Bortxaren kondenamaniaz edo kontzientzien kontrolaz. (I) [Eva Foresten oroiz. Alfonso Sastreren omenez.]

By • Oct 19th, 2010 • Category: Atal Berezia, Azterketak eta Azalpenak

2010eko TopASKEtak jardunaldietan emandako hitzaldien programazioa. HEMEN.

Nire tesia oso sinplea da: bortxaren kondena esijitzea ez da demokratikoa, eta hori esijitzen ari direnak ez dira demokratak, mentalitate inkisitorial fanatizatuak baizik. (Dela amorru politikoagatik, galdatzailearen olde fundamentalistagatik, edo jarrera erlijioso-moral legitimo baten zabalkunde faltsuagatik esijentzia publikotara). Goazen gaira zuzenean.

ETA kondenatzen ez baduzu, automatikoki inmorala zara; eta, gainera, hiritar gisa ere zure eskubideak moztuak izan behar dute, ezin zara izan hiritar osoa. Zergatik?

Hauxe da, laburki, sinopsia, premisa moduan funtzionatzen ari dena Euskadin bortxaren arazoa aipatzen bada: Euskadiren independentzia eta sozialismoarenganako, aurka egotea 1) moralki zilegi al den, ez da eztabaidatu ere egiten. 2) politikoki zilegizkoa eta demokratikoa dela, ez dago duda izpirik. 3) Juridikoki zilegizkoa, are beharbada obligazio bat da, Konstituzioaren arabera, Armadarentzat behinipein. Labur: euskal independentziaren kontrakotasuna, bortxa erabiliz bada ere (Konstit., 8. art.), morala da, demokratikoa da eta konstituzionala da. Alderantziz, Euskal independentzia eta sozialismoaren alde egotea, batez ere bortxaz baldin bada, baina ez orduan bakarrik, ez da razionala (XIX. mendeko erromantizismoa), ez da morala (herrien arteko solidaritatearen aurka dihoa, etab., edo eskluientea da, etc.), antidemokratikoa da (nazionalismoa eta demokrazia elkartezinak omen dira), eta antikonstituzionala ere bai apika, azken helburuetan behintzat.

Seguru asko gutako inor ez da kredo “demokratiko” horrekin ados, baina orain horrek ez dio inporta, hori hedabide guztietan dotrina ofiziala bezalatsu dela gogoratzeko ez bada. Gure gaia bortxaren egungo kondenamania izango da. Ez bortxaren zilegitasuna bai ala ez, ezta bortxaren kondenaren zilegitasuna ere. Eta hemengo saio hau nota batzuk baino ez da izango, funtsean denok dakigunaren errepikapena, hamar ataltxotan, bortxaren kondenaren esijentziak zer ezkutatzen duen, eta zer erakusten duen: gure kultura inkisitoriala.

Hasteko, bortxaren kondenaren zilegitasuna, berriro esateko, inolako problemarik ez da inorentzat (ez moral, politiko…). Horregatik, “ebidentzia” faltsu batzuei aurre egiteko eta arazoa bere baitan pentsatzeko, suposa dezagun alderantzizkoa:

I.- Hipotesi batean, posibleetan posible bezala irudikatu nahi dugu, norbaitek hotz-hotzean eta razionalki Euskadiko historia eta egoera analisatu eta, konklusioa erdiesten duela, egungo katramila sozial, politiko, ekonomiko, kultural guztiotatik bakean ateratzeko, hoberena haren independentzia litzatekeela — eta, beharbada, Espainiarentzat ere Euskadiren independentzia litzatekeela hoberena. Gure hipotesiko analistak errigortsu razionalki baitihardu, analista honen kasuan gutxienez arrazoirik ez dago, berak konklusioan eskuratu duen helburua –independentzia eta sozialismoa- ezrazional edo inmoraltzat jotzeko. Bere arrazoiketaren konklusioa horixe da, eta agian ongi arrazoitu ez badu ere, berdin da gure hipotesiarentzat: analista horren kontzientzian Euskadiren independentzia eta sozialismoa helburu moralki zilegizkoa da. Helburu hori ez demokratikoa ere ezin kontsidera liteke, alde guztientzat hoberena bezala agertu baita hipotesian. Azkenik, bada, helburu hori, razionalitate mailan moralki bidezkoa, razionalitate mailan helburu demokratiko eztabaigabea orobat, legezkoa ere ba ote da? Hemen arrazoiketak koska bat jotzen du: legezkoa, non? Groenlandian, Eskozian?…

Esan beti esaten baita, Espainian ideia guztiak libre direla, independentistak ere bai (eta sinesten ez baduzue ere, orain ez dio axola), gure analista hori piska bat gehiago estutuko dugu. Analisatzen du legeria, Estatuak behin eta berriro egiten duen horren erabilera (Auzitegiak, errepresio indarrak), komunikabideen jarrera, Alderdien eta bozkalego espainolaren jokaerak, gehiengo eta gutxiengoen jokoa manaiatzeko trikimailuak, etab., eta konklusiora iristen da, ez dela egia demokrazia espainolean ideia denak eta helburu denak demokratikoki defendatu eta aurrera atera litezkeela. Eta Euskal Herriarentzat biziraupenik ez dagoela independentziarik gabe, eta independentziarik ez dagoela bortxaz ez bada. (Kontuz: oraindik ez digu esan bortxarekin baietz!). Teorian, bada, helburu demokratiko eta moralki printzipioz zilegi, are desiragarri baterako, ezinbesteko bitarteko bezala ageri da bortxa. Helburua zilegizkoa izan arren, zilegizkoa ote dugu bitarteko hau? Ez da hau izango gure gaia, baina uki dezagun punttu bat.

Bortxaren zilegitasunaren eztabaidak kasuistikaren eremu oso bihurrian sarrarazten gaitu, labirinto honetan ausaz gure hipotesiko gogoetalaria zerbait aztoratuko baitzaigu. Funtsezkoa da, haatik, katramila hauek denak ez ahaztea, bortxa ez kondenatzeak zentzu bakar unibokorik ez duela ulertzeko, ez morala eta ez politikoa, eta ez moralki unibokoa batez ere (bortxaren kondena ere moralki unibokoa ez den bezalaxe: batzuetan ebanjelikoa da, eta batzuetan neofalangista soila, “konstituzionalista” esaten da orain).

Oniriztea bortxari edozein kasutan ere abentura moral arriskutsua izan behar du (a priori etika humanista edo kristau antzeko bat suposatzen badugu bederen), baina ez dela ezinezkoa, eta razionalki soil dirudien bezain zaila ere de fakto ez dela, eguneroko errealitateak erakusten digu, alderdirik diferenteenetan erakutsi ere. Bortxakeriaren bariante asko dago gure kulturan lasai-lasai onartua.

Zer esan bortxa gaitzesteaz? (ebanjelioak-eta, alde batera utzirik orain). Bortxaren eztabaida: a) ez da ideien eztabaida, ekintzena baizik, zehazkiago ekintza bortitzena, behar izan ezkero hilketarena. b) Eta ez da hainbeste ekintza bortitzen printzipioen eztabaida bat ere, ekintza molde baten hemen eta oraingo egokitasunarena baino. H. d., zaila da, ezin-ezinezkoa ez esatearren, bortxa eta bortxa oro printzipioz gaitzestea, oraintxe arte bortxa eta gerra zilegizkoz kargaturiko mendebalean (erlijiozkoak, askapen edo independentziakoak, dinastikoak, nazionalak, mundialak, Gurutzadak, konkistak eta Birkonkistak, Iraultzak…). Hori ikusteko aski da Estatuaren eta Zuzenbidearen existentzia bera. Edozein Estatu gure artean mila bortxakeriaren ekarpena da eta bortxaren monopolioa, berak bere burua hala deklaratua. Egon dagoen edozein Estaturen existentzia onartzen ari den norbaitek Estatuaren aurka bortxa oro gaitzestea, edo kontraesana da, edo Estatuaren sakralizazioa, edo “zuhurtasuna”, edo gezurra da besterik gabe.

