Euskararen burujabetza (Berria. 2011-02-11; Gara. 2011-02-12)

By • Feb 11th, 2011 • Category: Atal Berezia, Azterketak eta Azalpenak

Euskal Herria ote dagoen ez dakit. Nekez ikus ditzaket bere mugak azaltzen dituen mapa komunikabide publiko garaikideetan, eta nekosoagoa suertatzen zait Euskal lurralderik dagoenetz ezbaikoan hastea. «Inork ez zidan esan euskalduna izatea zein nekeza dan» idatzi zuen poetak eta kantatu zuen abeslariak BAINA nik, balizko Euskal Herririk ezean, euskaldunak, batzuk behintzat, ezagutzen ditut. Hau da, gizarte harremanetarako hizkuntzatzat euskara hautatu egin dutenak, kultur esparruaren mugak, zerbitzuak, hedabide zein hezibideak, olgetarako nahiz aisialdirako joeretan, euskaraz marrazten dituztenak.

Hil doazenen ildoak:

Gure euskal kultur eremuaren funtsezko ezaugarria menpekotasuna da. UNESCOk euskararen zerraldoa aurreikusi omen du XXI. menderako nahiz, Koldo Izagirreri parafraseatuz, jakin, denok hilko garela badakigun…BAINA, hil arte bizi! arrapostu egiten dugu hilerri ondoan hazitakook. Izan ere, marka da gero! Berezko hizkuntzaren erabilera arazotzat jotzen dela aberastasuna baino gehiago menpekotzan, kultur edukien erabakiguneak hemendik kanpo daudela eta sormena nahiz kontsumoaren artean desoreka handia dagoela euskarari buruz goian aipatutako menekotasuna areagotuz, jakin badakigu. Horen ondorioz, adibidez, zalantzarik gabe, euskal idazle gehiago dago euskal irakurleria baino gurean…

Hala eta guztiz ere, ohiko parametroetan neurtuta behinik behin, euskaldunon kultur jarduera ona bezain aberatsa da. Prentsaren irakurketa inguruko lurraldeetan baino handiagoa izaten da eta era anitzean gauzatu ohi da. (Egunkaria gehiago irakurtzen da eta, halaber, irakurle bakoitzak egunkari bat baino gehiago ere irakurtzen ditu…). Era bertsuan, euskaldunok irratia gehiago entzuten dugu telebista ikusten ohi duguna baino. Interneten erabilera tasak estatu espainiarraren handienak omen dira, euskararen ezaguerak ez du parekorik aurreko garaiez alderatuz gero eta Iparraldea horren gertu izateak, edota zenbait ikuskizunen ondorioz ( musika hamabostaldia, Donostiako zinemaldia etab…) euskara hizkuntza eta euskal kultur eskaera aukera handituz joan da gure arteko hartu emanetan. Esan daiteke, oro har, europar herri garatuenekin erkaturik, hemengo joera kulturalak oso finkatuta daudela.

Euskararen indarrak:

Irakurketa tasak (oro har) handiak dira euskaldunon artean, eta gainera, euskarazko irakurleria gora doa. Honenbestean, hemengo kultur kontsumitzailea hedabide handienek daramaten merkatu borrokatik at dago. Zinema ekoizle nahiz banatzaileez aparte, bertako kultur industriak baditu, eduki, aski azpiegitura sorkuntza eta salmentarako prentsa idatzian, irratietan, argitaletxeetan, antzerkian, ikus-entzunezkoetan etab.

Gainerako beste lurraldeekiko konparaturik bertako kultur bezero ohikoak irizpide askeagoak ditu jarduerak edota gustuko ekitaldiak hautatzerakoan.

Baina erakunde publikoen laguntza, ordea, joera haiek indartu beharrean espainiarren (gazteleradunen) homologazioaren bila doa beren kultur politikoak sustatzerakoan.

Ahulen abilezia

Euskararen garapena ezin da pertsonen atxikimendu soilaren esku utzi. Honez gero, Artzeren aforismoak ez du balio, ene ustez behintzat. Inoiz egon den euskaldunon kultur indar handiena baitago egun…asko, aski ez bada ere.

