“Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz.” Txillardegi. (Berria.2011-02-12)

By • Feb 12th, 2011 • Category: Albistekaria

2011-02-12

Jose Luis Alvarez Enparantza, ‘Txillardegi’. Idazlea

«Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz»

‘Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!’ lelopean, manifestazioa antolatu du Euskal Herrian Euskaraz-ek gaurko. Ekitaldi horretan omenaldia egingo diote Txillardegiri, euskararen alde egindako lana eskertzeko.

Iñaki Petxarroman Donostia

EHEk antolatuta, omenaldia egingo diote gaur Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri (Donostia, 1929). Euskara batuaren akuilu, EHEren sortzaile, idazle, politikari, euskaltzale nekaezin… Pozik dago EHEren ekimenagatik, eta eskertzen dio. «Nire ideien alde jokatzen duen jendearen partetik gorazarre bat hartzea pozgarri zait. Besterik litzateke orain arte larrutu nautenek horrelakorik egitea», dio.

EHEren sortzaileetako bat izan zinen, duela 30 urte. Zergatik sortu zenuten erakunde hori?

Euskara beti bigarren mailan geratzen zela ikusten genuelako sortu genuen Euskal Herrian Euskaraz. Horri gogor aurre egin behar zitzaiola erabaki genuen, eta horretarako sortu genuen. Argi dago elebitasun orekaturik ez dagoela, hori mito bat besterik ez dela. Munduan badira hainbat adibide; Belgikan, esaterako. Teorian, bi hizkuntzak berdinak dira legez, baina de facto, Bruselan adibidez, frantsesa nagusitu da. Flandrian, berriz, ez dakite frantsesez. Elebitasun orekatua jendea engainatzeko trikimailua da, eta Belgikan hala baldin bada, pentsa hemen, hizkuntz eskubide pertsonalik ez dago eta. Lopez eta Sanz daude agintean. Francoren garaian antzera gaude, agintean direnak euskararen aurkakoak dira eta.

Euskara larri zegoela zenioten orduan: «Honela euskara heriotzara doakigu».

Kalean oso gutxi erabiltzen zen. Politikariek zioten politikari eman behar zitzaiola lehentasuna eta gero helduko geniola euskarari. Baina hori Irlandan gertatu zen gaelikoarekin. Lortu dute independentzia, baina gaelikoa galduta dago.

Garai hartan euskararen egoera larria zen, baina ez zen samurragoa izango zuri euskararekiko grina piztu zitzaizun frankismoko urteotan…

Nire gazte garaian, Antiguan [Donostia], euskaraz hitz egiten zuten Igaratik eta Igeldotik etortzen ziren baserritarrek, esnezaleek… Egoera diglosiko garbia zen, eta gauza serioetarako espainola erabiltzen zen. Jende arruntarekin, baserritarrekin eta, euskaraz egiten zen. Diglosia zegoen, eta, gainera, zentzurik txarrenean.

Zuk, berez, euskararekiko harremanik ez zenuen. Nola sortu zitzaizun harekiko grina?

Oso txikitatik. Errepublika garaian baino lehenago. Baziren liburu batzuk, eta atzealdean eraskin bat zegoen euskarari buruz. Niri betidanik interesatu zitzaidan, eta pentsatzen nuen: «Hau da gure hizkuntza; zergatik doa beti azken orrialdeetan?». Pentsa, errepublika garaian hala bageunden, frankismo garaian are eta okerrago. Gurasoak euskaldunak baziren ere, ni hutsetik hasi nintzen euskara ikasten, etxean beti espainolez egiten genuelako.

Ama entzun zenuen inoiz euskaraz egiten?

Bai, nire seme-alabekin.

Garai hartan, baina.

Baserritarrekin, erosketetan… Amak ondo egiten zuen euskaraz. Pentsa ezazu, garai hartako Donostia ingurua guztiz euskalduna zen, eta baserritarrek, esaterako, ez zekiten erdaraz.

Euskara batuaren aldeko sutsua izan zinen. Orain egina dagoela dirudi, baina garai hartan eztabaida latza izan zenuten.