Honekin arazoaren muinean geundeke. Bortxa oro printzipioz kondenatzerik ez egoteak ez du esan gura, bortxa konkretu bat kondenatzerik ez dagoela. Baina bere argudiaketa konkretua eskatuko du horrek, printzipio orokor batetik deribazio soila ez dena. Berdin, bortxa konkreturen bati oniritzi gura dionak, orain eta hemengo arrazoi konkretuak ailegatu beharko ditu, ez printzipio edo teoria arruntak soil, hala nola Kanten “gerrako sufrimenduek herriaren espiritu morala zailtzen eta gihartzen dute”, adibidez; edo, historiaren tresna herrien askapenerako bortxa da, historia unibertsalarentzako tesi bezala agian balio lezakeen esakune hegeldarra; edo aitzinamendu historikoaren filosofia marxista klase borrokarena; edo sozial-darwinismo trakets baten manerako indarkeriaren gorazarreak; edo Donoso Cortesen gogarte kultur historiko edo kultur teologikoak (“te civilizarás, es decir, te perfeccionarás por medio de la guerra”), etc. Sumarioki, bada: bortxaren eztabaidan ezin gara printzipio orokor absolutuetan errefuxiatu. Mendebaleko pentsamenduaren historian bortxaren apologiak daude eta Mendiko Sermoiak daude. Baina gure arazo konkretu honen aurrean batzuek zein besteek oinarrizko inspirazio orokor bezala baino ezin digute lagundu. Bestela esanda: ezin dugu inorengandik itxaron, edo esijitu, bortxaren onespen eta ez gaitzespen absoluturik (oinarri erlijiosoen gainean ez bada). Arazo guztia bortxaren egokitasunarena kasu jakin honetan da (egokitasuna zilegizko helburu batzuekiko), eta erabakiarena haren aurka ala haren alde.

Ez da kontu erraza. Izan ere, edo bortxaren erabilera Iraultza bezala justifikatzen da, justifikazio beharrik gabe alegia (Iraultzaren justifikazioa haren garaipena izaten da: “historiak absolbatuko gaitu!”), edo-ta moral tradizionalaren arabera jokatzen da. Baina orduan, Euskadiren independentzia lortzeko bortxa baliabide zilegizkoa delako konklusiora iristeko, ez da aski gerra justuaren kasuan, tiranizidioan, etab., galdatu ohi ziren printzipio klasiko orokorrak aintzat hartzea, ezpada bortxaren erabilerako kasu konkretu posibleen onargarritasuna edo eza ere kontenplatu behar da. Onargarria izango al da haurrak eta errugabeak hiltzea (eta zeintzuk lirateke “errudunak”)? Efikazia politiko eta ekonomikoaren ikuspegitik zalantza gabe Guardia Zibil bat Basaburuan hiltzea baino eragintsuagoa izango litzateke tren bat jendez bete-betea Madrilen lehertzea, edo Mediterranioan dozena erdi bat hotel turista guztiekin airean zapartatzea (auzi honetan bitxiki suntsiketaren efizientzia moraltasunaren baldintza da!), baina onartzekoa ote da kontzientzian? Etab. Gure analistak ongi ezagutzen du bere gizartea: nola orokorki bortxa helburu politikoekin onartu ahal duen (hots, nola onartzen duen historia, Estatu ordena, Zuzenbidea ohi deritzona; edo onartzen duen bortxaren hautua Estatu, Zuzenbide, errepresio indar espainol dominatzaileen aurka, abstraktuki), baina durduzaturik aurkitzen den edozein atentatu konkreturen aurrean. Daukagun heziketa eta sentsibilitatea daukagu, daukagun kontzientzia, diskutigarria bada ere. Eta, kasu konkretuaren aitzinean, gehien-gehiengo euskaldunari, bere sentimentuetan, bortxaren onespena zaila egiten zaio, gutxienez bere hautu pertsonal posible bezala. Bortxaren arazoan erabateko posizio seguru garbiak zailak dira gure kulturan, eta kultura horixe gara denok.

Orduan, aierutu dezagun gure analista hori esan bezalako euskaldun arrunt bat dela, edo pentsalari uzkur bat besterik ez. Bera ez da ekintzailea: ekintzak ikaratu egiten du. Ez da politikoa: politikak berari higuin ematen dio; baina nahi luke jendea politikan konprometatzea eta berak jende horri bere ideiekin lagundu. (Edo politikazalea da menturaz, eta politikan sartzen da, baina politika publiko demokratikoan bakarrik). Gorroto ditu armak, baina armek mundu honetan duten garrantziaz ez du bere burua engainatzen. Ez inor akuilatzen du armak hartzera, armekin dabilenik ez onetsi ez gaitzetsi egiten du. Berak ez du mundua bere inguruan behatu eta bere kezkak pentsatu, eta demokratikoki ahal duentxoa egin besterik egiten, eta ahal duen razionalkiena ebazpen batzuetara etorri. Bere ebazpenok, esan ahal izango ote ditu publikoan, munduko xalokiena esanda ere?

Praktikan, ideia eta arrazoiketa denak libre omen dauden Absurdistan honetan, gure pentsalaria kinka larri ezin larriagoan aurkituko da: a) bera bizi den herriko Logikan badago silogismo bat, horren konklusioa krimen bat omen dena; hots, ez inferentzia logikoki zuzena edo okerra, baizik politikoki krimena. Bortxaren zilegizkotasuna ondoria lezakeen arrazoiketa bat beti krimena da. Alderdien Lege batek eta Estatuaren epaileek hala erabaki dute. Eta, b) gure analista horrek (edo bere lagunen batek) bizitza politikoan parte txiki-txikiena baikere hartu nahi badu, alferrik saihestu nahiko du Eszila hori ahoa itxi eta isilduz, Karibdisek ahoa zabaldu eta bortxa gora-goratik jendaurrean kondenatzea esijituko baitio, eta egiten ez badu bere eskubide publikoen murrizketarekin zigortua izango da. Demokrazia honetan, berak kontzientzian pentsatzen duena esatea delitu da, baina pentsatzen duena isiltzea ere delitu da, eta pentsatzen ez duena esatea da ez delitu bakarra. Hau da guk hemen ikusteko problema.

II.- Gure analista larritua filosofizalea da, eta noizean behin Spinoza irakurri ohi dizu; esaterako Traktatu Teologiko-Politikoa, azken kapitulua: “Se hace ver que en un Estado libre es lícito a cada uno, no sólo pensar lo que quiera, sino decir aquello que piensa”. Gogora dezagun, liburu hau XVII. mendekoa dela: ikusteko, ideia batzuek zein denbora luzea behar duten Herbehere heretikoetatik Espainia santura ailegatzeko, edo oraindik ez ailegatzeko.

