Independentismoaren formulazio berri baterantz (Gara. 2011-06-12)

By • Jun 12th, 2011 • Category: Azterketak eta Azalpenak

GARAko artikulua (Gaurkoa)

Abertzaletasuna herri mugimendu soziopolitiko eta kulturala izan da, itotzen ari zen euskaldun herriaren erreakzio modu bat. Mugimendu horrek forma desberdinak hartu izan ditu, XVIII. mendetik hona naziotasuna definitzeko, eta definizio desberdin horietatik abiatuz, estrategia politiko bat ehundu eta garatzeko. Abertzaletasun horrek ezaugarri nagusi izan du, hastapenetatik gaur egunera arte, erreaktiboa eta esentzialista izatea; hau da, faktore objektiboak (arraza, tradizioa, historia…) azpimarratu izan dituela, irizpide subjektiboen (borondatea, kontzientzia) gainetik. Espainiar/Frantziar nazionalismo zanpatzaileen kontra eta herriaren biziraupenaren alde borrokatu behar zuen abertzaletasunak, eta, beraz, baliteke testuinguru horretan irizpide esentzialen defentsan aritzea logikoa izatea.

Bide horretan, Manuel Larramendi (1690-1766) apologistari euskararen eta abertzaletasunaren aldarrikapenak existentziaren zati handi bat jan zion. Ilustrazio berdintzailearen (eta Azkoitiko Jauntxoen) kontra, nolabait, eta Foruak pixkanaka eta mingarriro galtzen ari zituen herri baten testuinguruan ulertu behar da bere obra. Defentsa bat da, esaterako, hark egin zuen euskararen apologia nabarmena (aurreneko 72 hizkuntzen jatorrizko hizkuntza izendatu zuen euskara) eta euskal endaren aldarrikapena. Larramendiren (pre)nazionalismoa ere, foruen defentsan errotu zela esan daiteke. Modu berean ulertzen ditugu Arturo Campionen (1854-1937) eta Sabino Aranaren (1863-1903) ekarpenak. Aitortu behar da, orain Aranaren hainbat ideia arbuiatzen ditugun arren, esentzialistak eta arrazistak direlako –arrazistak, hala ere, garai hartan Ortega y Gasset, Unamuno, Jünger (EHUk doctor honoris causa izendatua), eta abar ere izan ziren–, Aranak ederki birmoldatu zuela abertzaletasunaren planteamendua, foru arazotik nazio arazora pasatu zuenean. Bestela ere, libre izatea justifikatzeko, historiaz baliatuko da Arana (arraza, ohiturak, tradizioak, aiurria, hizkuntza… ere azpimarratuz, historikoki Espainiatik objektiboki bananduak leudekeenak), eta baita Campion ere (Nafarroako erreinuaren historia berreskuratuz, eta abar; azken horrek, batere arrazismorik gabe eta herria bere osotasunean hartuz egin zuen –Nafarroa edo Euskalherria–, Aranak ez bezala).

Jon Miranderen (1925-1972) pentsamendua ere testuinguru berean uler daiteke. Kristautasunaren (demokraziaren, bakezaletasunaren… hitz bitan: Nietzschek salatutako dekadentziaren) sitsak jandako herri batean, indarkeria eta supergizaki nietzschearraren karakterea, euskal etnia zaharraren gogo-basa, predikatu zituen. Ondoren, 60ko urteetan, Jorge Oteiza (1908-2003) euskal arimaren edo estiloaren bila abiatu zen estetikatik, nolabaiteko esentzia (estropada, dantzari, txistulari eta bertsolarietan ikus daitekeena, bere aburuz) bat aldarrikatzeko. Joseba Gabilondok azken horri esentzialismo estrategikoa deitu izan dio.

