Nork esan du chincha? Ez chincha! Txintxa retxintxa txo!

By • Mar 1st, 2011 • Category: Azterketak eta Azalpenak, Uncategorized

Esaten da gertakizunak bakarrik erretroaktiboki ber-errepresentatu daitezkela; eta etorkizuna ez dagoela aurreikusterik. Egia esanda beti izan naiz orakuloarena egiteko gustoa dutenen kontrakoa. Euskal Herrian beti egon da jende asko predikzioak egiteko propensitatearekin. Kar kar kar. Eta beti oker. Normala den moduan.  Artikulu hau paper artetik 2004an idatzitako zertxobait da. Ez nuke proposatuko aldizkari akademiko baten argitaratzeko baina, Juaristi etabarren azken grazien harira, otu zait merezi duela Lapikora botatzera.  Badu alde aztertzaile bat baina denera txantxa da, ez txintxa.   Zegoenetan uzten dut, irakurleak garaiak garaiko adibideekin arazorik izango ez duelakoan.

* * *

TRIBUA, ERLIJIOA, APOSTASIA (I)

Kapritxoaren kapritxoz, gaia oraingoan ‘tribua, erlijioa eta apostasia’ da. Ez berez ‘tribuaren erlijioa’, nahiz eta, Euskal Herriko ekumenismo berrian oinarrituz, amaieran frogatuko bezala, ziztada batez, musulman bihurtzeak ere bertute bideak ireki baititzakeen barbaro lokalengan. Noski, testuinguru honetan errazegia eta banalegia izan daiteke aritzea Jon Juaristi eta Juan Aranzadi moduko, zentzu literalean, konbertso judu eta budistekin, errespektiboki. Baina ezin da ukatu, era berean, irresistibleki instrumentala dela. Eta paradigmatikoa. Beraz no offence! aitzaki eta eredutzat hartuak izateagatik. La Tribu Atribulada liburuan, carateca Juaristik bere aitaren kontra jotzen ditu funts gabeko haur-ostikadak:

No hablo de deberes filiales codificados en leyes religiosas. Incluso aquí la conciliación es imposible. Por ejemplo, si fueras judío, yo debería cantar kadish en tus funerales, pero lo más probable es que, si fueras judío, yo me habría hecho bautizar por el primer cura que encontrara.

Txintxa retxintxa … Nahiz eta, kasu! kontra-apostasiaren mehatxuarekin hornitzen den ume-kanta parrizida honen transfondoa askoz ere orokor eta zabalagoa baita, alegia: aitak, kasu honetan, in toto ordezkatzen duen euskal subjektu étnico eta estentsioz nacionalista petrala. Hau da:

La tribu atribulada, victimista y victimaria, siempre afligida, siempre infligiendo aflición; tribu de flagelantes flatulentos, ahitos de cocochas; tribu de quejicas, de querulantes, de camorristas; de tribunos triviales y de babales bandas de asesinos estancados bajo el mismo estandarte.

Goikoa irakurrita gero eta etorrita, datorren moduan, kritikari ospetsu eta eztabaidatzaile batengandik, pasartean adierazgarriena ez da astunki ez-estetikoa eta gartxuki sutsua suertatzen den aliterazioaren erabilera. Azken finean, sobera nabaria da soinu zorrotz konpultsiboez edo hitzjoko errazen ukabilkadekin aritzearen teknikak berak, gauza sinple xamar bat indartu nahi duela; deskribapen objektuaren sinplekeria eta ezerezkeria bera hain zuzen, bere aitaren modukoen ziztrinkeria kaskarra.

Denera, baina, ordainkorki heuristikoena hemen, atzeranzko begirada historikoa emateko inbitapena da. Zeren eta hiruzpalau lerrotan, Juaristiren meritoa euskal bestiologiaren tropoan oinarrituriko tradizio kanonizatu baten kondensatzea baita, hamalaupabost mende eta pikutan luzatu dena barbaroen irudimen ezkorren errepresentazioak lantzen dituelarik. Zentzu honetan, Juaristi bat dator, besteak beste, Prudentzio  (IV. mendea), Saint Amand (VII.an), Amery Picaud (XII.an), Pierre de Lancre (XVII.an), eta … Ian Gibson behin PSOE-ko hautagai britaniarrarekin, zeinak, noizbaiteko kraneologoaren jakinduri enpirikoaz, noiz eta XX. mendeko 1994an ondorengoa esaten duen, eta esan inolako lotsarik gabe, gainera:

The [Basque] men are famous for their long, straight noses, and the women have a characteristically ‘Red Indian’ look, with a pointed nose (which tends to get hooked in old age), square shoulders and small buttocks and breasts.