Oso eztabaida latzak izan ziren. Gure artean, alde batetik, Mitxelena zegoen; eta, bestetik, Krutwig. Krutwig getxotarra zen, baina gurasoak alemanak zituen. Haren eredua alemana zen. Han, Lutherren biblia hartu eta itzuli egin zuten. Krutwigek zioen hemen gauza bera egin behar zela: Lizarragaren biblia hartu eta eredu moduan erabili. Baina, jakina, euskara hura oso bitxia zen guretzat: Ikusi nuen beharrean, ikus neban erabiltzen zuen, eta esan zion: erran ziotzon. Oso hizkuntza artifiziala zen hori, eta gu horren kontra geunden. Mitxelenak esan zuen irtenbidea garai hartako gaztedi euskaldunari begirakoa zela eta gaztedi hori Gipuzkoan eta Bizkaian zegoela. Kontua da Iparraldekoak ere hor zeudela. Beraz, Bizkaiko euskara, oso interesgarria bada ere —eta fonetikoki-eta Gipuzkoakoa baino askoz ere hobea da—, praktikan erabaki zen gipuzkera hartzea lapurteraren ukitu batzuekin: h-ak, adibidez… Eta, hizkuntza artifiziala bazen ere, hala sortu zen euskara batua, bizkaiera kanpoan utzita.

Bizkaiera baztertu izanak kritika ugari eragin ditu. Zer deritzozu?

Egia da, baina oso zaila zen gauzak beste era batera egitea. Bizkaiera beste herrialdeetako euskaldunek ez dute ulertzen. Gu geu ere galdu egiten gara bermeotar batek hitz egiten duenean, eta hori guri gertatzen bazaigu —maila teoriko bat landuta daukagunoi—, zer esanik ez jendeari. Ez da posible, zoritxarrez, zeren nik ere nahiago nuen bizkaiera.

Mitxelenak zuen tesiekin bat egin ez balu, euskara batuak ez zuen aurrera egingo, ezta?

Guk bultzatu genuen, baina Mitxelenak jarri zion zigilua. Gu 1964an Baionan elkartu ginen. Ni ihes eginda nengoen. Guk txostenak Iparraldean egiten genituen: Monzonek, Iparraldeko jendeak… Txostenak bidaltzen genituen Hegoaldera, 18-20 bat laguni, eta haien iritziak jaso ondoren proposamenak osatzen genituen. Bide hori ez zen praktikoa, eta 1968an Arantzazun egin zen kongresu sonatuan Mitxelenak ezarri zuen bere iritzia. Bera gabe ez zen sortuko euskara batua.

Fonetikarekin kezkatuta zaude azkenaldi honetan. Mugaz alde batekoak eta bestekoak gero eta urrutiago daudela diozu.

Hor problema latza dugu. Alde batetik, aitortu behar da gure artean ez dagoela nahiko pisu duen inor arazoari heltzeko. Gauzak hala izanda, zaila izango da jendeak horren aurkako neurriak horren erraz onartzea, erdaren eraginak ikaragarriak direlako. Orain dela 30 urte txosten bat egin nuen azentu kontuetan egiten diren erdarakada azkor hauek azaltzeko. Esaterako, nik badákit esatea da ahozkera zuzena; bada, jendeak hau esaten du: nik badakít, espainolaren sí, lo sé horren eraginez.

Hainbat elkarrizketa eta iritzi artikulutan Euskaltzaindiari leporatu izan diozu horren erru parte bat.

Ez dira ausartzen gaiari heltzeko. Nahiko istilu izan zituen euskara batua egiteko prozesuan, idazkera eta horrelako kontuei buruz. Azentuei buruz oso zaila da, euskalki batetik bestera gauzak aldatzen direlako. Azkoititik Azpeitira hitz egiteko modua hainbeste aldatzen bada, atera kontua zer izango den Bermeo eta Otsagabia artean. Kontua da egun ez dagoela inor garai batean Mitxelenak beste ospe duenik. Jendeak errespetatzen zuen eta gai zen erabakiak ezartzeko.

Euskalkietan eragitea zaila izan daiteke, baina hizkuntza estandarra finkatzeko beste eremu batzuk badira: hedabideak, eskolak…

Lortu behar dugu euskararen eredua bultzatzen duten erakundeek, bereziki irrati eta telebistek, esaten ari garena errespetatzea. Esaterako, Joseba Egibarrek eta Iñaki Antiguedadek oso ondo egiten dute euskaraz. Ereduak hor daude. Bizkaitarrek hobeto erabiltzen dute azentua gipuzkoarrek baino, eta, hala ere, Gipuzkoan euskararik onena dagoen ustea oso zabalduta dago. Hori ez da egia. Gipuzkoako euskara ez da ona gauza askotan.

