Kartografoari erantzuna

By • Mar 30th, 2011 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Martxoaren 27ko Berrian Mairuen istorioak izeneko artikuluarekin Angel Rekalde idazleak historiaren aurka omen daudenen kontra egiten du berriz ere, ustez euskal mamuaren aurka konjuratu omen diren botere ez-arrotzen aurka – oraingo honetan irainez lagunduriko izen propiorik aipatzen ez duen arren, formak mantentzen dituen arren –. Eta, beste behin ere, eztabaidaren nondik norakoak behar bezala ulertzen ez dituela erakusten du hasiera-hasieratik, komunean dugunari muzin eginez saiatzen baita etengabe distantziak areagotzen.

“Etorkizuna asmatzeko iragana bazter uzteko apustua dutenak batetik, eta historiak eskubiderik ez duela eta ezeren funtsa ez dela diotenak bestetik, ondare historiakoren mespretxua jo eta su ari da. Garenaren, gertatu denaren, jaso dugunaren kontzientziari eta gure gizataldea entitate historiko gisa ulertzeari balioa kentzen dion pentsakera bat indar hartzen ari da” esaten du une batean, azken aldian artikuluetan zein liburuetan iraganaren erabilera gehiegizkoari kritika egin dieten horiek guztiek ondare historikoa mespretxatuko balute bezala. Ezin okerrago. Nork nahi du iragana baztertu?

Gehiegi konfunditzen ez banaiz, euskaldunen etorkizuna eraiki nahi dutenen artean inortxok ere ez du iragana bazterrean utzi nahi – zentzugabea da oso; euskal kultura berpiztu edo eraberritu nahi duen orok gorpuztu behar du ezinbestean historia duen mamua, mamua iraganetik baitator. Etorkizunean euskaldunak izan nahi dugun neurrian, eta ez beste ezer, ondare historikoaren premia dugu, gertatu zaigunarena –. Ez dut uste horientzat historia itxirik dagoenik, Rekaldek horixe uste badu ere. Edozeinek daki historia edo iragan bat dugula eta horrek gure etorkizuna baldintzatzen duela, neurri batean edo bestean; baina, Angelek berak artikuluan esan bezala, “Nazio kontzientzia ez da bakarrik historiarekin elikatzen, jakina”. Historia beharrezkoa dugu, baina ezin gara historiaz elikatu bakarrik; eta, horrexegatik, berak aipatzen dituen talde biek oinarrian gauza bera diote; etorkizuna eraikitzeko iragana behar ez dugula esaten omen dutenek zein ezeren funtsa ez den edo eskubiderik ematen ez duela esaten omen dutenek, guztiek, historiak determinatu edo mendean hartu behar ez gaituela baino ez dute esaten, azken batean – eta ez historia baztertu behar denik –.

Historiaren gainsaturazioaz ari dira, Rekaldek Historia berari – zein euskaldunon historiari – kritika egiten diotela uste badu ere. Kritikatzen dituen horiek ederki ere dakite “kalamitate eta porroten historia hori lagun dugun orainean” dagoela, “sustraiak dituela, sorburua duela, errudunak, ardurak”, baina horrek ez du esan nahi gertakari historiko jakin batzuek etorkizuna determinatu behar dutenik nahitaez – edo espainiar intelligentsiaren amarruan erori behar dugunik: zuek ez zarete sekula independeteak izan eta ezin duzue, horrez gero, independentziarik aldarrikatu! esaten zaigu eta gure burua zuritzen hasten gara berehala. Nafar estatu independentea existitu ez balitz ez al genuke eskubiderik izango independentzia aldarrikatzeko? –.

Denok ezagutzen ditugu memoria historikoa ezabatzeko saiakerak menderatzaileen aldetik, denok ezagutzen ditugu herri menderatu honek pairatutakoak, eta ez dugu hori guztia ahaztu nahi. Guk ere Foucaultek deskribatzen duen erakunde diziplinarioen analisiaren berri dugu, baina ez dugu ahazten – Angelek horrela egiten badu ere – Foucaultek historiari buruz ere esaten duena:

“Si el sentido histórico se deja ganar por el punto de vista suprahistórico, entonces la metafísica puede volver a adoptarlo y, fijándolo bajo las especies de una ciencia objetiva, imponerle su propio egipcianismo. Por el contrario, el sentido histórico escapará a la metafísica, para devenir el instrumento privilegiado de la genealogía, si no se apoya sobre ningún absoluto.”

