Joxe Azurmendi aberri hutsa da. Fito Rodriguez (Berria. 2010-10-29)

By • Oct 29th, 2010 • Category: Albistekaria

Joxe Azurmendi aberri hutsa da

Fito Rodriguez – Idazlea

HEMEN Berriako artikulua

Joxe Azurmendi, filosofo, irakasle edo poeta gisa ezagutu dugu, baina, oroz gain, bere saiakeragile sena da nik gertuen dastatu ahal izan dudana eta, aurtengo Euskadi Literatura sariaren itzalera, hitz pare bat eskaini nahiko nioke horri, hau da, berarenak irakurtzen gozatu dudanaren gizarteratzeari.

Kolakowski (1972) kaleratu zuen garian, Joseba Arregirekin batera idatzita, gaur, nekez uler daitekeen bikotea osatzen zuten orduan biek, baina, Joxek Kolakowski poloniarrarengan jarri nahi izan zuen bere begirada. Ez soilik Kolakowski filosofo edota marxista kritikoarengan Kolakowski poloniarrarengan baizik, ze hil arte bere aberria begitik ezin kendurik aritutako idazlea izan zelako.Haren aberria, bera hazi zen nazioko kultura baita eta haren beharra nabarmendu nahi izan zuen Azurmendik bere saiakeretan. Kolakowskik ingelesez idatzi zuen filosofia baina polonieraz narrazioak. Azurmendik alemanez edo espainolez filosofiaz idatzi izan badu ere, poesiak eta saiakerak euskaraz eman dizkigu.

Baina ez, ordea, hizkuntza laua, erraza, akademikoa edo didaktikoa erabiliz…

Aitzitik, mintzaira joria eta literarioa, askotan gertukoa eta arrunta, besteetan berriz, aldrebesa bezain zaila, baina sortzailea beti.

Joxek asko idatzi du, eta asko argitaratu… Bere artikuluek eta liburuek ez diote polemikari ihes egiten, alderantziz, ezbaiaren iturburu izan ohi dira, baina, halere, ez dira errazkeriez josten eta, jostalariak izan arren, ez dira batere irakurterrazak eta irakurri baino gehiago berrirakurri egin behar izaten dira.

Frankismoak sustraietatik moztutako euskal kulturaren berreskurapenaren berreskurapenari ekin nahi izan zion orduko modako jite literarioetatik at oso modu originalean.

Miranderen pentsamendua eta Schopenhauer, Nietzsche, Spengler, Miranderen pentsamenduan liburuez nork eta Mikel Antzak eginiko kritikan (Susa, 1986-04) gure literaturak duen saiakeraren premiaz jarduteaz gain, Azurmendiren laudorioa egin zuen nahiz eta «lanak duen errurik nagusiena: gaiaren antolaketa» dela arrapostu egin.Hala ere, ezin zaio eskatu saiakera literarioari ez didaktismoaren aldeko errazkeriarik ez eta ikerketa akademikoari dagokion zurruntasunik ere, zeren entsegu-egilearen idaztankerak baldintzatu behar baitu adierazteko modua. eta Joxeren estiloa, bere idaztankera, jakina, joria bezain naroa baita.

Joxeren kezkak kulturalak izan dira, noski, baina haietaz hausnartzeko bidea hizkuntza izan da, euskara zentzu hertsian. Ez edozein euskara, ordea, euskara literarioa eta, esan daiteke, batua avant la lettre, izan dela bere saiakerak bilaka arazteko oinarrizko tresna. Erreferentziak, aldiz, mundutarrak: klasikoak, germanikoak edo euskaldunak nahiz berebiziko estiloan, guztiz pertsonalean, garatuak izan, zeinean, elkarrizketa baten antzera, argudioak eta anekdotak, ekarpen filologiko eta filosofikoak, txirikordatzen doazen artea dirudien korapiloetan.

Kezka kultural, linguistiko, literario haietatik aberriaren aldarrikapena datorkio eta, ezinbestean, politikaz aritu beharra.

Asko ditugu haren aurka asaldatu diren idazleak, Jon Juaristi, Aurelio Arteta eta enparauak lehenak izanik, baina oihartzun handiko liburuak izan dira eta, liburuak diot, zeren gehienak aurretik idatzitako artikulu ezberdinak bildu ostean bilakatu baitziren liburu.

Espainolak eta euskaldunak, Azurmendiren liburu ezagunena izango da ziur aski. Horra hor, esaterako, Felipe Juaristik liburua kaleratu zelarik, idatzitakoa (El Diario Vasco, 1993-12-19):

«…Doinua, oro har, biktimista, aspaldian ikusten ari garena bezala. Azterketak serioa izan nahi du, bestalde. Ateratzen dituen ondorioak ere bai: Baina iruditzen zait aurreiritzi gehiegirekin eginak direla… balorazioak eta juzguak jaurtitzen baitizkigu, sarri askotan… esaterako: Euskal estatuaz ari denean, eta herri kontzientzia biltzeko oinarria euskarak izan behar duela dioenean. Testualki: Guk beti esaten eta berresaten dugu, euskal arazoa herri arazoa dela, nazio arazoa dela».

Horixe bera baita Azurmendiren gogamenak eztabaidarako eskaini digun ardatza eta, horretarako eman digu, hain zuzen ere, saiakera sail pila. Beraz, Juaristik egin zuena, eztabaidari aurre egin gabe deskalifikatzen (biktimista eta abar deituz…) aritzeak ez du laguntzen haren eskaintza ulertzen, ez eta, are gutxiago, baloratzen.

Ildo horietan eraiki du, bada, Joxe Azurmendik bere idazkien emaria eta haiek dastatzen ez jakitea, euskal literatura maite duen edonorentzat behintzat, penagarria da.

