Abertzaletasunetik independentismora (Gara. 2011-05-12)

By • Apr 27th, 2011 • Category: Azterketak eta Azalpenak

GARAko artikulua

Beste behin ere aberri eguna igaro da eta entzun ditugun diskurtsoen artean, lehen botean, garrantzi gutxikotzat hartu daiteken, baina nire ustez garrantzi handia duen, ñabardura bat azpimarratzea gustatuko litzaidake: Norbera definitzerako orduan EAJ/PNV-k “abertzale” hitza erabili duela gehienbat eta Ezker Abertzaleak batez ere eta EA-k hein handi batean “Independentista” hitzarekin definitu dute nagusiki beraien burua. Honek badu bere garrantzia; nire ustez lehenengo aukerak ez diolako bide ematen euskaldunon helburu politikoak lortzeari eta bigarren aukerak aldiz bai. Hau azaltzea da nire xedea.

Zer egiten du diskurtso abertzaleak? Diskurtso abertzaleak, beste edozein diskurtso nazionalistak bezala, nazioa zedarritzen du, hau da, diskurtso abertzaleak naziokoa nor den eta nor ez den esaten du. Hortaz, diskurtso abertzaleak nazioa deitzen diogun subjektu horretako parte izateko zer baldintza bete behar diren azaltzen du. Baldintza horiek, ezaguna den moduan, Sabino Aranak abertzaletasuna sortu zuenetik aldatuz joan dira. Lehenik arraza zen naziokoa izateko baldintza, gero euskal kulturakoa izatea eta beranduago hizkuntza (diskurtsoaz  ari naiz).  Hirurogeigarren hamarkada bukaerarako bete beharreko baldintza Euskal Herrian bizi eta lan egiten zuen langilea izatea zen. Abertzaletasunaren diskurtso ezberdinak denboran bat egiteak eta batez ere praktikarekin izan dituen bat ez etortzeak diskurtso bat eta bakarra erabat ez nagusitzea ekarri du.

Baina, diskurtso abertzaleak zertarako mugatzen du nazioa? Galdera honi erantzun egokia emateko lehenik eta behin, naziotasuna zer motatako identitatea den argitu behar da. Naziotasuna edo identitate nazionala, identitate politikoa da. Zergatik? Proposamen politikoen bidez jendartean eragin nahi duen subjektua izendatzen duelako. Beraz, diskurtso abertzaleak politikan eragin nahi duen pertsona multzoa mugatzen du. Arestian esan dugun bezala, zedarritze hau faktore objektiboekin (arraza, kultura, hizkuntza, historia…) egiten du, hau da, borondateaz kanpoko baldintzekin. Horrela, eta onartzen bada naziotasuna identitate politikoa dela (gaiaren inguruan teorizatzen duten gehienek onartzen duten bezala), hizkuntza edo kulturarekin identitate hori mugatzeak adibidez, absurdoa izateaz gain, ez liguke identitate politiko bat emango, identitate linguistiko edo kultural bat baizik. Beraz naziotasuna borondateaz kanpoko faktoreekin mugatzeak borondatean oinarritzen den politikotasuna kentzen dio eta ondorioz naziotasunak identitate politikoa izateari uzten dio. Naziotasuna izateari uzten dio alegia.

Honekin ez diot hizkuntzari garrantzirik kendu nahi, naziotasunaren eraikuntzan faktore/sinbolo sendoa izatean baitu bere indarra, ez naziotasuna determinatzean. Hizkuntzak identitate nazionala determinatzeak identitate esentzialista bat emango luke naziotasunerako borondatea kontutan hartuko ez lukeelako. Asko sinplifikatuz, diskurtso abertzaleak kasu horretan ondorengoa esango liguke: Independentziaren alde egoteko adibidez, euskara duena izan behar dela, edo euskal kulturakoa edo euskal arrazakoa edo nafarra. Beraz, baldintza linguistiko, kultural… bat betetzeak derrigorrean helburu politiko baten aldeko bihurtzen zaituela aurresuposatzen dute diskurtso abertzale ezberdinek.