Hori irakurriz, espero dut nire ama-arrebak, denak zera baino sudur motz panpoxdunak gehi diti-ipurt-ederdun Boterokoiak izanik, ez dezatela ingelesa inoiz ikasi. Modu berdinean, esan beharra daukat, hala ere, nire aitarekin baietz! Bingo egiten duela Gibsonek. Eta zurearekin? Benga, bota dezagun batera sekulako irrintzi ozen-luze-txerokien-modukoa horrela hirutik bi asmatu dituela jakin dezan. Oso ondo ingeles jakintsu hori! Ez dago batere gaizki! No bad at all

Euskal bestiologiaren tropoez aritzerakoan, baina, (esaterako, Vascoi-en gaiztotasuna eta kanpotarrarekiko odolzalekeria; berdin pirata itsaslapurrarena; edo Deliverance filmeen tankeran, sustraituriko basatien asto mando-erromes-turista gizagaixoen popajotzaileena; edo sagardoa larregi edateagatik voodoo demonologia jatorriz afrikarrean sorginkeria akertzaleena eta abar…); ipuina berriz hasteko, beraz: I◄◄ Euskal bestiologiaren tropoez aritzerakoan, baina, denboraren Esne Bidean galtzen direnak eta euskal labeldun Juaristiren moduko buruberoen errierta tremendistetan bateratu eta laburbiltzen direnak, azken honi ondorengoaz ohartarazi beharko lioke: izan ere, bere paroxismo autoukazalea barne harturik eta guzti, bera dela izan lekukotasun frogagarriena kontinuitate teleologikoa benetan dagoela baieztatzeko, aberetsua eta ankerra izanik ere, tribu atribulada horren camorrista cococha-zaleen errebindikazio eta irakurketa historizistak legitimatzen dituena. Zeinak bere beste hainbat bestseller fabrikatuen muina zalantzan ezartzeko bidea ere zabaltzen duen, hasi El Linaje de Aitor-rekin, itxuraz lan akademikoena, eta Bucle melancólico-tik aintzina ekiten dion zurrumurrukeria hizki-mizki faziloiekin bukatzeraino.

Datorren analogia edo paralelismoaren baliagarritasuna zure esku gelditzen da, irakurle, baina otu zait, seguru asko, diatriba demonizatzaile horiek irakurlego espainiarraren jakin-min jantziez disfrazatutako beste historikoki antzeman ezinari begira jarritako voyerismo desiratzailea asetzeko-edo daudela idatzita gehienbat:

J’ai connu á Berlin un protestant chez qui le désir prenait la force de l’indignation. La vue de femmes en maillot de bain le mettait en fureur; il recherchait cette fureur-là et passait son temps dans des piscines, (Jean Paul Sartre, Reflexions sur la question juive.)

Ezagutzen dut no-nacionalista cosmopolita pacifista ugari, norengan desirak indignazio demokrata aurki-berriaren indar teluriko pasionala hartzen duen. Vasco hitzaren aipatzeak berak amorratzen die; amorru horren bila orduak eta orduak pasatzen dituzte historias de barbaros nacionalistas paleto-violentos irakurtzen.

