Torturari buruz behin eta berriro

By • Oct 12th, 2010 • Category: Atal Berezia, Azterketak eta Azalpenak

* Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) aurretik argitaratua.

I

Agurtzane Juanenak liburu txiki hau argitara du, Esan gabe neukana, Elkar argitaletxean. Liburuaren aurkezpenean Martxelo eta Xabierrekin ni egoteko arrazoia da Agurtzane nire ikaslea izan zela behiala filosofian. Gero, denborarekin, adiskideak gara, asko estimatzen dudan pertsona da. Eta ezagutzen dudala bere liburua. Benetan, testu hunkigarria. Itxuraz oso sinple idatzia, oso txukun, kasi apal. Sentsibilitate feminino fin bateko saioa da. Inolako kirriska politiko edo ideologikorik gabe: liburua dokumentu humano zirraragarri bat da eta pitxi literario txiki bat aldi berean.

Eduki aldetik, Agurtzane Juanenak kontatzen duena, tortura historia bat gehiago da. Baina kasu honetan bere historia pertsonala da hori: ETAko neska bat detenitua da eta torturatua. Lagunen izenak ez ematearren bere burua leihotik botatzen du. Dorpeki zauritua, poliziak ospitalera darama zainketara.

Torturen lekukotzak Euskal Herrian asko daude zoritxarrez. Baina hau ez da komisarian hamaika aldiz gertatukoaren beste informe bat gehiago. Informe bat ere apenas da. Behintzat liburuari interes handiena ematen diona, neska baten aitortza intimoa bihurtzen duena, torturatua izan denaren autoanalisi etengabea eta gogoeta da, kontadizoaren barruan tartekatuz doana testuan, denbora diferentetan. Irakurtzen duguna ez da, zer egiten dioten, baizik zer bizi duen berak: torturatzen zutenean sentitzen eta gogoetatzen zuena, bere beldurrak eta hauskortasuna, bere zalantzak; eta, ordukoa gogoratuz, orain sentitzen eta gogoetatzen duena, idazten ari denean. Torturatua bere barrutik ikusten dugu ispiluan ibiltzen. Bere kezka moralak, ahultasuna, ikaraturik poliziengan bertan bilatzen duen ulerpena eta errukia, puritanismoa bezalako tinkotasun bat, berak ere ulertzen ez duen desesperazioa eta indarra momentu batean. Torturatua izan denaren bizitza isila, gero, Nafarroako herriska batean maistra, bizitzaren bila, bizitzaren ihesi, ahaztu ezin eta esan ere ezinda. Kasi emozio gabe gogoratua dena, jada sentituko ez balu bezala. Hainbat ebakorrago sartzen zaiguna guri barruraino.

Hainbat alderdi legoke, irakurlearen arreta deitzekoa, nik bat nabarmenduko dut, nabaria delako Agurtzaneren liburuan bertan. Zergatik ez dago bera gaur hemen gurekin? [liburuaren aurkezpenean]. Ez omen daukala zer esanik, esan zaigu, baina hori ez dela egiazko arrazoia, badakigu denok. Galdera da: nola bizi da torturatua bere torturarekin?

Hasteko, torturatuarentzat tortura inoiz ez da iragana bilakatzen, presente dago beti. Bere bizitza eta bere nortasuna bilakatu da. Zergatik? Nik uste dut, batetik, torturak pertsona bezala txikitu egin zaituelako. Ikusi duzulako, ez dagoela zure esku zeu izatea. Pertsona bezala tratatua izateak egiten gaitu pertsona, baina hain zuzen beharrena litzatekeen tokian eta orduan, ez zara pertsona bat. Orain ja ez zaude eta ezin zara seguru egon, zu beti eta nonahi pertsona bat zarela. Ez zara. Toki batzuetan ez zara inor. Hori bizi egin duzu. Hori zara. Noiznahi gerta dakizuke berriro batbatean pertsona izateari uztea. Edonoren aurrean, edozein momentutan berriz ere ez zara inor izango. Eta, gero, bigarrena dago: zuk hori bizi egin duzu, baina ezin duzu esan. Nolabait ezinezkoa da hitzetan esatea. Zuk konta dezakezu, hau eta hori egin didate. Baina hori kanpoko historia da. Barruko historia beste kontu bat da, ezin da esan. Uste dut, jende askok horregatik izaten duela nahiago bere tortura ez kontatu eta barruan gorde.

