Arrastoa utzi duen pentsamendua. (Berria. 2011-07-21)

By • Jul 21st, 2011 • Category: Albistekaria

2011-07-21

Arrastoa utzi duen pentsamendua

Joxe Azurmendik Euskal Herriaren eraikuntza lanari egindako ekarpenaz mintzatu dira Beñat Sarasola, Imanol Galfarsoro eta Ekai Txapartegi Iruñean, UEUk hari buruz antolatu duen ikastaroaren amaieran.

Iker Tubia Iruñea

Beñat Sarasola, Imanol Galfarsoro eta Ekai Txapartegi, Joxe Azurmendiri buruzko ikastaroan. / LANDER FDZ. ARROIABE / ARP

Beñat Sarasolak, Imanol Galfarsorok eta Ekai Txapartegik itxi zuten, atzo, Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako eskoletan Joxe Azurmendiri buruz egin den ikastaroa, idazle eta filosofoak euskal pentsamenduan izan duen eraginaz mintzatuz. Astelehenean hasi zen ikastaroa, eta Azurmendiren pentsamendua eta obra izan dituzte ardatz. Jaso ikastolan egin zuten atzoko hitzaldia, eta Azurmendik euskal abertzaletasunari egindako ekarpena aztertu zuten. Hizlariek ez zuten ezkutatu Azurmendirekiko miresmena. Txapartegik esan zuen haren «apologia egile nagusia» dela, eta Mikel Laboarekin parekatu zuen. «Euskal nazioaren agertzeko modua azaltzen du», Txapartegiren ustez. Galfarsorok, berriz, esan zuen bere pentsamendua «Azurmendirenaren erradikalizazioa» dela.

Ekai Txapartegiren ustez, zaila da Azurmendiren pentsamendua zein den esatea. Izan ere, ez ditu bere hitzak erabiltzen. «Beste autoreak hartu, eta azkeneraino eramaten ditu». Hala ere, Beñat Sarasola ausartu egin zen filosofoaren pentsamenduaz mintzatzen. Liburuen azalean espainiar filosofoen aurka egiten badu ere, sakonean «perspektiba filosofiko oso interesgarria» dagoela uste du Sarasolak, eta Azurmendi dogmatismoaren aurkako pentsalaria dela. «Ilustrazioaren kritika egin arren, ilustrazioan sakontzearen alde egiten du». Dogmatismoaren aurkako jarrera azaltzeko, indarkeriaren aurrean Azurmendik azaldu duen jarrera aipatu zuen. ETAk eragindako biktimek indar handiagoa lortzearekin batera, eztabaida piztu zuen, bere aburua argi azalduz. «Hori jarrera ilustratua da, dogmen aurkakoa».

Ekai Txapartegi Azurmendiren estrategiari buruz mintzatu zen. Esan zuenez, filosofoa inguruarekin mintzatzen da, eta ez Akademiarekin. Bi aro bereizi zituen filosofoaren bizitzan. Lehenbiziko aroan, Euskal Herria altxatu eta eraiki nahi zutenekin ari dela uste du. «Eraikuntza solasaldi» gisa definitu zuen haren diskurtsoa, eta nazio eraikuntzarako «adreiluak» eskaini zituela esan zuen. «Hornitzaile» gisa definitu zuen, hau da, «lehenbiziko ilaran» zirenei ekarpenak egiten zizkiena. Bigarren aroan, berriz, euskaldunak «babestu» nahi izan zituen. Trantsizioarekin batera, Euskal Herria «asimilazio programa» baten barnean kokatzen zen, eta, «erasoari» aurre egiteko, programa horren ideologia biluztu eta ahuldadeak agerian utzi zituen. Volkgeist obran, adibidez, Azurmendik «ispiluaren jokoa» egiten duela azaldu zuen Txapartegik. Ideia sinplea da: euskaldunei egozten zizkieten ezaugarriak espainolek ere bazituztela agerian uzten ditu.

Hizkuntzaren eta nazioaren arteko harremanaz ere mintzatu zen Txapartegi. «Historikoki naturalena» dela esan zuen, eta nortasuna garatzeko «iturri ona» dela. Azurmendik ere nazioa hizkuntzarekin lotzen duela uste du. Hala ere, Txillardegiren hitzak erabili ditu filosofoak bere obran. Humboldt liburuan gehiago idatzi zuen hizkuntzari buruz. Akademian unibertsalismoa nagusi bazen ere, Azurmendik hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko harremana defendatu zuen. Txapartegiren aburuz, haren pentsamendua egun ez da isolatua.

«Gakoa desagertzea da»

Mahai inguruaren amaieran, Imanol Galfarsorok beste alde batetik jo eta Azurmendiren pentsamenduari buelta eman nahi izan zion. Horretarako, bere ideia garatu zuen, filosofoaren ideiatik abiatuta. «Gure helburua euskaltasuna desagertzea da, garaipena litzateke hori», esan zuen. Joseba Sarrionandiak merkatu kulturaren aniztasuna eta kultura aniztasun erradikala bereizten zituela azaldu zuen. Galfarsorok kultura aniztasunaren kudeaketa gaineratu zuen. Kudeaketa hori euskararen eskuetan egotearekin, euskaltasuna desagertuko litzateke. Izan ere, euskaltasuna ez litzateke bereizgarri izanen. Hor kokatzen du Galfarsorok euskal herritarren garaipena. Azaldutakoa «fantasia» dela onartu zuen, baina teorizatu daitekeela.

(Berriz, 1984) Filosofian lizentziatua. Jon Jimenez-ekin batera "Modernitatearen auziaz" (Jakin, 2009) idatzi du. UEUko Filosofia Sailburua 2 urtez izandakoa. Doktoradutza ikasketak bukatzen EHUrekin. Gara egunkarian iritzi saileko kolaboratzailea izan da. hAUSnART aldizkariko zuzendaria.
Email this author | All posts by

Leave a Reply