Zer moduzko harremana duzu Euskaltzaindiarekin.

Ona. 1978an Euskaltzaindiak nire eskuetan jarri zuen aditz batuaren batzordearen aurkezpena. Nik hartu nuen, Euskaltzaindiak ordainduta atera zen, eta hor dago. Baina gero erakunde ofizialetara hurbildu zen, eta nik haientzat ospe txarra nuen, «ETAko gizona» nintzelako.

Euskaltzain oso egin ez izana kritikatu dute euskaltzale askok urte hauetan. Zuretzat mingarria izan da, euskararen aldeko akuilu nagusietako bat izan zinela kontuan izanda?

Niretzat hori garai batean izan zen mingarria, baina gaur egun ez.

Berriki Patxi Lopezek esan zuen indarkeria desagertzean euskarak askatasunarekin bat egingo duela betiko. Zer deritzozu?

Horiek zozokeriak dira. Nazismoa gainditzean alemanak askatasunarekin bat egingo zuela esatea bezala da hori. Azken finean, erakutsi nahi dute euskara politizatuta dagoela. Gauza bat argi dago: hemen telebista bat euskaraz baldin badago, eta beste hainbeste gauza, indar abertzaleek bultzatu dutelako da. Gauza horiek ez dira sortu PSOEri esker.

Unescoko adituek diote galtzeko arriskuan segitzen duela euskarak, eta mende honetan hizkuntzen erdiak galduko direla. Jabetzen al gara arriskuaz?

Uste dut arriskuan gaudela ez dugula sinesten. Baina, nire ustez, ikusita dago: ez bada beharrezkoa bere lurraldean, hizkuntza batek jai du. Suitzan, adibidez, Zurichera joaten bazara, alemana jakin behar duzu; bestela, jai duzu. Guk hemen baratxuri zopa asmatu nahi dugu, baina gauzak horrela dira.

[Tabernako zerbitzaria etorri zaio, zer hartu nahi duen galdetzera. Euskaraz egin dio, eta hark ez dio ulertu. Erdaraz egin behar izan dio].

Ikusi duzu tabernari hau? Hemen euskara ez da beharrezkoa. Ez du batere beharrik euskara ikasteko, eta hau bezalako kasuak gertatzen dira leku guztietan. Hemen oso ondo bizi liteke euskaraz fitsik ulertu gabe.

Euskaldunen kontzentrazio geografikoa behar dela zenioen berriki iritzi artikulu batean.

Hor badago liburu bat: Soziolinguistika matematikoa… Hor frogatzen da bi eleko eskualdeetan gune euskaldun huts batzuk ez badaude, euskara ez bada beharrezkoa, galdu egiten dela. Niri hau gertatu zitzaidan Anberesen [Flandria]: gutun batekin joan nintzen postara, frantsesez mintzatu nintzaion langileari, eta hark tutik ez zuen ulertzen. Azkenean, ospa egin behar izan nuen.

Behin baino gehiagotan esan duzu euskaldunak aski fidelak zaizkiola euskarari, eta baldintzak daudenean erabili egiten dutela.

Hori frogatuta dago, inkesta asko egin dira eta. Badira gurean bi herri guztiz harrigarriak: Lizarra eta Laudio. Bietan euskara oso minoritarioa da. Baina abertzale jendea da, eta haurrak ikastolara bidali dituzte, eta momentu honetan kalean euskara entzuten da. Hori ikastolei esker gertatu da. Eskola publikoa une honetan PSOEren esku dago, eta euskarari balio funtzionala ematen dio. Ikastoletan badago Euskal Herriaren proiektu bat. Hizkuntza bat ezin da salbatu bihotza ez badago tartean, ez bazaio dimentsio abertzalea ematen. Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; baina estaturik gabe, ziur ezetz. Estatua edukita, Irlandakoa gerta liteke, baina hori salbuespena da. Espero dezagun gu ez izatea bigarren salbuespena.

Frankismo garai beltzetan gazteek eman zenioten bultzada berebizikoa euskarari. Nola ikusten dituzu gaur egungo gazteak?

Egungo gazteek ez dituzte ezagutu gure garaiko zailtasunak. Haientzat, euskara erakundeetan dagoen zerbait da. Ikuspegi praktikoagoa dute, ikastolak hor daude, euskara irakasten da eskolan… Beldur naiz ez ote duten galdu guk izan genuen dinamika.

