Tatxatuaren azpiko nazioaz. Liburu aurkezpena (Utriusque Vasconiae)

By • Jan 21st, 2011 • Category: Albistekaria

1) BERRIA

2011-01-20

Nazioa birformulatzen

‘Tatxatuaren azpiko nazioaz’ saiakera ondu du Ibai Atutxak, eta nazioaren kontzeptua literaturatik aztertu du

Ainhoa Sarasola Donostia

Utriusque Vasconiae argitaletxearekin kaleratu du bere lehen liburua Ibai Atutxak. / GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

Nazioaren kontzeptua ikuspegi soziologikotik, politikotik eta filosofikotik aztertu izan da gehienetan. Baina kontzeptu hori lantzeko bide «originala» hautatu du Ibai Atutxak (Galdakao, Bizkaia, 1984), Ur Apalategi editorearen hitzetan: «Gai serio horri zientziaren alorretik ekin dio, baina erreferentzia ezohikoekin nahasiz». Literatura konparatuaren bidetik aztertu du Atutxak naziotasuna, eta Tatxatuaren azpiko nazioaz saiakeran jaso du bere gogoeta. Utriusque Vasconiae argitaletxearekin kaleratu du bere lehen liburua, Kritika Literarioa sailean.

«Orain arte eraikia izan den eta onartu izan dugun nazio kontzeptua gatazkaratu nahi izan dut, haren kontraesanak agertuz, eta, gero, kontzeptu hori birformulatzen saiatu naiz», azaldu du egileak. Hori egiteko, lau ataletan banatu du lana. Lehenean, «euskal literaturaren berridazketa xume bat» egin du; euskal literaturaren historiako hainbat testuren bidez nazio kontzeptua nola eraiki den aztertu du. Bigarrenean, «euskal nazio eraikuntzan erreferente diren bi diskurtso» aztertu ditu: Sabino Aranarena eta Jorge Oteizarena, eta bien «izaera kontrajarria edo baztertzailea» azaleratu du.

Ikuskera horiek ukatu gabe, nazio kontzeptua beste diskurtso batzuetatik «berreskuratzen» saiatu da egilea azken bi ataletan. Hartarako, batetik, Itxaro Bordaren poesia aukeratu du, «bertan agertzen den identitate lesbianak euskal naziotasun arrunta nola gatazkaratzen duen aztertzeko». Bestetik, Hertzainak taldearen kantak aztertu ditu, «1980ko hamarkadan erreferentea izan zelako orduan sortzen ari zen euskal identitatea bere lekuan jartzeko».

Azterketa eginda ondorio nagusi batera iritsi da Atutxa: Aranak eta Oteizak ziotenaren aurka, «nazioaren esentzia edo izate hori aldaketa etengabean» dagoela. «Argi geratzen da nazioa, letra larriz, ez dela existitzen, ez dagoela definizio bakar eta absolutu bat, baizik eta eraikitzen joaten dela. Nazioaren definizioa geure eskuetan dagoela frogatzen du honek, eta gaitasuna badagoela birformulatzeko, Hertzainak edo Itxaro Bordak egin duten bezala».

Bigarren zatia, laster prest

Atutxak Euskal Filologia ikasketak egin zituen Bilbon, eta Bartzelonan izan da, Literatura Konparatuan eta Filosofia Garaikidean masterrak egiten. Valentziako Unibertsitatean doktoretza ikasketak hasi berri ditu, eta literatura ikerketetan sakontzeko New Yorkera joango da datorren astean. Ikasketek eman dizkioten tresnekin landu du liburua, haren esanetan. 452º F literatura konparatuari buruzko aldizkaria zuzentzen du, eta Lapiko Kritikoa gunean ere parte hartzen du.

Ur Apalategiren hitzetan, «estilo bat, erreferentzia mundu bat eta gai bat elkartzen direnean, autore bat izaten dugu aurrean, eta hori guztia du Atutxak». Liburuaren bigarren zatia lantzen ari da orain idazlea, eta laster izango du prest. Bertan, Bernardo Atxagaren Ziutateaz eta Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao testuak aztertuko ditu, «literatur kanonak subjektu euskalduna nola eraikitzen duen ikusteko».