 

TRIBUA, ERLIJIOA, APOSTASIA (eta II)

Zurrumurruek ahalbide eraldatzaileak dauzkatela ez dago ukatzerik. Batez ere literatur mota edo genero behekotzat esplizitoki goraipatzen direnean. Arazoa da txaskarriloa kulturaren goi-mailakerietan ezkutu nahi denean.  Juaristiren kritika suntsitzaileen sinesgarritasunerako, hala ere, esan beharra dago, euskal excepcionalismo edo berezitasunean sustraitzen diren errebelazioaren makina bat mezulariren joera betibera-betiberdinak, ez direla berez onuragarriagoak. Asmoa “euskal subjektu étnico” alferrekoari tokatzen zaion lekune erresiduala eta ez zentrala ematea baldin bada behintzat. Zentzu honetan, Londresen lehen aldiz 1930an argitaratu zen Rodney Gallop bidaiaria britaniarraren Book of the Basques kontu folky txinarrez beteari buruz esan daiteke ba tira, garaiko ekoizpena dela eta abar, antzerako beste asko bezala. Baina Mark Kurlanskiren The Basque History of the World errezeta liburu argitara berri xamarrarekin, Londresen baita, gehi Sydney, Auckland eta Parktownen, ez nago batere ziur gauza bera baieztatu daitekeen.

Kurlanskiren liburuan ez da kokotxak prestatzeko gidaritza aurkituko, bai aldiz beste delizia eta sukulentzia askorena. 207 orrialdean, adibidez, Domestic Cat edo etxa-katua txanpinoiekin eta jerez saltsan egosteko errezeta ere badago, hemen aipatzen dudana, alde batetik, aitari sarri entzun ohi diodalako: Katua? Gerra denboran baita arratoiak be ingurutik agertuz gero! Eta, bestetik, ba pena ematen didalako agureak jada, adituek bere sudurrarekin hainbeste sartzeaz, Kurlanskik berak “The Basque Myth” atalean egiten duen bezala:

Ample evidence exists that the Basques are a physically distinct group. There is a Basque type with a long straight nose, thick eyebrows, strong chin, and long earlobes

… Baina itxoin pixka bat itxoin, igual ni neu ere tipo edo eredu horretakoa izango ote naizen zalantza sartu zait-eta. Banoa komuneko ispilura…

Uff… Eskerrak: Oraingoan lautik bakarrik bat: Sudurra amarena, beno, eta Witney Spears-ena, txantxarik ez! bekainak bai spot on, sendo samarrak; kokotsa berriz, ezer gutxi benetan John Kerry Estatu Batuetako presidentzi-hautagaiarekin konparatuz gero, edo, kasurako Velazquezen Felipe- cuartorenarekin; eta belar-kinkilak?… Neurtzeko baremorik ez… nahiz eta pixa egiteko ere aprobetxatu dut eta…

…Zer nahi dela

… EUSKAL MITOEN zerrenda non hasi eta non bukatzen den, uste dut, denon jakinean dago. Eta ez badago, badaezpada ere, Juan Aranzadiren El escudo de Arquíloco izenburu pean bizpahiru urte direla argitaratu ziren bi liburu-adreiluak irakurtzeko mina aurreztuko dizuet; izan ere, lehen tomoko 225 orrialdean baita, non eta in a nutshell h.d.: intxaur koxkol batean kondentsatzen duen euskal genesi etnikoaren mitologia esentzialista non datzan:

El núcleo central de la “mitologia” que legitimó esa etnogenesis fue el mito de la continuidad física, biológica,  genealógica, en una misma tierra, de una misma población, de un mismo pueblo, con la misma lengua, la misma religión, lamisma cultura, los mismos “usos y costumbres” y las mismas “leyes viejas” (recogidas en los fueros), desde los orígenes hasta hoy...

Genealogia horretan ezer berririk ez dago, ezta Aranzadiren arkeologian urratzen diren betiko estratuetan ere, errenazimendu-gero-barrokoko eskribau-apologista-odolgarbiekin hasi eta arkeologo-cromagnonzale, etnologo-arrazialista erromantikoen – kritikaraino, bere arbaso hurbil famatua barne.

Aranzadiren erakarpen nagusiena, dena den, ez da, nire iritziz, El escudo-n (eta Milenarismo-n) botatzen dituen izerdiak, nacionalismo vasco-ak sistematikoki apropiatu eta instrumentalizatu ohi duen la inversión mítica de los procesos históricos zientifikoki salatzeko, zerekin eta antropologiarekin! Edo “zientzia” politikoekin! Ezta bidean bere belaunaldiko hainbat ikas, irakas eta ekinkideen kontra beste hainbeste orrialde autobiografikoz kontu garbitzearen ariketan ibili beharrarekin antzezten dituen eguberri pantomimak ere: Oh yes, you are, oh no I’m not. Oh yes you did, oh no I didn’t. Alderantziz, askoagatik interesgarriena da Aranzadik nola islatzen, edo kondentsatzen duen, hitza berriz erabiltzeko, baina oraingoan sandalo pakete batean, bere belaunaldi horren galmen intelektuala eta porrot politikoaren zentzua: Gorde nazazu, Jauna/ gorde nazazu neronengandik lehenik/ beldur handiaren ilunabarrean (Xabier Lete, Otoitz budista.)