Mende berriarekin batera Azurmendik ekarritako uzta dateke, ene aburuz, emankorrena, bai darabilen estiloan eta baita aurretik plazaratutako polemiken atzean egon daitezkeen oinarrietan sakontzeko moduetan ere.

Alde batetik, Volksgeist-Herri Gogoa-n Ilustrazioak Herria nola ulertu zuen ikertuz nazismorako bideak nola ireki ziren azaltzen zaigu, eta bestetik, Espainiaren arimaz horretan euskal abertzaletasunari buruzko ohiko espainiar topikoak aztertzen ditu, hau da, euskal nazionalismoa ildo alemaniarrean fundatzen omen dela, beraz, erromantikoa bezain gainditua izan dela eta hori guztia… Aldiz, frantziar ikuspegiak ezarritako gizarte-antolamendua dugula egun mendebaldar zibilizazio garatu osoan onartuena, euskal abertzaletasunak, ustez, deitoratzen omen duena.

Azurmendik egiten duen Humbodlten irakurketan, berriz, planteamendu erromantiko hori honela izango litzateke: hizkuntzak nazioa egiten du berak ematen baitu mundua ulertzeko gogamena, pentsaera bat, gizabanakoaz harago doana. Beraz, nazioan nahiz mintzamenean gogo bat badago: Herri Gogoa (Volksgeist) da eta hura da nazioaren funtsa. Baldin eta Herri Gogoaren kontzeptua germaniarren artean bezainbeste frantziar Ilustrazioan badago, Renanengandik aurrera batik bat, XIX. mendeko eta XX.eko pentsamenduan ere aurkitzen dela begi bistakoa da, baita nazismoan edota espainiar pentsamendu politikoan ere (ikus Ortega y Gasset…) baina Azurmendik kontzeptu horien ibilbidea aztertu arren, mintzamenaren eta gogamenaren arteko erlazioen arazoa dago hura baieztatzeko abiapuntuan, herri bat, nazioa, gauza guztien gainetik, kultura dela adierazteko, Azurmendik bere lanean etengabe arrapostu egiten duena, bestalde.

Dena den, Joxek gai baten inguruan peskizan dabilela ez ohi du akademizismorik erabiltzen, ez behintzat ikerketa unibertsitarioan erabiltzen diren moduan, baina, halaber, ez du hedakuntzarako testurik sortu nahi… saiakera bezala bere idazkia genero artekoa dugu, ez baita lan pedagogikoa (askotan korapilatsua eta aldrebestua, Mikel Antzari iruditu zitzaion moduan) ez eta kazetaritza-lana ere. Areago, Joxeren idazkiak, orain euskal letretan horren modan dauden prentsarako izkribuen kontrakoak direla esango nuke. Kazetarien testu komunikatibo, ulerterraz, sintetikoak eta abarrak, askotan topikoak helarazten dituzten azalkeria laburrak besterik ez dira, hala pentsamoldeak nola hizkuntza bera ere pobretzen lagundu besterik egiten ez dutenak. Joxeren ekarpen literarioa horren kontrakoa izan da, erabat.

Zeren eta, Azurmendik, edozein aztergai hartzen duelarik ere, ez du ezer frogatu nahi, gaiak ematen duena probatu (dastatu) baizik. Garai batean haztatu esaten zena da bere helburua. Joxek ez baitu, bere xalotasunean, ezer irakatsi nahi, ikertu baizik, baina, hori bai, Proustek edo Borgesek egingo luketen modura, idazkuntza dela medio.

Joxe antidogmatikoa baita, eta hortik Goetheren edo Herderren antzera, arrazionalismoari eta, bide batez, Ilustrazioari nahiz jakobinismoari, egin ohi dizkien kritikak. Ildo horretan bere lanak ez dira erudituentzat idatziak eta abagunearekin lotzen ditu Euskal Herriko egoeraz iritzia plazaratzeko batere beldurrik gabe. Eta formaz harago, saiakeran hain erabilia den norberak bere buruarekin elkarrizketa egiteko teknika eta ohiko ikuspegiak eta gizarte-balioak kolokan jartzeko testu ausartak utzi dizkigu, baita oinarrituak ere. Eztabaidarako sortuak, nahiz eta batzuk, Felipe Juaristik erakutsi zigun bezala (El Diario Vasco, 1993-12-19), polemikari heldu nahi ez izan.

Baina Joxeren joera, edozein kezka gaitzat hartzea da, bere eskarmentuetatik abian jarri eta garatzen hastea. Gogoeta egin ahal izateko idaztea eta ohikoa ez denari erreparatzea, begiratzea, kasu egitea… horretaz izkiriatzea. Arruntak diren egoeretatik irten eta egunerokotasunak sortu ezin dituen polemikei ekitea. Nihilismotik at baina erlatibismoan beti.

Saiogile guztien erara kritiko bezain sortzailea dugu, iritziak eskaintzen dituena baina osatzeke dauden iritziak betiere… irakurlearen zain.

Haren izkribuak ez dira, noski, bat-batekoak baina berezkotasunaren jarioa darie. Soila bezain sotila dugu. Hark utzitako entseguak, hausnarketa-bideak, ikerketak, idazkuntzak, antzerkiaren edo poesiaren antzera, irakurlerik gabe ezin esan burututa daudenik, horregatik, egin diezaiokegun omenaldirik onena, haiek irakurtzea litzateke.

(Hernani, 1975). Filosofian Lizentziatua. Zinemazalea ere banaiz, nahiz eta sarri barrurakoan baino aldarte ilunagoarekin atera ohi naizen zinema aretotik. Freud-en "Egonezina kulturan" (Gaiak, 2009) liburuaren itzulpenak dituen gabezien erruduna ere ni naiz.
Email this author | All posts by

Leave a Reply