Elkarrizketa. Ibai Atutxa (Begitu. 2011-04-14)

By • Apr 14th, 2011 • Category: Albistekaria

BEGITU (Arratia, Ubide, Zeberio)

2011ko Apirilaren 14ean.

16 ALKARRIZKETEA

IBAI ATUTXA

“Euskaldunaren ideak egin ahal dauan bidea modurik eta baikorrenean ikusten dot”

Jaiotzez galdakoztarra bada be, Ibai Atutxak bizi erdia emon dau Altzustara etorten, bertan dauka eta familiaren erdia. Tatxatuaren azpiko nazioaz liburua argitaratu barri dau Utriusque Vasconiae argitaletxeagaz, nazinoa kontzeptuari buruzko saiakera bat kritika literarioaren bidetik. Orain bertan, Literatura Konparatuko eta Filosofia Garaikideko masterrak egin ostean, ikertzaile bisitari dabil New Yorken. Bertatik erantzun deuskuz galdera honeexek.

Urtzi Barrenetxea

Zer dala eta New Yorken?

Bilbon Euskal Filologia ikasketak egin eta gero, Bartzelonan Literatura konparatuan eta filosofia garaikidean egin dodaz masterrak. Eta orain Valentziako Unibertsitatean doktoradutza proiektuagaz nabil, komunikazino eta ikasketa kulturaletan matrikulauta. New Yorkera, printzipioz urte beterako etorri naz ikerle bisitari edo visiting scholar moduan. Hemengo literatur kritikea oso indartsua da eta ezkerreko pentsamentuari benetan lotuta dagoz harrigarria emoten badau be. Ganera, ikerlearen lana oso serio hartuten dabe eta sarri Europan faltan somatzen dan kontua da hori. Dana dala, New York-en bizi nazela esango neuke, beste barik. Falmouthen, Londresen edo Bartzelonan lehenago ibili nazan moduan.

Nondik eta nora otu jatzun liburu hau idaztea?

Egia da egindako ikasketa barik, eta bide horretan (eta horretatik kanpo) ezagututako lagunik barik ezin izango neukeala liburu hau idatzi. Testuak inoz baino gehiago bizirik dagoan identidadeari buruzko eztabaidan hartu gura dau parte, eta horretarako tresnak ezagutzeko lehenengo pausua izan dira ikasketak. Ikerle lanarentzako formakuntzea derrigorrezkoa dala ez dago dudarik. Horretaz gain, originaltasuna eta eztabaidan ekarpen baliogarriak, interesgarriak, estrategikoak egin ahal izan dodazela pentsetea gustauko litxakit. Literatura konparatua, edo ikasketa kulturaletan topau geinkezan ikuspuntuak ekarpen interesgarriak egiteko balio dabela pentsetan dot, eta gaur egun be, liburu honegaz hasitako bidean sakontzen nabil lan eta ikerketa barrietan. Bide horren parte izango da Kanonaren gaineko nazioaz izenburu probisionala daukan bigarren liburua. Lehenengo honen jarraipena izango dana, eta bukatzeko lanetan nabilana.

Lanaren lehen partean, euskal nortasuna definidu daben egile moderno bi kritiketan dozuz: Sabino Arana eta Jorge Oteiza.

Sabino Aranaren eta Jorge Oteizaren diskursoak planteatzerakoan, gurata zein gura barik, egungo euskal identidadea definiduteko erabilten doguzan logikak topau ahal doguzala erakusten saiatzen naz. Bata XIX. mendeko burges txikiaren ikuspuntutik idatzi bazan be, eta bestea XX. mendeko klase burrukearen barruan, nazino eta estadu nazinoaren eraikuntzarako proiektu desbardinok arazo bardinak erakusten dabez, eta geu gara hareen ondorengo. Hitz laburretan esateko, planteamentu esentzialista, baztertzaile eta historiari erabat lotutakoak dakarzan arazoakaz topo egiten dogu pentsalari bien liburuetan zehar. Eta oraindino okerragoa dana, estadu espainiar edo frantsesari begira subordinazino posizino baten jartzean gaituezanak. Arazo guzti honeek azaleratzen saiatu naz, testuetako kontraesanen bitartez.