Bizi-traiektorian ortodoxia guziak dastatu eta besarkatu ondoren, eta Juaristi ez bezala, zeinak, azkenik, histerikoki, estatu probidentzian aurkitu baitu bere Jehova partikularra, Aranzadiren meditazio transzendentalaren kasuan, alderantziz, gerreroaren erretiroa da aukeratzen den la solución final autoinmolatzaile antiepikoa. Nondik, Arquíloco poeta helenikoa jarraituz, bataila erdian ezkutua kunetara bota eta bere bizia salbatzeko ihes egitearen erabakia. Nora eta bere residencia londinense (El País, 30/06/01) urte pare batekora. Non eta, hala ere, kosmopolita mundu-hiritar exkisitoarena eginez gain, eta “iheslariaren etika”-ri buruz erreflexionatuz gain, Dalai Lamaren ikaskizunak propioki bereganatzeko eta Nirvana egoera aurkitzeko gauza izan den ala ez, ez den gaia hemen.

Gaia da, Aranzadiren errebelazio puritanoak dakartzan desafekzio fatalistarekin kontsumatzen duen traizio bikoitza: Bere mendebaleko kultura liberal-demokratikoaren falazia humanistarekiko, alde batera, azken finez, Aranzadiren eritziz, etnozidio, genozidio eta ekozidio-aren emaitza delako. (Thoreau-n desobedientzia zibilerako lekurik balego sikiera, baina ez, errebelatzea bera krontraproduzentea da azkenean, beti, iraultzailea borrero bilakatzen delako.) Terrorista barbaroen fundamentalismo fanatikoaren kontra gudalekuan “erresistentzia”-rekin jarraitu eta “matxinada”-rekin segi egiteko gelditu diren kide ohien kalterako, alde bestera, Aranzadi ohartzen baita, aspalditxo Joxe Azurmendi bezala, bestalde, demokraten historia, izan ere,  gestu inaguratzaile sakonetik aintzina, nahikoa biolentoa dela. Hau da, azaburuak mozten hasi ziren / ginenetik Hegelek Terrore Jakobinoa aztertzerakoan adierazten duen bezala, gaurko Afghanistanraino.

Bukatzeko bada, aspalditxotik iparra ondo galduta daukatenez eta intelektual-bizi ibilbidea amaituta dagoeneko, ez dagoela, beraz, gainetik Damocles-en ezpataren beharrik. Fatwa jasotzeko ordua da.

Bere ikasketak eta irakaslanak Frantzian, Londresen eta Renon burutu ondoren orain Leeds-eko uniberstitatean ari da Komunikabide eta Soziologia sailen artean multikulturalismoari buruz lanak egiten. Kultura eta identitate erbesteratuak (Nomadologua subalternoak) (Pamiela, 2005) eta Subordinazioaren Kontra (Pamiela, 2008) liburuen egile, Zizek Ikasketak-Nazioarteko Aldizkaria elkektronikoan (IJZS) itzulpen eta edizio lanetan dihardu, Ikasketa Subalterno kolektibotik sortutako Critical Stew proiektoaren kide da eta Lapiko Kritiko euskarazko sailaren suztatzaile.
Email this author | All posts by

6 Responses »

  1. Oso ona. Hor bideo pare bat: etakide karateka txapeldunak, euskaldun irrintzilari matxinsalto boronoak, zestapuntarekin terrorismoa egiten… ieup, aibalaostia patxi!

    http://www.youtube.com/watch?v=Ubzn-6U9Gok&feature=fvw

    http://www.youtube.com/watch?v=YUbmI6b3phI&feature=related

  2. carateca zu, carateca, c-kin!