Izan ere, torturaren hurrengo egunean, injustizia bat da eguzkia beti bezalaxe argitzea; ikaragarria da, jendea beti bezalaxe joatea lanera, jolasera. Barruko zure historia hori –torturatuaren zalantzak bere buruan, damuak, lotsak, justizia eskeko garraisi isila-, ezin da esan. Ez esanez, ematen du besteentzat ez dela existitzen. Besteentzat ez existituz, berak bakarrik dakien jakite irreal bat doa bilakatuz torturatuarentzat berarentzat. Badaki lagunak badauzkala, nahi luke hitzegin eta esan. Baina nirea bakarrik den hizkuntzan, nirea bakarrik den esperientzia, ezin da inorekin elkarritzegin.

Liburu honetan Agurtzanek arimaren barru-barruko zirgilo hori apurtzen du. Kontatzen digu bere torturaren historia, barrukoa, gurea ere izan dadin, erreala izateko berarentzat. Sinesgaitza, baina halaxe da. Hogeita bost urte isilik eduki eta gero utzi dizkio lehenengo aldiz paperok lagun bati. Bestek ezaguturik, dena “errealago” egin zaio berari, hala dio liburu hasieran. “Bestek jakiten badu, «egiagoa» da”, azken aldera berriro. Torturatuak berak ulertu ezin, sinestu ezin duen esperientzia da tortura.

Hau dena alderdi pertsonala da, intimoa, eta inportantea da denontzat, torturatuaren bizipen pertsonala ezagutzea. Eskerrik asko Agurtzaneri. Baina tortura ez da trafikoko infrakzio bat. Gizartearen ukazioa da. Piztien basagizartea da, legeak babestua. Horregatik beste alderdi bat nahi nuke aipatu, bukatzeko: publikoa.

Kontatu didate torturatu bati oraintsu, Legebiltzarreko komisioan bere esperientzia azaldu eta, politiko batek erantzun omen ziola: “nik sinesten dizut zuri, baina sinesten diot Guardia Zibilari ere”. Kito. Halakoari torturatuak esan ahal eta esan behar lioke: mesedez, ez zaidazu ezer sinestu! Zu ez zaude ez niri eta ez Guardia Zibilari ezer sinesteko. Zu zaude, salaketak baldin badaude, ikertzeko eta argitzeko. Ezin baduzu ikertu eta argitu, eta ezingo duzu, ikusi zergatik; eta egin, egin behar duzuna: gutxienez salatu zure ezina eta zergatik den ezinezkoa. Zure dudak zu ez zaitu eskusatzen. Nik ezin badut nire tortura frogatu, horren erantzulea ez naiz ni. Baina baditu erantzuleak, horien artean zu. Zu ez zara errugabea. Torturarik badagoen, nahi izanez gero zuk duda dezakezu, nik ezin dut dudatu. Ni, hori badagoela esateko nago; zu, hori ez egoteko zaude.

Hori duda gutxi: horrelako politikoekin, Espainian berriz ere torturarik ez da egongo, baina torturatuak bai. Agurtzane eta Martxelo bezala. Lehen frankismoan eta orain demokrazian.

II

Berriz ere atxilotuak, torturatuak: Inaki Uria (bera ere ene ikaslea lehenago, maisua orain), Joan Mari, Martxelo, Xabier…, eta hainbat eta hainbat gazte urtean zehar, neskak eta mutilak, torturatuak izan direla alfer-alferrik salatzen, inpotentziarik absolutuenean, Picassoren “Gernika”ko irudi hori bezala, ez dagoen zeru batera bi besoak luzatuz giza puskailetatik, inon entzungo ez den garrasi mutu desesperatu batekin. 2003 da. Teorian legeek aspaldi debekatua dago mundu guztian, hala Konstituzio Espainolak berak (15. art.); baina ez du ematen, gure mundu legeen paperpean txit zibilizatu itxurakoan bertan, torturatzeko praktika desagertze bidean dihoanik. Paradoxalki, praktikatzen omen den Estatuei berei sinestekotan, inon ez da existitzen lurraren gainean. Beste urrutiko Estatu batean existitzen da beti.

