Berri Txarrak: Kapitalismoa euskal balioekin (Argia 2011-07-31)

By • Jul 29th, 2011 • Category: Azterketak eta Azalpenak

ARGIAko artikulua

Nazkatzeraino erabili dugu Zizeken txokolatezko laxantearen metafora, jabetu gabe sudur parean genuela aplikazio lokala. Sinpleki azaldua, txokolate laxantearen irudiak adierazi nahi du zerbait definitzen duen hori bera gabe eskaintzen zaizkigula produktu, jarrera edo keinu asko. Hesteak idortzen dituen txokolate zaporea du libratzen laguntzen digun botikak. Errebeldia zaporea du despolitizatzen gaituen musikak.

Eric Hobsbawm historialari marxistak zioenez, urrezko aroko “egitate politiko ikusgarriena, bereziki 1960ko eta 1970eko hamarkadetakoa, adin-klaseen mobilizazioa” izan zen. Horren ondorioz, “diskogintzak diru irabazi izugarriak sortu zituen politizazio gutxien zuten herrialdeetan”. Diskogintza hori rockari lotu zen bereziki eta aisiaren industriak “14-25 urte arteko gazteei ekoizpenaren %75-80 saltzen zien”. 80ko eta 90eko hamarkadetan punk eta hardcorearen mundutik merkatua kritikatu eta alternatibak eratu ziren do it yourself! eta bestelako mugimendu batzuetan. Halere, 90eko hamarkadan argi zioen Negu Gorriakek: Rock&Rollaren industrian askok “atera dezagun dirua kaosetik” zuten goiburu.

Edozein kasutan, defini ditzagun, beste aldagai nazionalen aurrean, euskal balioak lituzkeen kapitalismoaren nolakotasun batzuk. Beste garai batzuetan euskal kapitalismoa Leon XIII.arekin eta kooperatibekin lotuko genuke; gaur egun, adibidez, itxurazko errebeldiarekin. Aurrez ezarritako dezibelio, hitz, itxura eta aurpegi keinu ustez apurtzaileekin performatzea eta bien bitarteanRoadbroker Recordseko katalogoko talde bat gehiago izatea –zeina berez Warner Music Groupen beso bat den, 56 milioi dolar garbi irabazi zituen 2009an–. Euskal kapitalismoan, babes sinboliko moduan autoekoizpena egiten duten egitasmoak zinikoki aupatuko lirateke (“YOU do it yourself, keep on guys beeing authentic, I prefer being radical chic and alternaVIP”), gezurra badirudi ere, sorkuntzaren autonomiak, autokudeaketak eta autoeraketak eremu aberatsa izan baitu gurean, musikaren inguruan batez ere: Esan Ozenki, Metak, Talka, Bidehuts, Y las ardillas mágicas (Kerobia), Jo Ta Ke ekoizpenak, eta abar.

Balizko euskal balioen forma bortitza da –Sadetik hona boteretsuak soilik gauza dezake arau-haustea, Polanski eta DSK transgresoreak dira–. “Puta Barcina!” esanaz eztarria zartatzea Nafarroa Garaiko gehiengo antiUPNarekin iraultzaileki bat egitea da (UPNko gehienak ere oso antiUPN dira). Beste ezaugarri bat hizkuntza indartzea da: euskaraz ere star izatea dago. Baina funtsean, uste dut apaiz gutxik proposatzen dutela gaur egun latinez egitea meza. Rockak tokian tokiko hizkuntzetan behar du izan.

