Gobernu on eta txarrez. Joseba Ariznabarreta (Argia. 2011-03-22)

By • Mar 22nd, 2011 • Category: Albistekaria

Gobernu on eta txarrez

Joseba Ariznabarreta, Filosofia irakasle ohia| 2011-03-22

Joseba Ariznabarreta (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA) 

Joseba Ariznabarreta (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Duela urte mordoxka batetik hona, demokrazia terminoak ospe ia unibertsala irabazi du. Mendebaldeko munduko erregimen politiko guztiek, baita halakoak ez direnen arteko askok ere, beren buruari demokratiko deritzete. Aberrazio formal nabari eta agerikoengatik, hori oraindik lotsagabe egin ezin dutenak justifikatu egiten dira helmugaranzko lasterkako ibilbidea pedal kolpe indartsuz hasia dutela baieztatuz, tropelean lehenbailehen sartzearren.

Terminoaren ospea nahitaez loturik dago ospe askoz ere zaharrago bati: guztiok harro defendatzen ditugun berdintasunak, askatasunak eta antzeko terminoek dutenari. Gaur egun estuki erlazionatzen da efikazia edo eraginkortasuna bezalako terminoekin ere, erreferentzia garbia eta esklusiboa eginik garapen ekonomiko iraunkorrari eta, ondorioz, jendearen irrika kontsumista agortezinak asebetetzeari.

Kontzeptu horiek guztiak ezin direnez definitu ezinbesteko eta berehalako erantzunik sortu gabe, gauza da ez daukagula irizpide objektiborik, ez enpirikoak ez matematikorik, erakunde politiko desberdinen arteko ranking eztabaidaezin bat ezartzen lagunduko digunik. Baina ez dugu erraz etsitzen; eta, hala eta guztiz ere, sailkapen hurrenkera ezartzeko lanetan jarraitzen dugu, kirol txapelketa bat bailitzan, gozatuz edo pairatuz txapelketa horretan zenbatgarrenak garen eta horren zergatiaz edo konponbideez hausnartuta. Zeren eta, esan dugun bezala, demokrazia denez —benetan edo hipokresiaz— gaur jendeak zoriontsu eta alai sentitzeko beharrezkotzat jotzen dituen gainontzeko helburuak lortzeko baldintza beharrezkoa eta nahikoa; nire ustez, gehiengoa prest egongo litzateke, zirt edo zart erabakita, norberaren gainetik dagoen erakunde politikoaren osasuna baloratzeko, halakoaren demokrazia mailaren arabera. Baina nahiz eta demokrazia neurtzeko eredu hori teorikoki onartu, praktikan ezer gutxi balio du; zeren eta eremu moral edo sozialeko kontzeptu gehienekin gertatzen den bezala, demokrazia ere ezin baita “zientifikoki” definitu eta egiaztatu, hau da, argi eta desberdinduki hauteman substantzia aristotelikoa edo cartesiarra bailitzan.

Zer da demokrazia? Herria gobernatzea, gobernatu bakoitzak bere gobernuari emandako placet edo onespen luzeagoa edo laburragoaren bidez agerian jartzen dena? Hala ere, hori gerta daiteke bai gobernuak herriaren borondateari men egiten diolako, edo herriak esaneko eta menpeko betetzen dituelako haren exijentzia eta nahiak ere. Gauza erabat desberdinak; baina, hala ere, emaitza berbera eragiten dutenak. Gure garaian, Tocquevillek aurreratu zuen moduan, soilik goberna daiteke jantzi edo mozorro demokratikoak aldean eramanda, eta ezer ez da egiazko demokraziaren antzekoagoa totalitarismo findua baino. Muturrek elkar ukitzen dutenez, “hasierako” demokraziak eta “azken” totalitarismoak forma berdina izan dezakete, haien edukia antitetikoa izan arren. Uste dut horrelako zerbaitek bor-bor egingo zuela Rousseauren buruan, Gizakien ezberdintasunaren funtsa eta jatorriari buruzko hitzaldia liburuan ondorengoa idatzi zuenean:

“Hala, helduak gara desberdintasunaren azken mugara, zirkulua itxi eta irteera puntua ukitzen duen muturreko puntura. Hemen norbanako guztiak berriro dira berdinak, ezer ez direlako. Eta mendekoek jabearen borondatea baino beste legerik ez dutenez, ez eta jabeak bere grinak baino beste araurik, ongiaren nozioak eta justiziaren oinarriak itzali egiten dira berriro. Dena itzultzen da, puntu horretan, indartsuenaren lege hutsera, eta, ondorioz, abiaburu izan genuen estatu natural purua zeneko egoerarengandik oso bestelakoa den natur egoera batera, azkena gehiegizko ustelkeriaren fruitua delarik”.

Hau esaten ari bagara ere, ez deritzogu ezinezkoa, ezta zaila ere, pilatutako bizi-esperientziari buruz gogoeta eginaz, baliozko irizpide bat aurkitzeari, kontraesankorrak diren espazio horiek bereiztearren. Herria eta Boterea liburuan (2007) horri buruz dugun ikuspegia azaldu genuen, eta horretara itzultzeko aukera izango dugu. Hemen eta orain, beste batzuk dira gure intentzioak.

Beti eman digu atentzioa Rousseauk gobernurik onenaren auzia (demokrazia eta demokrazia ezaren gaia) argitzeko moduak. Gobernu oro lerro zirkular batean kokaturik dago, lerro horren muturreko elementuak askatasun eta despotismo idealak direlarik. Hari harrigarria egiten zitzaion aintzakotzat ez hartzea seinale oso xume bat, gaia “objektiboki” ebaztea ahalbidetuko lukeena, eta uste izaten zuen borondate txar zabaldu baten ondorioa behar zuela izan. Rousseaurentzat, gizarte baten osasun politikoa diagnostikatzeko modurik egokiena eta bakarra zen, modan zeuden kanon zientifikoei jarraiki, halakoaren jaiotze eta migrazio tasei behatzea. Beste baldintzatzaile arraroen ezean, “gobernatzen dituen herritarrak lurraldea jendeztatu eta ugaldu egiten direneko gobernua da, okerbiderik gabe, gobernurik onena; eta bere agindupean herria urritu eta gainbeheratzen bada, gobernurik okerrena izango da”. Eta genebarrak ironia apur bat duen aholku batez amaitzen du, inpartzialtasunaren, estatistikaren eta, orokorrean, “zientzia positiboaren” zaleentzat: “kalkulatzaileok, orain zuen txanda da: zenbatu, neurtu, konpara ezazue”.

(Berriz, 1984) Filosofian lizentziatua. Jon Jimenez-ekin batera "Modernitatearen auziaz" (Jakin, 2009) idatzi du. UEUko Filosofia Sailburua 2 urtez izandakoa. Doktoradutza ikasketak bukatzen EHUrekin. Gara egunkarian iritzi saileko kolaboratzailea izan da. hAUSnART aldizkariko zuzendaria.
Email this author | All posts by

Leave a Reply