Bortxaren kondenamaniaz edo kontzientzien kontrolaz (II) [Indarkeria kondenatu behar da?]

By • Oct 25th, 2010 • Category: Atal Berezia, Azterketak eta Azalpenak

Bortxaren kondenamaniaz edo kontzientzien kontrolaz (I)

VII.- Itzul gaitezen kondenamaniara eta berriro juduengana, Itun Zaharrekoetara oraingoan: ETAren bortxa kondenatu bai ala ez, konsituzionalisten xibboleta bihurtu da (ing. shibboleth, fr. schibboleth) — “konstituzionalista” hitz hori bera espainolista amorratuaren eufemismoa bilakatua dagoen antzera. Epaileak liburu biblikoan istorio hau kontatzen da:

“Orduan Jeftek, Galaadeko gizonak bildurik, efraindarrei eraso eta menperatu egin zituen (…). Jordan ibaia Efrainen lurralderantz igarotzeko ibi edo pasabideak hartu zituzten galaadtarrek. Eta iheslarietakoren bat ibaia igarotzen uzteko eske hurbiltzean, efraindarra zen galdetzen zioten; ezetz esaten bazuen, galaadtarrek «xibbolet» esateko agintzen zioten. Hark, ordea, behar bezala ahoskatu ezin eta «sibbolet» esaten bazuen, harrapatu eta bertan lepoa mozten zioten” (Ep. 12, 4-6).

Xibbolet berba israeldar leinu guztiek ez zutela era berean ahoskatzen, jakinarazten digu Elizen Arteko Biblia euskarazkoak (euskarazko «z» denok berdin ahoskatzen ez dugun moduan). Pasadizo hau dela-eta, bada, norbaiten jatorri edo izaera nolabaiteko, susmagarri, arrotzaren marka disimulagaitza adierazteko erabiltzen da xibbolet hitza: “kondena ez duzu behar bezala ahoskatu, zeure burua kondenatu duzu horrela: Jefteren konstituzionalistak prest dituzu, ezpata eskuan, zintzurra mozteko”.

Kondenamaniakoen suposizio bat da, bortxaren ez kondenatu nahi hori tribu jakin baten ezaugarri konfundiezina dela (“xibbolet”), ezkondena denak zaku batean sartzen direla alegia; hots, bortxaren ez kondenatzeak beti balio eta esangura uniboko bakarra duela: ETAren onespena eta sustapena (ETA den eta egiten duen guztiarekin).

Hau ez da oso logikoa, beste aldetik kondenatzaileen eremuan diferentziak eta ñabardurak gartsu baino gartsuago seinalatzeko interes bat puntalakurloa badago une berean (aipatu dugu Setien Gotzaina). Alfonso Sastrek behin ohartu zuen legez, “se puede «condenar» a «los terroristas de ETA» como hace el señor Ibarretxe con gran entusiasmo siempre que se le presenta la ocasión, y ello con fuertes dosis de «desprecio» (creo que es su palabra) y otros sentimientos vehementes contra los autores de tales atentados, a quienes considera ciertamente como unos hijos de puta (aunque ésta no sea su palabra), y que le «dan asco» (estas palabras sí lo son), y no por eso consigue desembarazarse de la sospecha, y hasta de la acusación, de darles el oxígeno preciso para que respiren. Poco menos que un cómplice de ETA es, para esas gentes, el señor Ibarretxe”. Adibideak, soberan. Arazoa ez baita izaten, egunero dakusgunez, kondena bai ala ez, baizik ere kondena bai horretan inplizito Espainiaren batasunaren aldarria egon dadila. Eta hori da, dudarik gabe, zenbait jenderentzat, ez kondenaren arrazoi bat kontu handikoa. Ezin jasan ahal baitu, Sastreren hitzekin jarraitzeko, “disolverse en la sopa de las condenaciones e indiferenciarse, en este sentido, de las fuerzas más reaccionarias cuya «condena de toda violencia» y su consideración del derecho a la vida como «sagrado» son formulaciones cínicas e hipócritas” (Gara 2003-12-23, errep. 2009-05-20). Hortakoz, PSOE, PP, PNV, EA, Aralar, Konferentzia Episkopal Espainola, Ermuko Foroa, Manos Limpias, etab., kondenatzaile denak zaku batean sartzerik ez badago, ez du begitantzen ezkondenatzaile denak zaku batean sartzeko arrazoi gehiago dagoenik.

Ez, ETAren bortxa kondenatu gura ez izatea ez da derrigor ETAren alde egotea, eta gutxiago ETAk egiten duen guztiaren alde egotea. Da, lehenik eta behin, xibboletaren probari uko egitea: ibi edo pasabide kontrolatzaileen tranpan ez erori nahi izatea. Eta da, bigarren, kondenaren erritual obligatuari Botere publikoak ezarri dion balioa eta esanahiarekin desadosasuna erakustea. Da, txantaiaren taktika politikoa salatzea. Ez da tragedia ignoratu eta mutu gelditzea. Inposatu den mintzairan ez mintzatu nahi izatea da, mintzaira hori isiltasunarekin kondenatzea. Da, “terrorismoaren” aurka joateko aitzakiaz muntatu den Inkisizioan denok parte hartu behar izateari muzin egitea. Nazkaturik egotea pantomima guztiarekin. (Peter Ustinoven ateraldi minkorra gogoratu behar ote da? Gutxi-gorabehera: “txikien bortxari terrorismoa esaten zaio, handien terrorismoari gerra” – gerra humanitarioa, berrikiagoan. P. Ustinov ere terrorismoaren apologista dateke justizia espainolarentzat). Sartrek – orain ez Sastrek!- aspalditxo idatzi zuen: “nous vivons à l’époque des mystifications (…). L’ordre social repose aujourd’hui sur la mystifications des consciences” (Qu’est-ce que la littérature?, 1948, 342).

Eta, hala ere, ezkondenaren kondena batzuetan agian badago barru-barruan denuntzia bat, edo objekzio bat, printzipioz zilegizkoa, jaramonik egin gabe gutxienez pasatzerik ez daukaguna gurea den bezalako gizartean: isiltasuna konplizitatea ere badela, bortxazaleak euren jarreran konfirmatzen dituelako, gure isiltasunak kanpoa libre utzi eta hegalak ematen dizkielako (ik. Berria 2008-12-13). Askotan objekzio molde hau kontzientzia biziki sentiberetan aurkitzen da, kontzientzia erlijiosoak askotan, eta zentzurik hoberenean erlijiosoak. Zer esan? Horiekin dialektikan endredatu gura izanez gero, ihardetsi ahal izango genieke, euren planteamendu horren arabera isiltasuna gehienez ere bortxaren kausa bigarrentiar eta berandukoa litzatekeela; lehenbizi bilatzeko eta ageriki aipatzeko bortxaren lehen kausak (eta horiek ageriki aipatzerik ez daukatela, ikusiko da agian, deliturik egin, edo delituaren oso susmagarri bilakatu gabe); edo-ta, edozein ezkondena isilek baino bortxakeriaren eragileago, de fakto, politiko harro eta hedabide zaratatsuen zenbait kondena moduk, erdeinuk, burlak, dirudiela, edo jazarpen, atxiloketa, tortura, epaiketa injustu oso gutxi kondenatu anitzek, etab. Baina guri ez zaigu hemen norgehiagoka dialektikorik interesatzen. Interesatzen zaiguna, objekzio horren barne-barnenean ebidentzia bezala funtzionatzen ari dela ematen duen kontzientziako ziurtasuna da, zio ideologiko edo afektiboengatik batzutan transijitu egiten badugu ere, bortxa, berez, beti gaitzesgarria dela. Moralki gaitzesgarria, ulertzen da.