Ideologiarekin jarraituz, errebelde apurtzaileek –irrati formulen dinamiken alde– shitty music edo euskaraz esatearren, langileriaren-gehiengoak-entzuten-duen-popa-eta-haien-tabernak, errotik kritikatuko dituzte. Argudio musikal bat bera ere eman gabe mespretxatuko da shitty music-a: “noiztik da zaborra hemen dibertigarri?!”. Total, jabetzeko VI-VII-I, I-III-IV, II-V-I eta abarreko akorde segida berak egiten dituztela Shakirak eta Berri Txarrakek, eta hitzen gama ezberdina eginda ere, bigarrenaren ukitu depresibo eta kastrantea kenduta, nahiko antzekoak direla mundu proiektuak: “Ospea edonola”. Musika aisialdia besterik ez da, denak berdin jarraitzearen aldeko tresna bat gehiago, eta, haustura birtuala antzeztean, lilura bikoitza. Batak onomatopeiak ditu, besteak “ouo”, “uoo”, “ooo” eta sistema bokalikoaren bestelako erabilpen minimalistak.

Aitagura laxanteak, adibidez, wattioz jositako mikro batez proposatuko dio milakako masari liderrak gaizki daudela: “leaders are very txarrak (naughty leaders!)”. Leader anti-leaderra: txokolate laxatiboa berriz ere. Kapitalismoa italiar balioekin defendatzen duen Berlusconik ere autoritatea autoderrisioz higatzen du: “ez da egia adin-gabeko putak dioena, eta epailearen aurrean erakutsiko dut zakila tente jartzen zaidala!” (kasu ez naiz Berlusconiren erekzio-gaitasuna Berri Txarrakekoenarekin alderatzen ari). Bitartean militarrak bidaltzen ditu tren geltokietara bortxaketak ekiditeko aitzakiarekin.

Edo abestuko ditu maitemin askatzailerik gabeko maitasun kantak, “uzkia miazkatzea” iraina izango da, adibidez. Euskal balioetan gauza bat dago garbi: konpromiso poetikoa lekuz kanpo dago, eta poesiaren nozio minimoak saltatuko ditugu punk izpiritua aldarrikatuz. Ez ahaztu 90 minutuko showagatik orkestrako musikariak –edo ertzain batek– urtebetean irabazten duena eskatzea. Lantzean behin elkartasun kanta bat eginda bekatu soziala kitatuko da: karitatea, pozoiaren dosia pixka bat arintzen denekoa.

Arazo bakarra ikusten diot kapitalismo mota horri eta da anglosaxoi ereduaren oso antzekoa dela promozio kanpainan: musikari buruz hitz egiten ez duten musikarien kasu misteriotsua. Musikari buruz baino, salgai fetitxeei buruz berba egitea gurago duten musikariak. Aberats berriak haien kotxearekin nola: gitarra berria, bateria berria, teknikariaren curriculuma, birako hiriak. Irudipena dut egungo pop-rocka ehungintzaren eskaparatea besterik ez dela, musika gutxienekoa dela.

Euskaldunon kontsumo ohiturak aldatzeko tenorean, oroitaraziko zaigu ez dugula ideiarik musika anglosaxoiaren azken 30 urteei buruz –musika orduan eta han hasi zen–. Umiltasuna, beraz, eta autokritika, jainko ateoak zatzaizkigutela mintza. Ezjakintasun subordinatutik, onartzen dut hamarkada batez izan naizela Berri Txarraken zalea. Edozelan, ez nituen gertu musikaren analisia eta afera ekonomikoaren bisturia. Gaur, badakigu ez dagoela korrelazioarik Harkaitz Canoren arte ekoizpenaren eta zabalkundearen artean. Presentzia musikalean presentzia literarioan gertatzen den antzekoa gertatzen da, prentsa musikalaren nolabaiteko omertá susmagarri batekin: ez dago iragazkirik. 2005ean Asier Leozek Laboaren Xoriek 17ri egin kritikatik ez da disko txar bat egon euskal musikan, denak izan dira hobeak, bereziagoak, landuagoak, nazioartekoagoak. Deshazkundearen teoria ez aplikatu pop-rockaren industriari.

Errendizio sozialen garaian ez ginateke prest izan beharko askatzaileak ez diren produktuak askatzailetzat jotzeko. Tenore onean Willis Drummond entzuten jarraituko dut inongo Epic problemik gabe. Ez dugu “musikarekiko” errespetua eskatzen duten izarren karitatea behar.