Arazoa ez da txantxetakoa: jokoan autoritate estatalaren oinarriak berak daude, hots, Estatuaren natura, helburua, justifikazioa. Zerk justifikatzen du Estatuak (h. d., printzipioz ni bezalakoxe gizon-emakume batzuek, orain agintean daudenak) niri goitik behera aginduak eta zigorrak ezartzea (trafiko arauak eta zigorrak, adibidez), nire dirua kentzea (zergak), etab. Zer du Estatuak zilegi eta zer ez nire gainean? Suposatzen bada, subiranoa egiaz herria dela, hots, zuek eta ni eta beste manupekoak, Gobernuaren manu edo eskumena guk delegatua diogun adina hedatzen da, ez gehiago. Baina hiritarrak Estatuari delegatu ahal diona eta delegatzen diona ez da inola ere kontzientzia. Da, doktrina burges klasikoan esateko, ordena sozialaren ardura, harreman eta jarduera publikoaren arauketa, ondasunen geriza, eta oroz gain bizitzaren eta askatasunaren babesa. Modu batera ala bestera “el fin del estado es, pues, verdaderamente la libertad”, laburbiltzen du Spinozak (XX, 12). Gure askatasuna zaintzeak justifikatzen du Estatua, eta gure askatasunaren zainketa bezala bakarrik zaintzea ordena soziala eta ondasunak. Estatuak, Estatua eta ez despotia oriental bat izateko, berak garantizatu behar du edonortxoren kontzientziaren –pentsamenduaren- askatasuna, beharbada horrek inoiz “Estatuaren kontzientziarentzat” (iritzi arruntarentzat) mehatxu bat irudi balezake ere.

Alegia, nik pentsa nezake, erregea pertsonalki aker korotatu bat dela, edo-ta monarkiaren instituzioak edozein lurralde apur bat arrazoizkotan aspaldi likidatua egon beharko lukeela. Baina hori pentsatu eta nire pentsamendua bake-bakean jendaurrean azaldu besterik ez badut egiten, h. d., erregea neure egitatez likidatzen ez dudan artean, edo inor xaxatzen ez dudan bitartean hura bere eskuz garbitzera, Estatuak ez dauka zertan nirekin gehiago sartu, erregea edo monarkia loriatzen dutenekin baino gehiago. Egintzak zigortzen dira, ez ideiak, ezta gogoak ere.

Pentsa nezake pentsa, orain entzuten diren demokraziaren ditiranboak, hemengo demokraziarik eza ostentzeko direla. Hemendik kanpora ere, benetan herriak gobernatu duen demokraziarik ez dela sekula egon orain arte. Mendebaleko demokrazia deritzon hori, zinetan mendebaleko oligarkia batzuen demokraziak baino ez direla, euren errege/erreginatxo dekoratibo eta guzti askotan. Pentsa nezake Alderdien sistema demokraziaren ukoa dela, herri demokrazia eskulotu, bezatua. Pentsa nezake Konstituzio espainola errotik antidemokratikoa dela, bere sorkuntzaren moduaz nahiz edukiaz (“demokrazia tranpa”, orain esatea gustatzen den bezala). Pentsa nezake, hortaz, demokraziarik edukitzeko, trantsizio bat ez frankismotik frankismora, baino kultur iraultza erradikal bat beharko litzatekeela.

Lainoek barruan euria bezala kapitalismoak bere barruan gerra dakarrela, pentsa nezake. Rousseauk idatzia dago, eta eskolan irakurtzea haizu dute gure ikasleek: “El primero al que, tras haber cercado un terreno, se le ocurrió decir esto es mío y encontró personas lo bastante simples para creerle, fue el verdadero fundador de la sociedad civil. ¡Cuántos crímenes, guerras, asesinatos, miserias y horrores no habría ahorrado al género humano quien, arrancando las estacas o rellenando la zanja, hubiera gritado a sus semejantes: «¡Guardaos de escuchar a este impostor!; estáis perdidos si olvidáis que los frutos son de todos y que la tierra no es de nadie!»” (Sobre el origen de la desigualdad). Beraz, Lockerentzat eskubide natural oinarrizkoa zena, Rousseaurentzat instituzio kulturalik antinaturalena da. Pentsa nezake, hortaz, jabego pribatua lapurreta hutsa dela, herribarnean liskar eta herriartean gerra gehien-gehienen kausa (jada Platonek esana dagoena, bestalde), esklaberiaren eta batabestearen ustiaketa ankerrenen iturburua, gizadia penatzen duen azoterik odolgoseena. Berdin da zeinek zer pentsatu. Ezarritako legeak errespetatzen baditugu, eta Bankurik asaltatzen ez badugu edo inoren jabego pribatuari kalterik ez egiten, Estatuarentzat Banku Nazionalaren edo Enpresarien Elkargoaren presidentea bezain manupeko ohoretsuak gara.

Eduki nezake teoria bat, emakumeak naturaz beraz gizonak baino adimen urriagokoak direla, aiurri belaskago eta tenperamentu aldaizetsuagoak, eta -Rousseau horrekin berarekin- uste izan nezake, emakumeak “obeditu behar lukeen sexua direla”. Izan, izango dira nire pentsamenduok munduko astakeriarik zantarrenak, baina ez deliturik txikiena ere.

Aspaldi ez duela, Nobel Sari eta USAko unibertsitate entzutetsuenetako profesore batek publikatu du, zuriak genetikoki buruazkarragoak omen direla beltzak baino. Iritzia ez da politikoki oso korrektoa. Hitlerek ere halaxe pentsatzen zuen. Hala ere inori ez zaio burutik pasa gizona kartzelan sartzea, edo gizaki guztien berdintasun genetikoaren aitortza publikoa esijitzea Unibertsitatean ikerketan jarraitu ahal izateko. Behiala autore ilustre askok idatzi du, arraza germaniarrak argiago eta trebeagoak direla mediterraniarrak baino, edo alderantziz. Ortega y Gasset gaur berton intelektual espainol ohoratuenetakoa da, filosofo ohoratuena ez bada. Harentzat, alabaina, Afrika eta Asiako milioika gizon-emakumeak euren arrazagatik europar zurien peoiak izatera kondenatuak daude sekula santa guztirako. Euskaldunak eta txinarrak ezein kultura eta zibilizaziorako arrazialki gauzaezak gara erremedio gabe, etab. Ortega y Gasset inon ez dago betatua, ondo saltzen da liburudenda espainoletan, batxilergoan estudiatzen da, eta akademian bertan, dakidala, oraingoz inor ez da agertu eskandalizatua. Iritzion kondena publikoa esijitu beharko ote litzaiekee editoreei eta Ortegaren ikertzaile eta iruzkileei, autore hori aipatu nahi dutenoro? Don Pio Baroja arrazista, misogino, etc., letania oso bat da. “¿Qué hacemos con Baroja?” Irakurtzea, edo harekin sinpatisatzea, debekatu?

Ideien aurka gizarteak erabil dezakeena eta behar duena ideiak dira, ez Guardia Zibilak eta epaileak.

