Terrorista euskaldunaren eraikuntza diskurtsiboa* (452ºF aldizkaria 5.alea)

By • Aug 11th, 2011 • Category: Azterketak eta Azalpenak

The police […] the ignominy of such an authority, […] -this ignominy lies in the fact that in this authority the separation of lawmaking and law-preserving violence is suspended. If the first is required to prove its worth in victory, the second is subject to the restriction that it may not set itself new ends. Police violence is emancipated from both conditions (Benjamin, 2007, 286)

0.    Sarrera. Marko zabalagoa

Ikasketa kulturalei eta biolentziaren analisiari lotutako markoa irekitzean, testu honen beronen aztarnaren biolentzia da ezer baino lehen agerian utzi nahi dudana. Horretarako, hizkuntzaren balio esentzia emailea eta adiera bakarraren ikuspegia zalantzan jartzen duen Jacques Derridaren planteamendu honetatik abiatuko dugu markoaren irekidura, “germinación, diseminación. No hay primera inseminación. […] La inseminación ‘primera’ es diseminación. Huella, injerto cuyo rastro se pierde” (Derrida, 2007: 453). Aztarna galdu araztea da helburua, edo behintzat ekintza hori ahalbidetzea. Xede horrekin, Ikasketa kulturaletarantz eta biolentziari buruzko analisietarantz emango dugu pauso diseminatzaile hori. Artikuluan zehar agertuko ez diren baina testu honi adiera berri eta eraldatzaileak eman diezazkioketen testuen planteamendu bakan batzuk ekarriko ditut hona, ixtea baino irekitzea nahi duen marko teorikoa eraikitzeko2.

Birminghameko Centre for Contemporary Cultural Studiestik bertatik agerian utziko zaizkigu biolentzia kontzeptura teorikoki eta kritikoki urreratzeko dauden arazoak. Raymond Williamsek 1976an argitaratutako Keywords lanean, “Violence” da guri dagokigun sarrera. Berebiziko garrantzia har dezake, biolentzia fisikoa lantzean, “biolentzia” “baimenik gabeko” (“unauthorized”) indar fisikoari erreferentzia egiteko soilik erabiliko dela gogoratzeak, “the violence of a ‘terrorist’ but not, except by its opponents, of an army, where ‘force’ is preferred and most operations […] are described as ‘defence’” (Williams, 1983: 329). Proposamen postkolonialetara joz gero, Gayatri Chakraborty Spivaken A Critique of Postcolonial Reason3 ezagunak, “biolentzia epistemiko” kontzeptua erakutsiko digu proiektu inperialistaren tresna nagusi bezala. Egia absolutuaren eran inposatutako ideologia atzerritar eta gizarte zientziek bortxaz eraikiko duten epistemearen bitartez subjektu kolonialak kasik norbertutako beste gisara adieraziko du bere burua (Spivak, 2010: 207, 216). Marko honen irekiduraren azken pausoan, euskal ikasketetan biolentziaren trataerak izan duen lekuaz ohartaraztea ezinbestekoa da. Imanol Galfarsorok demokraziari berari egindako kritikan, korrupzioa, biolentzia, diskriminazioa, tortura edota injustizia demokraziaren egituraren beraren parte direla defendituko du (Galfarsoro, 2008: 57). Eta bukatzeko, markoaren irekidurak Joxe Azurmendiren lanera garamatza euskal ikasketen baitan,

Ez dut biolentzia kondenatu egiten. Hautu ez biolentoa da neurea, halere, berdin da zergatik, eta biolentziarik ez dut praktikatzen. Zein Estatuk eta San Pedrok esijitu behar dit, eta demokrata bada are gutxiago, neure hautu hori beste guztientzat ere zilegizko bakarra kontsideratzea? (Azurmenid, 1999: 100-101)