(Iruña 1986). Biolinean eta Itzulpengintzan lizentziaduna. "Suzko Lilia" (Susa 2008) poema liburua eta "Ihes Ederra" (Alain Urrutiarekin batera, Alberdania 2009) irudi-eleberria argitaratu ditu. Zergak kendu ostean 684 eurokoa da bere hileko soldata.
Email this author | All posts by

10 Responses »

  1. Arazoa Berri Txarrak musika taldeak diskoak multinazional batekin kaleratzen dituela bada eta diozunarekin kontsekuente izan nahi baduzu hasi zaitez etxean dituzun disko gehienak leihotik botatzen. Ah, eta hortzetako pasta, ordenagailua, jateko duzun ia guzia, komuneko papera… azken finean leihotik bota beharko duzu leihoa bera ere.
    Barkatu Hedoi, baina gaur egun PSOE, PP edo UPyDn dauden askok iraultzaileetan iraultzailearenaren pulpitutik 60, 70 eta 80. hamarkadetan ezker independentistari egiten zizkioten kritiken kutsua hartzen diot zure artikuluari.

  2. Ieupa, Hedoi, zeintzuk dira ba, kapitalismoan, askatzaileak diren produktuak?
    Bai, kapitalismoan bizi gara, klaro daukagun gizartea zein testuingurua kapitalista da, klaro baietz. Ez ahaztu 90 minutuko showagatik orkestrako musikariak –edo ertzain batek– urtebetean irabazten duena eskatzea. Bai, Kapitalismoan bizi gara! Eskaintza/eskaria+zaletu/bezero kopuruaren merkatuan. Grazia eman zidan, batek esaten zuena, atzokoan, alegia, askok pentsatzen badute genio zarela, de facto zarela. Ba, bai halaxe omen da. Bai makroan, zein gure mikroan. Gurean ere zenbat genio ditugu, ba asko denok ezagutzen garelako. (Oilar toki txikiegia?)
    Dena den, iruditzen zait, Zizeken txokolatezko laxantearen adibide arinegia, erabili duzula. Azalduko naiz jarraian. Alegia, ez al da Zizek bera, ondoko premisa erabiltzen ari: “kapitalismoaren plataforma erabiliko dut, aberats egiten naizen bitartean nire ideak-bio-doku-tabarren bitartez zabaltzeko”. Beste era batera ez al da propaganda egiten ari diskurtso baten barruko framing.a nahizta izan kapitalista ia bere osoan? Bai, Unairekin zein Zizekekin nago, biolentzia objektiboa da. Leihotik bera salto eginda ere, esnatuko zaren topos-a izango da, kapitalista.
    BerriTxarrak taldeak ere uste dut horixe egiten duela musikaren bitartez. Metodoa gaizki dago?Copyleft egin behar luke?Multinazional batekin barik bidehuts disketxeagaz egon behar litzateke? MusikHerriagaz atara behar lituzke diskoak¿ Gernikako astran dvd.ak grabatzen barik, kafea ta gailetak moduko ekimenetan egon behar litzateke. Akaso… baina non dira, kapitalismoan baldintzak guzti hori bideragarri izan dadin?
    Bagara aldiz, bakoitzak bere funtzioa betetzen dutenak pentsatzen dugunak, argi ilun bako iraultzarik ez dagoela pentsatzen dugunak. Segi-tuko dugu ba, argia ikusten duzuenoi, zure ta beste askoren liburuak erosten nahiz ta soldatarik izan ez. Mekatxisss, hor ere atzetik nabil, nere kasuan ezin dut jarri zenbat irabazten dudan-kauen rosss! Ai ze pena, libururik ere ez dut, idatzi. Enei maria santizima, ez naz Sautrelan agertu inoiz. Jopeelass! Ez dut Argia idazzzten. Bardin- bardin jat, erre nazatela sutan.
    Hobsbawm historialari marxistari barik(egon nintzen gutun zurian be, adur darixola zegola bere hitzaldixa entzuten) oin dela urtebete justu, eztabaida earrak izan genituen gure mikro-kosmo lokalean, Lekitton, bai UEUTik punk ikastaroak antolatu genituen. Han izan ziren Gorka Urbizu ta beste asko. Berak bere iritziak eman zituen zuk, Argian eman dituzun moduan. Baina egia esan ez musikan bakarrik, ezta bere banaketarako formuletan bakarrik, harago doan autoeraketa kontzeptua dugu, bai( J.Sarasuari -oin dela aste batzuk UEUko auzolan ikastaroan- beste batzuek, earki gogoratu zioten moduan, ez dela berak asmatua, zea, autoeraketarena).
    Beraz, batzuek bibolina jotzen dute ta beste batzuok baxua…ta? “Lantzean behin elkartasun kanta bat eginda bekatu soziala kitatuko da: karitatea, pozoiaren dosia pixka bat arintzen denekoa.” Ba, bai, hobeto horixe hutsa baino. Alegia, horretan dirua biltzea lortzen da, preso daudenei zein senideii laguntzeko adibidez. Beraz, bai, bakoitzak bere funtzioa betetzen du.(ta bai, Zizek irakurri dut, nahizta berakin argazkirik atara ez)
    Diozu: “ez da disko txar bat egon euskal musikan, denak izan dira hobeak, bereziagoak, landuagoak, nazioartekoagoak.” Gorka Urbizuk zioen, 2009ko Abenduaren 6ko ARGIAko alean, 18garren orrialdean: “Euskal Herrian apenas daukagun kritika musikal seriorik. Batzuek halako protekzionismo abertzale bati men, etxean kaleratutako guztia ontzat emateko joera nabarmentzen dute”. Diozu: Ez dugu “musikarekiko” errespetua eskatzen duten izarren karitatea behar. Diot: Bueno, akaso zuk ez, baina ekimenak antolatzearen ondoriozko dirua jaso nahi dugunok, bai, ta diru horrekin askatasuneran alde lan egin duten ezkerreko independentistei laguntzeko bada ba batzuok bai, izarren karitatea beharrezko dugu, oraindik orain. Zorionez edo zoritxarrez. Baina hori beste eztabaida bat da.

