Fantasia Zeharkatzea

By • May 24th, 2011 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Burutapen zenbait etorri zitzaikidan desertutik Euskal Herriko txoko honetara bueltarako bidaia egin nuenean. Bapatean, Zizek-ek esandako baieztapen batzuek zentzuz bete ziren. Badituelako gure lagun filosofoak pasadizo ugari non desertua, fantasia eta biolentzia aipatzen dituen. Era berean, bere bizipen ugari ere aireportuetan husten da. Hegazkin batetik bestera dagoen tartean, portatila edo liburua jasotzearekin batera, oinez beste aparatu hegalari magiko horietako batean sartzeko tartean, alegia. Eta hainbatetan aipatzen duen fantasia zeharkatzeko beharraz gogoratu nitzen. Badago airportuetan, orokorrean hitzeginda, fantasiazko mundu oso bat. Aireportuei buruz orokorrean hitzegitea ere obligazio bat da, ez bait dago erreferentzia garbirik non edo zein lekutan zauden jakiteko, eraikin arkitektoniko horien barnean. Badago hala ere, jendea bideratzeko patu diseinu bat. Badute nork nora joan behar duen eta zein momentu edo lekuan erosketarik egitea eskaini behar zaion, ongi pentsatua. Desertutik zatozenean aldiz, beste desertu batean sartzen zarelaren inpresioa hartzen duzu.

Errealaren desertuan sartu ordez, fantasiaren desertuan murgiltzen da bat. Derridak esango du, koba batetik atera orduko, beste baten barnean aurkitzen dugula geure burua. Agian ez zaio arraoizirik falta. Hala ere, benetako desertua hamaika mila metrotara nengoenean aurkitu nuen. Nere elementutik guztiz kanpora, alegia. Ken Robinsonen arabera, bakoitzak aurkitu behar du bere elementua eta pasioa lotzen duten momentua. Baina ez dio ezer elementutik guztiz kanpo, pasiorik gabeko eta behartutako momentuez. Halakoa bait zen bidaiari guztion egoera hegazkin hartan. Argi dago, geure buruak algodoi zurizko itxaso urdintsu bateko desertuan aurkituko genituzkeela, hegazkineko ateak irekiko balira. Erreala, hantxe zegoen. Lacanen erreala aurrez aurre ikusteko gai ginen denak, denak hortaz konsziente ez ginen arren. Ez zegoen nondik alde egin leku hartatik, ez bait dago nora jo errealez asetutako desertu urdin horretan. Ez dago laguntzarik edo atzeko aterik zein larrialditako aurreikuspenik handik aterako gintuenik arazorik balego.

Paradoxen gailurrean, hegaldiko azafata prediseinatuek oilaskoa eskaini ziguten bazkari bezela. Lurretik bertikalean hamaika kilometroetara eta orduko bederatzireun kilometroetara gindoazela, hegan egin ezin duen hegazti bat jarri ziguten gure barrenak berotzeko. Zizeken ikaspenek zentzuz bete ziren orduan. Alde batetik, hobeto ulertzen dut orain zergatik dabilen punta batetik bestera, bidaiaz bidaia, aireportuetako fantasiak zeharkatuaz, desertu urdintsuaren errealan murgiltzeko. Bestetik, ezinbestekoa zaigun muzkin fantasiosoaren ondotik, errealarekin guztiz elkarbizi ezinaren ohean, maindireak eta gaua astunak egiten zaizkigu. Oilaskoa jan behar hegan egiten nuen bitartean, oilasko hark hegan egin zezan nolabait. Bakoitzak bere hamsterra baitugu, fetitxismo ironiko horri eskerrak. Aldi berean, gauza berdina gertatzen zaie egun demokrazia lau haizeetara aldarrikatzen dutenei. Badaude gutxi batzuk, democracia real ya mugimendua besteak beste, demokraziaren fundamentalismoan askapen bidea ikusten dutenek. Puerta del Sol delakoan egunak pasa ditzakete, aireportuetan zehar joango balira bezela, arauen inplementazio berri bat aldarrikatuaz. Erabakiak desioaren lekua betetzea eskatzen dutenak dira. Bilduren adibidea dugu gertuagu eta argiago jarrera honen karikatura bezela. Torquemadaren garaian, eliza baino instituzionalistagoak zirenak ere bazeuden, kristo gurutzean jarri zuteneko sekten eszisioen antzera.

Badago krisi momentu orotan, sistemaren hobetzerako sistema baino sistematizatuagoa eskatzen dutenak. Demokraziak porrot egin duenean, demokrazia orain lelopean kalera irtetzen direnak daude. Eskubideak eta tolerantzia modu intolerante eta besteen eskubideen gainetik aldarrikatzen dutenak dira. Demokrazia fundamentalista hauek, zeintzuek errebolta zibilak probokatzen dituzten ekialde hurbilean hango petrioloaren jabe egiteko Txinaren boterea murrizteko azken txanpa bezela, sistema politiko kontrolatu berberak imposatzen dituzte konkistatutako lurraldeetan. Gure kanpoko arraultz azala nola edo ala defendatzearen fundamentalista sutsuak, berriro ere. Badiou esaten duen bezela, bestearen diferentzia soilik onargarri egiten dutenak diferentzia hori berbera diluitzen bada. Edo demokrata zara edo anti-sistema zara. Ez dago tarterik, tartea bait da beti kritikaren lekua, galdera ikurrak berezko duen bizilekua. Fantasian bizi denak ordea, koba batetik atera eta kanpoan dagoela uste duen horrek, ez du oilaskoa jango bakarrik, mirestu ere egingo du bere hegaldi motzean. Bere elementutik guztiz kanpo dagoela, hau da, botererik ez duela eta desio hutsean mugitzen dela, ez du ikusiko.

Fantasia ez da kanpotik kanporako mugimenduan zeharkatzen. Ez da haundien politikaren ligan sarrera lortu osteko garaipena. Barrutik barruko prozesua da, fantasia ikustearena lehenengoa eta fantasia txikitu ostean zeharkatzearena. Euskeraz txikituk duen azepzioa eskertzekoa da, kasu honetan, zaborrik uzten duen txikizioa behar baita, barrutik aldaketa sustatzen duena, kanpoko fatxadan geratzen ez dena. Txiki-txiki jokoan, parekotasunean eta ez berdintasunean alegia, hamaika kilometro lur gainetik egonik ere, oilaskoaren konzientzia ernaratzen duena.

Filosofian lizentziatua, egun Reno-ko Center for Basque Studies-en doktoretza egiten.
Email this author | All posts by

Leave a Reply