Globalizazio garaiotarako biziraupen-estrategia bat euskal hizkuntza-komunitatearentzat. Aitor Zuberogoitia

By • Jan 26th, 2011 • Category: Albistekaria

Soziolinguistika Klusterretik

Globalizazio garaiotarako biziraupen-estrategia bat euskal hizkuntza-komunitatearentzat. Aitor Zuberogoitia

Gauza jakina da globalizazio garaiak bizi ditugula; garaiok, argi dago, desafio berriak ekarri dizkiete herri eta hizkuntza gutxituei. Hori hain da horrela ezen identitatearen inguruko eztabaida inoiz baino biziago sumatzen dugun azkenaldion; sasoi bateko identitate estatiko eta aldagaitz samarrek iraganeko kontu dirudite eta aro historiko berriak erantzun are berriagoak eskatzen dituela ematen du. Bide zail horretan barneratzeko saiakera da honako hau. Bide zail horretan barneratzen hasteko, berriz, Euskararen presentzia gaur egungo prentsa elebidun abertzalean: Deia, Egin, Enbata, Ekaitza, Gara eta Le Journal du Pays Basque kazeten ikerketa eta euskara hutsezko komunikazio-esparru autozentratua trinkotzeko proposamena izenburua duen doktorego-tesitik ateratako ondorio batzuez baliatuko naiz.

Hipotesi jakin batek bultzatu ninduen arestian aipaturiko tesia egitera: begitantzen zitzaidan prentsa elebiduna aho biko ezpata izan daitekeela; batetik, euskararen gutxieneko presentzia ziurtatzen duen arren, haren garapen kuantitatiboa eragozten duelako; bestetik, kualitatiboki ere, euskara gai jakin batzuk jorratzera kondenatzeaz gain, hizkuntza horren ahalbide guztiak garatzea oztopatzen duelako. Tesiaren izenburuan ageri diren kazeten jarduna (batzuena mende laurden pasatxokoa honezkero) horren isla zela uste nuen.

Horrez gain, beste uste/susmo bat ere baneukan: prentsa elebidun diglosikoak ez diola ahalbidetzen hizkuntza-komunitate gutxituari beharrezko dituen funtzio guztiak (informazioaz jabetzea eta hura deskodetzea, kasu honetan) jatorrizko hizkuntzan modu egokian asetzea, eredu horretan hizkuntza gutxitua hankamotz geratzen baita, beti hizkuntza inbaditzailearen menpe, haren makuluaren eta haren gidaritzaren beharrean.

Horrenbestez, behin orokortasuna aztertuta, hots, literatura soziolinguistikoan erreferentzia saihestezin diren autore batzuen lanak irakurri eta gero (Ninyoles, Aracil, Calvet, Fishman, Sanchez Carrion, Siguan, Txillardegi…), plano partikularrera pasatu nintzen (dedukzioaren bidetik, metodo zientifikoak hala jokatzeko agintzen baitu), modu horretan prentsa abertzale elebidun garaikidearen soro partikularrean estreinako hipotesi orokorrak landatzeko. Bi hipotesi nagusi hauek, hain justu:

1.- Eremu elebidunetan gertatu ohi dena gertatzen dela prentsa elebidunean ere: hau da, bi hizkuntzetako bat beti soberatzen dela edo, gutxien-gutxienean, testimonialtasunera, bazter-albisteetara kondenatuta dagoela, eta horrela ezin duela zentralitate propiorik ezarri eta ezta osasuntsu birsortu ere. Horren guztiaren ondorioz, hizkuntza horrek ezin du edozein mintzairak, biziko bada, ezinbesteko duen esparru sinbolikoa ganoraz nuklearizatu, eta, ondorioz, gainbeheran abiatzen da. Eta gainbehera prozesu hori eskema diglosiko batekin nola edo hala geraraziagatik, eskema diglosiko horretan hizkuntza bat beti izango da ezinbestekoa; bestea, aldiz baztergarria (superflue).

2.- Jose Maria Sanchez Carrion Txepetxek frogatu bezala (1991: 33-71), motibazioa-ezagutza-erabilera / erabilera-ezagutza-motibazioa bi norabideko zirkuitua dago hizkuntzen ikaskuntza- zein transmisio-prozesuen oinarrian. Haatik, prentsa elebidun diglosikoak zirkuitu horretan tapoi-funtzioa egiten du, motibazio- eta erabilera-defizitak ahalbideratuta zirkuituan zehar butxadura nabarmenak eragiten dituelako. Zeintzuk dira, baina, butxadurok?