1.    Foulcault eta Agamben

Artikulu honetan, Legez-kanpokoaren bidea jarraituko dut Agambenen homo sacerrari lotuta tea subiranotasuna-diziplina-gobernametalitate triangeluan zehar. Bide hori, Espainiar Estatu nazioaren baitan eraikitako Euskal Terroristaren sujek(tifika)zioaren kasu paradigmatikoa jarraituta egingo dut; eta helburua komunitate geopolitikoen sorkuntzan diskurtso ezberdinek nola interaktuatzen duten erakutsi eta horiek dakartzaten arazoak azaleratzea izango da. Agambenen homo sacerra ulertzeko, ez dugu kontzentrazio eremua gertaera historiko edo iraganeko anomali gisara ulertuko, egungo espazio politkoaren ezkutuko nomos bezala baizik (Agamben, 1998: 3). Beste modu batera esateko, mendebaldeko gizarte moderno orok ezarriko du bere egituran kontzentrazio eremuan. Gizarte horrek ezarriko du homo sacriak (gizaki sakratuak) nor diren –edonork hil ditzakeen baina sakrifikaezina diren bizitzak– erabakiko duen muga. Horrek eragiten duen salbuespen egoera da, eta ez gizarte hitzarmena (inork pentsa dezakeen bezala), botere subiranoaren oinarria. Botere subiranoak ekoitziko du salbuespen egoera biziko duen politikoki kualifikatutako bizitza biluzia (nuda vita), hau da, homo sacer izeneko gorputz biopolitikoa. Azaldutakoari, subiranotasunaren  ekintza nagusiaren balioa emateak urreratze teorikorako lehenengo tresnak emango dizkigu. Homo sacerra hain hedatuta dagoen baldintza politikoa da ezen norbanako bakoitzaren baitanra hedatu baita (Agamben, 2006: 137-176). Ondorioz, bizitza biluziaren salbuespen egoera horrekin topo egiten dugun une oro, birtualki, kontzentrazio eremua da gure aurrean izango duguna (Agamben, 1998: 6). Botere subiranoa eta kontzentrazio eremua erabat lotuta agertzen zaizkigu hasiera-hasieratik. Foucaultek era berean, gogoratuko digu subirnotasunaren gizartea, diziplinarena eta gonbernamentatilatetaren arteko lotura ez dela ordezkapenezkoa, triangelu eraikitzailea baizik: subiranotasuna-diziplina-gobernamentalitate triangelua, xedea herriaren kontrola duena, eta segurtasun disporitiboak eten gabe present dituena (Foucault, 1999: 194). Artikulu honekin, subiranotasuna-diziplina-gobernamentalitate triangelua itxiko dut Estatu nazioaren subjektifikazio estrategien bitartez, legez-kanpoko gisara eraikitako euskal terroristaren irudiaren azterketari bidea irekitzeko.

2.    Triangeluaren lehenengo aldea: diziplina eta ZEN plana

Surveiller et punir-en,4 diziplinak bere baitan itxitako eremu heterogeneo bat zehazteko beharrizana duela ikusiko dugu (Foucault, 2009: 145). Horixe bera da espainiar gobernuak 1983an argitaratu zuen Estatu-segurtasunerako planean ikus dezakeguna: ZEN plana5. ZEN akronimoak Zona Especial Norte-ri egiten dio erreferentzia, eta soilik “la realidad y peculiaridades del País Vasco y Navarra” (D.S.E, 1983: 106 ) eremuari egongo da lotuta. Segurtasun plan honek arreta “la problemática que en todo el Estado plantea la seguridad ciudadana” (D.S.E, 1983: 106) atazan jarri zuen soilik. Legez-kanpoko euskaldunaren subjek(tifika)zioaren gaia argitzen has gaitezke horrela. Ikus dezakegunez, segurtasun plan diziplinarioak komunitate euskaldunaren definizio eta eraikuntzari erreparatzen dio, eta bere baitan itxita dagoen lurraldearen inposaketarekin eta Estatuko hiritarren segurtasunarekin lotzen ditu. Homi K. Bhabhak argudiatzen duenez, Estatu nazio jakin baten mugak finkatzean, ezberdintasun adierazgarria ez da gehiago fronteretatik kanpo ezarriko, eremuaren barruan baizik. Hortaz herriaren batasunaren (people-as-one) ideia sortzeko beharrezko mehatxu hori mugen barnean kokatuko da (Bhabha, 2008: 215). ZEN planak erakusten du poliziaren diziplina teknologiek Estatuko barne komunitatea eraikitzen duela people-as-one horren ezberdintasuna arrisku bezala definituta.