Literaturan ere ez zaizkizu gorazarreak falta izan; bereziki, Leturiaren egunkari ezkutua lanagatik. Ari al zara zerbait idazten orain?

Orain zazpi saiakera ari naiz prestatzen. Horietako bat soziolinguistikari buruzkoa da. Hain zuzen ere, Tunisiako egoera elebiduna hartu dut hizpide. Han bi hizkuntza ofizial daude —arabiera eta frantsesa—, baina nik, han egon naizen guztietan, arabiera besterik ez dut entzun, baita gazteen artean ere. Frantsesa kanporako hizkuntza da, kultura hizkuntza, baina arabiera da nagusia. Hartuko nuke nik antzeko egoera bat hemen.

Nola ikusten duzu euskarazko literatur eta, oro har, kultur ekoizpena?

Ondo. Hemen idazleak, normalean, abertzaleak dira, eta nahiko euskara ona egiten dute. Hemengo arazoa fonetikoa da. Bidenabar, aitortu behar zaio Atxagari, esaterako, abertzale ez izanda, Ezker Batukoa baita, euskaltzale porrokatua dela. Batzuetan James Joycerekiko antza hartzen diot. Hura irlandarra zen, eta futitzen zen hango abertzaleez. Atxaga ez… Atxagak errespetatzen gaitu.

Politikan ere izan duzu zer esanik, HBn bereziki. Nola ikusten duzu egungo egoera politikoa?

Oso baikor nago. Problema da espainolak konturatu direla ezker abertzalea legeztatzen bada argi geldituko dela jende asko —bereziki, Gipuzkoan— abertzalea dela eta ezker abertzaleari emango diola botoa. EA eta ezker abertzalea alde handiz nagusituko lirateke Gipuzkoan, Bizkaian dezente, eta Nafarroan ere bai… Hor pena, Aralarren jarrera. Badirudi euren burua salbatu nahian dabiltzala. Baina problema ez da hori. Problema da Nafarroan zerbait egiteko elkartu egin behar garela.

Nafarroan abertzaleak batera ezin joatea etsigarria gertatzen ari zaio askori. Zuk nola ikusten duzu?

EAJk ez du indarrik Nafarroan. Gehiago du Aralarrek, esaterako. Baina Aralar, ez dakit zer dabilen aspaldi honetan; bere burua salbatu nahian dabilela ematen du. Aralar eta EA oso ondo moldatu beharko lirateke, pertsonalismoak alde batera utzita. EAk egin duen urratsaren aurrean txapela kentzen dut. Ezker abertzaleak aurkeztu dituen alderdi berriaren estatutuek ez dute uzten zirrikiturik legez kanporatzeko. Baina, hala ere, ez naiz fio. Hemen agertzen bada argi ezker abertzalea eta EA nagusi izango direla, Madrilek kontra egingo du.

Eta EAJ nola ikusten duzu?

Espainiarekiko hitzarmena du helburu. Hemen dagoen istilu honetan, eta Madrila joan da. Raxoirekin ere ez lukete arazorik izango itunak egiteko. Gurekin, berriz, ez dute ezer jakin nahi. Garai bateko karlistak ekartzen dizkidate gogora. «Gora erregea, egurra separatistei!»…

Madrilek beldur handiagoa al dio bide politikoari bide politiko-armatuari baino?

ETAk erabaki zuenean bide politiko-armatutik jotzea testuinguru historikoa hartu behar zen kontuan: Fidel Castro zegoen Kuban; Ipar Afrikako mugimenduak; Europan, IRA… Borroka armatuaren aldeko giro bat bazegoen, eta Sobietar Batasunaren itzala. Egun ez dago ezer.

(Berriz, 1984) Filosofian lizentziatua. Jon Jimenez-ekin batera "Modernitatearen auziaz" (Jakin, 2009) idatzi du. UEUko Filosofia Sailburua 2 urtez izandakoa. Doktoradutza ikasketak bukatzen EHUrekin. Gara egunkarian iritzi saileko kolaboratzailea izan da. hAUSnART aldizkariko zuzendaria.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. Euzko Gaztediri kinua?
    http://www.eaj-pnv.eu/agiriak/euskadi-sasi-guztien-gainetikalderdi-eguna_9184.html

Leave a Reply