Laburtuz: abertzaletasunak faktore objektiboetatik abiatuz gorpuztu izan ditu bere planteamolde politikoak berrehun urtetan. XX. mendeko abertzaletasuna honelaxe garatu da: 1930era arte, irizpide objektiboa arraza eta lurraldea izan dira; 1960tik aurrera, hizkuntzan oinarritu da nazio diskurtsoa. ETAren sorrerarekin, irizpide horri elementu iraultzailea gehitu zaio: Euskal Herrian bizi eta lan egiten duena da naziokidea, eta abar. 1990etik aurrera, elementu demokratikoa sartu da aldarrikapen nazionalean: autodeterminazio eskubidea. Handik aurrera, diskurtso demokratikoa indartuz joan den arren, hizkuntzaren irizpidea eta historia nabarristarena indartu dira berriz ere. Abertzaletasunak, hortaz, diskurtso kontrajarriak izan ditu, eta dauzka, hainbat faktore objektibotatik (ohiturak, historia, hizkuntza, lurraldea…) definitzen baitu naziokidea, eta baita askapenerako estrategia eta subjektu politikoa ere. Unai Apaolazak “Abertzaletasunetik independentismora” (Gara. 2011-05-12) artikulua zioen bezala: “Beraz, naziotasuna borondateaz kanpoko faktoreekin mugatzeak borondatean oinarritzen den politikotasuna kentzen dio eta ondorioz naziotasunak identitate politikoa izateari uzten dio. Naziotasuna izateari uzten dio alegia.”

Nazioa faktore objektiboekin mugatzeak, hortaz, erresistentzia estrategia bat erakusten du, abertzaletasunak azken bi-hiru mendeetan jarraitu izan duena. Aldiz, erresistentziatik eraikuntza fasera igarota gaudela dirudienez, badirudi estrategia berean tematzea akats larria egitea dela. Akats bera errepikatzea baita, adibidez, Nekane Juradok Independencia: de reivindicación histórica a necesidad económica liburuan (Txalaparta. 2010) “socialismo identitario vasco” erredundantea proposatzea. PSOEk “socialismo identitario español” bezala izendatzen al du berea? Zergatik ez sozialismo independentista?

Abertzaletasunetik independentismora igarotzeak esan nahi du, hortaz, nazioa eta subjektu politikoa tradizio, historia edo folklorearekin erabakitzetik, borondatearekin erabakitzera igarotzea (kontuz, honekin ez da ukatzen nazioak historia bat duenik!): hau da, antagonismo esentzialistatik antagonismo politikora pasatzea. Aurrekoarekin uztartuz, Argiak egindako elkarrizketa batean Imanol Galfarsorok zioen bezala: “Independentziaren prozesuak berak eratu eta gauzatzen du independentziaren subjektua” (2009-09-27). Horregatik, independentziaren prozesuak berak erakusten du antagonismoa kontrajarriak diren bi proiektu politiko hauetan funtsatzen dela: alde batetik, Euskal Herriaren burujabetza espainiar/frantziar estatuaren subiranotasunaren mende ulertzen dutenen, eta bestetik, espainiar/frantziar estatutik aske ulertzen dugunon artean. (Parentesi bat: hasieran aipatu dudan borondate hori ze faktore sozial, historiko edota linguistikok egituratzen duten -edo egituratu behar duten- aztertu eta erabaki behar da, borondatea ezerezetik ez baita sortzen. Zentzu horretan, Euskal Herri euskalduna erdiesteko, adibidez, ezinbestekoa da borondate hori euskararen zentraltasuna kontuan hartuz egituratzea: hala ere, teorizazio gutxiagoz, eta praktika gehiagoz.)

Independentzia eta sozialismoaren aldarrikapen herritarrak, hainbat aldarrikapen demokratikoren (aldarrikapen ekologikoak, linguistikoak, internazionalistak, historikoak, soziopolitikoak, kulturalak…) isla dira. Izan ere, aldarrikapen demokratikoak anitzak dira, J. M. Castells eta EHUko beste hiru irakaslek independentismo errepublikanoa errebindikatuz erakutsi duten bezala. Independentismoak mila motibazio izan ditzake helburu hori nahi izateko: motibazio horiek bata bestearen kontra planteatu ordez, inteligenteagoa da estrategikoki guztiak independentziarako prozesuan bidaia lagun izatea.

