Zelan eman diezaiokegu berriz ere zentzua euskalduntasun hitzari?

By • Mar 12th, 2011 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Azken aldian jardunaldi, mintegi zein blogetan pil-pilean dagoen eztabaida dugu euskalduntasunarena; eta, noski, estreinu honetan ezin zaio muzin egin gaiari – gaiak erakarri eta erotu bezain beste aspertzen nauenean –. Baina, tira, zerk egiten gaitu euskaldun? Zer da euskalduna izatea? Zer da euskalduntasuna – euskalduntasunik egotekotan –? galdetu beharra dago, horrez gero; eta, nire buruari galderak jaurtitzen dizkiodan bakoitzean erantzun posible askorekin topatzen naiz: arraza, lurra, nazioa, historia, hizkuntza, kultura, herri-nahia, etab. – batzuk, noski, berehala baztertuak direlarik –. Baina ebazten saiatzen naizen bakoitzean, hariren batetik tiratzen dudanean, korapiloa sendoagoa egiten da. Beste hari batetik tiratzen dut orduan, baina ondorioa bera da. Orduantxe konturatzen naiz euskalduntasunak – edo, hobe esanda, euskalduntasunek – bizi duen krisiaz eta, Beaufretek galdetu zuen modu analogoan, galdetzen diot nire buruari: zelan eman diezaiokegu berriz ere zentzua euskalduntasun hitzari?

Eta, galdetu bezain pronto, Heideggerren argudioak datozkit gogora. Modu berean esan dezakegu guk, alde batetik, galdetze hutsak euskalduntasunak bere zentzua galdu duela erakusten duela; eta, bestetik, galdetzeak euskalduntasuna hitza kontserbatu nahi dugula ere erakusten duela. Orain, Humanismoarekin gertatu ez bezala – izan ere, Zizekek esan bezala, mendebaldekoak azken gizaki nietzschetarrak omen gara eta, ondorioz, ez da Gizakiaren heriotza zertifikatu –, Modernitateko euskalduna bai hil da. Euskalduna hilik da, euskal kulturarekin batera – eta, euskalduntasuna fantasia da, ezinbestean –. Jada, ez dago euskal kulturaren atzetik inolako masa modernorik – izan ere, ez dago masarik, multzotasunak baino ez –, ez dago euskalduntasunaren definizio edo zentzu bakar edo nagusi batekin batera bizi den herririk – beharbada, euskal kultura folklorismo edo ondare kulturalera murriztu duten pastitxeak baino ez gara –. Eta, hala eta guztiz ere, badira/bagara euskalduna kultura nagusitzat duen Euskal Herri bat ikusi nahi dutenak/dugunak etorkizunean – edo, mamu horrekin jostatzen direnak, umeak ama falta denean egiten duen bezala –, errealitate honetan hutsunea fantasiekin betetzen dutenak/dugunak – ez baitago errealitaterik mamurik gabe –.

Gauzak horrela, euskaldunik zein euskal kulturarik ez bada ere, gorpuari kiratsa badario ere, bere mamuak bizirik dirau – Ezin dugu ukatu, heriotzaren berri izanik ere, badugula beste une batean izan ginenaren oroitzapenik, badagoela behin euskalduna bizi izan zenaren lekukorik –. Horrexegatik, Marxek esan bezala – berriz ere analogiekin – esan dezakegu: mamu bat dabil Euskal Herrian zehar: euskaldunaren mamua Eta, kasu honetan ere, botere arrotz guztiak konjuratu egin dira gurutzada santu batean. Horrexegatik bildu behar dugu euskaltzaleok ere; ez bakarrik konjuraren aurka, gurean ere dabiltzan bestelako mamuen aurka ere – globalizazio demokrata-kristau-liberal-zuriaren mamua, terrorismoaren mamua, Europaren mamua eta beste asko –.

Baina, globalizazio kulturalarekin batera – batzuentzat inperialismo estatubatuarra –, paradoxikoa bada ere, etno-eklozioaren aurrean ere bagaude – abertzaletasuna edo separatismoaren mamurik ere bada –; eta guk ezin dugu trena hori galdu; Herrialde guztietako euskaltzaleak, elkar zaitezte! Herrialde guztietako separatistak, elkar zaitezte! Bildu, eztabaidatu eta, eskizofrenia horretan, adostu hortz-muga berrien bilaketari ekitea – singular plurala, plural singularra izateko modu berriak –. Gure nahiak baino ezin du erabaki zer izan behar dugun geroan – izatez bagarena eta iraganean izandakoa ahantzi ezinik, noski –.

Nik nire aldetik, Koldo Izagirrerekin batera, euskaraz abestu, margotu, bizi eta hil nahi duten euskaldunak ikusi nahi ditut beharbada batek baldintzaturiko etorkizun ezezagunean – euskararik gabe ezin delako euskaldunik, euskal kulturarik edo Euskal Herririk egon. Euskararik gabe, beste zer edo zer liratekelako –. Euskararen ebanjelio eta apokalipsiak esan bezala – modu erromantiko-poetikoan –, hasieran euskara izan zen – eta euskalduna, euskara haragitua – eta noizbait euskara hilko balitz, hilko litzateke betiko euskalduna berarekin – eta bere mamua –. Esadazue esentzialista eta erromantiko nahi baduzue, zuok esentzialistok, baina zertarako nahi dut nik euskara oinarri ez duen euskal estatu independente propio bat? Euskal? Propioa? Norena? Euskaldunona? Euskaraz mintzatu ez baina euskaldun sentitzen zaretenona?