Horreen aurrean, euskaldunon identidadea osatuteko bestelako eredu bi aitatzen dozuz: Itxaro Bordaren poesia (Milia Lastur on the road) eta Hertzainak rock taldearen abesti bat (Drogak AEKn).

Testu bi honeeri esker gizarte eta identidade gatazka oso interesgarri baten aurrean ipinten garala esango neuke. Hau da, Arana eta Oteizaren planteamentuetan irakurritakoak benetako aukera bakar legez jaso badoguz be, Borda eta Hertzainaken diskursoai esker nortasun euskaldunaren egia zalantzaezinak eta ustez natural edo berezkoak diranak kolokan jarri geinkez, eta lehenago esandako izaera subordinau eta baztertzailearen aurka egin. Jada, ez da euskaldunaren definizino bat eta bakarra egongo, euskalduna eregiten joango da, aldatzen eten barik. Testuak planteamentu zabalago baten adibideak dira: isildutako eta ustez existitzen ez diran identidade euskaldunen diskursoak euskal identidade subordinatzailea barriro formuletako balioko dabe (emakumearenak, lesbianarenak, punkiarenak, kaletarrarenak, euskaldunbarriarenak…).

Lanaren oinarria testuen azterketak dira, bakotxerako metodologia desbardina erabilita.

Metodologia desbardinak dira, dinozun legez, liburu honen giltzetako bat. Nire eretxiz, testuak ez daukie esangura bat eta bakarra, eta irakurketearen helburua ez da sakonean daukien mezu hori deskubridutea izango. Irakurketa testuagaz berba egitea dala esango neuke, itaunak egin eta erantzunen bila ibiltea. Azkenean, diskursoak erlazinoan ipintea izango da, nire ustez, irakurtea. Horretarako, testu bakotxari galderarik eta egokiena egin eta erantzunik eta mamitsuena lortzeako metodologia desbardinak erabilten saiatu naz. Testu bakotxari berea.

“Tatxatuaren azpikoa” figura aitatzen dozu kontzeptuak aurkeztuteko.

Hain justu, goian azaldutako mobimentu hori berori izango da kontzeptu bat tatxatuaren azpian jartzea. Gure kasuan, nazinoaren ganean eregitako eta natural bihurtutako diskurso subordinatzailearen kritikak eta neurri baten baliogabetzeak kontzeptu hori tatxatzea ekarriko dau. Tatxatuaren azpian dagoan berba hori, halanda be, ez da inondik be baztertuko, egindako kritikatik abiatu eta barriro formulautako nazinoaren idea erabiltea dakar zeozer tatxatuaren azpian ipinteak.

Nondik nora aurreikusten dozu joango dala euskalduntasunaren idea etorkizunean?

Euskaldunaren ideak egin ahal dauan bidea modurik eta baikorrenean ikusten dot. Esan gura dodana da, eztabaida eta alkarrizketarako bidea oso modu sortzailean zabaltzen dabilala, eta eztabaidak, gaiak taularatzeak eta ideak mobimentuan ipinteak ekarri ahal dauala geure buruaren jaube egitea modu konziente eta estrategiko baten. Eztabaida horren adibide dira besteak beste, Lapiko Kritikoa, (www.basque.criticalstew.com) webgunea, edo laster urtengo dan Hausnart aldizkaria. Abots barriak eta ez hain barriak aspaldiko eztabaida honetarako.

(Galdakao, 1984) Euskal filologian lizentziatua. Literatura konparatuan masterra Universitat Autònoma de Barcelonan. Filosofia Garaikidean masterra bukatzen ari da orain, 452ºf aldizkariko zuzendari eta erredakzio kontseiluko kide lanetan dihardu, eta Literatura eta identitate kontuak jorratzen ditu.
Email this author | All posts by

Leave a Reply