VIII.- Ordea, bortxaren aldeko jarrera, posible da morala izatea (etikoa izatea). Morala izatea ETAko kide izateko erabakia ere, guztiz morala izatea bortxa praktikatzea. Eta posible da bortxaren kondena asko izatea inmorala. Bortxaren kondena morala izatea ere posible da noski. Eta posible da bortxaren ezkondena arduragabekeria baino ez izatea. Zin-zinez morala izatea bortxa gaitzetsi gura ez izatea, hain zuzen, desadostasun pertsonal (politiko, moral) guztiekin ere, bortxaren erabilera hautatu zutenei morala ez dielako ukatzen. Moraltasun maila hutsean posibilitate denak berdintsu zabalik ageri dira a priori; edo, bestela esan, moraltasuna da pertsona batek besteari sekula ukatu ezin diona, pertsona izatea ukatu gabe. Horrek ez du esan gura, niretzat morala denak zuretzat ere izan beharra daukala. Gure kasu konkretuko bortxaren moral edo inmoraltasuna, edo gure balorazioetan adostasunera iritxi ezina, edo hurbiltasun bat erdiestea, eztabaidak erakutsi beharko zukeen. Baina bortxa horren moraltasunaren alde argudiatzea plazan libre ez baldin badago (gutxiagogatik leporatu zaio bati baino gehiagori terrorismoaren apologia eta kolaborazioa), moraltasunaren arazoa planteatzeak ez dauka zentzurik, eta Botereak hiritarrei kondena moral publikoa esijitzeak ez du besterik adierazten txantaia eta kontzientzien bortxaketa programatua baino, hiriabereen bezaketa zirko politiko “demokratikorako”.

Aspalditxo deklaratzen zuen Savaterek (1997), bere ustean behinipein ez dagoela arrazoirik batere, ETAko edozein militante munduko pertsonarik etikoena ez kontsideratzeko, eta militante etarren zuzentasun politikoaz ausaz bai, baina zuzentasun moralaz eztabaidatzen enpeinatzeak zentzurik ez duela. “Si a mí me dicen que son unos chicos muy majos, que lo hacen por los más elevados intereses, que están convencidos de que tienen unos valores tal…, a lo mejor es así, no lo sé”. Aparte konstatatu gaur holakorik entzutea askoz zailago dagoela 1997an baino, hor egiten dena ez da ebidentzia elemental bat gomutatu besterik: ETAko militanteei euren motibazio etiko posiblea aitortu. Batez ere, baina, Savaterek eliztar asko (esentzialki ezpolitiko!) eta politiko ez gutxiren katua erbitzat saltzeko amarrua salatzen du: “siempre me parece un disparate cuando se quiere remediar los males de la política con ética” (behiala erlijioarekin bezala alegia: Espainiak Estatu konfesional erlijiosotik Estatu konfesional moralera “progresatu” dizu). “La ética no sirve como apagafuegos”. Arazoa horixe da: arazoa ez dela morala. Honek ez du esan gura, neuretzat behintzat, bortxari buruz etikak ez lukeela zer iritzirik, bai kontsiderazio orokorren mailan (bizitzari zor zaion begiruneaz, etsaiaren kontzeptua, despertsonalizazioa eta gizatasunaz, askatasunaren aldeko bortxak barnebiltzen duen antinomia posibleaz, etab.), bai kasu konkretuen juzguaren mailan. Baina bai, esan gura du, 1) etikak ez duela balio politikak konpondu ezin edo nahi ez duena konpontzeko, eta 2) etikak ezer irizteko, arazoa libertate osoz planteatu beharra daukala, bere inplikazio politiko, historiko guztiak ere aintzat hartuz. Hain zuzen, kondena morala esijitzen etengabe ari den politika kondenamaniakoari aurpegiratu behar zaion erantzuki behinena, gogoeta eta eztabaida moral oro berak eragotzi izana da. Eta, hain zuzen, sistematikoki eta programatuki egin izana hori: berari morala bost axola zitzaiolakoxe, txit abantailatsua ediren baitu arazo politikorik batere dagoenik ezkutatzea, praktikan ahantzaraztea, eta arazoari egiaz dagokion maila politikoan aurre egin ordez, dena kontu moraltara eta moral soiltara kuzkurtzea, eta arazo moralik ere eztara ondorioz: kondenaren erritual automatizatura.

Bortxarekin Estatuak daukan arazoa ez da morala, politikoa da. Baina politikoentzat askaera beraiek eman beharretik desertatzeko ihesbide arinena, arazoa politikotatik moraltara trukatzea da, orduan soluzioa gu hiritar guztion kontzientzien zeregina bihurtzen baita, ez Estatuaren eginbeharra. Urte guztiotan politika espainola tranpa hori egiten ari da bortxaren arazoan. Konpara, esaterako, eztabaida politikoan zer tratamendu izan duten bortxak eta ilaurtze edo abortoak: ilaurtzearen kasuan bi esparruak garbi-garbi berezi dira (salbu Eliza Katolikoak!), kontzientzia pertsonalarena eta erantzukizun politikoarena; eta ikusi da bere kontzientzia katolikoaren mailan ilaurtzearen kontra dagoena ere politika mailan haren legezkotzearen alde egon daitekeela. Eta, kontzientzia indibidualeko morala bakean utzi eta, soluzio politikoaren alde argumentuak ikusi dugu nola biltzen ziren moral publikotik (holakoetan beti ongi dator Max Weber), giza eskubide naturaletatik, emakumearen emantzipaziotik, biologia eta genetikatik, soziologiatik, ekonomia sozialetik ere. Bortxaren inguruko diskurtso publikoa, aldiz, monotematiko eta esterila da: soilik trataera morala eta kondena dogmatikoa, besterik ez du ametitzen. Gogoeta sozial, historiko, politiko, antropologiko oro, nola eta ez den gaitzespenerako zuzenean, terrorismoaren apologiara lerratzen da (gogoratzen zalaparta hura J. Zulaikaren Violencia vasca: metáfora y sacramento zela-eta, 1990?).

IX.- Ondorioz, gezurra dirudi, hainbeste urteren buruan bortxaren hausnarketa sakonik apenas dago: antropologiak, soziologiak…, ematen du, ezer esatekorik ez daukatela. Paradoxala dena, ordea, da, hainbeste esijentzia moral eszenategian, eta gero gutxien-gutxien dagoena hausnarketa morala dela. Betiko hiruzpalau klixeak errepikatzera plegatzen da hori: “bizitza sakratua da”, “bortxa ez da bidea”… Joera absolutuzale honetakoak izaten dira kondenatzaileen argumentu kuttunenak. Baina holako arrazoiek oinarri-antz absoluturen bat bortxa ororen kondenarentzako baietsi bai, egiten dizute gratis et amore, baina eztabaida razional baterako ez dute ezertan laguntzen.