    animo ba!

  3. onartu beharra daukat izenburua irakurri orduko pentsatu dudala, azkenik, Berri Txarrak taldeari kritika gordin bat! baina, irakurri bezain laister Unaik zein Ibanmusik-ek jaurtitako kritikak etorri zaizkidala niri ere burura. poztu nau baten batek gure herriko “pop” (formula sinple eta popularra) talde nagusiari kritika egin izanak; poztu nau, baita ere, Shakiraren parean jarri izana, horrelaxe ikusten baititut nik ere (eztabaida luzea izan zitekeen hori ere). bejondeizula! baina, ikuspegi estetiko-kultural batetik egindako kritikaren batekin bat etor banaiteke ere, uste dut, bestelakoetan boomerang efektupean itzuli ahal zaiola Hedoiri. izan ere, dilista nihilisteekin jolasean dabilen poetaren ibilbideari ere baten batek antzerako kritikak egin diezazkioke bere poema bildumak izandako marketing kanpaina ikusirik (Ibanmusik-ek ederki ere markatu du bidea). modu batean edo bestean, zuzenak izan edo ez, eskertzekoak dira holako kritikak.

  4. Betiko kontraesanak, betiko eztabaidak “underground musikalean”, saldukeria eta purutasuna. Bada, jakin nahiko nuke nor dagoen (nortzuk dauden) joko kapitalistatik kanpo. Jakintsuak argi nazala, mesedez.

    Agian Willis Drummond hoiek izango dira autentikoak, edo Zizek (honek zein taldetan jotzen du? zeren hori da falta zaiona). Edo aipatzen diren Negu Gorriak. Kritiko maltzur batek, T-4aren karira, aurpegiratu omen zion Kapitan Euskadiri nola sartu zitekeen kondenen jokoan gatazkak jaten eman dionean bizi osoan zehar.

