Gure egiak. Roberto Manjon (Berria. 2011-06-18)

By • Jun 18th, 2011 • Category: Albistekaria

BERRIA

2011-06-18

Gure egiak

Roberto Manjon

Hizkuntza normalizaziorako teknikaria

Ez dago egitaterik, interpretazioak baizik, eta hau ere interpretazio bat da» (F. Nietzsche). Jainkoa hil denetik, mundutik kanpo ez dago ezer, ez begirale pribilegiaturik, ez mundu objektiborik. Wittgeinsteinek zioenez (Tractatus), mundua nire mundua da; nire lengoaiaren mugak nire munduaren mugak dira; hortik kanpo ez dut ezer ulertzen, eta ez naute ulertzen; hortik kanpokoa metafisika da. Baina logosa soziala da, partekatua. Egia talde batean sortutako zerbait da, heredatutako pentsamendu baten barruan, tradizio batean kokatua, esperientzia komun batzuen arabera. Egia komunitarioa da, erkidego baten bidez bakarrik koka naitekeelako pentsamenduan, lengoaian, diskurtso edo narrazio partekatu batean, non (nire) mundua uler dezakedan eta (nire) munduak uler nazakeen. Historiak ez ezik, biologiak ere eratzen du interpretazioa. Egia zientifikoa ere, aldeak alde, ez da salbuespena. Ez daukat ezer esateko honekin ados ez dagoenari: ez daukat arrazoirik. Bejondeiola.

Egia bakar, unibertsal, metafisikoen atzean bortxakeria dago beti (G. Vattinok, 2010), menderatzen gaituen botere-sistema bat. Giza ekintza oro intentzioduna izanik, egiak interes jakinei lotuta daude. Estatua, Gizartea, Eliza… eratu, sendotu eta iraunarazteko, egia unibertsalak ezarri eta hedatzen dira. Horrela, nolakoak izan behar dugun esaten zaigu: gure morala, bizimodua, kultura, hizkuntza… Botere-sistemak egia sortzen du, gizaki eredugarri bat: gizaki ona, demokrata, otzana, espainiarra nahiz munduko hiritarra, komeni bezala. Zein da egia metafisikoaren azken xedea? Mundua, gu geu, efikaziaz menderatzea, ustiatzea… Esklaboak gara, tresna ekonomiko huts, ekoizle-kontsumitzaileak. Ez da txiripaz gertatzen. Batez ere Ilustrazioaz geroztik, Arrazoi teknikoaren ametsa gizartea guztiz antolatutako bat erdiestea da, zeharo arrazionalizatua eta efizientea, teknologikoa, globala. Sistemak gero eta gehiago behar du dimentsio bakarreko gizakia, mundua ikusteko modu bakar bat, egia unibertsalak.

Botere-sistemak, bere idealera hurbiltzeko, desberdinak hezi, asimilatu, berdindu behar ditu, basatiak, ezjakinak, gaizkileak, euskaldunak. Armak ez ezik, mezulariak eta gogo-antolatzaileak darabiltza lantegi horretarako: intelektual organikoak, politikariek, tertulianoak. Abadeen antzera, sasi idealismo batez aldarrikatzen dituzte bere egia metafisikoak, alegia, bizikidetza, elkarrizketa, aniztasuna, mundutartasuna, aurrerapena, indibidualismoa, askatasuna… Izan ere, sistemak, monoteista izanik, jainko bat du, Yahveh, Arrazoiaz mozorrotuta, murriztailea eta autoritarioa, egia bakarraren jainkoa, maitasunarena, ongia, aurrerapena, gizaki anizkunaren etsai. Haren inspirazioz egin izan dira genozidio kultural eta fisiko gehienak.