Euskaldun berrien kasuan, Txepetxen eskemaren arabera hauek motibaziotik abiatzen dute ikaskuntza-prozesua. Haatik, zentralitate propiorik ezartzen ez duten ereduek, nekez motibatuko dituzte hiztun berriak. Euskara artikulu nagusiaren laburpentxoa baino ez bada, euskara Kirolak, Mundua, Ekonomia edota Kultura bezalako azpikategoria bat gehiago bada (unibertsoa erdara hutsezkoa den bitartean), euskara bertsolaritzari, folkloreari edo hizkuntzari berari buruz jarduteko baliabide mugatua baino ez bada (beste gauza garrantzitsuak -editorialak direla, nazioarteko kontuak direla edota azaleko titulu nagusiak direla- erdaraz idazten diren bitartean), euskaldun berri potentzialek bizkor demonio osatuko dute (osatzen dute) sekuentzia: gauza garrantzitsuak erdaraz esaten dira, ergo euskara osagarria, anekdotikoa da, bete-lanerako baino ez da baliagarri, ergo euskaraz ez dago gune bizi eta albiste-sortzailerik, ergo zertarako euskara ikasi? Azken itaun hori, hain zuzen ere, Txepetxek aipatzen duen vacío motivacional delakoaren ondorio zuzena da, kazeta elebidun diglosikoek eragiten duten motibazio-hutsunearen ondorioa.

Euskaraz alfabetatu barik edo euskararen erregistro idatziak behar beste landu barik dituzten euskaldun zaharrekin, berriz, hizkuntzen ikaskuntza zein transmisioaren oinarrian den zirkuituak kontrako norabidean funtzionatzen du: erabilera-ezagutza-motibazioa. Txepetxen irudiko, hauei hizkuntza eguneroko kasu konkretuetan (situaciones efectivas de uso dio berak) baliagarri bazaie, errealitatea atzeman eta interpretatzeko tresna balekoa topatzen badute hizkuntzan, orduan motibatuko dira. Haatik, hedabide elebidun diglosikoen praktikak ez du ziurtatzen erabilera-maila egokirik; are gehiago, Sanchez Carrionek nivel insuficiente de uso gisa izendatzen duena eragiten du. Hortaz, hedabideotako albiste gehienak erdaraz idatzita egonik, situaciones efectivas de uso horietan hizkuntza gutxitua (ustez) ezgauza izanik, hizkuntza gutxitua ama-hizkuntza dutenek ere (oso sektore kontzientziadunek salbu) euren hizkuntza hizkuntza iletratu modura ikusiko dute apurka-apurka, idatzizko gauzak, kontu garrantzitsuak, erdaraz esaten dira-eta. Hortaz, erabilera-esparruen defiziten ondorioz, ez dute euren hizkuntzan alfabetatzeko ez gogorik ez beharrik sentituko, eta faktoreon baturak motibazio-hutsunea eragingo du, hizkuntzaren ordezkatze-prozesua bizkortuta.

Horiek ziren, hortaz, hipotesi nagusiak. Hipotesiok eraikita, informazio-bilketaren txanda etorri zen ondoren: bost kazeta horiek jaio ziren garaiari eta kinka soziolinguistikoari buruzko datuak jaso nituen, besteak beste 40 lagun inguru elkarrizketatuta. Ondoren, kazetak eurak ikertzeko ordua iritsi zen, edo, zehatzagoak izateko, euskarak euretan daukan presentzia aztertzeko unea. Ondorio kuantitatiboak aipatzen hasteak oso luze joko liguke, baina, labur-beharrez, aipa ditzagun bederen garrantzitsuenak:

– Kazetotan ageri diren euskarazko artikulu guztiak aintzat hartuta, iritzi generoak ohikoa baino askoz garrantzi handiagoa dauka, informazio-generoan euskarazko albiste gutxi ageri den seinale (hori, bistan denez, normaltasunik ezaren erakusle da). – Horrez gain, euskarazko idatziak euskal gaiei (gatazka politikoa, euskara edota euskal kultura) buruzkoak dira askotan. Euskara ghettoan hesitzeko arriskua suma daiteke jokabide horren atzean; beste joera batek, gainera, uste hori areagotu baino ez du egiten: euskarazko artikuluak sail jakin batzuetan (Kultura, Iritzia edota Euskal Herria/Politika sailetan, oro har) sailkatzeko joerak, hain zuzen. – Euskarazko artikuluek batez beste ez dute garrantzi handirik Budd eskalan. Oro har, garrantzi handia edo erabatekoa duten artikulu gutxi topatu ditugu.[1] – Azkenik, konturik esanguratsuena: azterturiko kazetetan euskara beti izan da egoera diglosikoan. Urteak igarota, kazeta bakar batean ere ez du hazteko joerarik erakusten euskararen presentziak (kasu gehienetan, justu kontrakoa). Hori gogoan, ez da gehiegikeria honako hau esatea: prentsa abertzale elebiduna urrezko kaiola bihurtu da euskararentzat, eta haren egoera diglosikoa betikotzen du.

Datuetan oinarriturik eginiko inferentziak bazter utzita, ezin beste ondorio batzuk aipatzeke utzi. Hitzak hizpidea ekarrita, lehenengo eta behin begi-bistako kontu bat argitu beharra dago, itxura batean Pernandoren egia dirudien arren: euskal hedabideak euskaraz (edo nagusiki euskaraz) dihardutenak dira. Hori 1970eko hamarraldi amaieran aldarrikatu zuten Hego Euskal Herrian (batez ere) Zeruko Argia eta Anaitasunak; ber gauza egin zuen 1980ko hamarraldi hasieran Iparraldean Gure Irratiak, Radio Adour Navarreren egitasmo abertzale elebidun diglosikoaren aurrean euskarak aulki bat ez, unibertso oso bat behar zuela aldarrikatzean.