Halabertsu, pazifismoaren eztabaida klasikoetan ailegatu izandako zenbait arrazoi, inoiz kuestionatua izan ez balitz bezalakoxe aingeruzkotasunez berriro eta berrirotzen da: hala, luzarora, bortxazko bideak baino efikazagoak omen direla bakezkoak. Arrazoi interesgarria da fede hori (denok nahiko genuke, hala ledin). Bakarrik, aspaldi objektatu zitzaion, fede aitortza gisa baino zerbait gehiago balio gura badu, zehazteko mesedez hobeto pretenitzen duen baliagarritasunaren mugak: izan ere, 1) giza historia osoaz orohar, eta bakezko bideak oso adiera zabalean hartu ezkero, ez dago arazorik onartzeko, artea, zientzia, zuzenbidea, kultura ekarle positiboagoak direla bortxa eta gerra baino. Hori, alabaina, ez da asko esatea, hein horretan bortxak berak ere historian “bake bidezko” elementu ez gutxi barnebildu ohi baitu (arte, zientzia, zuzenbide, kultura). Historia osoaz jardutekotan, bortxazko eta bakezko bideak bereiztea (onak eta gaiztoak, omen) beti ez da erraza. Eta, 2) periodo edo situazio konkretu batean, bakezko bideak efikazak, eta bortxazkoak baino efikazagoak, efikazago antolatu eta erabiltzen direnean soilik agertu ohi dira (ikus Gandhi). Bestela, luzarora (!) efikazia handiagoaren arrazoiak bakezaleek orain berton ezer positiborik ez egitea zuritzeko aitzakia irudi lezake. Izan ere, Gandhiren eredua karakteriatzen duena, ezbortxazko presio sozialaren helburu sozial eta politikoak erdiesteko efikazia da hain zuzen; helburu sozial eta politikoak erdiesteko alegia. Askotan ematen baitu, Gandhi aipatuzale batzuek ez dutela bestelako helburu sozio-politiko propiorik, presio soziala bortxaren kontra joateko antolatzea baino. Ekintzaren ezbortxazkoa bera helburu (“l’art pour l’art”); edo, okerrago, politika bortxakoi baten tresna, Bortxaren antapara bortxaren aurka. Objekzio hauek pazifismoaren diskusioan klasikoak dira. 3) Hirugarren objekzio bat, klasikoa bera ere, bakezko bideen efikaziaren baldintzak aldian aldi eta tokian tokikoak izaten direla ezinbestean, A. Sastrek aukeztu digu:

“El que un modesto proyecto, como el de Ibarretxe, de celebrar una mera consulta popular a los vascos sobre su destino, haya topado con las barreras, infranqueables al parecer, de las instituciones españolas, hasta convertir dicho proyecto en imposible y casi delictivo, forma parte de esas razones para el pesimismo, dado que la paz, efectivamente, sólo sería posible en una situación democrática, en la que la «unidad de España» no fuera un fetiche ahistórico «garantizado» por el Ejército”.

Beste zenbait argumentuk, aldiz, entzun orduko, berak hartzen dizu buelta belarrian, zeu ezer pentsatzen hasi baino ere lehen: ez ei dago helburu politikorik giza bizitza baten kostua merezi duenik. Espainiaren batasun haustezinak, aldiz, aisa merezi du nonbait hainbat giza bizitzaren prezioa eskrupulo moralik gabe asumitzea, eta “terroristei amore eman” gabe batez ere (hau grabeagoa da antza, ehundaka bizitzaren prezioa bera baino).

Argudio kondenamaniako batek, maiz ailegatuak formulazio ezberdinetan demokraziaren (h. d., Konstituzioaren) defentsan, “askatasunik ez askatasunaren etsaientzat!”, errezatzen du dialektikoki (K. Popperek “tolerantziaren paradoxa” zeritzona). Artaz behatu eta, beste froga bat gehiago, nola hemen, modernotasun guztiak gorabehera, Eliza baino elizagoak jarraitzen dugun. Hori ez baita San Agustinen heresiarako eskubidearen (“libertas erroris”) uko teologiko zaharraren aldaki politiko “demokratikoa” besterik. Dogmaren dogmatismo bette-bettea, lehenbizi metafisika platoniko txar bat ezkutatzen duena (Askatasunak dizu, edo Egiak, eskubidea!), eta, bigarren, dialektikotik ezer ez daukana tranpa hauxe baino azpian: Askatasunaren etsaiak ezin du izan askatasunik. Ados. Zein da askatasunaren etsaia? Zu. Zeinek ebatzi du hori? Nik. Perfekto. Ez dago oroitu beharrik, San Agustinen ikuspegi horrek zabaldu zuela bidea Inkisizioa jartzeko, eta Inkisizioaren sua bera gizartearenganako karitate bezala zuritzeko (San Agustinen karitateari demokrazia edo konstituzionalismoa deritzo orain). Eskema berari jarraituz askatasunaren defentsa bezala justifikatzen dira askatasunaren egungo inkisizioak, Egin, Egunkaria, HB, ANV eta zeinnahi erakunde politiko ezkondenatzaileren kondenak. Konstituzionalismo teologikoa. (Gaian gehiago interesatuak J. Rawls, “La tolerancia de los intolerantes” atala ikus lezake).

Are, guztiz onarturik ere, nahi baduzu, bortxa deitoragarria eta kondenagarria dela, osoki kondenatu baino ezin da egin besterik? Fenomeno horren zergatikoak ulertzeko ahalegintxo bat ere ez? Pentsatu ere horrelako ezertan pentsatzeko beldur izan behar al dugu? Ez ote da zilegi deus ere positiborik suposatzea bortxagintza politikoan (azken finean, gizakiaren obra da, Estatuaren zerbitzariena bezalaxe), kontzientzian denok interpelatzen gaituen zerbait dela ikasteko gutxienez? Adela Cortinaren Ética aplicada y democracia radical-en “los bienes de la violencia de respuesta” aipatzen direla, topatzen dut, askapenaren etikaz diharduela: “lo que Sobrino llama los subproductos positivos de la violencia, de entre los que destaca dos: la capacidad de la violencia para desenmascarar la mentira institucionalizada, cuando no hay otro modo de hacerlo, y su exigencia permanente de luchar contra la injusticia” (189 or.). Jakina, Ellacuría eta El Salvadorez ari gara berriz ere… Kontu ikusia da: matxinada, iraultza, bortxa, oso ondo egon daiteke, baina urruti. Ea zein ausartzen den hemen “bortxaren subproduktu positiboak” aipatzen.

Urte guztiotan bortxa eta bakearen eztabaida moralak ez du eman deus, ezin zuelako deus eman. Ezin egon izan delako agorarik. Ezin delako pentsamendu diferenterik egon. Eta ezin da, segituan politikan intziditzen duelako, eta hori da ororen gainetik saihestea bilatzen dena. Gai honetan (“terrorista” edo presoen izaera politikoa?, torturak?, nola zauritu ziren larriki atxilotuok?, zein froga eta zein oinarri juridikorekin eman dira kartzelatzeak?, agerkarien ixteak?) Barne Ministerioak arautua dator egunetik egunera zer publikatu, zer sinestu, zer pentsatu. Eta “iritzi publikoak” ongitxo daki, handik urrats bat aldaratzea arriskutsua izan litekeela. Topiko merkea da engoiti esatea Anaia Handiak uneoro dena espiatzen duela. Bakarrik, lehenago salaketa bat zen hori esatea, orain topiko ezerez-esanahitsu bat errepikatze banoa da. Gogoeta, Estatu Arrazoiak kateatua dago, eta Sevillako katedrale plazako jendetzak guztiz bere baitaratuak ditu Estatu Arrazoiaren obedientziaren abantailak. Katedrale plazako jendetza hori Auzitegiak dira, ertzaina, Guardia Zibila, kazetariak, intelektualak, eta zu eta ni hein batean, gizarte otzan-otzandu osoa.

Bortxaren bidezko ala bidegabeaz ez bakarrik ez dago diskusiorik eta gogoetarik azken urteotan, ezpada enpeinu bitxiren bat dagoela, esango litzateke, apropos ahazteko hausnarketarik egon izan dela lehenago. ETAren hastapenetan eztabaidatu da bortxazko ala bakezko hautuaz, eztabaidatu da Gandhiren esenpluaz; Kristiane Etxaluzek egunotan gogoratu digu nola antzerki bat ere euskal herrietan jokatzen zen, Ibañeta, P. Larzabalena (1968). 1979an Frantxoa Garatek-eta “Ipar Euskal Herriko bortizkeriaz zonbait gogoeta” publikatu zuten. Karlos Santamaria Pax Christi Internazionaleko idazkaria zen, erruz idatzi du bortxaz, Gandhiz, gerraz, eta zuzen ala zeharka ETAren borroka armatuaz ere (ik. www.karlossantamaria.com). J. M. Arizmendiarrietak arazoari aurre egin behar izan dio, bortxari uko eginez egin ere (ik. El hombre cooperativo, 1984), nahiz eta ez egin, Santamariak ere ez bezalaxe, konstituzionalismoak gaur inposatu gura duen sinplismoarekin. Arazoarekin enplegatu izan dira Eliza, EAJ/PNV, etab., eta Martin Ugalde, Manex Erdozaintzi, Gandiaga, Aresti, Rikardo Arregi eta orduko beste hainbaten lerroen artean anitz dago erreferentzia inplizitoa. Zer interes handi dago hori dena ez egontzat zokoratzeko?