Diskurtso abertzaleak ehun urte pasa daramatza nazioa den subjektu politiko hori definitu nahian. Horretarako gehienetan faktore/sinbolo/baldintzekin saiatu da mugatzen. Bistan denez oraindik gurpil horretan gabiltza jira eta bira adostasunik lortu gabe. Gainera, azkenaldian, naziotasuna modu zurrunean mugatzeko proposamenak indarra hartzen ari dira berriro; hizkuntza nazionalismoa eta modu absolutuan ulertutako nafarzaletasuna kasu.

Diskurtso abertzaleak naziotasuna faktore objektiboetan oinarritzeak, erresistentziarako estrategia bat dela uzten du agerian, ez helburu politikoak lortzeko estrategia. Hau da, hemen gaudela eta bagarela, agerian jartzeko estrategia da. Horregatik, diferentzia markatu eta azpimarratzeko faktore objektiboetan egiten du indarra (honen adibidea litzateke gu zer garen galdetzean historiarekin erantzutea. Perurenaren bideoa kasu. Egiten al dute hori espainolek? Galdera horri errege katolikoek eginiko balentriekin erantzuten al diote? Beraiek espainolak dira eta kito, ez dute historiarekin justifikatu beharrik. Euskaldunok aldiz, existentzia etengabe justifikatzen ari gara eta indarrak horretan xahutzen ditugu). Baina diferentzia datu objektiboekin zedarritzeak ez du ahalbidetzen identitate politiko bat zabaltzea. Zergatik? Besteak beste, euskalduntasuna ulertzeko eta bizitzeko modu bat eta bakarra ez dagoelako. Hau da, identitate nazionala eraiki eta indartzeko pertsonak bezainbat bide dagoelako.

Eustera bakarrik mugatzen den estrategia politikoak ez ditu sekula bere helburuak lortuko. Helburu politikoak lortu ahal izateko, gure existentzia baieztatzetik harago joan behar gara. Hau da, izate, existitze hori zertarako nahi dugun azpimarratu behar dugu. Zeren existitu existitzen gara,kontua da existentzia hori (euskalduntasun hori) modu diferentean ulertzen dela. Horrela, diferentzia horrek zertan datzan eta subjektu politiko osoa datu objektibo batekin definitu nahi izatea denbora galtzea da. Zergatik? Subjektu politikoa zabaltzeari atakak jartzen dizkiolako. Horrela, helburu politikoak erdiesteari begira abertzaletasunak ez du balio. Ez du balio zer garen azpimarratzen baitu, ez zer nahi dugun.

Diskurtso abertzalearen akatsa, antagonismoa euskal proiektu politikoaren (independentziaren) alde eta espainiar edo frantziar proiektu politikoaren alde leudekeenen artean oinarritu beharrean, faktore objektibo konkretu batzuk dituztenen eta ez dituztenen artean oinarritzea izan da. Antagonismoak, euskal estatua nahi dutenen eta espainiar edo frantziar estatuan segitzearen alde leudekeenen artean egon beharko luke; ez kultura edo hizkuntza bat edo bestea dutenen artean. Esan bezala, azken bereizketa hau egitea izan da diskurtso abertzaleak identitate politikoa den nazioa sortzeko erabili duen bidea eta honek helburu politikoak lortzeari begira galga jarri dio.

Horrela, independentzia lortzeari begira eraginkorrak izan nahi badugu, nazioa deitzen diogun subjektu politikoak helburu politikoari begira, independentziarekin alegia, definitu behar du bere burua, ez faktore objektiboekin. Hau egiteak independentismoaren potentzialtasuna askatzea ahalbidetuko luke; independentista izateko aurrebaldintza bakarra horixe bera litzatekeelako, hots, independentzia nahi izatea, ez besterik.

Bukatzeko, diskurtso independentistari diskurtso abertzalea deitzea eta subjektu independentistari nazioa deitzea gutxienekoa da.  Garrantzia duena ez da abertzalea izatea edo ez izatea, garrantzia duena diskurtsoak praktika oztopatu beharrean, diskurtsoak helburu politikoak lortu ahal izateko ateak irekitzea da.

Filosofian lizentziatua.
Email this author | All posts by

2 Responses »

  1. [...] Apaolaza. Abertzaletasunetik independentismora. (Iritzi [...]

  2. Aberriberri blogean artikuluari egiten zaion kritika:
    http://aberriberri.com/2011/08/15/el-sujeto-revolucionario-de-nuestros-dias/

Leave a Reply