Kontuak kontu, begi-bistakoa izanagatik, bereizketa hori oraindik egin egin behar da, kontzeptuei buruzko eztabaida gainditzeke dugun seinale. Esan dezagun beste behin, beraz: euskal komunikazio-esparrua euskaraz diharduten hedabideek osatzen dute; gainerakoak, gehien jota, hedabide elebidun abertzaleak edo Euskal Herriko hedabide elebidunak dira.[2] Ezinbesteko bereizketa da, berriro diogu, eta hori barneratu ezean, nabarmena da kolpe-huts egiteko arriskua. Kolpe-huts egin du, adibidez, Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkarteak (EKHE), kontzeptuak bestelakotu eta hedabide abertzale elebidunek osaturiko esparruari Euskal Esparru Komunikatibo deitzean.[3] Behin puntu honetara iritsita, Joan Mari Torrealdaik 1976ko irailean Anaitasunan idatzitakoa gogora ekartzeari komenigarri deritzogu:

“Euskal prentsa euskaraz dela aitortu eta onartu ez, eta hura laguntzen ez duen erdal prentsak diglosia finkarazten du. Aldizkarien euskal izenak eta tituluak ez daitezela inoren engainutarako izan.

Hona hemen euskal kazetaritzaren puntu larri batzu. Aztertzeak merezi du, eta aurrez aurre ez ikusi nahia geure buruaren kaltetan da. Erdal eta euskal prentsaren arteko erlazio hau, euskal kazetaritzaren urtea amaitu orduko argitan jarri behar genukeen arazoa da.”[4]

Erdal eta euskal prentsaren arteko erlazioa eta definizio-nahastea 1976a amaitu orduko argitu beharra zegoela zioen Torrealdaik. 25 urte baino gehiago igaro dira ordudanik eta, bistan denez, oraindik definizio eta kontzeptu okerren gatibu jarraitzen du euskal hizkuntza-komunitateak (jende askok, berbarako, euskal prentsa erosten duela uste du, erosten duena besterik denean: prentsa elebiduna, edo, gehiago zehaztu gura izanez gero, Euskal Herriko prentsa abertzale elebiduna).

Koska bat gehiago estututa, erants diezaiogun beste esaldi bat lehengo formulazioari: euskaraz idatzitako prentsa guztia, euskal prentsa da; besterik da, noski, prentsa hori autozentratua den ala ez. Zer da ordea autozentramendua? Zer esan gura dugu ordea autozentratu berbarekin? Ekonomian-eta gero eta gehiago aipatzen den terminoa da berau. Miren Etxezarreta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslearen aipu batez baliatuko gara kontuari traza hartzen hasteko. Hara zer zioen Etxezarretak 1999-III-21eko Euskaldunon Egunkarian:

“(…) esportazioei begira egonda soilik ekonomia ezin da ondo ibili. Esportazioak mundu mailako lehiakortasuna izugarri altxatzen du, eta horrek lan baldintzen prekarietate bortitza dakar. Horregatik, barrura begiratzen duten garapen eredu autozentratuak dira gure proposamena. Ez dira eredu itxiak, baina bai barneko beharrei begira dauden ereduak [geurea da letra etzana].”

Barneko beharrei begira dagoen eredu autozentratua: horixe bera aldarrikatzen du Jabier Erize EHNEko kideak (2000) Euskal Herrian nekazaritzarako ere, eta horixe bera ikusten dugu guk behar-beharrezko komunikazio-esparruan. Kontua ez da lehendik dagoena edo besteena euskaraz paratzea; hala eginez gero, ez dago eredu erakargarririk osatzerik, fotokopiek lan originalek baino kalitate txarragoa izaten dutelako beti. Kontua da norbere hizkuntza-komunitatearen beharrak zeintzuk diren aztertu, eta, mundura zabalik izateaz gain,[5] hizkuntza-komunitate horren kultur-ondarea ikertuta horren araberako komunikazio-esparrua prestatzea, bertako kideak asebeteko dituzten komunikabideak eskaintzea, inorenak modu kaskarrean kopiatzen ibili ordez.

Era berean, hizkuntza-komunitatea are gehiago zatikatzen duten erreferentziak baztertu eta komunitate hori kohesionatzen lagunduko lukeen erreferentzia-sistema osatzera ere jo beharko genuke (esate baterako, gobernua aipatutakoan Gasteizkoaz ala Iruñekoaz ari garen zehaztuta, edota Estatuko errepideetan izaniko hildakoak aipatzen hasita, frantses Estatuari ala Estatu espainolari buruz ari ote garen argituta).