Errealitatea ukatzeko interesa, fikzio bati ematearren errealitatearen itxura. Denok dakigu interes hori ez dela gure politikoen zelo morala, politika espezifiko baten espiritua baizik. Erradikalki ukatzen dena borroka armatuaren zilegitasun morala baino hagitzez gehiago da: “euskal arazoa“ deitzen denaren zinezkotasuna da, hots, Euskal Herriaren esanahia subjektu politiko burujabe (posible) gisa (horientzat Euskal Herria onenean ere kontzeptu kultural hutsa da, kimera bat da politikoki). Hortik abiaturik, ETAk ez dauka izaterik erakunde politikoa, ETA egoteko arrazoiak ezin izan litezke politikoak, ETAren bortxagintza ez da kriminala beste ezer, atxilotuak gizapizti soilak dira denak, eta gaiztaginak soilik. Diskurtso politiko ofizialean interesik handiena dago errotik debekatzeko bortxaren arazoak politikarekin zerikusirik duela (gero atxilotuen trataera oso politiko partikularra izango bada ere), eta dena moralaren kontura pasatzeko: bortxa ez da arazo politikoa; Espainian preso politikorik ez dago (Francoren garaian ere horixe esaten zen); demokrazia espainolean “jarduera politikorik ez da zigortzen“, baina epaileak Joseba Alvarez Forcada, Karmelo Landa, etab., HBko buruzagiak, espetxean mantentzea agintzen du, “bestela jarduera politikora itzultzeko arriskua“ omen dagoelako… Beste urrats bat, eta 1) “krimen horiek eragin dituzten ideiak ezin tolera litezke”, “hainbeste min eta negar ekarri duten ideia horiek ezin utz litezke zigorrik gabe”, ari da fierki iragartzen buruzagi politiko bat egunotan.

Nola, harritzen zara, politikoa ez den ETAk zertarako ditu ideia politikoak? “ETAren ideia” horiek, harenak bakarrik ote dira? Ideiek ez baitute jabego pribatuak eta fronterak ezagutzeko ohiturarik izaten. Berdin da: “dena ETA da” doktrinari jarraiki, ideia horiek ETAkoak dira, atxilotu egin behar dira, eta kastigatu (Egin itxiz, adibidez). 2) Hala-hala, sinboloak erdeinatzen, gaizkitzen dira: ikurrina baxterrera marginatuko da, inola ere ezingo da uhinkatu bera bakarrik; Euskal Herria izenaren balio semantikoa kuestionatuko da (despolitizatu egin behar da!), are balio hori zehazt eta ebaztea Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren esku jarri da. Euskara ez da sinboloa bakarrik, baina Euskal Herriaren sinbolo baliozkoena ere bera da. Beraz, ahal denoro iragan ruralarekin asoziatuko da, unibertsaltasunari kontrajarriko da, euskara jakitea baino garrantzizkoago dela medizina jakitea sofismatuko da; euskaltzaleek ez dutela hori politizatu behar, errepikatuko da santuzuriki behin eta berriz, politikari eta politikeroek egiten duten euskara satsuki politizatzea zilegi ager dadintzat.

Erraz uler daitekeenez, errazena espainolismoarentzat euskaltzaletasuna bortxarekin uztartzeko jukutria izaten da: ikastolak, AEK, etab., denak izan dira bata bestearen ondoren terrorismoarekin asoziatuak desprestigiatzeko. Ezagunena, eta basatiena, Egunkaria kasua da, sinbolo esanahitsua berori ere euskalgintzaren baitan. Itxieraren eta zuzendarien atxiloketaren kariaz manifestazio erraldoi bat egin zen Donostian. Diario Vasco-ko editorialistarentzat (2003-02-23) jendetza harek

“mostrando su indignación por interpretar que su [egunkariaren] clausura representa un ataque al euskera (…), refleja una disposición victimista por parte de quienes realizaron el llamamiento“.Euskalgintzaren izenean Kontseiluak egin zuen manifestaldira deia, eta euskararen inguruko munduak masiboki erantzun zuen, erakundeetako jendea barne. DV-rentzat “la presencia de tres consejeros del Gobierno Vasco y el apoyo público a la marcha de los tres partidos que conforman la coalición del Ejecutivo Ibarretxe demuestran hasta qué punto el nacionalismo gobernante prefiere adoptar una actitud gregaria respecto al exclusivismo de Kontseilua, que situarse (…) en una posición más respetuosa con el funcionamiento del Estado de derecho y la iniciatica de la Justicia“.

Ez, inola ere ez zen euskarari atake bat, Justiziaren betebeharra besterik ez zen… Honezkero zazpigarren urte luzera dihoa egunkaria itxita, langileak kaleratuak, zuzendariak torturatuak eta kalumniatuak, eta beti ere euskara Auzitegi Nazionalean terrorismoaren salaketaren pean, susmo beltza Espainiako hedabide guztietan behin eta berriro haizepuztua. PP pozkariotan, ezin zen besterik itxaron. Baina Euskadiko PSOE guztiak ere, bi boz bakartxoren salbuespentxoa salbu Euskal Herri osoan, ez bide du injustizia ebidente horretan Justiziaren lana baino ikusten. (PP eta PSOEren ikamiketan munduko naturalena dute Justiziaren manipulazioaren erantzukia euren artean; euskal kontuetan holakorik edo Guardia Zibilaren arbitrariorik aipatzea ETAren kontsignak jarraitzea da). Abertzaletasunarena ezezik, euskaltasunaren sinbolo orok –azken batean: maitatzen ez den identitate horrek, kuestionatu egiten zaituenak- gogait eta higuin eragiten die bi Alderdi nazional espainol nagusiei (gerra zibileko esanahi frankistan “nazionalak“, eznazionalistak). Begiratzekoa, halaber, DV-ko editorial ahaztezina 2003-03-01ean, orbangabeko iruzkinekin euskaltzaleon euskararen politizazioaz eta, besteak beste, Martxeloren adierazpenei buruz bere torturaz. 3) Ez da hor amaitzen ukatu nahi den dena. “ETAren helburu bera du mugimendu abertzale guztiak, EAJ-PNV barne”. ETAk helburu politiko bat du, hortaz, eta ez da politikoa? Berdin da, berriro: zoro batzuen independentzi eldarnioak sufrimendu eta negar gehiegi ekarri du herri honetara, ez da logika eskatzeko ordua. Hala ere, insistitzen duzu: askatasuna ez al zen helburu zilegizkoa? Ez al zeuden libre ideia guztiak? Teorian bai, baina ideia eta xede politiko batzuk krimenen errudun moralak dira! Kasu, ideiak eta helburuak dira errudunak, terroristak dira (edo, San Agustin berriro: heresiak ez du askatasun eskubiderik, kiskali egin behar da!)…

Jaurlaritzako Alderdi Sozialistak eta haren aliatu antisozialistak, biak ere biak sakonki “eznazionalistak“, biek ere biek “herra afrikano“ espainol berdinarekin ukatu nahi luketen hori guztia, Lehendakariaren diskurtsoetan azken denboran termino kurioso errepikakor batean laburbiltzen da: “identitatea”.