Torturatuarentzat, berak barruki polizialetan pairatu zuen anikilazioaren luzapena bihurtzen da erakunde publikoen torturaren uko hau, gobernari eta politikoen aldetik ezkutatu nahi izate absurdu hau berarentzat ebidentzia absolutua denarena. Dante-ren infernutik itzuli kalera, eta hemen ere bera inor ez da, bere oinaze guztiak ipuin bat dira. Bere sufrimendua existitzen ez bada, bera ere ipuin bat da, ez da existitzen. Inoiz ez da bukatzen torturatuaren tortura. Zauri sendaezina bezala zure baitan gelditu da betiko. Egun bakoitzak zauria berritzen dizu. Ezaxola sozialak, komeria politikoek. Urrunduko dira denboragaz, baina beti itzuliko dira uniforme haiek musu gabekoak, garrasi, agindu, mehatxuak, epailearen idazmahaia  -horrorearen liturgiako zeremoni maisu izotzezkoa-, korridoreak, sala, leotza, zemai absolutuaren arpegiak tokiz-toki hartu zituen mozorroak eta ahots aldagarriak egun beltz haietan, esesten jarraituko zaizkizu esnai hala ametsetan.

Hasi ere, torturaren historia ez da hasten komisarian, baizik jende multzo bat blokean ez gizartekotzat edo are gizartearen etsaitzat jotzen den unean. Ja ez dira pertsonak. Gerokoan dena zilegi izango da haiekin. “Juduak” dira, terroristak dira. Aurrena anikilazio publiko kolektiboa dago, propagandistiko eta ideologikoa. Ezker abertzaleko gazteak, euskal kulturako militanteak, denak terroristak badira edozein hedabidetan, “terroristak” berak munstro odolgose hutsak badira, bidezkoa izango da gero, epailearen begipean izango duten tratua halakoxe patariarena izatea. Osasun on publikoak aiztoz eta suz estirpatzea eskatzen duen gaizkia dira, beste ezer ez. Juduen genozidioa, amaitu egin da Auschwitz-en; abiatu, “judua” asmatu den egunean abiatu da.

Hala madarikatuaren anikilazio pertsonala, atxiloketan bertan hasiko da, aparatoso eszenifikatua gehienetan. Maizena gaueko ezorduetan, polizia edo Guardia Zibil mozorrotu armatzarrez kargatuekin, ate joka eta orroka, piztia ohilena mendian ehizatzen ez den moduan. Lehenengo larderiak ezin dituzu sinestu, esplikazioak ematen saiatzen zara, atxilotzaileekin arrazoitzen. “Ekibokazio bat izan behar du!”, esan diezu. “Ud. es el señor Torrealdai?”, oihukatu du ahots batek zakar, atea puskatu eta ja etxe barruan den Guardia Zibilen nahaspilatik. Zure erresistentzia guztia batbatean goitik behera erori da. Kolpe batetik ulertu duzu zure situazioa: nahi dutena eginen dute zurekin. Orain zauden ezleku urrun honetan inor ez zara. Hemen ez zeure oin eta eskurik duzu, ez nahimenik, ezin duzu ezer egin; ez arrazoirik, ez itxaropenik. Trapuzar bat zara. Objektu bat. Bakar-bakarrik zaude terrorearen atzaparretan. Eta  zu ja ez zara zeu.

Handik aurrera, bakoitzak kontatzen duen historia partikularrak jarraitzen du, denak berdinak funtsean, kasu bakoitzaren aldagarriekin, kasu guztietan torturatuak hautsia, inoreztua, ezereztua bukatu arte.