Alde horretatik, zenbait hedabidek euskarazko bertsioak eskaintzen dituzte, baina ezin esan hedabide autozentratuak (euskal hizkuntza-komunitate osoari beha daudenak) direnik, nola haien edukinak hala euren kultur-erreferenteak beste hizkuntza-komunitate batzuen parametroen arabera hautaturikoak direlako, nabarmen gainera (Canal 21k interneten eskaintzen duen euskarazko bertsioari erreparatzea baino ez dago esanikoa egiaztatzeko).

Kolpe-huts egitea da, halaber, Luis Alberto Aranberri Amatiñok 1987an Baionan eskainitako hitzaldi batean[6] onetsitako moduan, inork beste hizkuntza batean eta hizkuntza horren erreferentzia eta parametroen arabera idatzitakoa beste barik euskaratzen saiatu eta horren emaitza norbere erreferentzia oinarrizkotzat hartzea. Zeri buruz dihardugu? Hara zer zioen Amatiñok 1987 jada urrun samar horretan: “(…) aurten hasi da lanean lehen aldikoz historian euskarazko albiste ajentzia. Hau da, azkenik euskara teletipoetara ere heldu da, kazetarien eskutik ez bada, itzultzaileen lanari esker [geurea da letra etzana].” Hau da, euskaratik bertatik (eta hizkuntza-komunitate guztia erreferentzia modura hartuta) informazioa kodetu/deskodetzeko kazetariak kontratatu beharrean, besteek beste erreferentzia batzuen arabera idatzitakoa itzuli, erreferentziok norbere hizkuntza-komunitatearentzat aproposak ote diren kontuan hartzeke. Horrela diharduen albiste-agentziari, bistan denez, ezin zaio inolaz autozentratu deitu.

Goiena Komunikazio Zerbitzuak kooperatibaren adibidea, aldiz, euskarazko komunikazio-esparru autozentratuaren eredu dela begitantzen zaigu; kooperatiba horrek, bailarako udal zein euskara-elkarteekin izaniko elkarlana tarteko, bere kargu dauka irrati eta telebista banaren eta sei herri-aldizkariren kudeaketa eta 40 behargin biltzen ditu guztira. Inorena kopiatzen jardun beharrean, euskaratik sorturiko eta bailarako errealitateari egokituriko komunikazio-esparrua eratzen asmatu dute, edo bide horretan dira behintzat.

Garapen-eredu autozentratuen ideia hizkuntza gutxituen errealitate-esparrura ekartzea proposatzen dugu, beraz. Egia esan, estrapolatze-lan hori egina dago, edo horri buruz teoritzatzen jardun izan du behintzat zenbait lagunek. Jordi Sole Camardonsek dioskunez (1991: 63-65), Ronald Breton etnia eta nazio menperatuen (eta hedaduraz hizkuntzaren) dezentramenduaz mintzo zen. Sole Camardonsek Louis-Jean Calvet-en tesiak komentatzean dioenez, berriz

“(…) erabaki zentrua kanpora irteten denean, hizkuntza suntsitzeaz gain, elementu sozial guztiek elkarren arteko harremana galdu egingo dute eta kanpoko zentruaren menpean geldituko dira denak zuzenean. Hori dela eta, hizkuntza, gaur ez bada bihar, desagertu egingo da, edo behintzat bide hori hartuko du; gainera, kanpoko zentru horrek kultura materiala ordezkatu eta hierarkizatu egingo du.(…) Prozesu hori desegiteko era bakarra (hau ere Calvet-ek dioenez) askatasun nazionala da; hau da, autozentramendua (Breton-en arabera) edo kanpoko erabaki gunea barneko erabaki gune batek ordezkatzea.”

Hedaduraz, hizkuntzok euren errealitatera egokitutako komunikazio-ereduak garatu behar dituzte, are gehiago egun hedabideek zenbaterainoko indarra daukaten ikusita. Garzia, Idoiaga, eta Zallorengana joko dugu berriz puntu hori azpimarratzeko (1999: 412):

“El sistema mediático y de industrias culturales (disco, libro, cine, prensa, radio, televisión) (…) es el otro componente socializador decisivo [bestea hezkuntza baita, egileen ustez]. La mayor parte de la cultura normalizada tiene su origen en su ámbito o se transmite a través de él. (…) La importancia en sí misma de un sistema mediático autorreferencial es definitiva [geurea da letra etzana] en una sociedad moderna (…) Una comunidad se hace en torno a la gestión de sus problemáticas.”