Lehendakari Jauna ez omen da identitatea eta holako txorakeriez arduratzen. Kontxo, identitaterik gabeko hiritarra edo politikoa ote dugu bera? Ez, ez da hori ulertu behar dena. Baizik ere, bera unibertsala dela, bera ez dela “ideologías de campanario“ez axola. (Eko urrun bat sumatzen da XIX. mendeko aldarri proletarioena). Alegia, behialako “iraultzaile” gorri zein urdinen lelo zahar berbera jarraitzen da letaniatzen, modernotasun traputxo berriekin (behinola drama izan zena orain fartsa da, ironizatuko zukeen Mario Onaindiak), ildo batetik Primo de Riveraren “la unidad de destino en lo universal”era, bestetik La lucha de clases eta meatzarien “internazionalismo” primitibo samar hartara garamatzana. Aspalditxo batean, euskal nazioa iraultza liberalaren eta progresoaren izenean ostikatu zen; gero, iraultza proletario unibertsalaren izenean ignoratu edo burlatu zen; hurrena, destino espainol unibertsala eta progreso inperialaren izenean zafratu. Gerra zibil ostean (bitartean nazio txiki horrek merituren batzuk eginak zituen) progre gazteei sakonagoa iruditu zaie nazio hori ukatzen jarraitzeko euskal esentzialismoaz trufatzea — esentzialismoa zer den jakin gabe noski. Haiek esentzia arbuiatzen zuten tokian (ridikuloa egin baitzuten), orain ghost-writer progreagoren batek identitatea ukatzeraino progresatu digu. Ez du asko ematen, gure hau identitateari buruzko egungo literatura antropologiko, psiko/soziologiko, filosofikoaz (egia da, aski konplexua) informatuagoa dabilenik, atzo esentzialismoaren kritikoak esentzialismoarenaz baino. Ukatu nahi duen betikoa ukatu nahi eta, doinu berriago bateko terminologia hautatzen hasita, nekez hauta zezakeen moldegabeagoa — agian Amin Maaloufek despistatua (Les identités meurtrières, 1998), edo, hobeto esan, Maalouf gaizki irakurri batek (Maaloufek bai baitaki behar bezala bereizten identitate linguistikoak, identitate erlijiosoak –asasinoak-…, eta inoiz ez luke botako, berari identitateak bost axola zaizkiola bezalako kirtenkeriarik). Beraz, orain, ideia batzuk eta helburu batzuk ezezik, identitateak aintzat hartzea ere kondenatu egin behar da. Elizan ez dago greko eta judurik, ez dago esklabo eta librerik, espirituak besterik ez dago, denak berdinak; Espainiako Estatuan ez dago euskaldun, katalan, galegorik, hiritarrak baizik ez, denak berdinak. Hala predikatzen du teologo politikoak San Paulorekin… Bai, Eliz usain txar bat dario inkisizio kondenamaniako guztiari. Zer gertatzen da logika hori jarraitzen badugu? Ez dago espainol, frantses, ingelesik, ez dago andre-gizonak baizik, denak berdinak. Eta zergatik eta zertarako bereizten ditugu, ingeles, frantses eta espainolak, identitateak bost axola bazaizkigu? Baina azkenean bost axola diona logika da: identitateak ere kondenatu egin behar dira. Kondenatu egin behar da errealitatea… Diskurtsoak diskurtso, zein da praxia? Lehendakariaren zinaren lekuko izatera Gernikako Juntetxean Armada espainoleko buruzagiak eta Guardia Zibil armatuak deitzen dira (antza, almiral ingelesik ez zegoen gomitatua), berehalaxe ertzainaren gurutzada bat muntatzen da udaletxe eta erakunde publiko guztietan bandera espainolak ipiniarazteko, Espainiako Vuelta ziklistari Euskaditik pasatzeko erregutzen zaio, Eusko Legebiltzarrak serio-serio eztabaidatzen eta bozkatzen du futbol selekzio espainolak Autonomia Erkidegoan jokatzeko eskaera, Lehendakariak lehen aldiz Pazkoa Militarrean partehartuko du Madrilen, eta Konstituzio Espainolaren omenezko ekitaldietan, etab.; hots, Jaurlaritzaren eginbeharrik premiatsuena identitate baten eta haren sinboloen, eta sinboloon defentsa armatuaren ostentazioak dirudi (“normalizazioa“, esaten da: lotsaz bezala, aipatu nahi ez den identitate ez guztiz normal baten normalizazioa baita hain zuzen!).

[Ez dago zergatik gehiegi fidatu teorizazio hauetan, baina, teorian, ez da Estatua jendea ingeles, frantses edo espainol egiten duena, baizik berauek dira beren Estatua –Konstituzioa- egiten dutenak. Estatuak gero, edo demokraziak, ez ditu gizabanako espainol, frantses, ingelesak berdinak deklaratzen, baizik ere espainolak denak hiritar berdinak, frantsesak denak berdinak, ingelesak euren artean berdinak, eta beste guztiengandik diferenteak. Gizon-emakumea aurren-aurrenik pertsona da, gero da hiritarra. Eta pertsona izan komunitate baten baitan izaten da; hori den bezainbatean dauzka bere hizkuntza, morala, bere nortasuna. Eta nortasuna baduelako har lezake parte gizarte politikoaren eraikuntzan. Printzipioz, h. d., bere legitimitatea salbatzeko, Estatu Botereak, Zuzenbide positiboak, aurresuposatu egiten du identitatea, pertsona –“komunitate naturala“-, historian hori batzuetan aurretik emana etortzen baita, besteetan bortxa gutxi-askoz a posteriori Estatuak berak gainezarria izaten da. Logikoki hiritarren berdintasunaren presupostua da beti pertsonen identitatea, bakarra izan beharrik ez daukana bestalde –horra Suitza- “munduko hiritarraren“ abstrakzioaz ari ez bagara behintzat. Eraikuntza politikoaren oinarrienean pertsonaren ordez hiritarra jartzea, eta horretan tematsu insistitzea, izan daiteke liberalismoa –liberalismo tipo bat, eskuinik eskuinena-, baina berdin-berdin izan daiteke nazismoa: bietan pertsona eta hiritarra konfunditzen da. Inola ere ez dena sozialismoa da].

Pena da, progre eta kritiko agertzea gustatzen zitzaion ezker bat, diskurtso modu eta praxi hauetan jausia topatzea: Estatua izaten asmatu ezin eta, Eliza ustel bat bilakatua. (Arrazoi izanen ote du azkenean Josep Plak: “Lo más parecido a un español de derechas es un español de izquierdas“? Eskerrak, badaude salbuespenak, Alfonso Sastre laguna kasu).

X.- Quae cum ita sint, bada, urte asko pasa da, ura beti bere bidean, eta XXI. mendean gaudela jada, hasierako hipotesiko gure gogoetalariak birgogoetatu egin behar lituzke apika behialako gogoetak, errealitatea ignoratu nahi ez badu berak ere. Izan ere, bitartean panorama zeharo aldatu den itxura dago, berak hori analisatu eta pentsatu zuenetik. Eta kontua, errealitateak pentsamenduari obeditzea da, baina baita pentsamenduak errealitateari entzutea eta obeditzea ere.

