo proiektu politikorik duen edo ez. Hori badakigu, ondo jakin ere. Badakigu ere gure herriko gazteak zeinen ongi torturatu dituzten, eta horretaz noizbait ere hitz egin beharko da. Baina kontua hemen bestelakoa da, ulertu nahi duenarentzat. Erreza da. Politika ez da printzipioekin pentsatzen eta egiten, ikasgai hori beharko lukete askok ikasia dagoeneko. Politika efikazia da, eta xakean bezala arerioa mugitzeko estrategia desberdinak aukeratu behar dira, gustukoak izan edo ez. Galdera ondokoa da: zer eragin dauka Bilduk PNVri egindako eskaintzak? Mugimendu horrek hau dakar ondorio bezala: 1. PNVk eskaintza ez du onartzen (interesatzen ez zaiolako) eta bere oinarri sozialaren zati bat haserretzen zaio, barne kontraesana sortuz. 2. PNV kontraesan larrian geratzen da Euskal Herriaren aitzinean. Hain zuzen, Bilduren eskaintzak PNVren jarrera erregionalista agerian uzten du, eta 2 bloke argi banatu: euskal herriaren aitortzaren bidean dabiltzanak batetik, eta erregionalistak, bestetik. Hortik PNVk Madrilen aurkeztutako autodeterminazioari buruzko mozioa, atakatik nolabait ateratzeko xake jokaldia.

    Xakean genbiltzan, eta jarraituko dugu. Zergatik joan Madrilera? Aristik ohartarazten digu, Madrilgo hauteskundeak haien legalitatea legitimatzeko direla, ez direla demokratikoak, ia pentsatzen ote dugun Madrilek herri bezala onartuko gaituela non eta parlamentu espainolean, eta abar. Ondorio inplizitua hau da, beraz: tontoak gara, ez dugu maila ematen. Behar duguna soberania da, nazio antolakuntza, estrategia politikoa, eskubideak antolatzea (ez eskatzea), eta abar (ez dakit, pentsatuko du 50 urtez hemen pipak jaten egon garela-edo). Madrilera eskubide eske omen goaz, nora eta zapaltzen gaituen horrengana. Aristik suminduta galdetzen du: “nola aurkeztuko gara gure helburu politikoa ukatzen duen nazio baten hauteskundeetara?”. Politika xake partida bat dela ulertzen ez duenaren purrustadak dira hauek berriz ere. Izan ere, Bilduk ez du esan Madrilera politika egitera doanik, baizik eta zirikatzera, nazio bat garelako aitortza exijitzera. Noski, ez gara hain tontoak pentsatzeko eskubideak horrela lortzen direla. Hain zuzen, horregatik azken 50 urteetako borroka. Kontua ez da hori. Kontua Madrili zapatan harri koxkor bat sartzea da, molestatzea. Horrek ematen duen aukera da herri honen aitortzaren ukazioa eszenifikatzea, non eta Madrilen. Ongi etorria beraz!

    Pakoren arrazoiketarekin, ordea, ez dakit ere zergatik gabiltzan udaletan, udalak gu zanpatzen gaituen Espainiar estatuaren menpe baldin badaude. Argumentazio horiek ez dute ez hanka ez buru, politikan dabilenarentzat. Eskerrak gure politikoek estrategia politikoa horrela pentsatzen ez dutela, bestela aspaldi desagertuak ginen!

    Bukatzera bidean, Bildu botoen esklabo dela ohartarazten digu Aristik. Berarentzat gauza ez da hain konplikatua, eta Ghandi aipatzen digu, eta bere desobedientzia zibila, patatin patatan. AEBek 50 estatu bildu zituzten eta gu ez gara gai 7 probintzia biltzeko. Eta batak ze zerikusi du bestearekin? Justifikatu gabeko purrustada gehiago.

    Azkeneko parrafoa demasa da. “Independentziaren aldeko estrategia bat aurkeztuko balute?” Aristi batu egingo omen litzateke gurera. Nire galdera erreza da: estrategia, nork? Nori erreferitzen zaio “balute” hori? A klaro, ez da Aristi bera estrategia egiten dabilena. Aristik ez du prezio hori pagatu behar, beraz, sudur puntan jartzen zaiona esan diezaguke errespetu guztia galdua digularik.

    Horrelako kritika merkeak ikusita, pena ematen du bai, hainbeste urteren ondoren zipitzik ere ikasi ez dugula ikusteak.