“Poltsarena egin zidaten, flexioak egiteko agindu zidaten, eta kolpeka eta oihuka hasi ziren, bultzaka eta mehatxuka. Jezarrita eta manta batez bilduta, poltsa batekin itotzen ninduten. Konortea galdu nuen eta aulkitik erori nintzen, hala ere torturatzen jarraitu zuten krisia izan nuen arte. Dena beltza ikusi nuen, hil egingo nintzela uste nuen. Burua joan egin zitzaidan eta konortera bihurtu nintzenean ez nuen poltsarik eta mozorroa ere kendua zidaten. Dardarka nengoen eta beraiek esan zidaten arte ez nekien pixa gainean egina nuela”.

“Biluzik jarrarazi ninduten, eta ukituak egiten hasi zitzaizkidan, lehenago egin zuten bezala. Eta haien zakilak ukiarazi zizkidaten eta haiek masturbatzera behartu ninduten… Biluzik egotea, lau hanketan egotea, garrasiak, aldi berean gertatzen ziren. Une haietan pentsatzen nuen bortxatuko nindutela, beren senetik kanpo baitzeuden”.

“Biluzteko esan zidaten eta lurrean lau hankatan ipintzeko, postura horretan noizbait egina nuen galdetu zidaten eta ea lubrikantea erabiltzen nuen. Oso beldurtuta nengoen. Zerbait sartuko zidatela esan zidaten edo agian beraietako norbaitek sartuko zidala. Ipurtzuloan likido bat eman zidaten. Nik etengabe ez zezatela hori egin. Zalantzan hasi ziren eta beraietako bat gelatik atera zen. Gelara itzuli zenean arropak janzteko esan zidan eta gelatik atera ninduen gauza goxoak esanez eta emeki helduz (momentu horretan jarrera hori asko eskertu nuen, sinestezina! Oraindik ere ez dut ulertzen, bera izan baitzen ni bortxatzen saiatu zena)”.

“Nire neskalagunaren oihuak mehatxu gisa erabili zituzten. Nire erruz sufritzen ari zela esan zidaten. Bi guardia zibil zeuden eta nire neskalagunarekin zazpi zortzi guardia zibil zeudela esan zidaten eta berarekin larrua jotzeko txandak egiten ari zirela. Odola bota zuela, bi hilabetez haurdun zegoela eta ume galdu zuela”.

“Nire semea erabili zuten etengabe ni sufriarazteko. Behin eta berriro ama txarra nintzela, ez nuela berriro semea ikusiko, haiek heziko zutela eta ikustekotan neska laguna zuenean ikusiko nuela errepikatu zidaten”.

Historia hauek lurbira guzti-guztian urtero mila bider birjazorikoak dira. Hala ere tortura –Espainian, adibidez- ez da existitzen. Inork hitz erdi batekin publikoan torturarik aipatzen badu (AI-k urtean behintxo egiten du), zaparrada bat segituan gainera erortzen zaigu irrati, telebista eta kazeta guztietatik, kazetari oso ongi informatu omenek ziurtasunik biribilenaz ziurtatzen baitigute, torturarik ez dagoela Espainian, dena gezurra dela, ETAk bere kideei emandako kontsigna bat besterik ez. Itauntzen diezu, torturak salatu dituztenei, eta beraiei ezein kazetari espainolek ez omen die sekula santa deitu, inoiz ezer kontsultatu, inolako informaziorik eskatu. Nondik dute orduan beren ziurtasun guztia?, galdetzen diozu zeure buruari. Baina badakizu aspaldian, galdera erretorikoak mila egin litezkeela gai honetan alfer-alferrik, ez du merezi galderak alferrikaltzea.

Ene bizitzako urteetan, lehenbizi frankismoan tokatu zait torturatuak ezagutzea, entzutea. Alemanian nazien kontzentrazio kanpoetan egondako juduak ezagutu izan ditut. Haurrean Dachau-n egon eta familia osoa galdu, berak baina hura gainbizitako judu baten etxean bizi izan naiz behin alditxo bat, bera eta familiagaz. Adiskide txekiar bat, beste jende askorekin, atxilotu eta torturatua izan zen, 68an sobietarrak Pragan sartu zirenean, bera komunista eta Estatuko funtzionaria izan arren, eta berak izuturik nola kontatzen zuen, oraindik sinestu ezinda, izuturik entzun diot. Lagun frantziskotar bat Fidel Castroren Kuban egun luzeetan erruki gabe torturatu dute. Orain demokrazia frantsesean, demokrazia espainolean, ertzainaren demokrazian, hainbat gazte eta ez hain gazteri entzuten diogu, nola izan den torturatua. Nire esperientzitxoa da, arlo honetan afektatuei entzutea erabakiorra dela norbere jarrerarako.