Ondorioz, faktore objektiboak, esan daiteke barrura begira-edo, subjektu independentista indartzeko erabiltzen ditugula, ez independentziara bidean estrategia politikoa artikulatzeko. Bestelakoa da, aldiz, kanpora begira dauden arau objektiboak kontuan hartu behar izatea. Baina arau horiek ez ditugu guk jartzen, paradigma sozioekonomiko-politikoak eta Europak baizik. Legeria internazionalak esaten digu, esaterako, ze faktore objektibo behar diren izan Estatu aske bat izateko (1933ko Montevideoko konbentzioaren arabera, lurralde mugatu bat eta beste Estatuekin erlazioan sartzeko gaitasuna, besteak beste). Faktore objektiboak, hortaz, independentziara bidean legeria internazionalek markatutako baldintzak lortzeko dira baliagarriak, inolaz ez independentismoa artikulatzeko.

Bukatzeko, beraz, ez dugu behar gure identitatearen faktore objektiboak (diferentzialak) azpimarratuko dituzten pentsalariak (Oppenheimer genetista kasu), baizik eta independentzia lortzeko nazioarteko jurisprudentziaren zirrikitu guztiak arakatuko dituzten abokatu gehiago. Independentismoa diferentzia azpimarratzen zuen erresistentzia fasetik, berdintasun politikoa (beste nazioen eskubide berberak) azpimarratuko duen fasera igaro behar da: irabazteko garaira.

*          *          *

Unai Apaolaza. Abertzaletasunetik independentismora. (Iritzi artikulua)

Imanol Galfarsoro. Independentzia prozesuak eratzen du independentziaren subjektua. (Elkarrizketa)

(Berriz, 1984) Filosofian lizentziatua. Jon Jimenez-ekin batera "Modernitatearen auziaz" (Jakin, 2009) idatzi du. UEUko Filosofia Sailburua 2 urtez izandakoa. Doktoradutza ikasketak bukatzen EHUrekin. Gara egunkarian iritzi saileko kolaboratzailea izan da. hAUSnART aldizkariko zuzendaria.
Email this author | All posts by

9 Responses »

  1. Garako artikuluan Unai Apaolazaren aipamena kendu egin nuen azken momentuan, borondatearena sartu nahi nuelako, eta horrela, konturatu gabe, Unai aipatu gabe utzi dut. Izan ere, nire artikuluan Unaik landu duen zenbait gauza agertzen dira (besteak beste) eta orain konturatu naiz akatsa izan dela aipamen hori kentzea. Esanda eta errekonozitua gera dadila behintzat, artikulu honetan lantzen diren zenbait ideia Unaik jorratutakoak direla, ondo jorratuta ere.

  2. Artikulu honetan, esan daiteke, Lapikoan landutakoa laburtuta dagoela, Imanolek jorratutakoa, Joxe Azurmendik urteetan zehar landutakoa ere noski, guk historizismoaren eta identitatearen harira landutakoa asko, Unaik proposatutako bide berria karkasa bezala hartua, naziotasun mintegian ateratako ondorio batzuk ere, eta azkeneko proposamena Imanolekin eta Jonekin inoiz hitz egindakoa, Nekane Juradoren kritika karibeño batekin emailez email sortutako kritika, independentismoaren motibazioena independentistaken lantzen ari naizena, eta abar. Nik guzti hori hariz josi baino ez dut egin, beste modu batean ordenatu eta ehundu.