2) Diario Vasco

Nazioa, Itxaro Bordaren eta Hertzainak-en eskutik berrikusia

Kritika literarioari dagozkion tresnak erabilita, ariketa berriztatzailea egin du Iban Atxutxak

20.01.11 – 02:50 –

N. AZURMENDI | DONOSTIA.

Kritika literarioa ez da, ezinbestean, liburuetara mugatzen, eta ez du soilik balio literatur lan bati buruzko iritzia emateko. Iban Atutxa (Galdakao, 1984) idazle eta ikerleak ariketa berritzailea egin du ‘Tatxatuaren azpiko nazioaz’ liburuan: kritika literarioak berezkoak dituen tresnak erabilita, Itxaro Bordaren poemak eta 80.eko hamarkadako punk unibertsoko Hertzainak taldearen kantuen hitzak aztertu ditu. Zertarako? Testu horiek ekarritakotik abiatuta ‘nazioa’ bezain kontzeptu potoloa -sakratua eta ukiezina, askorentzat- berreraikitzeko.

Lana argitara eman duen ‘Utriusque Vasconiae’ argitaletxeko Ur Apalategik azaldu zuenez, ekarpen originala da Atutxarena, «gai serio eta potolo bati, nazioari, zientziaren alorretik baina irakurleari hurbilekoak zaizkion erreferentzia kuriosoak» erabilita heldu baitio.

Euskal Filologian lizentziatu eta Literatura Konparatuan eta Filosogia Garaikidean master bana egin ondoren, doktoradutza ikasketak hasi berria da Atxutxa. Bere aurreneko liburuaren aurkezpenean-bidean da bigarrena- kritika literarioa egin duela berretsi zuen, «kritika literario ideologikoa? Bai, denak bezala».

Itxaro Bordaren poemak eta Hertzainak-en testuak ez dira aztertu dituen bakarrak. Horien baino lehenago ekarri ditu liburura ‘nazioa’ kontzeptuaren eraikuntzan aparteko garrantzia izan duten Sabino Aranaren eta Jorge Oteizarenak. Horiek biek, bakoitzak bere ikuspegitik, nazioaren kontzeptu monolitikoa finkatu zuten Atutxaren aburuz, eraikuntza nazionalaren izaera esentzial eta mugiezin moduko bat ezarriz.

Gaur egungo euskal nazioaren eraikuntzan garrantzi handia izaten jarraitzen dute Aranaren eta Oteizaren «proposamen kontraesankorrek», baina Ibai Atutxaren ustez «beste diskurtso batzuetatik ere berreskuratu daiteke» kontzeptu hori. Berak uste du saio hori ez dela soilik politikaren, historiaren edo soziologiaren alorrekoa. «Literaturaren bitartez ere definitu daiteke nazio kontzeptua», uste du. Hartara, poesiara eta maiz poesiatik bereizezina den kantuetarako letragintzara jo du ariketa hori burutzeko.

Eta ondorioztatu du Itxaro Bordaren poemek bideratzen duten«Iparraldeko euskaldun lesbiana»-ren ikuspegiak eta Hertzainak taldearen ikuspegi punkak, euskaldun izatea «kaletartu» zuenak, zalantzan jarri dutela aurreko diskurtso hura. «Bazterreko proposamen» horiek, «erantzun gisara» sortu ziren diskurtsoak biak ere, erakusten dute alegia «ez dagoela nazioaren definizio bakar bat». Liburua ez da irakurketa arin eta erraza, hori aitortu beharra dago, baina gutxitan jorratzen diren bide iradokitzaile eta pizgarrietan barrena eraman dezake ausartzen den irakurlea.

3) Noticias de Gipuzkoa

‘Tatxatuaren azpiko nazioaz’ saiakera kaleratu berri du

Nazio kontzeptua literaturari esker birformulatu ahal dela uste du Ibai Atutxak

Galdakaoko idazleak ‘Tatxatuaren azpiko nazioaz’ saiakera kaleratu berri du

Itxaro Bordaren poesia eta Hertzainak taldearen musikaren erreferenteak erabili ditu bere tesia zabaltzeko

Juan G. Andrés – Jueves, 20 de Enero de 2011 – Actualizado a las 05:37h.