Eta ez da nahiko trabatuta dagoelako. Hor dago euskaldunon ahulezia. Espaniar nahiz frantziar estatuen erakundeen menpekotasuna nabarmena baita oraindik ere. Honetaz gain, merkatuaren liberalizazioak alde batetik eta, aisialdiaren jendartearen eraginez, kulturak eskuratu duen balio erantsiak bestetik, kultur portaera kanpotik moldatua izatea ekarri du. Merkatuak agintzen dituen ikuskizun erraldoiak izaten dira eskaintza ohikoenak eta, horretan, herri kultura gero eta zokoratuagoa geratzen da.

Bertako kultur industria ere, aukerazkoa izan arren, desegituratuta dago: prentsa idatzia, irratiak, argitaletxeak, telebista lokalak, antzerkia, ikus-entzunezkoak eta abar ez dabiltza elkarren artean adosturiko plangintzaren arabera, merkatuak ezarritako lege-faltaren ildotik baizik.

Kanpotik eragindako menpekotasunaren aurrean (dela merkatua, direla eremuko transnazionalak edota estatuaren aginduak…) erakundeek publikoak ez dira gauza izan arloa behar bezala gobernatzeko eta morrontza handituz joan da. Euskaldunagoa inoiz baino indartsuagoa izanik ere inoiz baino ahulagoa dugu bere jardun kulturalagoa garatzeko aukeran.

Burujabetza:

Aipatu menekotasunetik irteteko eta gure kultur premiei erantzuna eman ahal izateko euskal esparruak behar du, alde batetik, benetako demokratizazioa. Erakunde politikoek eragile bihurtu direnez aurrekontuen gehiengoa beraien egitasmoak garatzeko bideratzen dute herri ekimenetik sortutako proposamenak etsaitzat hartuz eta elkarlana zailduz.

Bestetik, gaurkotzearen premia. Kultur teknologiak berriek eskaintzen dituzten aukera berriez baliatzeko biztanleria birziklatu beharra dago eta azpiegiturak horren mesederako egokitu. Euskara, zorionez eta behingoz , garaiz eta prestu iritsi da kultur egokitzapen sasoi hauetara.

Ildo beretik, hizkuntza nahiz kultur sormenerako baliabideak hedatzea premiazkoa da. Kultur jardueretan sortzen nahiz zabaltzen denaz asimetria handia baitago euskara eta erdararen artean. Halaber, erakunde politikoen programazio erreferentziak kanpoko proposamenetan oinarrituta egon ohi dira bertako sorkuntzan baino.

Horretarako, egituraketa berria antolatu behar da, kultur esparruan dauden desoreka hauei aurre egiteko erakunde politikoek kultur kontseilu berri baten bidez jarduera kulturalerako egiaztagiriak erabaki beharko lituzke bertako ekoizpenen aldeko diskriminazio positiboa erabiliz.

Era berean, ekoizpen zentro-uneak (prentsa idatzian, irratietan, argitaletxeetan, antzerkian, ikus-entzunezkoetan etab…) eta banaketa sistemak partekatzeko aukerak eskainiko lituzkeen euskal sareak antolatzeari ezinbestekotzat jo beharko lukeen eraketa beren beregikoa litzateke burujabetasunaren bidean. Euskarak, ez irauteko, baizik eta bizitzeko, behar dituen balibideak, eskubideak eta irtenbideak bermatzeko.

Arazoa ez baita norbanakoarena, egiturazko baizik eta, bide horretan, inork laguntzerik ez badigu besteen eragozpenak gainditzeko, bederen, balio duelakoan nago. Hamabian, kalean, huntaz eta hartaz mintzatuko gara.

————-

BERRIA engunkarian HEMEN

GARA egunkarian HEMEN

One Response »

  1. Hartu beharreko erabakiak:
    “Ez nago prest nor-nori-nork ahaleran buruz ikasteko!”, bota omen zion ikasle batek euskaltegiko irakasleari, “forma horiek laster desagertuko dira, inork ere ez ditu erabiltzen eta!”.
    “Zu ere laster desagertuko zara, nahi baduzu, hilerrira eramango zaitugu oraintxe denon artean!”, erantzun zion irakasleak.
    Hortan geratu zen auzia.
    Bitxia bada ere, handik egun batzutara, ikasiak zituen gutxien erabili ohi diren formak ere.
    Hil artean bizi.

Leave a Reply