    Shakira eta Berri Txarrak ezin dira konparatu puntu jakin batean. Jokatzeko moduan, neurri txikiago edo handiago batean, biek ala biek kapitalaren arauak jarraitzen badituzte ere, hitzetan zeharo desberdinak dira. Musikaz bizi (izan) diren bitartean hainbat taldek kontzientziak piztu dituzte, dozenaka liburu filosofiko-iraultzaile baino gehiagok seguruenik. Gustatuko litzaidake bestelako filosofia batekin (do it yourself, autogestioa, etb…) musika taldeek oihartzun handiagoa izatea, baina ez daukat argi hori posible den ala ez eta entzule lokartuarengana musika/mezua helduko den. Agian entzuleak heziketa bat behar du eta heroiak (hots, kantari eta kitarjoleak) sinbolikoki hiltzen hasi. Norbaitek serioski pentsatzen du abeslari horrek iraultza egingo duela edo Che berria dela? Gutxi dira kasuak, baina gurean badira salbuespenak zirkuito komertzialetik at, bide batez. Eta bai, Baskongadetako irrati-formula mesprezagarria da oso, zigiluak antzera dirudienez, baina euskal talde “handia” izateko ia-ia beharrezkoa da bertan agertzea. Horrek eman behar du ere zer pentsatu. Horrek eta hainbat erakunde/eragile herrikoi eta iraultzaileek nola erreproduzitzen dituzten eskema kapitalistak (gero EITB gau eta egun kritikatzeko). Noski, horiei erasotzea gatzagoa da talde baten aurka aritzea baino.

    The Clashek argia sartu zuen hainbat burutan baina punki batzuk eraso egin zieten, saldu omen baitziren haien ustez. Bitxia izan behar da oso iraultzari abestea Brigate Rosseren elastikoarekin mantsio batean bizitzea erdiesten duzun bitartean. Evaristok erantzungo lidake: “eres puro y buscas la pureza pero como tú no hay tres”.

    Kontrakoa ematen badu ere, ulertzen dut eta neurri batean konpartitzen dut kritikaren funtsa. Gainera, ez naiz Berri Txarrak enpresaren zalea (bai, soldatapekoak dituzunean enpresari bihurtzen zara) eta bosta axola zaidalako taldea.

  5. Epa Iban,

    Iraingarria iruditzen zaigu parekatzea multinazionalak vs. Bidehuts edo Musikherria, alde batetik, eta Astra vs. Kafea eta galletak, bestetik, lehenengo kasuan multinazionala zenaren ordez Astra jarrita. Astra gune autogestionatua da, Bidehuts, Musikherria eta Kafea eta galletak bezalaxe, eta proposatzen duen proiektua ezin da urrunago egon multionazionaletatik.

    Bestalde, Argian idatzi dugu gaiari buruzko gure iritzia: http://www.argia.com/argia-astekaria/2287/berri-txarrak

    Besarkada bat,

    Leire eta Ibon

  6. Egunon, Leire eta Ibon.
    Irakurri dot zuen iritzia, miresten zaituztet! (badakizue-baldintzat sortzearen aldeko naizela)
    Ez da izan ba, nire helburua iraintzea. Arrazoiketa batekin erantzuten saiatu naiz HEDOIri. Barkatu ba, irainak izan dirala uste izan baduzue( helburua beste bat izan da).

    Ez dauka ez hanka ez bururik, ni neu, neure ekintzen kontra diskurtsoz irainak botaten ibiltzeak.

    Badaezpada,

    1.Astra estimuan daukadan ekimena da. Tartean Parte Hartuz taldeko kideak, kasu horretan, egindako lana behintzat, ona izan dela deritzot.
    2.Kafe eta Gailetak, ekimen potentea iruditzen jat jaiotzatik bertatik. Beti ikusten zaitudan bakoitzean gogoratzen dizudan bezala.
    3.MusikHerriaz ze esan, ba hasieran han izan nintzala, alegia, sortzeko momentuan, zorionez ni kalean naiz & beste batzuk ez. Gogoan ditut hainbat ta hainbat batzar, masiboak zirenak, kukutzan & Euskal Herriko hainbat gune autogestionatutan.