Bizitzako momentu batean zuretzat independentzia eta sozialismoa helburu aski inportantea bada, eta zure kontzientzian ustea baduzu horretarako bortxa baliamendu egokia litzatekeela, are eta ezinbestekoa dela, gauden munduan egonda (Machiavellik, gehienetan ezikusi egin gura izaten zaion, baina baden moralista gisa, esaten du, gerra justua ezinbesteko gerra dela), handik eta halatan uler daiteke borroka armatua gazte bati jardunbide arrazoizko eta zilegizko bezala ezezik, agertzea guztiz gogopizgarri ere, pasionagarria. Erabaki sakonak hartzeko unean, berebiziko zerikusia dizu adinak, hala nola baita momentuko inguru giroak ere. Nahi ezta ere tokikoak eta garaikoak gara, moralean bereziki (erantzukizuna “erantzun”etik dator). Franco dago, nazional-katolizismoa; Espainia herrien kartzela bat dela ikusten duzu. Frantzia, herrien kartzela ez bada, hizkuntzen hilerria bai; zentralismo eta barne kolonialismoak hirotzen ditu eskualdeak. Simone Weil irakurtzen duzu, L’Enracinement. Algeriako gerrako garaia da, eman dezagun,  deskolonizazioaren aroa, herri okupatuen askapenaren Pizkundea. Henry Alleg irakurtzen duzu. Sartre, Frantz Fanon, Albert Memmi. Edo Fidel Castro bere gerrilariekin Habanan sartzeko egunak dira, mundu guztiaren entusiasmoa partekatzen duzu. Edo Vietnam. Hala Euskal Herriaren borroka armatua inperialismoa eta kapitalismoa munduan porrokatzeko gerran bataila inportantea dela pentsatzen duzu. Izan ere, inork ez dugu meditatzen ezerez hutsaren gainean. Gure erabakiak –moralak, politikoak- beti lagunarteko iritzien, irakurketen, garaiko gertakarien eta giroaren, itxaropenen, arrazoiketan adina emozioaren, nolabait geure esperientziaren gainean jaikitzen dira. Bizitza bizituaren gainean. Bestela esan, kontzientziak historia dauka, eta biografia dauka. Baldintza horietatik kanpo moral denboragabekoa bakarrik legoke (beraz, inpertsonala, heteronomoa). Erantzukizuneko morala beti erantzuna da, entzun denaren erantzuna. Lehenengo denborari entzuten jakin behar da. Baina, gero, beti ere entzuten, birrentzuten, birpentsatzen jarraitzea izango da kontua.

Gure hipotesiko analista filosofizaleak noizean behin K. Popper ere hartzen dizu eskuetan. Razionalista kritikoak, irakurtzen dizu han (Gizarte irekia eta haren etsaiak, II, 2009), oinarri razionalki absoluturik gabeko suposizioen gainean paratzen ditu hipotesiak. Azkenean, hipotesi bat erabaki baten gainean sostengatzen da (“erabaki morala”, azpimarratzen du Popperek): nahimenean. Beraz, arrazoimena baino sakonagoan. Horregatik razionalista kritikoa ez da behin hartutako erabakian azkenbetikorki tematzen, ez du behin hartutako deliberoa absolutizatzen, hura bere momentuan munduko razionalena izan bazen ere. Ez dago balioa betiko ziurtatua duen hipotesirik. Beti berriro proban ipini behar da hipotesia, ondorioen eta esperientziaren arabera errealitatean zer balio duen ikusteko, konkluditzen du Popperekin. Eta hala gure analista berriro ikusten eta entzuten hasten da.

Hasteko, borroka ez da, agian behin irudikatu ahal zitekeen askapenaren oinaztarria bezalakoa egiaztatzen ari. (Oinaztarri zahartua ez da oinaztarria). Asko pasa da bitartean, eta jadagoneko bortxa ozta-ozta da besterik, eszenategian kondenatu bai eta, gero, azoka politikoan negozio bulgare bat abilki trafikatua baino, kultura espainoleko eskola zaharberrian. Negozioa, lehenbizi Alderdientzat (badago horretarakoxe propio atondua Alderdien Lege bat), negozioa politikoentzat, eguneroko hedabideentzat eguneroko negozio ez txikia, “mehatxatuek“ mehatxu omenaren negozioa aspaldi asmatu zuten, eta azkenik biktima eta “biktimei” ere euren samina negoziotxo bat bihurtzeko asmaahalak asmatzen dira, horrek atzera politikan errenta ekar dezan. (San Frantziskok esan omen zuen bezala: batzuk martiriak izan ziren, eta besteek negozio ederra muntatu zuten martirien kontura). Biktima izatea bera negozio bihurtua: nork eta Iñaki Ezkerra Foro de Ermuako Presidente ohiak salatu du hori. Bestetik, biktimen izenean gaur-egun edozein absurdu juridiko justifikatua gelditzen da, Egunkaria auzia kasu, edo hamaika modutako mendeku, “Parot doktrina” adibidez, edo seme-alaba eta anai-arreben edo lagunen argazkiak etxeko hormatik kendu behar izatea, etab. Hori da borroka urteon buruan ikusten dugun errealitatea. Eta edonon min asko…

Bortxak, askapenaren erreminta izateko, izan egin behar du. Ba al da? Eta hala bada ere ausaz, erreminta egokiena bera ote da? Ala gehiago da egun Inkisizioaren aitzakia eta legitimazioa? Dolore askoren kausa, efektu positibo gutxirekin?

Belfast ez da Euskadi, baina batez ere Espainia ez da Ingalaterra. Etnologoek diotenez, jendarte arkaikoak itxi-itxi kohesionatuak izaten dira, apenas egoten den tokirik norbanakotzarentzat, diferentziarentzat. Biziraupenerako ezinbestekoa omen da arauei obedientzia hertsia eta kolektibitatearen usteetan sinesmen oso-osoa. Horretarako ordena sozialak, arauek, sinesteek legitimazio bat logikoki absolutua eta efikaza edukitzen dute: “hori horrela da, puntu!”, horra arrazoia (hori berori maiz erlijiosoki gotortua ager daiteke, baina horrek baiespen dogmatikoari ez dio ezer gehitzen, kiribil bat gehiago ez bada. Izan ere, nola dakit arau eta sineste hauek Jainkoagandikoak direla? “Zure komunitateak hala esaten dizu!”). Zenbait jendarte moldek –hala nola Sevillako enparantzako horrek-, egonkortasun soziala, horren beharra gizarte orok sentitzen du, inola ez du egonkorragoa sentitzen oinarri absolutuekin baino: Espainiaren batasuna diskutiezina da; aspirazio hori Konstituzioan ez da kabitzen (ezin da izan), etc., hots, hor Jainkoa dago. Estatuaren fedeko artikulu horiek norbakoitzaren ebidentziak bilakarazi dira. Aztertua dago (Z. Bauman, S. Zizek) nola gizarte moderno likidoetan zuzeneko autoritarismoa baino eragintsuago den, uniformitate arkaiko bera lortzeko alegia, askatasunaz baliatzea askatasunaren aurka, h. d., libre uztea bakoitzak eta denek edozer pentsatzea (edo nahi duzuna pentsatzen duzula pentsatzea), funtsezkoetan denek Estatuarekin pentsatzen duten artean. Halabeharrak testu hauxe ipini dit begien aurrean: “Nada hay menos natural que la libertad de conciencia. Las sociedades necesitan creencias unificadas para mantener la cohesión. La cultura moderna ha considerado que Antígona era una heroína de la libertad, porque contravino las leyes de la ciudad para obedecer a su propia conciencia. Pero en la obra de Sófocles, el coro increpa a Antígona y la acusa de ser «hacedora de sus propias leyes». La llama autonomós, autónoma, con aire de insulto [821]. Le echan en cara lo mismo que nosotros valoramos como esencia de nuestra dignidad” (J. A. Marina, Dictamen sobre Dios, 2002, 87). Antigona modernitate europarraren heroisa izan bada XIX eta XX. mendeetan, gaur, berriro, ez dagoela krimen okerragorik Antigona izatea baino, esango genuke, Espainian bederen. “Tribua desegitera” omen dihoala eta (zibiltasunaren irakaskuntza, abortoa, Kataluniako Estatutua: edozertxorekin“España se rompe”), elkarrengana arrimatuak bizi dira ardi ikaratuak, batasun nazional salbatzailearen “histeria erromantikoan” segurtasuna bilatuz (H. Popper: “tribalismoaren batasun galduaren bila”). Hori bai, tribalismoa beti besteei jaukiz (erromantizismoa ere bai). Bortxa dela-eta bereziki, gizarte espainol demokratikoaren primitibismo geroz eta itxiagoa prest dago, hala, prentsan-eta, intelektual mandarin eta tertulianoen errotarriak irensteko, edozein Estatu krimen isil-isilik pasatzeko, desagerpenak, torturak, Guardia Zibilaren edo Barne Ministroaren esplikaziorik arloteenak, Justiziaren komedia barrabasenak, presoen sakabanaketa, senideen tratu txarrak eta irainak, bizitza pribatuaren kontrol inkontrolatuenak (telefono, internet), zernahi alegia, baldin ”etsaiaren” aurka omen bada. Honetan guztian konstituzionalismoa transbersala da: ez dago eskuin eta ezkerrik, ahobatez bozkatzen du Legebiltzarrean atxilotuen inkomunikazio eta infernuaren alde. Eta, “por Dios, por la Patria y el Rey”, hemen ez da ezer gertatzen.