  2. Gai honi lotuta irakurri beharrekoa : iparla.wordpress.com/

  3. 2011-09-16
    Iban Galletebeitia
    Pako, Politikoeei bakarrik gertatzen zaie, gertatzen zaiena? Edo galdera jada aldatu da?
    Hasteko, noiz egin da ba, nazio mailako estrategia bateratua, subirautzaren aldeko euskal estatu baten aldekoa, argia, gardena, aldebakarrekoa. Ba erantzuna litzateke, egin dena indar militarra erabilitakoa izan dela, orain retua litzakeena da, indar hori politikaren eremuan, erantzunkizunez artikulatzea. Karo, asuntua da baina hori guztia nortzukin, nondik, zelan artikulatu. Soldatadun baten bat ibiliko da pentsatzen ezta? Baina lehenik eta behin, Euskal Estatuaren alde garenok zeintzu gara? Zelako estatua nahi dugu? Nork emango digu zertifikazioa, nazioartean? NBE? Ba bueno, hori pentsatzen hausnartzen ibiliko direlakoan nago gure politikoak. Behingoz, arazoa etxean daukagu beraz. Askatzeko ekuazio ere jarrita dago arbelean.
    Noraeza, handia dela jakina da, Pako. Halako baten bazkari baten(zu etzara gogoratuko) baina nik, gogoan dut ba, 2009n edo, nola ziurgabetasun eraikia den garaietan bizi garela esan nizula. En fin, baina noeraza ez da berez negatiboa, baldin eta ortzia argitzeko bada. Putz- politikan, PNVk bai, asko du eskaintzeko. Putza. Horixe ere saldu egiten da, botoen truk. Menderatua, domatua, otzandua dela, noski baietz. Akaso eztakit, ene konjetura da-ta, biluztearen teknika erabili du Bilduk, kasu honetan, alegia esanez, PNV ikusi beza zure masa sozialak behingoz, ez zaudela euskaldun guztiok, herri modura, madrilera joatearen alde. Dena den, uste dut, regreso al pasadorik ez dagola, inorentzat jada.
    Hauteskundeak dira estatu batek egiten duen gonbidapen bat jendeak parte har dezan. Estatu batek bere boterea legitimatzen du hauteskundeen bitartez, bere lurraldetasuna bermatzen du, eta eskubide guztien iturburua finkatzen du bere egituren baitan. Ados, egonik, galdera berdina izaten jarraitzen du, nun artikulatu behar dugu gure boterea(indarra)? Indarra nondik sortzen da? Antolamendutik. Eta antolakuntza nondik datorkio herri bati? Hezkuntza politikotik. Hezkuntzak zer dakar? Estrategia politikoa. San Gil de Vicente-k ere hortxe egin zuen bere diana. Heziketan. Baina heziketa hori nork egingo du? Menderatua, domatua, otzandua den elite akademiko instutzionalizatuak? Uff ba neure zalantzak ditut.
    Eskubidea antolatu egin behar da, zutik jarri. Bai, karo, Txin-pun txin-pun katean peoi bezala lanean ibili nintzenean, preso ohi batek esaten zidan,
    A.joe herrian garai haietan Iban denek esaten zidaten, goazen, goazen denok! Ta badakizu zer gertatu zitzaidan Iban?
    B. Zer?
    A. Ba bakarrik joan nintzela, atzetik inor ez zela etorri.
    Beraz Zutik jartzearenari ere buelta pare bat eman behar zaizkio, Pako, zutik jarri orduko. Ze nik adib, argi daukat, zutik jartzen banaiz, parean dudana lurrera botatzeko dela, alegia, zutik mantenduko naizela. Bai ala bai.
    Herri bezala erantzutea hau litzateke: ez aurkeztea hauteskundeetara, ez parte hartzea. Karo arlo ekonomikoan, bankuetatik dirua ataratzea bezalako apustua da hori. Baina, esatea da bat, egitea beste bat. Aginte makila berria antolatzeko bidean gaudela uste dut. 20N ez dut uste ezer aldatuko duenik. Botoen esklabu partidu politiko guztiak dira. Konstituzionalistek, ezetz esaten dakite, karo-karo diferentzia nabarmenakin, defendatzeko armada militar osoa dutela, estatu baten estruktura guztiarekin.
    Gauza ez da konplikatua. Ez papelean, ez da ezer konplikatua. Pako, hasi zaite, adib, adostasuna bilatzen bizi zaren tokiko eskaileran, auzokoekin. Bufff berez ez du ematen konplikatua baina la ostia de diosss da konplikatua. Asuntua da, baina independentziaren aldeko estrategiaren zain barik, ea bakoitzak zer egiten dugun euskal estatu baten alde, galdera berria mahai gainean dagoela. Karo, horrek ere berdinak izatea eskatzen du. Baina tartean beste ekuazio bat dugu askatzeko, alegia, Nork nahi du, sintomaz gozatzen jarraitu?

Leave a Reply