Hizkuntzok euren errealitatera egokitutako komunikazio-ereduak garatu behar dituztela esan berri dugu. Kezka horrek bultzaturik, galdera hau pausatu zuten Josu Amezagak eta Edorta Aranak (Nor ikerketa-taldea, 2000: 113): “Euskal Herrian hizkuntza-komunitatea eta komunitate politikoak bat ez datozela kontuan hartuta, noraino eraikitzen dira erreferentzia-eremuak hizkuntzaren errealitatearen gainean, edo honek hura baldintzaturik?”. Kezka horrek bultzaturik eginiko ikerketan islatzen denez, hizkuntza-komunitatea erreferentzia nagusitzat duen komunikazio-esparru propioaren eraikuntza-lanak hasi baino ez dira egin oraindik. Hedabide autozentratuak indartzea eta sustatzea da, beraz, etorkizuneko eginbehar nagusienetako bat.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak ere, estragikotzat jo zituen euskarazko hedabideak.[7] Hara (Askoren artean, 1999: 26): “Batzorde honek hizkuntza-politiken hiru ardatz nagusi aztertu ditu: euskararen geroratzea, erabilera-eremuak eta komunikabideak eta kulturgintza”. Horrez gain, aurrera begira zenbait arrisku aurrez ikusi zituen, telebista-munduan batez ere (1999: 38): “Mundu honek berebiziko aldaketa jasango du, digitalak, kable bidezkoak eta abar direla. Orain EAEko bost kateetatik bat euskaraz dugu. Laster 50etik edo 100etik ere bakarra izango dugu euskaraz.” Eta aurrerago ere (1999: 47) “informazioaren gizartean samaldan sartzen ari diren erdarazko komunikabideek duten eragin erdaltzale gero eta handiagoa” aipatu zuen.

Panorama hori izanik, zer eskain dezakete euskarazko hedabideek etorkizun multimediatiko horretan? Zergatik hautatuko dute euskaldunek euskarazko produktua beste hainbat produkturen artean? Luis Fernandezek (1997) gakoa aipatua du: geroz eta mundu globalago eta, ondorioz, errogabeago honetan, euskal hedabideek identitate bat eskain diezaioketelako hedabide-kontsumitzaileari. Eta identitatea eskaintze hori autozentramendutik etorri behar delakoan gaude.[8]

Horrez gain, bada beste aztarnarik jauzi kualitatiboen premian gaudela erakusten duenik: kopuruei begira jarrita, kasik duela mende bateko zifra beretsuetan gabiltza, nahiz eta orain Berriarekin gauzak aldatzen hasiak direla dirudien (1930eko hamarraldi hasieran, artean ez euskara baturik, ez ofizialtasunik, ez euskarazko hezkuntza-sistema garaturik ez geneukanean, zenbakiko 8.000 ale saltzen zituen Eskualdunak Iparraldean, eta 7.000 batez ere Gipuzkoan saltzen zen Argiak; Euskaldunon Egunkaria zarratu zutenean, berriz, bere garairik onenean, 14.000 ale saltzen zituen zenbakiko). Baina, iraganeko kontuak bazter utzi eta aurrera begira jarrita ere, kezkatzeko moduko datuak bistaratu dituzte bai SEIk 2001ean eginiko euskararen kale-erabileraren ikerketak, bai Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailordetzak 1998ko uztailean Renon aurkezturiko prospekzioak (hurrengo 60 urteetarako euskal hiztunen bilakaerari buruzko simulazio-eredua), bai Unescok argitaraturiko Arriskuan dauden munduko hizkuntzen atlasak.

Gauza jakina da, ordea, gizataldeon patua ez dagoela aldez aurretik determinaturik; are, geure jardunarekin batera edo bestera gida dezakegu hein handi batean etorkizun kolektibo hori. Horretarako lanabes funtsezko izan dezakegu euskarazko komunikazio-esparru autozentratu zabal eta erakargarria,[9] bai euskarari globalizazio garaiotan hain beharrezko duen zentralitatea ezartzen eta bere komunitateko hiztunak konpaktatzen lagun diezaiokeelako, bai hizkuntzaren joan-etorri librea bermatzeko ezinbesteko tresna delako.

BIBLIOGRAFIA

Askoren artean (1999). Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Gasteiz, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Askoren artean (2002). Zer-nolako unibertsitatea?, in Jakin aldizkaria (2002), 130-131 zenbakiak. Donostia, Jakin (117-216 or.)

Argia (1988). Euskal prentsak 100 urte bete ditu, in Argia (1988): Euskal kulturaren urtekaria. Donostia, Argia.

Bourhis, Richard Y. (2002a).: Espainiako Konstituzioarekin euskara mugatua dago, in Argia aldizkaria (2002a), 1.861. zenbakia (Xabier Letona eta Kike Amonarrizen elkarrizketa). Lasarte-Oria, Argia (16-19 or.).

Bourhis, Richard Y. (2002b): Estatuak nekez esango dio inori zein hizkuntzatan hitz egin etxean, in Euskaldunon Egunkaria (2002-VII-7, Miel A. Elustondoren elkarrizketa). Andoain, Euskaldunon Egunkaria.

Camacho, Idoia (2002). Herri aldizkarien funtzioa euskara normaltzeko prozesuan (1989-1999). Gorka Palaziok zuzendutako doktorego-tesi argitaragabea. Leioa, EHU.

Erize, Xabier (2000). Guk ez dugu konpetitibo izan nahi, in Zenbat Gara aldizkaria (2000), 5. zenbakia. Bilbo, Zenbat Gara (40-43 or.).

Fernandez, Luis (1997). Euskararen espazioa informazioaren autobidean, in Jakin aldizkaria (1997), 102. zenbakia. Donostia, Jakin (29-46 or.).