  3. Pentsamendu kolonizatuaren ajeak testuaren erantzunetan, zure artikulu hau aipatu dut eta hainbat iruzkin egin. Ez dut hona aldatuko, baina “esteka” moduko hau egin nahi nizun, jakin dezazun…

  4. Esango nuke azken parrafoa kontraesankorra dela. Gorago diozu faktore objetiboak barrura begira baliagarriak izan ahal direla; beraz, zergatik diozu ez dugula behar genetistarik? Pieza guztiak behar dira, bakoitza bere funtzioa betetzen. Ni ere ez naiz Nafarroako urrezko garaiaren zalea, adibidez, baina ezagutza historikoa (edo linguistikoa) beti dator ondo.
    Berba batean, egungo herritarren borondatean oinarrituko den estrategia eraiki behar dugu, baina ez gaitezen hasi errekara botatzen beste arlo batzuetan egon ahal diren ekarpenak.

  5. Gaurkoz, Manuri erantzunez.
    Ez, ez da kontraesankorra, eta edo gaizki ulertu didazu edo ez naiz ongi esplikatu.
    Faktore objektiboak barrura begira baliagarriak dira, bai, baina ez oraindik egituratu gabe daukagun diskurtso politikoa egituratzeko. Kontzientzia historikoak, adibidez, zapalduaren kontzientzia eman lezake, eta abar, herri honek jasan duen sumindura barneratu, eta horrekin borondate bat piztu, kontzientzia bat… Kasu horretan, genetistaren kasuan, hori genetikaren esparruan geratzen da. Hori bai, baten bati balio baldin badio ingelesak euskaldunengatik datozela jakiteak kontzientzia politikoa izateko, aurrera: zaila ikusten dut nik ordea. Agian norbaiti (kanpokoa seguraski) pizten dio euskaldunak ikertzeko jakinmina, eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

    Kontua, ordea, askosaz sinpleagoa da. Kontua da, diskurtso politiko bat (independentismoa) eraikitzeko, diferentziaren (faktore objektiboen) azpimarratzea egotea argumentu bezala. Argumentu politiko bezala erabiltzea diferentzia, hori bi mende luzez egin izan da, eta diferentzial desberdinak erabili izan dira bata bestearen aurka modu estatiko batean (hizkuntza, arraza, historia…). Zertarako balio du horrek? Barrura begira kontzientzia indartzeko eta borondatea egituratzeko bada, ongi. Abertzaletasun hegemonikoa eraiki nahi bada, gaizki: inoiz ez duelako diferentzia batek hegemonia eskuratuko. Eta hobe, bestela Flandiarren nazionalismoa nahi al dugu, ala?

    Horregatik, hemen inork ez du errekara ezertxo ere bota, baizik eta dagokion lekuan ipini. Ulertu bedi kontestuan: ez nago esaten Oppenheimerren lana kaka denik, edo euskaldunentzako ez duela balio piperrik. Baizik eta hortik ezin daitekeela formulazio politikorik atera. Esan nahi dena da, azkeneko parrafoa ia metafora bat denez, antropologo gutxiago behar ditugula (diferentzia azpimarratuko duten heinean identitateaz hausnartzen dutela), eta legelari gehiago behar ditugula (berdintasuna azpimarratuko dutenak, beste nazio guztien eskubide berberak).

  6. Bistakoa da diozuna, baina bi kontu nahastu dituzu (agian oharkabean): bata, zer behar dugun diskurtso independentista eraginkorra egiteko; bestea, zein balio duten hainbat arlotatik egiten diren ikerketek. Azken hauen artean, sarritan egileek ez dute ikerketatik haragoko interesik, are gutxiago interes politikorik. Interes hori antzemanez gero ondo dago gogoraraztea arriskuaz, baina aipatu duzun izen bakarra ez dut uste adibide argiena denik (Nafarroako ikerleren bat egokiagoa litzateke, ezta?)