Izan ere, hiritar subirano gisa Estatuari delegatu edo gomendatu dioguna egintza publikoen kontrola da, ez ideiena eta ez kontzientziena. Pentsatzea nahita ere ezin da delegatu: inork ezin duelako pentsatu beste baten ordez, eta neuk ere ezin dudalako deus ez pentsatu (gehienez ere, beste batek bezala pentsatuko dut). Ikusten denez, Estatuaren Eliza izateko tentazioa handia da, baina Estatua egoteko arrazoia ez da Eliza egoteko arrazoia, eta Estatua ezin da izan Eliza. Nik, hala gura badut, gomenda niezaioke hein batean nire kontzientzia eta pentsamendua Elizari (hari gomendatzen diodana “arima” baita), nahita ere ezin diot gomendatu Estatuari, Estatuaren natura bera perbertitu gabe. Estatuari ordena soziala artamendatu (ahal) diot, ez nire zoriontasuna. Berriro Spinozarengana itzuliz: “Nadie se despoja de su potestad, ni por consiguiente trasfiere a otro su derecho de tal modo que deje de ser hombre” (XVII, 2). Estatuak ezin dio inori eragotzi nahi duen edo ahal duen bezala pentsatzea, eta pentsatzen duen bezala hitzegitea, h. d., gizartean pertsona izatea. “Si, pues, nadie puede ceder su libertad de juzgar y de pensar lo que quiera y cada uno con arreglo al derecho supremo de la naturaleza es dueño de sus pensamientos, nunca puede intentarse tal cosa por el estado sino con recelo de un desgraciado éxito” (XX, 8). Zuzenbideko Estatuak, hortaz, delegatu zaion adina bakarrik du eskuduntza legitimorik, eta delegatu zaionera soil mugatu behar du: hiritarren jokaera publikoa, obrak, egintzak, begiratzera. “Cada uno, pues, cede su derecho de obrar con arreglo a la voluntad propia, pero no el de juzgar y razonar; por esto ninguno, salvo el derecho de los poderes soberanos, puede obrar contra sus decretos, pero cada uno puede sentir y pensar, y por consiguiente también decir sencillamente lo que diga o lo que enseñe por la sola razón…” (XX, 14). “En el gobierno democrático (…) todos se obligan con su pacto a obrar según la voluntad común, pero no a juzgar y a pensar de ese modo” (XX, 38; ik., orobat, 46: ezinbestekoa da “limitar el derecho de los poderes soberanos… a los actos únicamente; por lo demás concédase a cada uno, no sólo la libertad de pensar como quiera, sino también de decir cómo piensa”). “Será, pues, un gobierno violentísimo aquel en que se niegue a cada uno la libertad de decir y de enseñar lo que se piensa” (XX, 9). Kontzientziak eta pentsamendua bortxaz inbaditzen dituen Estatua bere buruaren –legitimitatearen- desegile da: “que aquellos son realmente perturbadores que en un estado libre pretenden destruir la libertad del pensamiento, que jamás puede ser disminuida” (XX, 42).

III.- Baruk Spinozarekin Holandako judu libreak aipatu ditugunez gero, gogora ditzagun garaiko Espainiako judu ez libreak, Moderniaren bi hastapen hagitz diferenteak konparatzeko Herbeheretan eta Espainian. Berriki Rosa Rossiren liburu pitxia irakurri dut Teresa de Avila. Biografía de una escritora (1997). Teresa Sanchez de Ahumada etorki judu konbertitukoa zen (Frai Luis Leongoa halaber, eta Joan Gurutzekoa, etab.), eta bai bere gurasoek eta bai berak gorriak eta beltzak ikusi behar izan zituzten horregatik. Eginahal guztiak egin arren beste kristau denak bezalakoxe hiritarrak izateko eta agertzeko, inoiz ez zen aski. “Los hebreos convertidos no sólo habían debido cambiar de religión sino también modificar su vida de todos los días, las formas de la memoria y de la esperanza. Debía cambiarse todo, desde el modo de acoger a los hijos dentro de la comunidad hasta la manera de sepultar a los muertos, desde la forma de iniciar una comida hasta los alimentos que se tomaban, todo, hasta la manera de gesticular o de tomar la cuchara. [Fue una de las acusaciones que motivaron la condena póstuma del abuelo de Luis de León]. Ellos, que eran parte de la cultura del aceite, vinculados a la tradición mediterránea de la fritura con aceites vegetales, debieron incorporarse a la cultura del lardo, aceptar freír en la odiada grasa de cerdo y comer tocino. Debieron cambiar de gestos que se repetían desde siempre, como el modo de degollar y cocinar los animales, modificar el ritmo de la semana, y mudar camisa y otras prendas el domingo y no el sábado” (or. 19).

Moriskoek ez zuten pairatu zori hobea, kasu askotan aspaldian kristauturiko familiak izanda ere: “ni la antigüedad de su conversión, ni su debilidad y dispersión demográfica, ni tampoco su plena integración en la población cristiana y su calidad de «buenos cristianos» serían suficientes para salvar a estos moriscos de la deportación” (C. Stallaert, Ni una gota de sangre impura. La España inquisitorial y la Alemania nazi cara a cara, 2006, 289).

Moriskoen egoztea prestatzen ari zenean, errege Filipe II.ak inkesta bat isilpekoa bidali zien Gotzainei informeak galdatuz haiei buruz. Moriskoak, euren artean “algarabia” mintzo baziren ere (ez “en cristiano” alegia!), aspaldian ziren kristauak eta errege kristauaren manupeko zintzoak zintzorik bada. Hala bada, “los obispos enviaron informes sobre su perfecta asimilación religiosa, su ortodoxia y su praxis cristiana e incluso de su piedad sacramental” (A. Alcalá, arg., Inquisición española y mentalidad inquisitorial, 1984, 359). Baina kanpotik egintza eta biziera publikoan hiritar kristau zintzoak agertzea zeregin guzti-guztietan, aski ote da? Barru-barruan zer ziren morisko horiek? Filipe II.ak barruak kontrolatu gura zituen, eta, kontrolatu, Elizako Gotzainek berek baino ere barnerainoago. Gotzainek erantzun zioten inkestari, “pero el rey no se mostró conforme con que ese conjunto de actitudes y prácticas definieran una personalidad cristiana y ofreció a los obispos una regla práctica y un baremo mínimo de prueba de cristiandad: «que ser notoriamente buenos christianos se pruebe por actos positivos contra la secta de los moros [kondena publikoak, etab., esijitzen dira, hortaz!], y que hayan usado de vino y tocino [etxe barruan eta biziera pribatuan ere “kristauki” jokatu], y desviadose del algarauia y de los de su nacion [alegia: ez euskara zaindu eta landu edo holakorik egin, ez euskaltzale, abertzale eta euskararen nazioko jendearekin asko harremanik izan], pues no vasta lo que prueban de que frequentan los sacramentos porquesto puede ser lo agan por su conservacion” (Ib.). Morisko eta judu anitz, beldurraren beldurrez, etxe barruko biziera pribatueneraino kristautua zen ordurako. Murtziako informeak esaterako zioenez, hango moriskoak denak “como si dixessemos christianos viejos” ziren. Izan ere, “començo la conversion de esta gente (…) por el año de 1252, de suerte que en el presente de 1612 habra 357 años que se començaron a convertir”. Anartean gizarte nagusiari osoki asimilatuak zeuden, hortaz, kulturalki eta erlijiosoki, “y son muy raros los testigos que no diçen de todos los siguientes que ninguno ha vestido a lo morisco, que generalmente beben vino, que comen toçino”, eta “en todos los actos positibos de christiandad se han como christianos viejos sin diferençiarse de los demás en lo exterior”. Azkenean, ez urdaia jateak, ez ardoa edateak, ez kristautasunaren aldeko egintza positiboek (islamaren kontrakoak espreski ez badaude), eta ez ezerk balioko die, esan bezala, eta erbesteratuak izango dira.

Salbazio erlijiosorako aski bide da konbertsioa, baina politikorako ez. Salbazio politikorako, atzoko zure anaia eta lagunen etsai amorratuena bilakalatu behar duzu, zure konbertsioaren zintasuna erakusteko. “Por cierto, irakurtzen diogu R. Rossiri, Avila era la ciudad donde había vivido y actuado Torquemada, el inquisidor, él mismo un converso, pero que había sido un perseguidor acérrimo de los judíos convertidos”. Konbertituak dira egungo “demokrata konstituzionalista” porrokatuenak ere.

Filipe II.ak legetxe, kontzientziak dominatzea da Inkisizioak nahi duena. Eta bere dominazioaz bestela aski seguru ez badago, gorputzak penatuz bortxatu egin nahiko ditu. Arimak nahi baititu berak menderatu, gogatzez ez bada terrorez. Hiritarraren kanpoaldeko biziera diskretuena, lege guztien kunplitzaileena, agindupeko eta otzanena, ongizate sozialaren aitzinarazleena, dena alferrik izango da zakur inkisitorial bizitza pribatuenaren eta intentzio sekretuenen usnatzailearentzat.