Garzia, Joxerra; Idoiaga, Petxo; Zallo, Ramon (1999). Espacio comunicativo y cultural en el País Vasco: identidades culturales, euskera y opinión pública, in Gomez Uranga, Mikel; Lasagabaster, Iñaki; Letamendia, Francisco; Zallo, Ramon (koordinatzaileak, 1999): Propuestas para un nuevo escenario: democracia, cultura y cohesión social en Euskal Herria. Bilbo, Manu Robles-Arangiz Institutua (387-534 or.).

Isasi, Xabier (2002). Koldo Mitxelenaren ghettotik euskararen unibertsora, in Jakin aldizkaria (2002), 130-131 zenbakiak. Donostia, Jakin (79-93 or.).

Izagirre, Koldo (1997). Incursiones en territorio enemigo. Iruñea, Pamiela.

Mitxelena, Koldo (2001). Koldo Mitxelena gure artean. Irun, Alberdania (Anjel Lertxundi eta Inazio Mujikaren edizioa).

Nor ikerketa-taldea (2000). Hedabideak eta Euskal Herria. Bilbo, UEU.

Sarasua, Jon (1996). Bi begiratu euskarazko kazetari hizkerari. Iñaki Zabaletak zuzendutako doktorego-tesi argitaragabea. Leioa, EHU.

Sanchez Carrion, Jose Maria (1987). Un futuro para nuestro pasado. Donostia, Elkar (2. argitaraldia: 1991, Donostia, Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo eta Adorez eta Atseginez Mintegia).

Sole Camardons, Jordi (1991). Soziolinguistika gazteentzat. Bilbo, UEU (Adorez eta Atseginez Mintegiak prestaturiko argitalpena).

Zabaleta, Iñaki (1997). Komunikazioaren ikerkuntzarako metodologia. Bilbo, UEU.


[1] Richard Buddek proposatu neurketa-modua baliatuta (nabarmendura-indizea), euskarazko albisteen pisu espezifikoa ikertzeko faktore hauek izan ditugu kontuan: euskarazko albisteen idazpuruaren tamaina, haien kokapena orrialdean, albistea agertzen zeneko orrialdea eta albistearen luzera edo espazioa. Ikus horretaz gehiago in Iñaki Zabaleta, 1997: 101-102.

[2] Argigarria da honi buruz Koldo Izagirrek dioena (1997: 82-83): “(…) Anjel Lertxundi se confesaba aburrido de las discusiones sobre el adjetivo euskal (vasco). Comentaba cómo hace pocos días la Academia del Cine Francés ha considerado como películas no francesas aquellas que, aun producidas por franceses, no fuesen habladas en la lengua de Sacha Guitri, Simone Signoret y Jean Gabin. Los afectados (Malle, Polanski, Annaud, Ridley Scott) han protestado, pero nadie ha negado al francés su derecho a protegerse ante el acoso inglés. Y a nosotros, constata Lertxundi, se nos llama imbéciles cada vez que intentamos proteger nuestro idioma. (…) La nacionalidad del escritor, en todo el mundo, se mide por su lengua. Aducimos que las obras portuguesas de Fray Luis de Granada no se consideran españolas. La literatura española no acepta las cartas de Blanco White escritas en inglés. La literatura portuguesa no parece interesarse mucho por los poemas ingleses de Pessoa. Cela nunca formará parte de la literatura gallega. Nunca Vázquez Montalbán ha intentado hacerse pasar, que yo sepa, por escritor catalán.” Koldo Mitxelenak berak ere behin baino gehiagotan argi utzi zituen euskal adjektiboarekikoak. Hona adibide bat (2001: 54): “Esanaren arabera, euskaldun zahar nahiz berriek idatzirikako zernahi, literaturaren barrunbean sartzen baldin bada, euskal literatura da. Aitzitik Euskadiko jendeak –eta jakinaren gainean darabilt izen hau, Euskal Herriaren lehen zatiaren bitartez nahastea sor ez dadin-, erdaraz, edozein erdaratan, idazten duten neurrian ezin daitezke izan euskal idazle [geurea da letra etzana]; euskaltzale sutsu agertzen baldin badira ere, erdal idazle dira. Horrela, euskal idazle genuen Silvain Pouvreau; erdal idazle, haatik, Pio Baroja eta Jean de Sponde. Eskubide osoa dute, beraz, Zeruko Argiak eta Anaitasunak iragarkietan oihukatzen dutenean: Geu gara euskal prentsa. Eta gainerakoak euskal prentsa dira euskarari sarrera uzten dieten heinean eta ez gehiagotan. Obras son amores, y no buenas razones, esan ohi da aski ezaguna dugun beste hizkuntza batean, eta ez dabiltza oker, nik uste, hori diotenak.”