Nazismoan ere ahobata zen legea, eta isilik egotea zein zaila zen eta zein garesti pagatzen bide zen, hura bizi eta pairatu izan zutenei maiz entzun izan diet. Modu guztietako presio soziala eta politikoa itzela zen, erdeinutik mehatxuraino, eta ez zen erraza gertatzen Alderdiaren martxa eta bilkuretan ez parte hartzea, lantokian diosal nazistak ez egitea, leihoetan banderak eta lauburuak ez esekitzea, haurrak eskolara uniformean ez joatea edo gazteak haien kanpaldietara ez bidaltzea, labur, masa mugimendu erraldoiaren albora gelditzea. Kontra deus egin gabe ere, masa ulukariarekin batera ez entusiasmatzeak, atxekitasun eta berotasunik aski ez erakusteak, susmagarri bihurtzen zintuen beste gabe. Eta susmagarria, familia guztiarekin, baztertua zegoen automatikoki aurrerabide posible orotatik. Batzuetan, gazteen astrapalak direla-eta kalean, gure politiko demokratek nazismoa aipatzen dute haiek iraindu guran. Baina nazismoa ezer izan bada, norbanakoaren kontrol osoa izan da, arima zolaraino, eta hiritar guzti-guztien pentsamenduaren eta jardunaren uniformizazioa -“Gleichschaltung”- irratien eta periodikoen bidez, eskolaren eta masa mugimenduen bidez, Estatuaren etengabeko gainezakertaren bidez bizitza pribatuan zein publikoan. Nazismoan Estatu modernoaren kontrol eta uniformizazio joerak beren perfekzio eta biluztasun lotsagabera heldu dira. Nazismoa kondenatuz, baina Estatu modernoak bere perfekzio eta biluztasunera heltzeko grinaz segitzen du beti ere (ezin da ahaztu, Estatu modernoaren sorreran Inkisizioa izan dela faktore nagusietako bat); eta politikoek, beti nazismoa kondenatuz, asko ikasi dute harengandik. Estatuak bere antz eta irudira birsortu nahi izaten digu hiritarra, hiritarraren kontzientzia: dena politika bihurtuz, dena Estatu bihurtuz (Estatuaren omnipresentzia inbaditzaile horrixe buru egitea da, besteak beste, ezkondenatzaile askok ez kondenatuz nahi duena). Nazismoak Alemania inperialeko tradizioak modernizatu zituen moduan, Espainiak ez dago dudarik Francoren ondoren bere tradizioak modernizatu dituela. Baina, hori; bere tradizioak: nirekin ez bazaude, kontra zaude; etsaia zara, etc.

Gero, etsaiak dena gaizki etsaiaren aurka dena ongi printzipioarekin, arauz-eta zeinen eskutik etorri, udaletxeetan politika alternatiboen esperimentuak oro zapuztu beharra dago, kultur proiektu berriak a priori gaiztoak dira, plan originalak beti txarrak, Abiada Handiko Trenaz eztabaidatzeko ez daukazue eskubiderik (bortxa kondenatzen ez duzuen artean)… Ez bortxa bakarrik: bide ez ofizialetik ezer egiteko posibilitateak oro daude kondenaturik, eta kondenatu behar dira. Horrela, gizartea higiezindurik dago, ez atzera ez aurrera, dena loturik eta ongi loturik, Jeneral zaharraren hilburukoak nahi zuen legetxe.

Laguna: nora joateko atera zinen, eta nora heldu zara, edo zaituzte helarazi?

Gure laguna ez da bortxaren fededun bat, eta bortxa gaitzesten ez badu, ez da bera horrela demokratagoa delakoan, gizarte demokratagoa gura lukeelako baizik. Eztabaida bat nahi lukeelako –dialogoa, ez oilar borroka- alde guztiek euren arrazoiak arrazoitzeko eta argitzeko, eta norbera bere iritzira arrazoien artean ibiliz ailegatzeko. Baina, “zer eztabaidatu? Hemen ez dago zer eztabaidaturik” aurpegiratzen dizute. (Eta egia da, atentatu baten biharamunean, ez eztabaidatzea hobe da). Okerrago dena, batzuen temarekin ezer ez eztabaidatzeko, eta libreki eztabaidatzea bera praktikan legez eragotzia, denok ere azkenean ez dakigu honezkero zer eztabaiatu beharko genukeen. Ez dugu eztabaidatu, ETAk Euskal Herriari egin dion kaltea moralki, kulturalki, sozialki, politikoki… Agian Euskal Herriak ETAri asko zor dio moralki, kulturalki, sozialki, politikoki: agoran eztabaidatu ez dugu inoiz egin. Kondizio hauetan, ETAren kondena publikoak oso onestoa ez du ematen. Gure lagunari behintzat onestoagoa begitantzen zaio abstenitzea. Eta? Ez da onestasunagatik, abstenitu eta kondenatzen ez badu. Jada ez du oso garbi gogoratzen zergatik ez zuen kondenatu nahi. Gerra oro manikeoa da eta gauzak hainbeste nahastu dira urteotan guztiotan. Errazena, orduan, txuri-txuri garbia iruditzeko, bere burua gerratik kanpo suposatzeak eman lezake: nondinahiko bortxa oro gaitzetsiz, etab. Hori, baina, gure gizartean ez da de fakto manikeismoaren lorearen lorea baizik. Hemen ja inor ez dago garbi, aspaldi. Gure lagunak badaki, ez kondenatu edo abstenitu arren manikeismoaren sarean atrapatua dagoela. Manikeo bat da bera ere — baina gutxienez berak badaki manikeoa dela, manikeismo erregearen biktima bat gehiago. Badaki, gainera, arazoa ez datzala bortxa kondenatu bai ala ezean, batzuen eta besteen manikeismo gehiago ala gutxiagoan, eta soluzioa behar duena borroka dela, ez gure kontzientziatxoak, eta borrokaren kausak. Ikusten ditu borroka kostatzen ari den sakrifizioak, alde guztietan. Larzabalen Ibañeta-z oroitzen da: “zer ari gaituk, nafar odola putzuka ixuriz? Nafarroa diagu odolez hustuko eta nafarren artean ditiagu ikaragarrizko herrak muntatuko?”

Gogoeta aski konplikatu hauek guztiek konklusioa franko sinplea dute: edo bortxazko bidez edo bakezko bidez saia gaitezke, biek dute beren prezioa.