Hiritarrak denak bata bestearen zelatari eta salatari bihurtzeko, urtero-urtero garizumako hirugarren igandean “Edictos de fe”ak irakurtzen ziren meza nagusian ebanjelioaren ondoren –“verdaderas guías de delatores”- erritu hau solemnitate handiz beztituz. “Nos los inquisidores contra la herética pravedad y apostasía en el reino… A todos los vecinos y moradores estantes y residentes en todas las ciudades, villas y lugares… mandamos dar y damos la presente para que si supiéredes, entendiéredes o huviéredes visto o oído decir… que alguna o algunas personas hayan guardado algunos sábados… vistiéndose en ellos camisas limpias o otras ropas mejoradas y de fiestas, poniendo en la mesa manteles limpios, y echando en las camas sábanas limpias… O que hayan purgado, o dessebado la carne que han de comer echándola en agua para la desangrar… O que hayan degollado reses o aves que han de comer, atravesadas, diciendo ciertas palabras catando primero el cuchillo en la uña… O si… a la noche se demandasen perdón unos a los otros, poniendo los padres a los hijos la mano sobre la cabeza… O si alguna muger guardase cuarenta días después de parida sin entrar en el templo… O si cuando está alguna persona en el artículo de la muerte le volviesen a la pared a morir, y muerto le lavasen con agua caliente, rapando la barba y debajo de los sobacos y otras partes del cuerpo, y amortajándolos con lienzo nuevo… “, etab. (A. Alcalá, arg., Judíos, sefarditas, conversos, 1995, 484-486). Nola jaio, nola hiltzen zaren, zer jan-edaten duzun mahaian, zer egiten duzun ohean, zure gorabehera fisiologiko intimoenetan zelan diharduzun, Inkisizioak den-dena ikuskatzen dizu: “decían questando la muger con su regla no abía de reçar, ni mirar al cielo…, ni dormir con sus maridos los seis dias del mestruo, al séptimo se lavan todo el cuerpo, en aguas debajo del brazo, bestiéndose camisa limpia, echavan ropa limpia en la cama muy nueva si tenían” (Ib., 488). Ez dago Anaia Handiak espiatzen ez duen intimitaterik.

Estatuak hiritarraren ibilera publikoa arautzea eta kontrolatzea berezkoa du. Baina, azken finean, Estatuak ez ditu hiritarrak nahi, mendekoak baizik. Eta hiritarrak mendeko soil bihurtzen ahalegiten du. Mendekoa osoki mendean, haren kontzientzia mendean edukiz edukitzen da, hots, Estatua bera hiritarraren kontzientzia bilakaraziz.

IV.- Hauek ez dira antzinako istorioak, historiako konstanteak baizik, Espainian batikbat. Inkisizioa-eta Erdi Aroko kontuak direla pentsarazi nahi izaten digu historia moderno liberalak. Henry Kamen hispanista handiaren ohar batek hau dio: “La cultura hispánica ha mantenido hasta el día de hoy un marcado sabor antisemita. Una encuesta reciente (2005) llevada a cabo en doce países europeos demostraba que el mayor nivel de hostilidad a los judíos se encontraba en España” (Los desheredados, 2007, 57). Kultura eskluiente bat, besteak eskluiente deklaratuz defendatzen dena. (Esan beharrik ez dago kultura hori oso euskalduna ere badela).

Joan den uda honetan, Emilio Majueloren La generación del sacrificio hunkigarrian hauxe irakurri dizut (2008, 229-230) 36ko gerra zibil tristeaz Nafarroako mendialdean: “Los familiares de los huidos que quedaron en Burgi, madres, hermanas, parientes, no lo pasaron nada bien. Fueron unas fechas para la ignominia. Algunos tuvieron que escenificar un vergonzante auto de fe para salvar sus vidas o escapar de castigos terribles de manera que para evitar la represión firmaron un documento de adhesión al nuevo régimen, con el que, tras confesar presuntos pecados y mostrarse dispuestos al arreppentimiento de sus viejos ideales, pretendieron librarse del terror que les rodeaba. Coaccionados por el terror reinante hicieron profesión pública de su actividad e ideas anteriores y, considerándolas ahora como errores, rectificaron por escrito su postura ideológica en previsión de males irremediables. El rebajamiento moral a que se les sometió rozó lo inaudito. Expresiones como éstas fueron habituales en esa especie de pliegos de descargo: «el que suscribe J. D. A. vecino de esta villa de Burgi ante la autoriad Militar de la misma respetuosamente expone que su ideología política asta ahora a sido la misma del gobierno de Madrid [errepublikarra] pero reconociendo las causas justas que ha producido el actual movimiento del ejército español y viendo que se busca con el mejoramiento y engrandecimiento de la patria, el suscribiente retracta sus ydeas y se une al movimiento nacional en lo que pueda ser util prometiendo seguir siendo fiel a estas palabras y estando dispuesto a cargar con la responsabilidad que corresponda si algun día faltara a ella»; I. E., «que habiendo correspondido al partido de izquierdas en el régimen anterior y convencido del error en que he estado desde esta fecha quiero corresponder al régimen actual reconociendo y acatando al Gobierno de Burgos»”, etab.

Uda honetan irakurri dut orobat Miguel Sanchez-Ostizen Tiempos de tormenta (2007): “[Pio Baroja] supo del fusilamiento del médico de Ituren, Pedro Gorostidi Imaz, a quien conocía personalmente, en setiembre del 36, por negarse a gritar ¡Viva España!” (167 or.). Ez da berria, hortaz, “jende on” zenbaitentzat krimen bat izatea beste batzuk isilik egotea. Zer esanik ez, bestela pentsatzea edo mintzatzea.

Beste hau lehenago irakurri genuen Lorea Agirreren Gezurra ari du-n (2004). Egunkaria itxi eta Zuzendaritza atxilotu zutenean eta haietako batzuk torturatu, horien artean Martxelo Otamendi zegoen. Torturaren berri emateko zatitxo batean hau irakurtzen duzu: “Guardia zibila: Nondik noraino da Espainia? Martxelo: Irundik Algeciraseraino, eta Finisterretik Gatako lurmuturreraino. — Behin eta berriz errepikarazten diote. Akitu arte” (70 or.). Guardia Zibil honek probetxuren bategatik ote dihardu horrela?, zerbait lortzeko helburuaz? Hurkoaren askatasuna apurtzen gozatzen duen sadikoaren gozamen huts-hutsa da. Fanatikoaren sadismoa. Badago bortxakeria bat kontzientziak txikitzea beste helbururik ez duena, berea baino bestelakorik ezin baitu ametitu: menderatu ezin duen kontzientzia zehatu egiten du. “Viva España!” ez deiadar egiteagatik afusilatu egiten duen guruztari frankistak, zer irabazten du? Enekin batera ulu egiten ez baduzu, ene etsaia zara, zu gizartetik ezabatu beharra dago. Bortxakeria hori lehenago Elizarena izan ohi zen, orain Estatuarena eta haren lagunena. Estrainoki “demokratiko” esaten den, tik inkisitorial askotxo ageri duen, Estatu batena.