Nik ez dut berriz arrotza edo bigarren mailako herritarra izan nahi – euskaraz mintzatzen ez direnak bihurtu nahi ez ditudan bezala –; horregatik abertzaletasun eredu berri baten alde egiten dut – internazionalista, beti internazionalista; gainontzekoak inmoralak iruditzen zaizkit –, posteuskalduntasun baten alde, Sloterdijken gizaki aparten ekoizketaren analogo litzatekeen etorri behar duten euskaldunen produkzio berriaren alde – non produkzio edo ekoizketa hitz desatseginek ahalbidetu, sortu edo gauzatu esan nahi duten –. Jendarteari, herrigintzari ekin euskaraz abestu, margotu, bizi edo hil daitezkeen euskaldunen etorrera ahalbidetzeko. Popper-ek esan bezala, aukera ezberdin guztiak aurreikusten saiatu behar dugu, jendeak uste baino irekiago dagoelako etorkizuna; gauza handiak egiteko modurik ez badago ere, pesimistak izateari utzi behar diogu zer edo zer, oso txikia delarik ere, egiteko. Edo, Guattarik esan bezala, edozerk lagundu dezakeelako etorkizun ezberdinak ahalbidetzen – existitzen denaz oso bestelakoa den diskurtso bera ere ekintza bat izan daitekeelako, existitzen den horren suntsipena ere ekar dezakeelako –.

Euskaldun ez den beste ezer izateari utzi nahi diogu, jakinik ere, Foucaultek esan bezala, egi batetik ateratzen denak eraiki behar duela nahitaez beste egiren bat – ez baitago gizabanakoarengan ontologikoki garbia den nahi pururik; ezta partzialtasuna saihestu dezakeenik –. Baina, egi berriren bat sortu edo ahalbidetu ahal izateko, aurreko egiren batekin amaitu beharra dago nahitaez – hil eta errautsetatik sortu –, subjektua sortu egiten delako beti ere botere-eremuren baten mendean, Butler-ek esan bezala. Horrexegatik, egungo gure helburua ez da benetan nor garen ikertzea, bagarena ukatu eta errefusatzea baizik – ondoren, zer edo zer berria asmatu ahal izateko, non berri den hori mamuaren gorpuzteren bat den nahitaez –. Antagonismoa, ukapena abiapuntu izanik, subjektibotasun – euskalduntasun – eredu berriak asmatzeak izan behar du benetan helburua.

Portzierto, kaixo denoi; eta barkatu zenbait pentsalariren zita hutsetan oinarrituriko panfleto hau hona ekartzeagatik…

BUTLER, Judith (2001): Mecanismos del poder.
DERRIDA, Jaques (1998): Espectros de Marx. Trotta. Madrid.
FOUCAULT, Michel (2006): Las palabras y las cosas. Siglo XXI. Madrid.
GUATTARI, Felix/NEGRI, Antonio (1999): Las verdades nómadas & General Intellect, poder constituyente, comunismo. Akal. Madrid.
HEIDEGGER, Martin (2001): Carta sobre el Humanismo. Alianza editorial. Madrid.
IZAGIRRE, Koldo (2010): Autopsiarako frogak. Susa. Zarautz.
MARX, Karl (1998): El manifiesto comunista. Ediciones Alba. Madrid.
MOULINES, C. Ulises (2008): Manifestu nazionalista. Are separatista ere esango nioke, estutuz gero. Txalaparta. Tafalla.
POPPER, Karl R. (2008): sociedad abierta, universo abierto. Tecnos. Madrid.
SLOTERDIJK, Peter (2007): En el mundo interior del capital. Para una teoría filosófica de la globalización. Ediciones Siruela. Madrid.
URANGA, Mitxelko (2011): Espektroak. Euskal terroristak. Utriusque Vasconiae. Donostia.
ZIZEK, Slavoj (2010): El acoso de las fantasias. Siglo XXI. Madrid.
ANONIMOA (1979): Euskararen ebangelio eta apokalipsia. Txertoa.

(Berango,1978) UNED-en burutu ditu Filosofia eta Antropologia sozial eta kultural ikasketak. Egun, Euskal Herriko Unibertsitatean ari da Soziologian tesia egiten mendebaldeko kulturako botere-harremanen inguruan. Bere lanen artean topa daitezke “Mitxoleta elektrikoetan koleopteroak” (Ediciones Beta, 2010) poesia lana eta “Espektroak. Euskal terroristak” (Utriusque Vasconiae, 2011) saiakera.
Email this author | All posts by

2 Responses »

  1. ongi etorri mitxelko. Arimak ez du hausnartzen mamurik gabe!: http://basque.criticalstew.org/?p=5791

  2. Ostras!!! Begira nor dabilen hemetik! :D En fin, ni aspaldi hontan pixkat galduta nabil filosofian (eta bizitzan), eta aldizkaria pixkat abandonatua daukat… baina bueno, aurkitu dut nire burua egun hurbilen batean eta hasiko naiz galdutako denbora berreskuratzen ;p

    Batxilergora itzuli artikulua irakurtzen hasi bezain laster. Zer da euskalduna? Bufff, uste dut bizitzan egin didaten galderarik zailena iruditu zitzaidala… zu beti mailukadaka! Interesgarria artikulua (edo panfletoa, nahi baduzu), ia Euskal Herrian bueltan naizenean begiradatxo bat ematen diodan zure espektrologia horri ;) Bitartean, ondo segi!

Leave a Reply