[3] EKHEk Euskal Esparru Komunikatiboa izeneko jardunaldiak antolatu zituen 2002ko maiatzean. Jardunaldioi buruzko informazio gehiago in Gara, 2002-V-6 eta 2002-V-22; ikus, halaber, Egunkaria, 2002-V-8. Kontzeptuetan eta definizioetan eragindako nahasmenduaz ikus, era berean, Gara egunkariaren Aitzina gehigarrian 2001-IX-25ean agerturiko “Euskal komunikazio-esparrua, urruna bezain premiazkoa” izeneko artikulua, non hedabide abertzaleek osaturiko esparruari deitzen dioten “euskal komunikazio-esparru”, hizkuntza-faktorea aintzat hartu barik (hau da, euskaraz diharduten hedabideak eta hedabide elebidun diglosiko abertzaleak batu eta denak euskal komunikazio-esparruaren zaku zabalean sartuta).

[4] Ingurumari jakin batean idatzi zituen berbok Torrealdaik. Ordura arte, euskara hutsezko hiru kazeta nagusi zeuden Hego Euskal Herrian: Anaitasuna, Zeruko Argia eta Goiz-Argi. Hegoaldean aro politiko berria abiatzearekin batera, ordea, hainbat kazeta abertzale diglosiko hasi zen agertzen bazterretan: Garaia, Berriak, Punto y Hora, Deia, Egin, Ere… Eta, kazeta elebidun abertzaleen lehorreratzearekin batera, gurmaz bete ziren bazterrak, lausotu esparruak: Eginen, adibidez, ordurako Zeruko Argia eta Anaitasunako irakurleek ondo ezagun zituzten bi marrazkigileren (Antton Olariaga eta Jon Zabaleta) marrazkiak ikus zitezkeen, sailen izenak euskaraz zekartzan egunkari berriak, albiste batzuk ere bai, estreinako zenbakian Euskal Herriko zazpi herrialdeetako egunkaria zela zioen gainera… Deiak ere Gure Lurraren Deia goiburua zerabilen, ordura arte Zeruko Argian jardundako Mikel Atxagak eta Amatiñok idazten zuten bertan… Urtebete lehenago sortutako Punto y Hora, Berriak eta Garaiak ere euskal prentsa zirela eta ikuspegi abertzaletik idazten zutela zioten… Zelan ez zen izango hori ere euskal prentsa, haiek ere gureak baziren? Hori guztia zela-eta, definizio-arazoa sortu zen (sortu zuten) bat-batean: zer da euskal prentsa? Bertoko hedabideek egiten dutena? Ala bertoko hedabide abertzaleek egiten dutena? Ala euskara hutsez egiten dena? Kinka horretan, jende askok euskarazko kazetak erosteari utzi eta besteetara jo zuen, haiek ere euskal prentsa zirelakoan; ez hori bakarrik: irakurleek ez ezik, iragarle eta kazetari askok ere alde egin zuen prentsa abertzale elebidun diglosiko jaioberrira. Horren guztiaren ondorioa ezin okerragoa izan zen Hegoaldeko euskarazko prentsarentzat: Goiz-Argi eta Anaitasuna desagertu egin ziren, eta Zeruko Argia ere hil-hurren izan zen, harik eta, kazetari-taldea aldatuta eta Argia huts bihurtuta, apurka-apurka berriro burua altxatzen hasi zen arte.

[5] Honezkero ondo baino hobeto dakigu elebitasun sozial orekatuarena inon inoiz modu egonkorrean gauzatu ez den mitoa dela eta edozein hizkuntzak bere-bereak baino ez diren erabilera-esparruak behar dituela osasuntsu iraun eta taxuz biziberritzeko. Euskarak ere, bistan denez, premiazko du funtzio guztiak bere baitan hartuko dituen gisa horretako zirkuitu bat. Edozelan ere, elebitasun sozial orekatuaren mitoa agerian utzi beharra dagoen arren, eleaniztasun indibiduala garrantzi estrategiko handiko faktorea da gurea bezalako hizkuntza-komunitate txikientzat; bai, pertsona eleanitzak behar-beharrezko ditugu, bai munduan egiten dena geurera ekarri eta geuretartzeko, bai geure ekoizpenak munduratzeko. Nik neuk behintzat kontu honetan eredugarri deritzot Islandiako adibideari.

[6] Ikus Argia, 1988: 257.

[7] Hori, egia esan, soziolinguista guztiek aho batez onartzen duten kontua da. Richard Y. Bourhis soziolinguistaren irudiko, berbarako (2002a), “hezkuntza kultur integrazioa garatzeko oso tresna garrantzitsua da. Horrez gain, komunikabideak eta instituzioak ere funtsezkoak dira.” Euskararen kasu zehatzera etorrita, hedabideek hizkuntza horren normalizazioan daukaten garrantziari buruz, ikus, berbarako, Idoia Camachoren lana (2002). Ikus, halaber, Mari Karmen Garmendia, Miren Azkarate, Antton Aranburu eta Jon Sarasuak diotena in Sarasua, 1996: 18-22.