Foucaulten textua jarraituz gero,  itxitako eremuak subjektuaren diziplina ahalbidetuko du. Alferreko talde nahasgarri eta arriskutsuak multiplizitate ordenatu bilaklatuko ditu. Horretarako, “kuadro bizi”etan zehar, (eta horixe da hain zuzen ere, ikusiko duguna) norbanakoa norbanako gisara eta multiplizitateak multiplizitate bezala  definituko ditu (Foucault, 2009: 152-153). ZEN planak kuadro bizi horien eraketa euskal terroristaren figura eraiki eta gizarteratzearekin lortuko du. Terroristaren ezaugarriak euskal identitatearen  esentzian bertan kokatuko ditu lehendabizi, “una política de incomprensión hacia esta zona y las peculiaridades del carácter vasco, activaron un grupo revolucionario” (D.S.E, 1983: 118). Ondoren, berezko idiosinkrasia horiei esker norbanakoaren gorputz arriskutsua definitzea eta identifikatzea lortuko du: “desconfíe especialmente de las personas jóvenes, sobre todo si visten anorak oscuro, pantalón vaquero, zapatillas deportivas y bolsa de deportes” (D.S.E, 1983: 124). Mitchell Deaneak horrela planteatuko duen arrisku taldea nabarmen egiten zaigu,: “there are only ‘at risk’ groups or high- and low-risk groups. […] Risk is a continuum rather than a clear break. Risk is, in this sense, never completely evaporated. […] There are, it is true, sub-populations to be targeted, but the entire population remains the primary locus of risk. (Dean, 2007: 167). ZEN planak arriskua definitu eta zera gogoratu bitartean “se desconoce el porcentaje de población vasca que simpatiza con ETA y con los partidos abertzales” (D.S.E, 1983: 113). Iparraldeko eremu berezi barnean bizi den edonor mantentzen da legez-kanpoko euskal terroristari lotutako arriskugarritasun continuum horren baitan. Populazio osoa da terrosita “in potentia”. Bukaeran, “arrisku” esaten dioten hori ez da errealitatea ordenatzeko forma bezala baizik existituko.

Luzera arazoengatik sakonki aztertuko ez badut ere6, garrantzitsua da triangelu eraikuntza honen ifrentzuaz ohartaraztea. Hitz laburretan, euskal diskurtso hegemoniko eta esentzialista ZEN planaren tresna berdinekin eraikita dago. Alderdi honek, Spivaken proposamenera joz gero, informante natiboaren errepresentazio estrategiaren bidea hartuko duela ohartuko gara. Diskurtso euskaldunak kasik norbera den baina beti bestea izango den subjektua eraikiko du. Hegemonia natiboaren eta axiomatika inperialistaren konplizitateaz ohartzen has gaitezke eta, era beran, euskal subjektu subordinatuaren domestikazioaren ideia osoagoa lor dezakegu.

3.    Triangeluaren bigarren aldea: diziplina, botere subiranoa eta ZEN plana

Diziplinatik subiranotasunerako pausoa egiteko, homo sacerra eta ordena legalean integratutakoen arteko erlazioari erreparatu behar diogu. ZEN planak “urgentziaz”, hurrengo hau lortzeko beharrizana du: “el movimiento paulatino de la consideración del terrorista como delincuente político a vulgar criminal” (D.S.E, 1983: 110). Des-politizazio eta des-ideologizazio horrek biopolitikaren ardatzera eramaten gaitu. Foucaulten lana jarraituta, Agambenek biopolitika boterearen mekanismo eta kalkuluetan gizakiaren bizitza naturalak duen inplikazio gero eta hadiago bezala definituko du (Agamben, 2006: 155). Francisco Vazquezen arabera, politika antiterroristekin subiranotasunaren menpe ikusten dugu biopolitika. “Terroristei” legeen arabera auzipetzea ukatzen zaie eta subjektu juridiko izateari utzi egiten diote: nazioen bizitza mehatxatzen duten etsai biologikoak bilakatzen dira (Vazquez, 2005: 89). Horrela, “delinkuente arrunt” bilakatzeak Estatuko guztien etsai potentziala egingo euskalduna. Eten gabe, bizitzaren aurkako mehatxua izateko aukerak hiritar gisa deskalifikatuko du (Foucault, 2009: 106). Žižekek biopolitika beldurraren politika gisa deskribatuko du: “con la administración especializada, despolitizada y socialmente objetiva, […] el único modo de introducir la pasión en este campo, de movilizar activamente a la gente, es haciendo uso del miedo” (Žižek, 2009: 56). Legez-kanpoko terroristaren diskurtsoak Estatu espainiarreko biztanle guztien aurkako mehatxua dakar. Ez dago politikarik, ezta ideologiarik ere, beldurra bakarrik.