    “pozten gara artikuluak euskal mainstream-ari buruzko eztabaida sortzeko balio badu”
    Baitxa neu be, pozten naz.
    Ia ba, behingoz, eztabaidan beharrezkoetan hasten garien…

    Inaxio adiskidearen jo-puntua gustatu jata:
    “Zuzenean jotzeko 10.000 euroko “katxea” eskatzea bai ez datorrela bat musikaren alde egitearekin. Urteak atzera ondo bizi baziren 5.000 kobratzen, bikoitza eskatzea lekuz kanpo dago. Hori bai dela kritikatu daitekeena. Gainera, Euskal Herri mailan horrelako hainbat talde daude, eta ez dute multinazionalekin sinatu.”

    Bote-prontoko(lasterreko) ideia bat,

    Mintegi, eztabaida, kalaka, hau posible litzateke…abid. gune fisiko batera eramatea ta bakoitzak bere alternatibak mahai gainean(argi-ilunak) jarrita, ekarpen edo hausnarketa kolektibo bat egitea? Inor animatzen da, nirekin batera antolatzen? Bestela kritikak haizeak eramaten ditu….

  7. Bueno, hasteko aipatu zure ideia oso ona iruditu zaidala, eztabaida mamitsuak izango lirateke oso.

    Bestalde, artikuluari buruz… Biblian, edo antzeko liburu erlijioso kristauren batean (uste dut, ezjakitun erlijiosoa bainaiz, eta ez, ez nago harro..) esaten den bezala, ‘quien esté libre de pecado que tire la primera piedra’, izan ere, kapitalismoa oso birus kutsakorra baita. Egia da baita ere, horrek ez diola berez zure kritikari baliorik kentzen, eta hemen beste esaera erdaldun batekin indartuko dut ideia, amamak etengabe errepikatzen zidan ‘mal de muchos consuelo de tontos’ horrekin hain zuzen.

    Lehenengo, uste dut gauzak nahasten ari zarela. Gauza bat da musikaren kalitatea eta beste bat, musika horren egileen kapitalismoaren larritasun maila. Bai, egia da, kontu hauek ez dira guztiz independienteak, baina zirujauaren perfekzioz aztertzea komeni dela uste dut, kultura eta, finean inguratzen gaituen guztia suntsitu nahi ez badugu behintzat. Berri Txarraken musika ona edo txarra den, horretan ez naiz sartuko… zer da artea? eztabaida luzeegia da…soilik galdera bat botako dut horren kontura: benetan onak direla pentsatuko bazenu, ez litzaizuke hain gaizki irudituko show bakoitzarengatik hainbeste kobratzea?

    komertziala dela? Ba bai, uste dut hori nahiko argia dela. Baina zer dator lehenago, arraultza ala oiloa? Zer ez da gaur egun komertziala? Alternatibismoa, alternatiboa izateagatik, orijinala bere orijinaltasunagatik, arraroa dena masan deigarria izateagatik etab. Euskal Herrian Su Ta Gar garaiak egon dira, La Pollaren garaiarekin batera. Estiloak eurek komertzializatu zituzten ala komertzial izatea erabaki zuten? Ez da benetan hain garrantzitsua… baina badakigu masaren ezaugarri masa izatea dela… ez dakit explikatzen dudan neure burua. Errazagoa da figura bat kritikatzea pertsonak kritikatzea baino, zeinek dauka erru handiagoa, Athletic-ek, bere jokalariei ordaintzen diena ordaintzeagatik, adibidez, edo bazkideek, urtero euren poltsikoa klubaren alde husteagatik? Adi bagabiltza, ez da zaila ikustea zeinen hipokritak garen danak, esparru batean ez bada, bestean izango da. Eta okerrena, batzuek ezin dugu sikiera karitatez jokatu, figura hori falta zaigulako. Inork ez du makrokontzertu baterako sarrera ordainduko ni ikusteko, baina, hara, Berri Txarrak ikusteko asko daude prest, ordainduta bada ere.