  3. Arrazoi duzu, carateca.

    Bestela, irakurri elkarrizketa hau, ARGIAk argitaratua (nire hitzaldiarekin ere guztiz lotua):

    “Frank Bergon
    “Euskal amerikar gara, identitate gatazkarik gabe”

    Hamaika lan idatzi ditu, idazle eta literatur kritikari denez. Tartean, nabarmen, hiru nobela, euskal amerikarrak beti han igeri ageri. Horietan, euskaldun huts dira batzuk, amerikar peto beste batzuk, euskal amerikar hirugarren batzuk. Finean, Frank Bergonek berak igaro dituen aroak erakusten dituzte haren nobeletako pertsonaiek.
    Miel A. Elustondo

    2011-02-27

    Frank Bergon, amerikar idazlea, euskaldun jatorrikoa.

    Amaren aldetik, behintzat, bizkaitar jatorrikoa. Esteban Mendive Aurtenechea zen gure aitaita, Ajangizen jaiorikoa, Gernika aldean. Amama, Petra Amoroto Egaña, markinarra. Ama, AEBetan jaioa, Lina Mendive, eta aita, berriz, Frank Albert Bergon, Biarno jatorrikoa. Aitaita izan zen hango mendebaldera joaten lehena, artzain, Bizkaitik hara joan ziren beste asko legez. Kontatzen zuen, behin, mendian, beste artzain batekin berbetan, olgetan ere bai, erretratu bat erakutsi ziola delako artzain horrek. Markinan bizi ei zen neska polit bat agertzen zen berton. Gure aitaita Estebanek, neskari eskribitu, ezkontza eskatzeko. Jakina, gauzak ez dira horrela egiten gaur egun, baina horrela egin zituen gure aitaitak. Amamaren familiak errezeloak ere egin zituen lehenengoan, baina kontua da neska gazte polit hura Amerikara joan zela, betiko. Hartu itsasontzia Bilbon edo dena delakoan, New Yorkera ailegatu, hartu trena eta Nevadara. Amerika osoa –ekialdetik mendebalderaino, gero!– zeharkatu eta gero!

    Garai bateko legean, ingeles arrastorik ez zuen jakingo, eta izena eta Amerikako helbidea paparrean zituela…

    Bai, kateorratzarekin katigatu papera, helburu zuen Nevadako herriaren izena berton ageri, eta martxa, Elyraino, Nevadan. Han, aitaita zain, ordu arte delako artzainak erakutsitako erretratuan baino ikusia ez zuen neska politaren zain. Ezagutu zuen, horratik! Eta ezkondu egin ziren, eta zortzi seme-alaba izan zituzten. Horietako bat, gure ama. Horra nire euskal jatorria.

    Jatorria dugu bat, tasuna beste bat… Zertan izan zen zure euskal giroa Elyn, iragan mendearen erdialdean?

    Gure aitaita-amama haiek euskaldunak ziren, akabo, bada! Euskaldun peto-petoak, herrialde arrotzean. Euskaldunak ziren, baina Amerikan ziren, eta amerikarraren legean erakutsi zieten beren seme-alabei. Gure gurasoen belaunaldiak, ondorioz, aintzakotzat ere ez zuten hartu beren jatorria, euskaldunak izan, europarrak izan, bazuten beste premiarik: amerikar izan gura zuten, besteak lakoak. Pentsatu ere ez, garai hartan, inork bere burua nabarmentzerik, “ni euskal amerikarra naiz” eta horren modukoak esanez. Ahaztu gurasoen Herri Zaharreko istorio eta histori zaharrak. Joandako ura zen. Esango dizut, ez batak ez besteak zuten inoiz Euskal Herria zapaldu, ez bisitarik ez bidaiarik ez ezer.

    Zuk bai, horratik!