Hasieran azaldutako homo sacerrera itzultzen gara berriro, baina orain Estaturen komunitate sorkuntzaren ideia osoagoarekin: legez-kanpoko euskal terrorista nazio modernoaren nomos ezkutuak beharrezko duen gizaki sakratu bilakatuko da. Euskaldun oro izan daiteke (eta esentzian izan bada) bizitzarentzako arriskua dakarren gorputz biopolitikoa. Ondorioz, beharrezko salbuespen egoera justifikatuta legoke. Estatu espainiarraren sistema geopolitiko osoa haren bitartez artikulatu da. Horixe da, hain zuzen ere, kontzentrazio eremuaren egitura (Agamben, 2006: 31). “Iparraldeko eremu berezia” eufemismoa homo sacerra bizi den salbuespen egoerari dagokio eta “euskaldun-beti-terrorista-in-potentia” arrisku talde des-ideologizatuan dago ezkutatuta. Subjektu terrorista, beraz, Estatu nazio espainiarraren beharrezko oinarria da terrorista-delinkuente-arruntak guztien bizitza etengabe mehatxatzen duen heinean (Agamben, 2006: 107). Euskal gizartea, potentzialki kriminala esentzian bertan, ez dago legetik kanpo, horren zentroan baizik (Foucault, 2009: 308).

Hiritar ororen gorputz biopolitikoan aurki daiteke homo sacerra, hain dago hedatuta: arriskuarena bezala, inoiz desagertzen ez den continuuma da. Arriskuaren sorkuntza ulertzeko psy scienceak ezinbestekoak dira. Foucault eta anglofoucaultiarrek (Vazquez, 2005, 89) zabal landu dute arrisku taldeen gaia eta horien sorkuntzan “psy science” deiturikoek izan duten garrantzia. Nikolas Rosen arabera ikuspegi psikologikoak, arriskuaren ideia barneratzean, arazoak in potentia identifikatuko ditu, eta ondorioz, soluzioak prebentiboak izango dira eta “estrategia profilaktikoetan” oinarritutakoak. “Normaltasun” ideia bera arrisku posiblearen lokalizazioan oinarritu eta izaera arriskutsuaren gainean hartutako erabaki aldakorren araberakoa izango da (Rose, 1998, 94-95). Guardia Zibilia bezalako gorputz diziplinatzaileek garatutako ekintza psikologikoen bitartez, homini sacri ezberdinen sailkapen zabala ikus dezakegu. Adibidez, “Centro de  Análisis y Prospectiva de la Guardia Civil”ak egindako inkestetan (2011) zerrenda luze baten parte dira ETA eta “kale borroka”. Legez-kanpoko ezberdinen sailkapenarekin egiten dugu topo, besteak beste, inmigrazioa eta horrek hiritarren segurtasunarekin lukeen erlazioa; drogen eta drogazaleen taldeak; “arrisku global”ak; terrorismo islamista; eta biolentzia domestikoa. Diziplina, subiranotasuna eta gobermentalitate neoliberalaren gurutzegunera iritsi gara.

4.    Triangeluaren hirugarren aldea: diziplina, botere subiranoa, gobernamentalitatea, ZEN plana eta haratago

Liberalismo eta neoliberalismoaren arteko erlazioei buruzko analisian, Foucaultek mutazioaz hitz egiten du. Hau da, liberalismoaren printzipio nagusietako bat beti gehiegi gobernatzen dela izanik, neoliberalismoa, orduan, horren optimizazioa izango da, eta ez erabateko etena (Foucault, 1999a: 210). Gobernu liberalak gehiegi ala behar beste ez gobernatzearen arriskuekin lan egiten duen heinean, jarrera horren erabateko anbibalentzia azaleratuko da. “Subjektu askeen” eta norbanako autonomoen sorkuntzaren askatasunak lotura baldintza bilakatzen dira. Subjektuari, era askean jokatzeko bide jakin bakar bat emango zaio eta askatasun hori dominazio sistemen bitartez bideratuta egongo da subjektuak “askatasun” hori erantzunkizunez erabiltzeko gai dela frogatu arte. Subjekzioa eta subjektifikazioa bat eta bakarra dira (Dean, 2007: 164-165; Rose, 1998: 69). Neoliberalismoan liberalismoaren subjekzio eta subjektifikazioaren arteko erlazio hori da optimizatuko dena. Dominazio eta subjektibitate eraikuntzara garamatza horrek. Estrategia neoliberalek, aldi berean, gobernatzeko teknika propioen bitartez, instituzio politikoen eta gizarte ekintzaileen artean nolabaiteko distantzia sortuko dute, beti gehiegi gobernatzen delako itzal horren baitan.