    Modan dagoena ez da berez txarra. Dena dago modan orain, dodekafonismoa kenduta, agian. Ezberdintasunaren nota, hori da modan dagoena. Antimoda, dago modan. Eta zer? Horrek ez du esan nahi dena kaka denik. Baina bueno, gaitik aldentzen ari naizela uste dut.

    Gogoratzen dut RATM talderi kritika ugari egin izan zitzaizkiola Sony-rekin grabatzen zutelako. Abeslariaren erantzuna izan zen, gutxi gora behera, euren mezua ahalik eta gehien zabaltzeko platarfomarik handiena erabiliko zutela, eta horretan arazorik ez zeukatela. Kapitalismoak erabiltzen bagaitu geure aurka joateko, zergatik ez kapitalismoa erabili kapitalismoaren beraren aurka? Prostituzioaren metafora oso errekurrentea da kasu hauetan, baina zergatik da ba gaitzesgarria prostituzioan lan egitea, hau borondatez egiten bada? Non dago kapitalista izatetik libratzen gaituen muga? Zein puntutaraino da ekologista eta etikoa lerro hauek idazteko erabili duzun ordenagailuaren fabrikazioa? Erdi mailako langilea izateak ez nau ez kapitalista bihurtzen, Berri Txarrak kapitalista baldin bada. Nik ere erru asko dut. Eta zuk. Eta ondokoak. Denok parte hartzen dugu sistema honetan, eta bai, denok diot, era batean edo bestean, neurri batean edo bestean. Eta hori noraino den gaitzesgarria… bufff! Gai konplikatua da gero!!

    Ez dakit argi zerbait esan dudan, baina tira, hor geratzen da nire txapa, irakurri nahi duen edozeinentzako.

  8. Ahaztu dut esatea honekin ez dudala Berri Txarrak erru oroz libratu nahi, ezta neure burua ere, esan nahi nuena da, bakoitzak egiten duen esfortzua, txikia dela ere, beti dela esfortzu eza baino hobea. Nik ez dut Koka Kolarik edaten eta Berri Txarrakek mezu bat zabaltzeaz gain (bere letrak benetan entzuten dituztenen artean) batzuetan, karitatez ere jokatzen du… ez esan jaten ez duen umeari karitatez mundua ez dela konpontzen.