    Bai, nik bai… Egia esan, zenbat eta bisita gehiago egin Euskal Herrira, orduan eta bertokoago sentitzen naiz, erosoago. Jakina, gero eta jende gehiago ezagutzen dut, ez jende larregi, baina bisitaldi bakoitzean lagun berriak egiten ditut. Eta, bestalde, gaur egun, errazago da, Internet, posta elektroniko eta horien bidez. Dena dela, gure gurasoen kasua ez da bakarra. Gogoan dut, orain dela urte batzuk, San Frantziskoko (Kalifornia) euskal etxean, 25. urteurreneko ospakizuna, kantua eta beste. Tartean, hango bertsolariak. Haietako baten emazteak esan zidan ez zuela hona (baina Iparraldera) etorri nahi izaten, jendeak ez diola begi onez begiratzen iruditzen zaiola. Eta ez du bere herrian inorekin harremanetan jartzeko eragozpenik, euskaraz zein frantsesez, bietan egiten du-eta ondo. Baina irudipen hori, sentipena. Are gehiago, haren gizonak ere –bertsolariak, alegia–, berdin sentitzen zuen, ez zuen Euskal Herrira etorri nahi izaten, nahiz eta berton jaio, hazi eta bizi 17 urte izan zituen arte! Beraz…

    Zuri dagokizunez, Euskal Herrira baino lehen ere, euskaltasuna piztua zen zure baitan.

    Baietz esango nuke. Bai, dudarik ez horretan. Esan dizut gure gurasoak ez zirela inoiz hona etorri. Gu, seme-alabok, amerikar izan gintezen gura zuten. Baina han zegoen amama, haien gogoa zelanbait zapuzteko. Kar, kar, kar… Amama oso zen euskalduna, euskaldun peto-petoa. Gure amarekin ere euskaraz berba egiten zuen. Gu ingelesez hazi gintuzten, baina, umetan, amamak berba batzuk erakutsi zizkidan euskaraz, baita gaztelaniaz ere. Berba batzuk baino ez, baina zer edo zer, hala ere! Berba haiek baino, dena den, jatekoa izan zen inportanteagoa.

    Jatekoa?

    Bai, bai. Amamaren sukaldean egoten zen janari usain goxo hura ez dut ahazten. Goxoa. Eta amamaren sukaldea ez zenean, Fresnoko (Kalifornia) Basco Hotel izeneko ostatu eta jatetxea zen. Izan ere, Nevadako Elytik Kaliforniako San Joaquin ibarrera jo zuen familiak, eta, han, Fresnora joateko ohitura hartu zuen, beste euskaldun eta euskaldun ez ziren askoren legean. Hantxe ikusi nituen lehenengo bider euskaldunak pilotan jokatzen. Eta batak besteari euskaraz berbetan. Mahaiak luzeak ziren, eta etorri eran jesartzen zen jendea, elkarren ondoan, halaxe zen-eta legea. Oraindik ere halaxe da Mendebaldeko euskal ostatuetan. Hango sukaldea euskal amerikarra da, artzainaren jatekoa zuen oinarria, bateko zopa, besteko gazta, honako arrain eta harako okel… Seguru esaten dizut ez zela amerikar estiloko jatena. Eta bestalde, hau ere esango dizut, Euskal Herrian jaten edo afaltzen, askotan sentitu dut janari haren gustu bera. Beraz, sukaldeak egin nau euskaldun. Nire euskal identitatea sukaldeari lotuta dago, tamaina batean, jakina.

    Oraintxe esan duzu! “Tamaina batean”. Zure lehen idazlanean bertan, euskalduna protagonista…

    Ikasten ari nintzen garaian idatzi nuen, 17 bat urte nituela. The Flood (Uholdea) zuen izena testuak, eta artzain euskalduna zen pertsonaia, Fermin Erro. Hasiera-hasieratik, euskaldunaren inguruko jakin-mina izan dut nire lanetan. Artean ez zen gogo kontzientea. Geroago bai, AEBetako mendebaldeko herrietan euskaldunek egiten dituzten udako festibaletara joaten hasi nintzen, barrutik ezagutzen. Horrek, gainera, euskal historia ikasteko gogoa piztu zidan. Orduan kontzienteago egin zen nire barruko asmoa.

    1987an Shoshone Mike idatzi zenuen, izen bereko indioaren tribuaren hilketa hotza. 1911ko gertaera historikoan hiru euskaldun eta amerikar bat hil zituzten indioek. Orduan ere euskaldunak tartean zure nobelan.