Ondorioz, kategoria beldurgarrien mehatxu biopoitikoei buruzko “Egia” sortzeko erantzukizuna aditu izendatu eta horrela onartutakoek hartuko dute. XXI mendean sartu bitartean, “Euskaldun-beti-terrorista-in-potentiak” zenbaki eta estatistiketarako itzulpen prozesua jasango du: “the expert embodying neutrality, authority and skill in a wise figure, operating according to an ethical code ‘beyond good and evil’ has become so significant in our society” (Rose, Miller, 2008: 68). Egiaren disurtsoak subjektua modu sakonagoan lotuko du diskurtso autonomoaren (Estatutik aske sortzen denaren) ilusioa eraikitzen duelako. Norbanakoaren “askatasunerako” ezinbestekoa izango du (Rose, 1991: 256). Horixe da “Estatuaren gobernamentalizazioa”. Hau da, kontrol aparatuen luzapena; arau politikoa garatzeko teknologien eta arrazoizkotasunen eraldaketa egia sortzeko zientzia psikologikoak erabiliz (Rose, 1991: 5). Žižeken hitzetan jarrita, “soy libre de elegir siempre que elija correctamente, de modo que lo único que puedo hacer es realizar es el gesto vacío de pretender realizar libremente aquello que me viene impuesto” (Žižek, 2007: 75).

Kontrol estrategia gobernamentalak gatazka politiko eta ideologikotik aldendu eta axioma gezurtaezinak bilakatzen dira. Estatistiken erabilerak informazioaren “objektibotasuna” bermatuko du. Errealitatea objektu egonkor, mugikor, konparagarri, konbinagarri eta ulergarria bilakatuko duen diskurtsoaren eraketa dakarte estatistikek. Aldi berean, diskourtso horiek, arrisku zenbagarrietan oinarritutako askatasun motak sortzea dakarte (Rose, Miller, 2008: 65-59). Adibidez, Arartekok 2009an egindako ezohiko txostenak argi erakusten du ZEN planekoak eraldatu eta, profil arriskutsuen sorkuntzan, estrategia berriak erabiltzeko mugimendua. Testu hori behin eta berriro saiatuko da diskurtsoaren objketibotasuna eta Egia frogatzen: “los datos son los que son y, dentro de los márgenes de error de los estudios sociológicos, incuestionables” (Ararteko, 2009: 371). Are gehiago, arrisku taldea eta horrek dakarren arrisku biopolitikoa definitzen saiatuko dira berriz eta askotan: “la victimación terrorista producida y que se está produciendo en la CAPV […] la victimación causada por ETA, fundamentalmente respecto de lesiones a la vida, la integridad física y la libertad” (Ararteko, 2009: 40). Azkenik, norbanako terroristaren sorkuntza eten gabeko arrisku potentzial gisara ematen da ostera ere:

El resumen de los perfiles sociodemográficos de las respuestas de los escolares, agrupados en tres grandes bloques, cabría concretarse en estos términos: las  posturas están más claras y definidas cuando se trata de posicionarse ante los apoyos o justificaciones hacia ETA. […] el Factor I: las acciones de ETA y las de la kale borroka son buenas para Euskadi, el terrorismo se justifica en ocasiones, y los derechos humanos de los presos de ETA deben ser respetados. Están más de acuerdo ante estos supuestos los chicos, quienes estudian en centros públicos, quienes cursan sus estudios en el modelo D y los que viven en Gipuzkoa, sin que la edad y el curso en el que se encuentran sea, por el contrario, diferenciador. Los que menos de acuerdo están con esta posición son los que siguen el modelo A, las chicas y quienes residen en Bizkaia. (Ararteko, 2009, 379)