  9. Txokolatea eta Laxantea
    Badaude hamaika bide adibide hau hartzeko, baina nire ustetan, musikaren doinuarekin soilik geratu da Hedoi artikulo honetan eta ez du letraren esanahia ongi ulertu.
    Demagun baietz, Berri Txarrak edo beste talde “euskaldunek” ahal dutela bere “autoekoizpena” aurrera atera. Demagun posible dela, nora eta AEBetara, gira bat antolatzea. Hedoik eskatzen duena aldiz kapitalismoari laxante faktorea gehitzearen kontrako kritika da eta auto-eraketa hauek guztiak kapitalismoak eskatzen duen prezioari muzin egitearen eskakizunarekin nahasten da. Ez salmenta erraldoirik, ez irabazi gehiegikorik, ez famatu unibertsalik, etab. Alde batetik, botatzen duen kritikan guztiz zikintzen da bere argumentua, ezin bait da sistema kapitalista kapitalista izateari uztearekin uztartu.Pentsatu dezagun momentu batez zertan dauden Sonykoek RATMekoak kontratatzen dituztenean. Kontraesanean bai, laxantearekin bai, baino kapitalismoan, noski. Berri Txarrak taldeari eskatzen diona da kapitalismoari laxantea jartzea bezela. Zizek ongi irakurri eta ulertu izan balu jakin beharko luke, Zizekek ez duela laxantearen agerpena kritikatzen, baizik eta laxantearen agerpena dela kapitalismoaren beraren reafirmazio bat. Karitatea den bezela kapitalismoak sortzen duen kontrapesa.
    Bestetik, balio euskaldunen afera dator. Norbaitek esango lukeen bezela, Hedoi “ipurterreen” sindromeak jota ikusten dut, guztiz. Badirudi badaudela hor nonbait euskaldunak soilik diren balioak, hezkuntza eta tradizio milenarioak eskeinitako herentzia singular baten moduan transmitituak direnak modu genetiko batean, kasik. XXI mendeko hegemonien geopolitikan, badaude oraindik Asterixen txokoan pozima soila eta bakarra dutenak. Badituzte bere hizkuntza bakana, kutsatugabea, beren kantari eta bertsolari orojakileak eta beraien intelektuak inpartzial partzialak, egokituak alegia. Ez dut ikusten zertan den Berri Txarrak taldea euskal balioen transmisioetan agente. Izan zitezkeen aldiz subordinatuaren eta subalternoaren diskurtsoan kokatzea, baino zaila ikusten dut “euskal balioen” kokatzea.Alegia, Eskorbutokoek balioen inguruan zuten jokaera, lirika eta estetika (zentzu zabalenean) aipatu izan balira, ulertuko nuke. XXI mendean, euskal balioen afera lekuz kanpo ikusten dut.
    Bukatzeko, Hedoi beraren mini-biografia aipatzeko erak psikoanalisiaren tratatu baterako ematen duela azpimarratu nahiko nuke. Lehenik eta titulitisaren aldarrikapenean zehatztasun osoa, ondoren hileko solldataren bidetik iraingarritasun zukua ateratzeko ahaleginarekin bateratuaz. Hau da, lehenik kapitalismoaren meritokraziaren aldarrikapena, ondoren 684 euro laxatiboa aipatzeko.

  10. Hedoi Etxarteren artikuluaren irakurketa bukatzean, munduko pertsonarik ergelena sentitu naiz.

    Oraintxe ohartu naiz, herrian betidanik eduki dudan ixtudiante fama engainu ustel bat besterik ez dela izan. Orain duela urte dexente Otto Pette irakurri nuen oso-osorik, baita ulertu ere -bueno, egia esan, gehiena- eta, friki alua ni, gozatu. Orain badakit dena fartsa bat izan dela. Gainera, Berri Txarrak rock talde bikaina iruditu izan zait beti, traizioak traizio. Willis Drummond ere mundialak iruditzen zaizkit.

    Orain serio: Ez ditut filosofiaren arloan dabilzkizuen lanabesak behar bezala ezagutzen, aitor dut. Desio nuke, Zizeken pentsamendua errazki dastatu ahalko banu, bere paraboletatik harago. Ez naiz afizionatuaren mailara ere iristen. Sine die, irailerako zintzilik daukadan ikasgaia da.

    Hala ere, nire limitazioez jakitun naizelarik, uste dut badakidala -edo orain arte hala uste izan dut behintzat- zein diren testu bati eskatu beharreko koherentzia eta kohesio arauak. Badakit ideia bakoitzak bere garapena behar eta merezi duela testu baten barnean. Orain DBHn erakusten diren gauza horiek…

    Horretaz gain, literatura-kritikari profesionala ez izanagatik ere, gusto txarreko zakarkeria eta umore zorrotza bereizteko gauza naizela uste dut. Ez naiz eruditu bat, baina bai dexente irakurritakoa.

    Arestikoa kontuan harturik, eta oraindik nire irizpideez fiatzen naizenez gero, goiko testu hori sasiintelektual inpostore batek inongo ordenik gabe jaurtitako boutade bilduma indiskriminatu bat iruditu zait. Beharbada dauzkadan mugek pentsaarazi didate hori. Norbaitek argudio onak emanez gero, iritziz aldatuko nuke.

    Gabon pasa.

Leave a Reply