Dostoievskiren Karamázov Anaiak nobelan sonatua da “Inkisitore Handia” kapitulua (II. Partea, V. Lib., 5. kap.), hor Jesus Nazaretarra, gizon-emakume gaixoekin errukiturik berriro mundura etorria, plazako jendetzaren erdian eriak sendatuz eta hilak piztuz dihoala, andre-gizon guztiek miretsi eta adoratua, Sevillako katedrale atarian Inkisitore Handiak preso atxilotarazten baitu. Zer eginen du orain, lehen Jesus hori hosanna kantaka goratzen zuen herriak? “Es tanta la fuerza del Gran Inquisidor, hasta tal punto tiene al pueblo domeñado, sometido, acostumbrado a obedecerle temblando, que la muchedumbre inmediatamente abre paso a la guardia, y los hombres armados, en medio del silencio sepulcral que de repente se ha producido, lo arrestan y se lo llevan. La muchedumbre toda, como un solo hombre, en un momento inclina sus cabezas hasta el suelo ante el viejo inquisidor, quien, sin decir palabra, bendice al pueblo y se aleja”. Botere demokratikoaren parabola bat da. Gero, kartzelako ilunean diskurtso luze batean Jesus horri, berorren izen sakratuan hain zuzen agintzen duen Inkisitoreak, zergatik atxilotu duen eta laster surtara kondenatuko duen esplikatzen dio: jende nahastaile bat besterik ez delako. Jesusek bakoitzaren erantzukizuna proklamatzen du; konfidantza eskatzen du, ez beldurra; maitatua izan gura du, ez obeditua: hots, denean kontzientzien askatasuna irakasten du. Baina, dio Inkisitoreak, “para el hombre y la sociedad humana no existe ni ha existido nunca nada más insoportable que la libertad”. Gizon-emakumeak egiaz maite dituenak, lehen-lehenik euren askatasunetik askatu behar ditu, justifikatzen da Inkisitorea (Botere demokratikoa); eta hori gizon-emakumeak euren kontzientzietatik askatuz egiten da. “Te digo que no existe para el hombre preocupación más atormentadora que la de encontrar a quien hacer ofrenda, cuanto antes, del don de libertad con que este desgraciado ser nace. Pero sólo llega a dominar la libertad de los hombres aquél que tranquiliza sus conciencias (…). Nada hay más seductor para el hombre que la libertad de su conciencia, pero nada hay tampoco más atormentador”. Iragan urteotan Inkisizioak asko lan  egin du eta jendea jada askatua dago bere kontzientziatik, erantzukizunetik. Boterearen eskuetan utzia du bere konfidantza, kontzientzia, maitasuna. Honezkero denek onirizten dute Inkisizioak ordena zuzenaren amoreagatik heretikoak kiskaltzea. Boterearen egitekoa edozein desordena erauztea da, eta horixe da herriak Boterean maite duena. Ikusi besterik ez dago Jesus bera atxilotzeko agindu eta jendeak nola otzan-otzan erreakzionatu duen: “ahora, precisamente hoy, estos hombres están más plenamente convencidos que nunca de que son libres por completo, pese a que ellos mismos nos han traído su libertad y la han depositado sumisamente a nuestros pies”. Inkisitoreak bere autoritatearen inposizioaz andre-gizonak beren askatasunetik askatzea lortu du, eta horrela “presenta como mérito suyo y de los suyos el que, por fin, ha vencido la libertad y lo han hecho para que los hombres pudieran ser felices”. Hemen baitezpadakoa Botere demokratikoaren logikari erreparatzea da: askatasuna dohakabetasunaren iturria da: matxinada, hilketa, gerra guztien kausa; Botereari obedientzia dohatsutasunaren iturria da: “Con nosotros [Inkisizioarekin] todos serán felices y no volverán a rebelarse ni a matarse unos a otros, como están haciendo hoy en todas partes gracias a la libertad que les has [Jesusek] concedido. Oh, les persuadimos de que únicamente serán felices cuando renuncien a su libertad a favor nuestro y se sometan a nosotros”. Inkisitoreak aitortzen dio Jesusi, oraindik ez duela lortu munduan gizon-emakume guzti-guztiak bere menpean biltzea. Baina menpera bilduak zoriontsuak dira guztiak. “Los hombres se han puesto muy contentos al verse conducidos otra vez como un rebaño, y al darse cuenta de que, por fin, se les ha retirado de los corazones aquel espantoso don, que tantos sufrimientos les había acarreado”. Izan ere, demokratikoki zoriontsu izateko bi baldintza dira funtsezkoak antza: ez pentsatu eta apetitu ona izan. Pentsatzea lan arriskutsuegia da edozeinen esku uzteko: zure ordez Botereak pentsatuko du. Zoriontsu izateko behar duzun ogia orobat, Botereak ziurtatuko dizu (“la obediencia se compra con pan”). “Porque, ¿quién va a dominar a las gentes, sino aquellos que dominan las conciencias de los hombres y tengan el pan en sus manos?”. Inkisitoreak esperientzia handia du jendearekin, Jesusek baino hobeki ezagutzen ditu gizon-emakumeak: badaki zoriontsuak izateko horiek mendean lotu behar direla; menderatzeko, kontzientziak joputu beharra dagoela; kontzientziak lotu-lotuak edukitzeko sokarik estuena ogia dela. Honetarako guztirako Botere demokratikoak pedagogia perfektu bat dauka, herritarrak matxinadarako edozein tentaziotatik atzeratuko dituena: “les demostraremos que son débiles, que no son más que unos lamentables niños, que la más dulce de las felicidades es la felicidad infantil. Se volverán tímidos, empezarán a mirarnos y a apretarse contra nosotros, medrosamente, como los polluelos contra la clueca. Se sorprenderán, se estremecerán de horror ante nosotros, y se sentirán orgullosos de nuestro poder y de nuestra inteligencia, de que hayamos sido capaces de someter un rebaño tan turbulento de millones de hombres”. Azkenean, Inkisizio demokratikoak ere maitatua izan gura du, eta Botere irmoa bai, baina amazko leuna izango da, ez tiranikoa. “Sí, les obligaremos a trabajar, mas para las horas libres de su labor les organizaremos la vida como un juego infantil, con canciones infantiles, cantadas a coro, y con inocentes danzas”. Eta, batez ere, gerritik gora inposatu zaien –pentsamendu, sentimentuen- kontrol guztia konpentsatzeko, gerritik behera nahi dituzten libertate guztiak ametituko zaizkie, munduko zoriontsuenak eta libreenak senti daitezen: “Oh sí, les daremos permiso para que pequen, pues son criaturas débiles e impotentes, y nos amarán como niños porque les permitiremos pecar”.