    Bai, indioek hil zituzten lau haietarik hiru artzainak ziren-eta. Dominic Bertrand “Indiano”, Peter Erramouspe, John B. Laxague. Amerikarra, Harry Cambron zen. Gertakariaren inguruan egin nuen nobela, baina ez naiz euskaldunen bila ibiltzen. Ez beti, behintzat.

    Robert Laxaltek zure nobela hori goraipatu zuela badakit.

    Bai, egia da. Eskutitza ere idatzi zidan, esanez hunkigarria iruditu zitzaiola. “Hunkigarri” berba erabili zuen. Berba onak izan zituen nire lan harentzat. Gizon atsegina zen Laxalt.

    Beste lan batean, The Temptations of St. Ed and Brother S izenekoan, beste pertsonaia bat, guztiz deigarria: Ed Arrizabalaga saindu debotua, zure euskal deituretako bat daraman abata. Arrizabalaga horrek izena baino ez du euskalduna, ordea.

    Hori ere errealitatea da. Euskal izena duten amerikar guztiak ez dira euskaldun, ez dira euskal amerikar sentitzen. Amerikar dira, eta kito. Nobela horretako Ed Arrizabalaga abata sainduak ere ez du batere interesik, ardurarik ez dio bere identitateak, eta, alde horretatik, erabat amerikar izatea erabaki dutenen irudia da. Noski, izan liteke, euskaldunak –edo erdi euskaldunak– direla jakin arren, beren identitatea ezkutatu gura dutenen irudia ere. Identitate kontuak ez dira errazak, dakizunez. Fermin Erro, nire lehen idazlan hartako artzaina, euskaldun purua zen. Shoshone Mikek-eta hil zituzten hiru haiek bezala, euskaldunak. Ed Arrizabalaga saindua, ostera, izenez da euskaldun, besterik ez.

    Wild Game lanean, beste euskaldun bat da pertsonaia nagusia: Jack Irigaray. Aurrekoak ez bezalakoa da Irigaray, Monika Madinabeitiak esana duenez. Identitate galduaren bila, berreskuratu nahian ari da Jack…

    Amerikar hazi zen Jack, hala erakutsi zioten –neuri bezala–, amerikar puru-purua, ez euskal amerikar nahaste bat, ez, amerikar eta kito. Gero, haren alabek jota dantza egiten ikasten dute Zazpiak Bat euskal klubean [izen horixe du Renoko klubak], eta beren euskal identitatearen jabe dira, euskal amerikar dira –gara–, eta pozik. Ez dago identitate gatazkarik, bi identitateetatik edan eta beste bat sortu dute, berria, bietatik daukana. AEBetan ez dago arazorik, ez dakit hemen zer esango duzuen, baina horrela da han lehenengo belaunaldian ez besteetan. Eta, are, lehen belaunaldiko jendearen artean ere!

  4. Bai. Ematen du amerikar-euskaldunak pozik daudela eredu multikulturalista amerikar honekin: amerikartasuna: identitate zibiko-politikoa , euskaldntasuna: identitate etniko-kulturala. Eredu bezala niri ere ez zait oso txarra iduditzen Euskal herrian independentzia deklaratzen denean. Galdera berriz zera da: Onartuko dute euskaldun-espainolak beraien gutxiengo etniko izatearen statusa?

  5. Caratecaren eta irrintzilarien kontuarekin eta jarraitzeko, gaur igandea da eta saltsa pixka bat emateko arratsalde honi, begira Aralar alderdiak “La izquierda abertzale del siglo XXI” txisteratik atera berri duen printzipio hauetan zer dioen:

    “Aralar siempre se ha comprometido a cumplir con su palabra, palabra de vasco…”. Maite Soroak esaten duen bezala, “vaya melonada”. Eta gero gainera esentzialismo hori kritikatzen du, “El Abertzalismo del siglo XXI tiene que ser plural. Ha de ser una forma de entender el País (…patatin, plural, patatan, flexibilidad…). No etnicista; no excluyente.” A zelako saltsa.

    Goiko rinozeronteari “palabra de vasco” gehitu beharko zaio, Imanol.

  6. Palabra de vagca, vagca etnica! http://www.youtube.com/watch?v=2fs7Fryp1HE

Leave a Reply