[8] Autozentramendua, gainera, ezinbesteko da beste kontu baterako ere: hau da, inoren unibertsoko azpikategoria izateari utzi eta norbere unibertso propioa eraikitzen hasteko. 1980ko hamarkada hasieran, berbarako, zera proposatzen zuen Radio Adour Navarre irratiak: Ipar Euskal Herrian irrati euskaltzale/abertzale bat gotortzea, baina frantsesez, euskarari lekutxo bat gordeta beti ere (kazetagintza abertzale elebidunaren ohiko jokamoldea, ñabardurak ñabardura). Planteamendu horren aurka oldartu zen Gure Irratia, eta haren adibidea jarraituz eratu ziren, autozentramenduaren bidetik, bai Irulegiko Irratia bai Xiberoko Botza. Radio Adour frantses irrati batek irentsi zuen 1986an; hiru euskal irratiek, aldiz, errealitate aberatsa osatzen asmatu dute: hutsetik sortuta, egoitza berri eta modernoak dituzte, emisio komunak, web gunea, soldatapeko 26 behargin inguru, 80 laguntzaile, 54.000 entzule (Siadecoren arabera)…

[9] Zabala eta erakargarria; bi berba horiek azpimarratu gura ditugu, daukaten garrantziagatik. Ezen norabide horretan abiatuko ez bagina, Koldo Mitxelenaren gaztigua beteko litzateke ausaz (2001: 394): “(…) Orduan, absit, euskara, diglosiaren purgatorioan egon beharrean, ghettoaren infernuan sartuko genuke. (…)” Nolanahi dela, bada ghettoaren arriskuarena erlatibizatzen duenik, euskarak egun (gazteleraren eta frantsesaren itsasoetan erdi-itota) bizi dituen arriskuak gutxien-gutxienean balizko ghettoarena bezainbatekoak direla argudiatuta. Hara zer dioen, esate baterako, Xabier Isasik horri buruz (2002: 80): “(…) Mitxelena jaunak ez zigun esan, ordea, ghettoaren infernu horretan zer gerta zitekeen, nahiago zuen, begien bistakoa da, gaztelania eta frantsesaren ghettoetan –handiagoak, baina ghettoak azken buru-, euskara txertatzea. (…) azken hogeita bost urte hauetan agerian geratu dira zer-nolako zailtasunak dauzkan euskarak auzo hizkuntzen eremuetan irauteko eta hazteko.” Mitxelenaren erreferentzia ez da debaldekoa: Isasiren aburuz, “Mitxelenaren pentsamoldeak (…) gizaldi osoaren ikuspegia markatu du (…) Ideia horiek (…) bideratu dute euskararekiko hizkuntz politikaren joana. Euskara kategoria bat da, zerbaiten osagarri, ikergai bat, irakasgai bat, dugun beste ezaugarri bat… Horrela ulertu izan dira K. Mitxelenaren ideiak eta horrela ere bere horretan aplikatu”. Haatik, Isasiren iritziz XX. mende-amaierak paradigma-aldaketa ekarri zuen euskalgintzara: “Ghettoaren paradigma antzua eta estua pitzatu egin zen 1997ko Euskararen Unibertsoa jardunaldietan. Zorionez, euskaldunok euskararen biziraupenerako berezko espazioa behar dugulako ideia hedatzen ari da apurka-apurka. (…)” Martin Orbek ere Mitxelenari erreferentzia egiten dio, zeharka, in Askoren artean, 2002: 195-196: “(…) ba al du irauterik partzialki eta eremuka soilik baliatzen den hizkuntzak? Noraino da praktikan bideragarria elebitasun orekatuaren kontua? Infernuak zein purgatorioak ekar ditzakeen kalteak aipatu zituen aspaldi gure maisu filologoak; baina nago diglosia amaigabeko purgatorioa dela, eta hori eta infernua gauza bera dira”. Erakargarritasunaren gaira bueltatuta, bestalde, faktore horrek immigrazio-fluxu eta globalizazio-garaiotan duen garrantziaz, hara zer dioen Richard Y. Bourhis-ek (2002a: 18): “Immigrazioa nola erakarri, horixe izango da euskararen erronka handienetako bat.” Eta berriro (2002b): “Etorkinak euskal eskolan eta euskal komunitatean integratzekotan, aukera bakarra duzue: zuen giroa espainiarrena baino erakargarriago egitea”. Nahiz eta gune erdaldundu batean izan, ordea, euskara hutsez funtzionatuta ere ghettoa saihestu eta zabal eta erakargarri izaterik badagoela frogatzen digu, besteak beste, Basauriko El Social aldizkariaren kasuak. 2002an, bestalde, Alemaniako Office for Newspaper Design erakundeak Goienkariaren erakargarritasuna saritu zuen, astekari hori Europan diseinurik onena daukaten kazeten artean izendatzean (22 herrialdetako 206 egunkarik esku hartu zuten lehiaketan).

(Berriz, 1984) Filosofian lizentziatua. Jon Jimenez-ekin batera "Modernitatearen auziaz" (Jakin, 2009) idatzi du. UEUko Filosofia Sailburua 2 urtez izandakoa. Doktoradutza ikasketak bukatzen EHUrekin. Gara egunkarian iritzi saileko kolaboratzailea izan da. hAUSnART aldizkariko zuzendaria.
Email this author | All posts by

Leave a Reply