V.- Kontzientzien kontrolaren ildo historiko honetan dator eta ikusi behar da fundamentalismo kondenamaniakoa: kultura bat da, kanibalismoa ere kultura bat den modura. Bortxa kondenatzen ez duzun bitartean (alegia, ETArena, ez beste ezein bortxa), ez zara hiritarra, ez duzu eskubide publikorik, ez zara pertsona. Terrorista zara. Ez duzu politikoki antolatzerik, ez duzu torturak-eta, poliziaren gazteen jazarpenak-eta, inolako beste bortxa aipatzeko eskubiderik. Hiritar eta demokrata ohoragarritzat hartua izateko, kondena brandituz etorri behar duzu kalera. Gaitzespenaren erritual obligatua norgehiagoka baten komediaraino heldu da: irrati, telebista, egunkarietatik, Alderdien hala Gobernuaren bozeramaileetatik, ahots bakarreko koruan heiagora inkisitoriala “va crescendo, va crescendo” –G. Rossiniren La calunnia bezala-, edukiak eman ezin dion potentzia burrunbadaz ordeztuz, “un tumulto generale/ che fa l’aria rimbombar”. Agerikoa da, estratagema hori elementu txiki bat baino ez dela estrategia politiko handiago baten barruan, “domuit vascones” berri baten operazioan, norbaitek idatzi duen legez: herri basati hau, % 15 edo 20 bozik gabe utzi eta, guztiz legalki, espainolismoak gobernatua eta behinbetiko normalizatua jartzeko. Trikimailu politikoa da, izan, baina niri azpianago adierazten duen kultura (espainol) kontzientzien inbaditzailea bezala interesatzen zait hemen, hots, politikaren kamuflajea bezala pseudomoralean. Hala, joan den udan Alfonso Sastre baskoin indomitoa (alegia, konstituzionalismoak domatu gabekoa) kondenamaniaren biktima ikusi genuen histerikoki pertsegitua esfera guztietan (Berria 2009-06-24), ez bera oso bortxatia delako, ezpada “bortxa oro” kondenatu eta elkarrizketara gonbidatuz, ihes egiten saiatzen zelako Estatuak ipinitako tranpari, Iniziatiba Internazionalista/Herrien Elkartasunako lagunekin. Izan ere, edozein kondena ez da nahikoa. Kondenak Estatu-politikako estrategiaren zentzuan baliagarria izan behar dizu, bestela ez du ezertarako balio. Euskal Herriko Elizak ez dakit zenbat ehunka bider gaitzetsi omen du bortxakeria, Deustuko ikertzaile gazte batek berriki ikusarazi digunez. Baina prentsa eta politiko espainolisten aldetik bortxakeria ez gaitzetsi izatea leporatzen zaio eta leporatzen jarraituko zaio betiere. Aralarrek atentatu bat gaitzetsi zuen, eta Miguel Sanzek berehala protestatu zuen, kondena hura politikoa zela soil, berak kondena morala esijitzen zuela. Kondenamaniaren lehenengo bitxikeria horixe baita: bortxaren kondena esijitu politikoek egiten dute (bortxaren monopolioaren administratzaileak baizik ez dira berak), kondenak baina morala izan behar du, efektuak politikoak izatekotan ordea (horregatik Monsinore Setienen kondenek ez dute balio, Estatuarekin ere kritikoa delako).

Mendebaleko historiarekin eta tradizio moralekin, haatik, bortxaren kondena soil eta erabatekoak, ahobatekoenak eta bozgorenak ere, dudak ezinbestean sortzen ditu. “Emaiguzue beste Estatu bat!” ihardesteko gogoa ematen dizu: daukagun hau ez baita mila bortxakeriaren emaitza eta inposaketa baizik. Dauzkagun fronterak, daukagun ordena soziala, justizia, demokrazia, erregea, daukagun “espainol guztien” hizkuntza, etc., den-denak bortxakeriaren opariak ditugu. Baina hain zuzen kondenamaniaren lehen xedea holakorik inork ez gogoratzeko leiho denak ixtea da, ebidentziak ahantzaraztea, bortxaren gaitzespenean distinguo eta zalantza izpirik ez permititzea, gogoeta razionalen bat proposatzeko aukerarik inori ez uztea, soluzio dialogatu baten alde-edo esaterako. Labur: zuk ez pentsatu, ulu egin, zure tokian Gobernuak aski pentsatzen du. Bortxatien eta, berdin omen dena, bortxaren ez kondenatzaileen gainean ea zeinek bota astakeria handiena, hori dago bihurtua patriotismo konstituzional zein handiagoaren neurria.

Labur: gogor kondenatu beharra dago ezkondenatzaileak.

Gomuta dezagun laburki, zer izan den Alfonso Sastre barbaro letrazaleak esan duen izugarrikeria, eta politiko bisigodo txit zibilizatuek zer epaitu duten hari buruz. 2009ko ekainaren 21eko artikulu batean Gara-n hauxe idatzi du lehen lerroan: “Apenas terminado este artículo, se ha producido el último atentado –esta vez mortal- de ETA y las respuestas rituales del PSOE y el PP…” PSOEk irtenbide dialogatuari uko egin eta garaipen polizial hutsa bilatzen ote duen kezka agertu ondoren, honela bukatzen zuen: “De ser así, Dios nos coja confesados, porque nos esperarían y amenazarían tiempos de mucho dolor en lugar de paz”. Hauek dira esaldi klabeak, gero maiseo guztietan aipatuak edo aludituak topatzen direnak. Baina zer bihurtu dira hitz hauek kritikoen diskalifikazioetan? Hagitz laburtu beharra daukagu horiek. PSOEko Organizazio Idazkari Leire Pajinentzat Sastreren esanak “absolutamente rechazables” dira, eta Fiskaltzak “nota hartu eta ekin” egin behar duela, iritzi dio. “Amenazas intolerables” ikusi ditu hitz kasi ebanjeliko horietan PPeko eledun Soraia Saenz de Santamariak, eta Baskongadetako PPko buruzagi Basagoitirentzat Sastreren artikulua “lo podría haber escrito Josu Ternera o cualquier jefe de la banda terrorista ETA”: “En este momento ETA está disfrazada de dramaturgo, está disfrazada de Sastre”, eta Justiziak eskuartzeko eskatu du, hark ez dezan biktimetaz irri eta iseka egiten segi. Justiziako Ministro F. Caamañok, Gobernuak hartu beharreko neurri guztiak hartuko dituela, ziurtatu du. Botere Judizialeko Presidenteorde Fernando de Rosarentzat egon ere aski motibo dago Justiziak interbenitzeko. Confederación Española de Policíak salaketa jartzeko abiamenak iragarri ditu. Jarri ere Manos Limpiasek salaketa jarri du Fiskal Nagusiaren aurrean delitu bikoitzagatik: bat, “amenazas de un mal que constituye delito dirigido a atemorizar a los habitantes de una población”, eta bi, “colaboración con banda armada”. J. A. Pastor Bizkaiko PSEren presidente eta eledunarentzat Alfonso pertsona inmorala da, eta bere artikulua atentatua gaitzetsiz ez hastea “absolutamente inmoral desde el punto de vista democrático”. Zehazkiago, Sastre “podrá ser un gran dramaturgo, pero está absolutamente inhabilitado como demócrata, como ciudadano y como persona”. Izan ere, Sastreren adierazpenek “amparan o justifican las actuaciones de la violencia”, “y tendría que considerar muy seriamente su continuidad en la política, porque está absolutamente descalificado como demócrata, incluso como ser humano” (El Mundo 2009-06-21). “La líder de UPyD, Rosa Díez, dijo sentir «asco» por el artículo y calificó a Sastre de «garrapata» y «ser inmundo» (DV 2009-06-23).

Harrabots kontzertatu guztiaren egitekoa, batetik artaldearen kohesioa bermatzea da, bestetik beldurra eta uzkurdura eragitea jendaurrean, disidentzia posible minimoena eragozteko. Hots, bortxa deslegitimatzea gabe (horrek arrazoiak eskatuko lituzke), artaldea artaldeagotzea. Honetarako arrazoi “kontundenteenak” zemaia eta iraina izaten dira: garbi egon behar du, bortxa ez gaitzestea, edo gaitzespen erritualen balioaz dudatzea soil-soil, konpainiarik gaiztoenetan akabatzeko bideak direla, eta automatikoki susmagarri bihurtzen dutela edozein. Arrandia horiekin badakigu Alfonso ez dutela kikilduko; baina beste zenbat jende bihurtzen dute arras “moral” eta “arrazoizko”?, h. d., hiritar ikaratu, konformista, autozentsuratzaile, baezpada ere kritikoki ezer pentsatzeko gauzaeza, Miranderen “zintzo”?