Gobernamentalitatea, beraz, itxituraren eraikuntzaren, koadro bizien sorkuntzaren, arrisku taldeen continuumaren ezarketaren, gatazka politikoen des-ideologizazioaren, biztanle oro mehatxatzen duen arrisku biopolitikaren jazarpenaren, eta erahil daitekeen baina sakrifikaezina den homo sacer sorkuntzaren optimizazioa izango da. Guzti horiek berriro ere “Euskaldun-beti-terrorista-in-potentia”n gorpuztuko dira.

Esandakoa, gizarte neolibalaren beste oinarri nagusietako batekin elkartu dezakegu, hau da, baldintza moral eta etiko jakin batzuk jarraitzen dituen subjektu “aktibo” eta “aske”aren eraikuntzarekin (Vazquez, 2003: 97). Estatistiken bidez eraikitako moralak, jokaera zuzenak, edo norbanako onargarriak ekintza markoa emango dio subjektu autonomo eta askeari. Ertzaintzak argitaratutako biolentzia terroristaren kontrako web orriak (2011: web), berriro ere ZEN planaren bidea jarraituko du subjektu “Euskaldun-beti-terrorista-in-potentia”ren eraikuntzan, hori bai, aldaketa garrantzitsu batekin: subjektu terrorista identifikatzeko erantzukizun eta askatasuna hiritarrari emango zaio XXI mendean. Guztien kontrako mehatxu biopolitiko bezala definitu den iparraldeko eremu bereziko hiritar hori da, hain zuzen ere, bere burua definituko duten ezaugarri berberak identifikatu eta salatu behar dituena. Hiritarrak erantzukizunez identifikatu eta salatu behar ditu susmagarriak gero poliziari deitzeko. Arrisku eta paranoia sentimenduak zamatzen du hiritarra. Erruduna aurkakoa frogatu arte.

Une oro susmagarri, arrisku taldea beti izango da erruduna; beti terrorista izatear, beti espainiar Estatu nazioaren komunitate eraikuntzarako ezinbestekoa den legez-kanpoko homo sacerraren logika errepikatzen.


Oharrak

* Artikulu honek Univeristy at Albanyk 2011ko apirilean antolatutako The Outlaw. Trespass, Disfigurement, Domestication konferentzian emandako komunikazioan du hasierako oinarria.

2 Marko honen irekidurak; testu honen diseminazioak 452ºf aldizkari honetako datorren alera arte eraman gaitzake. “Biolentzia, eta identitate errepresentazioak Latinoamerikan” seigarren aleko monografikoaren gaia den heinean testu hau hara garamatzan aztarna gisa uler dezazkegu eta alderantziz. Derridak dioen bezala, beraz, testu originala den txerto gisa ulertzea proposatzen dut artikulua.

3 Artikulu honetarako Akalek 2010ean argitaratutako gaztelerazko itzulpena erabili dugu.

4 Artikulu honetarako Siglo XXI-k 2009an argitaratutako gaztelerazko itzulpena erabili dugu.

5 ZEN plana barne ministerioko Estatu segurtasunerako zuzendaritzak sotu eta argitara eman zuen 1983an. Atal batzuk konstituzioaren aurkako deklaratu baziren ere, plan horretako planteamenduek aurrera egin dute eta gaur eguneko politikan inoiz baino biziago daude oraindik, aurrerago ikusiko dugun bezala.

6 Artikulu honen oinarrian oraindik idazten nabilen eta Kanonaren gaineko nazioaz izenburu behin behineko izenburudun testua dago. Bertako ikerketen ondorio dira ahapaldi honetan aipatutakoak. Artikuluaren luzera baldintzengatik ezin izan dut alderdi horretan gehiegi sakondu, baina posiziook txanpon beraren aurki eta ifrentzua osatzen dutela esango nuke.

7 Ararteko, “Herriaren defendaitzailea/Defensoría del pueblo”k horrela definitzen du bere burua: “Es la Defensoría del Pueblo u Ombudsman del País Vasco. […]El Ararteko es el alto comisionado del Parlamento Vasco para la defensa de los derechos de las personas en relación con las actuaciones y políticas públicas de las administraciones públicas de la Comunidad Autónoma del País Vasco. […] El Ararteko es una institución independiente e imparcial” (Ararteko, 2011, web).