  7. Aupa manu,
    Beno, ikusten dut behintzat ados gaudela horretan. Nik gaizki azaldu edo zuk gaizki ulertu berdin du, esan nahi nuena da hain zuzen zuk aurrekoan esan duzuna, eta horretan ados gaudenez, aurrera. Hala ere, ezagutzen dut nik hainbat eta hainbat pertsona genetistena politikoki erabiltzen dutenak (diskurtso abertzalea eraikitzeko), eta beste hainbat erabili nahiko luketenak. Oppenheimer bera ez, ez dut ikusi diskurtso politikorik egiten. Baina bai ordea Oppenheimer hartu eta diskurtso politikoa egin duenik, dexente, eta ez dut hemen aipatuko.
    Nafarroako ikerlariren bat, zalantza gabe, egokiagoa litzateke, ez ikerlari soila, baizik eta abertzaletasuna historia horretatik eraiki nahiko lukeena abertzaletasun guztia artikulatuz. Baina haiekin ere nahikoak izan ditugu, eta lanean ere utzi behar zaie, asko egiten dute eta. Gainera, gaurkotasunagatik, Oppenheimerrena adibide garbiagoa zela neritzon: baina berriz esango dut, ez Oppenheimerrek berak egin duelako diskurtso politikoa, ezta Cavalli-Sforzak; baizik eta horien ikerketak hartuz eta euskal zibilizazio magikoaren bila gaurko abertzaletasuna “berezko” faktore horietan funtsatuz eraiki nahi izan duten horiek, horiek dira kritikatzen ari naizenak.
    Azken parrafoa, hortaz, ekibokorako parada eman dezake (modu probokatiboan idatzita dagoela ulertu behar da), baina azken hori esan nahi du.

  8. Lehenik eta behin eskerrak eman, bai Andoniri eta lapiko kritikoan idazten duzuenoi. Zenbaitzutan nituen pentsamendu asko finkatzeko, zehin kontzeptu eta argudioak izateko balio izan didate hemengo artikuluek. Abertzaletasuna/ idenendentismoa kasu. Zenbait gogoeta gehituko ditut, nahiz eta jakintza handirik ez dudan, aportazio izan litezkeelakoan, hemen doaz.

    Abertzaletasunetik independentismorako pausua, terminologia aldetik gazteek emana dute. Gazte Abertzaleak daude batetik,(EAko gazteak). Bestetik, ezker abertzaleko gazte erakundeak izen propioz sinatu ezin izanak (ilegalizazioa), ekarri du “Gazte Independentistak” terminoa azaleratzea. Hortaz, esan genezake euskal gazteriaren zati handi batek, abertzaletasuna gainditu duela, eta sujetu politiko (izan nahi) dela.
    Terminologiari lotuta ere, Catalunyiako kasua aipagarri. hango mugimendu independentista, hasieratik izendatu baitzen “Esquèrra Independentista”.
    Akaso, Ezker Abertzalea etorkizun (hurbil) batean Ezkerra Independentista deitzera pasako da. Hala bada mugimenduak urteetako borrokaren ostean lortu duen heldutasun politikoaren seinale. Aipatzen den bezala, naziotasuna aldarrikatzeari utzi, eta hura “de facto”koa dela onartzea izango litzateke.
    Errealitatea, diskurtsoa menderatzea lortzen duenak idatzitako fikzioa da. Gu urteak goaz fikzioan bizitzen, besteek idatzi diguten errealitatean erresistitzen. Baina, gaur da eguna pixkanaka oraingo errealitate dominante den hau, herritarren gehiengo batek errealitate kontsideratzen ez duena. Argi gelditu da, egoera hau guretzako fikzioa dela. Eta horrexegatik, ez arrazoi historikoengatik, baizik eta NAHI DUGULAKO gure errealitatea idaztera goaz! Errealitate hau ere beste estatu guztien antzera, fikzioa izango dela, bai ados, ez baitago errealitate pururik antolakuntza oro diskutso bat baita. Baina gehiengoak errealitatetzat duen diskurtsoa idatziko dugu.

  9. […] Independentismoaren formulazio barriak […]

Leave a Reply