Gaur-egun dena ETA den moduan, eta ez zara hiritarra ETA kondenatzen ez duzun artean, lehenago dena zen heresia, turkoa, protestantea, masoi edo judu-masoia, eta urte asko ez duela dena komunismoa zen, eta antiespainola edo antiamerikarra zinen komunismoa kondenatzen ez bazenuen. Bizi-bizirik jarraitzen du, ikus daitekeenez, kontzientziak inbaditzeko Estatuaren tradizioak. Orain hilabete Espainiako prentsak J. McCarthyren “Sorgin Ehiza”ren hastapena eta McCarthismoaren fenomenoa EEBBetan gogoratu zuen: USA guztia panikoan, artistak, zinemagileak, idazleak, denak komunistak zirelako susmopean, elkarren zelatari eta salatari, etc. Inork ez zuen gogoratu Francorekin gutxi-gorabehra berrogei urte McCarthismo antikomunista eduki genuela etxean, eta, batez ere, McCarthismo berri batean jarraitzen dugula, antiterroristan orain. Prentsa espainolak oso erraz salatzen ditu paroxismo antikomunistaren gehiegikeria antidemokratikoak EEBBetan, erregearen ukiezintasun barregarria Marokon, askatasunaren falta Kuban, giza eskubideen urraketak Txinan, torturak Abu Ghraib edo Guantanamon. Etxean ez du ikusten torturarik, giza eskubideen zanpakorik, egunkari eta erakunde debekaturik eta askatasunaren murrizketarik, errege ukiezin ridikulorik, Alderdien Lege amarruzkorik, epaile paranoiko Boterearen eskumakilarik… Kultura oso bat, Inkisitore Handiari atxikia beti.

VI.- Bi ohartxo bidenabar: kondenamania hori denok dakigu lehen-lehenik operazio politikoa dela. Hemen fenomeno kultural gisa inporta zaigu hala ere: Estatuaren eta demokrazia errealaren espilu bezala. Bigarren, ordea: ahaztu ez dugu egiten, kondenamania ez dela kontzientziak inbaditzeko, menderatzeko, menderatu ezin bada zanpatzeko, Estatuaren baliabide bakarra. Eskola, etc., Estatuaren tresnak, eta polizia, epaileak, espetxeak, ez dira helburu horretarako bakarrik, baina bai helburu horretarako ere, xede horrekintxe aplikatzen direnean batikbat. Joxemi Zumalabe Fundazioko auzipetuek (O. Altuna, M. Aznar, A. Frias, F. Olalde, S. Ormazabal, I. O’Shea, M. Zubiaga), epaiketa masibo eskandaloso batean beraiek absolbituak izan direlarik, “Estatuak nabarmen erabiltzen duela indarkeria juridikoa bere helburu politikoak lortzeko” salatu dute. “18/98 makro-sumario honetan hamar urte luzez erabili du indarkeria Estatuak: funtsik gabeko salaketak, atxiloketak, torturak, behin-behineko espetxealdiak, eskubide-urraketak, ia bi urteko ahozko ikustaldia, berriz ere atxiloketak, berriro kartzelatzeak, sakabanaketa… Estatuak modu krudelean erabili du indarkeria”. Espreski salatu dute kontzientzien hertsapen asmoa errepresio politika honetan: “Kartzelatzera iritsi gabe ere, Estatuak disidentziaren aurka egin dezake. Aski du kriminalizatzearekin, jazartzearekin, elkartzeko, antolatzeko edo, esate baterako, komunikabide propioak martxan jartzeko beldurra sorraraztearekin. Aski du, azken batean, jendea autodefentsan lan egitera behartzearekin, aldaketa sozial eta politikorako bestelako ahalegin sortzaileetatik aldenduz. Euskal jendarte desmobilizatu eta otzana nahi da: jendarte hila” (Berria 2009-05-23: “Zumalabe piezaren absoluzioak ez du konpontzen bidegabekeria”).

Eta eskola aipatu dugunez: PSOE-PSEko Eusko Jaurlaritzak doktrinamendu nazionalistaren ordez pentsamendu aske eta kritikoa agintzen digu irakaskuntzan hemendik aurrerako. Ez dakit nola egin nahiko duten, baina, hasteko, ETAren biktimak haurrei sufrimenduaren testigantza ematera eskolara eramatea bezalako esperimentuekin hastea, asturu onekoa ez da. Alderdikeria asko da. Hori aparte, itxura gehiegi du santu, martiri eta heroien ereduekin frankismoan ezagutu genuen pedagogia “erlijiosoa”ren jarraipen txarrarena (hitzaren adierarik txarrenean erlijiosoa). Eskolan haurraren doktrinamendua, ezinbestekoa ezezik, instituzioaren zuzeneko helburua da. Eta Estatu modernoan doktrinamendu hori “nazionalista” izatea eskolaren zuzeneko helburua da (bistan da euskal nazionalista izan litekeela, eta espainol edo frantses nazionalista). Are, ezkertiar batek hain zuzen, edo egiazki liberalak (baina horretarako izan egin behar da ezkertiarra edo liberala, ez izena jantzita eraman bakarrik) aspaldian ohartua eduki behar zukeen, ordenamendu estatalaren existentziak berak, ez eskolak bakarrik, bere izate hutsarekin soilik, etengabeko doktrinamendua suposatzen duela (hegoaldeko gure kasuan doktrinamendu espainolista): doktrinamendua da Guardia Zibil pare bat kalean uniformatua; doktrinamendua da beti Estatuaren bere aurkezpena bera, geografiaren determinaziotik Gorteen eraikineko arkitekturara, epaitegien eraikinak eta kaleen izenetaraino, Armada eta Armadaren paradak (aparteko egokiak bake hezkuntzarako, eta horregatik telebista eta irrati guztietatik hedatuak), Konstituzioaren eguna (Estatutuarena ere bai orain?), bandera “nazionala” eta sinbolo nazionalak oro, kirol selekzio nazionalak, festa nazionalak, elizako hala politikoak, postako zigiluak berak, erregearen hitzaldi telebistatua, edo haren edozein agerraldi lorios, Patxi Lopez Lehendakaria zezen-korrida gozatzen edo euskaraz agurtzen, etab., etab. Estatuan dena da doktrinamendua. Horregatik arautzen da sinbolo nazionalen liturgia, eta arautzen da erabiltzeko lexikoa: noiz erabili terrorista eta noiz ez (aurrerantzean Guantanamoko presoak ez direla “gudulari etsaiak” kontsideratuko, irakurtzen dut oraintxe egunkarian); ETAren atentatuak beti doilorra eta koldarra adjektiboak eramango ditu (bortxaren kondenatzaile moralon balio-kode morala militarista samarra ez ote den, gero?)…

Kontzientziak historia du, eta elite nagusi arauemaileek hori, historia guztia bezala, euren erara “administratzen eta manipulatzen” ahalegiten dute: ordena jarri beharra dago jendearen berbetan, diziplinatu beharra dago herri kaotikoa (H. D. Kittsteiner, Die Entstehung des modernen Gewissens, 1991, 15-17, 290, 293). Debekatu beharra dago Egin egunkaria, Egin irratia, Ardi Beltza, Egunkaria. Eta horien argitaratzaileak zigortu beharra dago isunez, kartzelaz, torturaz, basajende guztia eskarmentatzeko. Baztertu beharra dago Nafarroako liburutegi publikoetatik Berria eta Gara, etab.

Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, Gipuzkoa, 1941eko martxoaren 19a) euskal idazlea, filosofoa, saiakera egilea eta poeta da. Etikaren, politikaren, hizkuntzaren filosofiaren, teknikaren, euskal literaturaren, eta orokorrean filosofiaren gaineko liburu eta artikulu asko plazaratu ditu. Jakin irakurgaietako zuzendaria izan zen, eta 2010 urtera arte bere zuzendaritzapean 40 liburu atera zituen argitaletxeak. Hala nola, Klasikoak editorialaren filosofiako euskarazko itzulpenetan lagundu izan du. Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetako bat izan zen, halaber; eta EHUko irakaslea da. 2010ean euskaltzain ohorezko izendatu zuten.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. […] Bortxaren kondenamaniaz edo kontzientzien kontrolaz (I) […]

Leave a Reply