Historian ezer ez dago debalde. Prezioaren galdera, hortaz, ez dago baztertzerik: morala da eta politikoa da; ez moralak eta ez politikak saihets lezakete. Eta nekeza da erabakitzen (etorkizuna ez baitu inork ezagutzen, esango zukeen Kantek). Gure protagonistak ez daki ja nora begiratu. Hasiera hartan helburua ez zen garaipena, askatasuna zen. Zalantza guztien osinean ere, baina, pentsatzen hasten da orain, egungo katramila sozial, politiko, ekonomiko, kultural guztiotatik ateratzeko, bortxaz baino hobe, agian irtenbidea bakean bilatzen entseatu beharko litzatekeela. Beharbada efikazagoa ez da (“garai txarrak dira utopiarentzat“), baina, gutxienez, jomugarekin seguruenik hobeto doitzen da. Izan ere, helbideek askotan helburuak ere halakatuz amaitzen dute — bortxak batez ere, ikus iraultzen historia. Bortxa gaitzetsi ez du egiten (zein zentzu izan behar/ahal luke horrek: erlijiosoa?, morala?, politikoa?, hiruren nahas opila?, oportunista zinikoa?, azkenean apaldu eta burua makurtzearena?…). Ongiegi daki, praktikan bortxaren kondena efikaz eta sinesgarri bakarra, tranpa eta ekibokorik gabekoa, elkarrizketa dela. Hor dago korapilo gordiarra: elkarrizketak askatasuna suposatzen du, baina alde guztietatik askatasuna. “Konstituzioaren“ aldetik ere bai.

Bitartean, elkarrizketarik gabe ezin esango da elkarbizitza politikoaren oinarria guztion gizarte ituna denik: paperak paper, oinarri hori garailearen inposizioa izango da beti ere, edo berriz ere. Bortxa, askatasunaren bitartekoa izatetik helburu izatera etorria egongo da: gizon-emakumeon bizitza katez kateatzen duen burdinezko gizarte egitura.

2009-11-17

Artikulu biak osorik PDFn HEMEN.

Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, Gipuzkoa, 1941eko martxoaren 19a) euskal idazlea, filosofoa, saiakera egilea eta poeta da. Etikaren, politikaren, hizkuntzaren filosofiaren, teknikaren, euskal literaturaren, eta orokorrean filosofiaren gaineko liburu eta artikulu asko plazaratu ditu. Jakin irakurgaietako zuzendaria izan zen, eta 2010 urtera arte bere zuzendaritzapean 40 liburu atera zituen argitaletxeak. Hala nola, Klasikoak editorialaren filosofiako euskarazko itzulpenetan lagundu izan du. Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetako bat izan zen, halaber; eta EHUko irakaslea da. 2010ean euskaltzain ohorezko izendatu zuten.
Email this author | All posts by

3 Responses »

  1. PDFan ez da egilearen izena aipatzen (gainetik ikusi dut, dena den).

  2. Arrazoi duzu Igor. Ahal dudanean aldatu eta izena erantsiko diot.

    Milesker ohartarazteagatik.

  3. Kaixo guztioi (irakurle eta ekile humilenei). Azurmendiri buruz irakurtzen egon nahiz eta hona hemen non aurkitu naizen.
    Ea; PDFan izena egon edo ez egon, horrek ez du hemen axolarik. Irakur daiteke eta kitto! Nik zera nahiko nuke: eztabaida! guda! Kontraesana! eztabaida berriz! Kritika-jario iraunkor eta humila. Hori baita nahi dena, ezta? Oso ohikoa baita ideologia baten barnean aurkitzen garenean (ba al dago ideologia berdin eta berbera baten barne bi pertsona desberdin egoterik?) ideologi-adiskideen pentsaera ez mintzen saiatzea, adiskideak izana soilagatik. Goazen ba gure barrenak mintzera, minetik bizi baikara gizakiok eta bertatik ikasten baitugu eskolatik baino!
    Nahiko argi geratzen da “kondenamania” hori dela kuestionatu nahi dena; Estatu-Arrazoi (espainol)aren izaera dogmatiko hori eta sasidemokraten aktibitate bera kuestionatuz eta pentsatuz bere errotaraino desmuntatzea dela nahi dena. Ondorioa elkarrizketa parekatu bat, ahalik eta neutroena, lortzea dela ere argi geratzen da (baldin badago elkarrizketa neutrorik). Baina, helburua euskal abertzaletasun politikoaren oinarriak intelektualki finkotzea eta hura sendotzea ere badela ematen du (ulertzen ez dutenek, haratago joanez, ez-kondenatzearen ideia ETAren aldeko argumentua sendotzeko joera hutsa dela ere esaten dute. Entzuna dut, izan ere, hori “proetarra” izatea dela).
    Esan iezadazue gaizki banabilenentz mesedez, zeren funtsezkoa da agertzen zaizkigun abertzeleen joera mekaniko eta automatiko ugari ere kuestionatzea. Asko txartotzen bainau abertzaletasunak sortu ohi duen mekanismo, rol eta pertsona/automata ugari batzuk (pankarta berberak behin eta berriz egiten baitituzte ikaragarrizko indar eta energia batekin nik pankarta bakar bat egiteko bi ordu behar ditudanean gutxienez). -Ismo bat baita, metafisika Heideggeren zentzuan (Humanismoari buruzko gutunean), abertzaletasuna, eta behar dena ez da metafisika, izatearen pentsatze sakonago bat baizik. Baina zer da hau, gurera ekarriz?
    Ba oso erraz: gure aldez aurretiko postura, abiapuntua alegia, da finkatu baino pentsatu beharra dagoena; gure, ez subjetibitatea edo politikotasuna, baizik eta abiapuntu ontologikoa eta prepolitikoa; jatorri ekonomikoa nahi bada, moralitatea eta sozialtasuna (ez dakit nola deitu). Hori da pentsatu beharra dagoena nire uztez. Hori da gure jarrera erabakitzaile (ezkertiar edo eskuindar) politikoaren aurretik doan pentsamenduaren garrantzia erabakigarriena, eta ez ohiu soila. Isiltasun apur bat da behar duguna eta gure arteko estabaida. Ez dut esan nahi Azurmendiren gogoetak baliorik ez duela; oso gaizki ulertuko zenidateke (edo zenidakete?) honela ulertzen badidazue. Asko ikasi nuen Azurmendirekin eskoletan, eta asko preziatzen dut bere esana. (“Baina”rik gabe) Estatuaren ideologiarekin eztabaidarako pausua eman nahi da, baina zein da gure, hau da, euskaldunon arteko eztabaida? Zertan oinarritzen da demokrazia abertzaleen ustez? Zer da nahi dena eta nondik eta zertarako?
    Nire jarrera hau oso markatua eta gogorregia dela esan dit berrikusle gisa jokatu duen lagun min batek. Hemen ez-kondenatzearen atzean zer dagoen hobeto galdetzeko helburua dago. Ez nago abertsaletasunaren kontra abertzale izate hutsagatik eta ezta –ismo bat gehiago izate soilagatik. Nahi dudana, garbi geratu ez bada, atzeko zirriborroan (entre bastidores) zer dagoen ikustea eta pentsatzea da, ofizial egiten diren proposamen politiko eta elektoralek ez baididate askorik esaten (Estatu eta AHT ”sozial” bat eraikitzeko proposamenak gaixotu egiten baitnaute). Ez dut nire postura gehiegi pentsatu nahi. Inkoszienteki isazten nabil eta nire erroreak zuek adierazterakoan ulertuko ditudala badakit.
    Abertsaletasunaren atzean asko balio duen jende ugari ezagutzen dut, eta ideología abertzalea baliogabe gisa zokoratzea ez da nire intentzioa. Uler iezadazue mesedez. Berriz: esan mesedez gaizki banabilen zerbaiten. Nire hitz hauek nere barren-barrenetik jaurtikitzen dizkizuet (kritika onenak jaurtikitzen direnak baitira) baina, ulertu mesedez, ez dela malizia, ahalik eta fede hoberenarekin baitnabil. Espero dut, horregatik, zuen intentzio hoberenarekin ere, honi positibotasunez aurre egingo diozuela, nobleki, zuei ontasunez baitnoakizue, nere ontasunik bero eta, uste dut, gertukoenarekin. Nahiz eta ez izan guda lagunminena oso gertuko baitzaituztet.
    Norbaitek erantzunik gogor nahiz beroenarekin erantzungo didalakoan nago eta hala espero dut.

    Besarkada bat, humildade eta zintzotasunez, Julen.

Leave a Reply