Ibai Atutxa, ezkerraldean, Ur Apalategi editorea alboan duela.

Ibai Atutxa, ezkerraldean, Ur Apalategi editorea alboan duela. (Ainara Garcia)

Donostia. “Itxaro Bordaren poesiak eta Hertzainak taldearen punk musikak nazio kontzeptua gatazkaratu egiten dute. Horregatik dira interesgarriak, gaur egun eraiki-tzen ari garen nazio kontzeptuaren arazoak azaleratu egiten dituztelako”. Hala uste du Ibai Atuxa (Galdakao, 1984) Euskal Filologian lizen-tziatuak. Literatura konparatuan eta Filosofia Garaikidean masterrak egin ditu Bartzelonan eta datorren astean New Yorkera joango da urtebetez ikertzen jarraitzeko, baina atzoko eguna aprobetxatu zuen bere lehen liburua Donostian aurkezteko.

Tatxatuaren azpiko nazioaz izena du saiakerak eta Ur Apalategiren Utriusque Vasconiae argitaletxearen Kritika Litearioa sailean plazaratu dute. Editoreak onartu zuenez, oso lan originala da, gai serio bat jorra-tzen duelako -nazioa, alegia- “ezohikoak diren erreferenteak” erabiliz.

Egileak aipatu zuenez, “nazio kontzeptua bere tatxatuaren azpian” jartzen saiatu da, baita “orain arte eraiki izan den kon-tzeptu horren kontraesan eta arazoak agertu” ere. Horretarako, Itxaro Bordaren poesiaz eta Hertzainak taldearen musikaz baliatu da, “hori baita literatura konparatua eta kritika literarioa”. “Literatura ez dute bakarrik osatzen obra unibertsalek eta goi mailako erreferenteek. Gizarteko beste elementu batzuetan ere aurki ditzazkegu kritika egiteko elementuak”, nabarmendu zuen.

Atutxak azaldu zuen liburuak lau atal dituela. Lehenengoan “euskal literaturaren berrirakurketa xume” bat proposatu du eta irakurlea konturatuko da “orain arte planteatu izan den literaturen historiak berak baduela gaitasuna gu geu eraiki-tzeko”. Bigarren zatian, berriz, Sabino Arana eta Jorge Oteizaren testuak aztertu ditu bere izaera “kontraesankorra” eta “baztertzailea” azpimarratzeko. “Baina kontua ez da ukazio horretan gelditzea, baizik eta gaur egun arteko nazio promosamena gatazkaratu eta beste diskurtso batzuetatik berreskura-tzea”, gaineratu zuen.

Hirugarrenik, Itxaro Bordaren poesia erabili du hainbat galdera luzatzeko: “Posible al da euskalduna, lesbiana eta Iparraldekoa izatea?” Eta azkenik, Hertzainaken musika berreskuratu du, 1980ko hamarkadan “erreferente” bat izan zelako nazio kontzeptua “tradiziotik at”, beste ikuspuntu batetik eraikitzeko orduan.

Idazlearen irudiko, ez dago nazioaren “definizio bakarra eta absolutua”. “Mendebaldeko pentsamenduaren arabera, nazioak ezaugarri batzuk ditu eta guk natural gisara onartzen ditugu, nahiz eta arazoak sortzen dituzten. Baina badaude diskurtsoak hori guztia zalantzan jartzen dutenak. “Nazioa eraikitzea gure esku dago. Literaturaren bitartez posible da nazio lez definitzen dugun hori birformulatzea, Hertzainakek eta Itxaro Bordak egin duten bezala”.

Apalategik jakinarazi zuenez, Tatxatuaren azpiko nazioaz diptiko baten lehen zatia da, dagoeneko bigarren lana prestatzen ari baita Ibai Atutxa.

(Galdakao, 1984) Euskal filologian lizentziatua. Literatura konparatuan masterra Universitat Autònoma de Barcelonan. Filosofia Garaikidean masterra bukatzen ari da orain, 452ºf aldizkariko zuzendari eta erredakzio kontseiluko kide lanetan dihardu, eta Literatura eta identitate kontuak jorratzen ditu.
Email this author | All posts by

Leave a Reply