Eta, bestetik:

“Al historiador nada le da asco: o más bien, le da placer lo que debería revolverle el estomago. Su aparente serenidad se empeña en no reconocer nada como importante y en reducirlo todo al más mínimo denominador (…) el historiador: no hay pasado más noble que vuestro presente, y mi saber meticuloso os mostrará la pequeñez, la maldad y la ruindad de todo lo que aparece en la historia con aspecto de grandeza.”

Eta, amaitzeko:

“La historia genealógicamente dirigida, no tiene por meta las raíces de nuestra identidad, sino, al contrario, empeñarse en disiparla; no intenta descubrir el hogar único del que venimos, esa patria primera a la que los metafísicos prometen que regresaremos. Intenta hacer aparecer todas las discontinuidades que nos atraviesan (…) Si la genealogía plantea a su vez la cuestión del suelo que nos ha visto nacer, de la lengua que hablamos, o de las leyes que nos rigen, es para sacar a la luz los sistemas heterogéneos que, bajo la máscara de nuestro yo, nos prohíben toda identidad.”

Are gehiago, nik, historia ezeren funtsa ez dela eta determinatu behar ez gaituela uste duen honek, ezberdina izateko eskubidea aldarrikatzen dut – Foucaulti eginiko begirada zeiharraren bidez, Deleuze bitarteko –, espainiar, frantziar zein iraganeko euskaldun edo nafarrekiko ezberdina izateko eskubidea. Deleuzek esan bezala, gaur egungo tarea nagusia zentzua produzitzea da – euskal mamua modu jakin batean gorpuztea, nire kasuan –, non subjektibotasun bategatiko borrokak lotzen gaituzten botere arrotzekiko zein nortasun determinatu eta aldakaitz batera lotzen gaituzten botere ez-arrotzekiko erresistentzian duen oinarria. Gauzak horrela, subjektibotasunagatiko borroka ezberdina izateko eskubidea gisa agertzen zaigu, metamorfosia bezala.

Hala eta guztiz ere, oraindik badira gure artean, zoritxarrez, kartografia lanak egin nahi dituenik, etorkizunerako iraganeko planoen kalkoa egin nahi duenik; eta, ez dute ulertzen beste batzuek, kartografia eta kalkoa egitea baino, tolesdurak egin nahi izatea – non tolesdurak zer edo zer ezberdinak sortzen du eta ez aurrekoaren kalkoa. Tolesteak edo plegatzeak desplegatzea eta replegatzea esan nahi du: metamorfosia, aldaketa. Deleuzek esan bezala, pentsatzea tolestea da nahitaez, dagoenaren reduplikazioa, zer edo zer berriaren hausnarketa –.

Ortzemuga berriak ditugu zain, bide berriei ekiteko sasoia da, horrez gero; euskaltzale zein abertzaleen arteko eztabaida aberasgarri eta baikorrari heltzeko ordua, bereizten gaituztenak baino gehiago baitira komuneko ezaugarriak. Angelek artikuluaren amaieran esan bezala, “gai hauetan inplikatu denak badaki indar bateratze oro prozesua dela. Ibilbide luzeko lana”; egia da, luzeegia da gure artean zangotrabatzen ibiltzeko, mamuak leku guztietan ikusten ibiltzeko. Bada garaia elkarri behar bezala aditu eta ulertzen saiatzeko.

(Berango,1978) UNED-en burutu ditu Filosofia eta Antropologia sozial eta kultural ikasketak. Egun, Euskal Herriko Unibertsitatean ari da Soziologian tesia egiten mendebaldeko kulturako botere-harremanen inguruan. Bere lanen artean topa daitezke “Mitxoleta elektrikoetan koleopteroak” (Ediciones Beta, 2010) poesia lana eta “Espektroak. Euskal terroristak” (Utriusque Vasconiae, 2011) saiakera.
Email this author | All posts by

Leave a Reply

Printer  Print This Page