Horrenbestez, Egia mota guztiak amaituta daude? Erlatibismoa sapan dago, gizarte-dekadentziari dagokion gisan, kohesioaren galerak eraginda. Hortik datorren zemaia ez da egia metafisikoena baino apalagoa. Bakoitzak bere egia badu, denok gara etsai egiarik gabeko gizartean, ez baitugu egitasmo partekaturik. Horretara helduta, gizartearenak egin du: etsaia etxean daukagu. Antzinako hiriek kanpoaldean zeukaten harresia; orain hiri barrua dago harresiz betea. Egia komunik gabe, denon arteko gerla da patua. Hala ere, izan ahal dugu egia partekaturik? Bai, ezinbestean, baina ez gizartearenak, unibertsal-metafisikoak, komunitario-naturalistak baizik, ezen giza bizitzak noraezekoa baitu sinestea, konbikzioa, euskarri sinboliko sendoa, guztizko ziurgabetasuna jasanezina zaigunez, poeta postmodernoen laudorioengatik ere. Bizi-nahiak, botere-borondateak, egiak konkistatzen ditu. Egiak, bestalde, banakoez gaindi, erkidegoetan elkarri lotzen gaituzten uste sendoak dira, emozioz eta afektibitatez, identitatez, geure burua besteengan atzemateko bidea emanez.

Gure egiak sineste naturalak dira, bizitzaren oinarriei atxikiak. Horregatik, guretzat, funtsezko egia, gure bizi nahiari estuki atxikirik dator: bagarela sinestea. Beste egia guztiak ardatz horretan bilbatu behar ditugu. Gure egiak, ordea, ez dira unibertsalak ez humanistikoak. Gure Jainkoak (egia nagusien sinbolizazioa) ez dira moralistak, eta lurraren zentzuari estuki datxezkio. Bizitzaren jokoan, gure baliabide eta sentimendu guztiekin onartzen gaituzte, bai esanez bakea eta indarrari, maitasuna eta gorrotoari. Ez dute arrazoi unibertsalik aldarrikatzen; ez digute esaten besteen arima xurgatzeko, euren kulturaz jabetzeko, desberdinak akabatzeko, bortxaz asimilatzeko. Ez digute errieta egiten, premia izanez gero, inor jotzen badugu, baina ez gaituzte animatzen desberdinak akabatzera, besteen jainkoak suntsitzera. Horregatik, jainko desberdinak izatea onartzen diegu alboko herriei. Indarra premia edo arrazoi praktikoengatik balia genezake, ez legitimitate bategatik, ez moralagatik.

Geu gara gure historiaren egia. Egiak gure lengoaian daude, gure narrazio, diskurtso, hitzetan; ikusmira bateratu bat emanez, indartu egiten gaituzte bizirik irauteko. Konfiantza dugu gure buruaz, seguru gaude gutaz. Gure egiarekin gaude konprometituta, gure buruaz, gure tokiaz eta denboraz, gure iraganaz. Iragana beti dago gure egiari irekita, gure zerbitzura, etengabe zabalik gure interpretazio edo narrazio eraberrituei. Ondorengoek ere interpretatu ahalko dute. Horrela, gure heroiak sortu eta aukeratzen ditugu, historiaren gaineko gure ikuskera.

Kultura oro sinbolikoa denez, mitoz dago osatuta. Halatan, geure kulturaren alde egiten dugu, ez kultura unibertsal baten alde, ezta gurearen hedapena balitz ere. Mendeetan gabiltza independentziagatik borrokan, godoen aurka lehenago, eta bereziki, Nafarroako erresuma menderatuta historian nazio gisa egituratzeko aukera galdu genuenetik. Unea heltzen denean jakingo dugu independentziak orduantxe zer esan nahi duen. Nolanahi ere, ez diogu muzin egiten boterea eskuratzeari, bizi nahi baduenak borondate hori izan behar baitu. Baina boterea sortu, bildu, eskuratu, berreskuratzeko, gure egiak sortu, eskuratu, berreskuratu beharko ditugu (gure jainkoak, gure narrazioak, gure heroiak, gure historiak). Horretarako abangoardia bat behar dugu, inteligentzia bat.

Leave a Reply