 

Bibliografia

–       AGAMBEN, Giorgio (2006): Homo sacer, el poder soberano y la nuda vida, Valencia: Pre-textos.

–       _ (1998): «¿Qué es un campo?» in Artefacto. Penbsamientos sobre la técnica. nº2, 51-55.

–       ARARTEKO (2011): Qué es Ararteko? [2011/03/24] ≤ http://www.ararteko.net/s_p_9_final_Principal_Listado.jsp?seccion=s_fdes_d4_v1.jsp&codbusqueda=1&language=es&codResi=1&codMenuPN=1&codMenuSN=4&codMenu=5&layout=s_p_9_final_Principal_Listado.jsp ≥

–       _; INSTITUTO VASCO DE CRIMINOLOGÍA (2009): Atención institucional a las víctimas del terrorismo en Euskadi, Vitoria-Gasteiz: Ararteko defensoría del pueblo.

–       AZURMENDI, Joxe (1999): Euskal Herria krisian, Donostia: Elkarlanean.

–       BENJAMIN, Walter (2007): «Critique of violence» in Demetz P. (ed) Reflections. Essays, Aphorisms, Atobiographical Writings, New York: Shocken Books.

–       BHABHA, Homi K. (2008): The location of culture, London: Routledge.

–       CENTRO DE ANÁLISIS y PROSPECTIVA (2010): Notas, [2011/03/24] ≤http://www.guardiacivil.org/quesomos/organizacion/organosdeapoyo/gabinete/cap/nota01-28.jsp#p ≥

–       DEAN, Mitchell (2007): Governmentality, power and rule in modern society, London: SAGE Publications.

–       DERRIDA, Jacques (2007): La diseminación, Madrid: Fundamentos.

–       DIRECCIÓN DE LA SEGURIDAD DEL ESTADO, Ministerio del interior (1983): Plan zona especial norte, Madrid: Gobierno de España.

–       ERTZAINTZA (2011): Web antiterrorista, [2011/03/24] ≤http://www.ertzaintza.net/public/wps/portal/antiterrorista≥: Eusko Jaurlaritza.

–       FOUCAULT, Michel (2009): Vigilar y castigar, nacimiento de la prisión, Madrid: Siglo XXI.

–       _ (1999): «La ‘gubernamentalidad’» in Estética, ética y hermeneútica, obras esebciales Vol III, Barcelona: Paidós. 175-199.

–       _ (1999a): «Nacimiento de la biopolítica» in Estética, ética y hermeneútica, obras esenciales Vol III, Barcelona: Paidós. 209-217.

–       GALFARSORO, Imanol (2008): Subordinazioaren kontra, Iruña: Pamiela.

–       ROSE, Nikolas (1998): Inventing our selves, psychology, power, and personhood, Cambridge: Cambridge University press.

–       _ (1991): Governing the soul, the shaping of the private self, London: Routledge.

–       _; MILLER, Peter (2008): Governing the present, administering economic, social and personal life, Cambridge: Polity press.

–       SPIVAK, Gayatri C. (2010): Crítica de la razón poscolonial. Hacia una historia del presente evanescente, Madrid: Akal.

–       VAZQUEZ, Francisco (2005): «’Empresarios de nosotros mismos’. Biopolítica, mercado y sobernía en la gubernmentalidad neoliberal» in Ugarte J. (Ed.) La administración de la vida, Valencia: Anthropos. 73-103.

–       WILLIAMS, Raymond (1983): Keywords. A vocabulary of culture and society, New York: Oxford University press.

–       ŽIŽEK, Saljov (2009): Sobre la violencia. Seis reflexiones marginales, Barcelona: Paidós.

–       _ (2007): En defensa de la intolerancia, Madrid: Ediciones Sequitur

(Galdakao, 1984) Euskal filologian lizentziatua. Literatura konparatuan masterra Universitat Autònoma de Barcelonan. Filosofia Garaikidean masterra bukatzen ari da orain, 452ºf aldizkariko zuzendari eta erredakzio kontseiluko kide lanetan dihardu, eta Literatura eta identitate kontuak jorratzen ditu.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. Bikaina, Ibai.

Leave a Reply