Kontatzailearen lotsortasuna, ahotseko dardara, ez dira egiaren berme logiko, ez juridikoak, baina humanoak bai kasu batzuetan. Jeneralean torturatua, beste batek bultzatu eta gero bakarrik ausartzen da bere esperientzia kontatzen, hitzetan jartzen, eta orduan haztamuka antzera sartu ohi da gaian, lagunaren solasean eusgunea bilatuz (“nik ere pasa nuen”, “ni ere eduki ninduten” – zer? non?), bere barruko bizipenaren eta hitzaren arteko hutsarte luzea nola pasa ezin asmatuz. Torturatuaren hizkera bat berezia dago, nik analisatuko ez dudana, baina mereziko lukeena, beldur eta kemen artekoa, ikaratu, gorbizi indignatu, herabe, esan nahi bizi baten eta esateko pudorearen artean kontraesanezkoa. Asko sufritu duenaren barnea, kontraesanez betetzen da. Harrigarriro, ia denak, kontatzen dutelako eskusatuz legez, ibiltzen dira lehenengo fraseetan (“nik ez nuen hainbeste pasa”). Jean Améry judu eta erresistenteak eta Auschwitz-eko gainbizituak badu informe bat bere torturarena Gestapo-aren atzaparretan, eta “lo que se me infligió en aquella inefable cámara de Breendonk no fue ni con mucho la forma más grave de suplicio” hasten da bera ere. Berehalaxe aitortzen duena, ordea, hau da: “Y sin embargo, veintidós años después de lo sucedido, sobre la base de una experiencia que no agotó todas las posibilidades del dolor físico, me atrevo a afirmar que la tortura es el acontecimiento más atroz que un ser humano puede conservar en su interior”. Tortura, Auschwitz bera baino okerragoa.

Tortura modernoa, Inkisizioarekin-edo konparatuta, teknika bat da, zientzia bat. Nahi baduzu, ez da izaten hain “ankerra”. Helburua ere gaur partetxo batean bakarrik izaten da aitortza lortzea, hori ere bilatu ohi den arren. Presoaren suntsiketa psikologiko eta morala da zuzeneko helburua. Hau bera izan daiteke gero informazioa ateratzeko bitartekoa, edo batzuetan izua eragiteko besterik gabe, mogimendu politiko bat paralisatzeko xedeaz, ala gazte erakunde bat dekapitatzeko – edonola ere militantea pizten zuen ilusioa errausteko betiko. Tortura Estatuaren eskuarte bat da, berak “etsai” deklaratu dituenen aurka administratua, eta haren helburua etsaia ezabatzea da, ez fisikoki, baina bai moralki. Horretarako, Erdi Aroko museoetan ikusten diren torturako burdintzarrak baino, efikazagoak dira baliabide psikofisiko moderno arrafinak. Tortura psikofisikoa estudiatuki egokitua dago atxilotu bakoitzaren kasuari eta kasuko xedeari, nola tratatu mutila ala neska edo adinekoa: irainak, mehatxuak, isekak, dosifikatuak kolpeak noiz eta aldi bakoitzean nolakoak. Galdeketak noiz hasi, nolakoa egin, utzi, noiz berriro deitu, biktima nola zorabiatu. Zientzia sofistikatu bat, biktima urratsez urrats puskatuz joateko. Puskatu arte. Torturatuak gehienetan tortura fisikoa kontatzen du. Nola kontatu, izan ere, tortura psikologikoa, barnekoa? Torturatzaile psikologikoaren errepertorio aberatsa gutxiago ikusten da. Ez du momentu edo ekitaldi konkretu bat, prozesuan zehar egitate ezberdinen artean ganduztatzen da, lege antiterroristagaz nahiko luzea da denbora horretarako –denbora bera tortura bat bilakatzen da-, elektrodo eta poltsatik etengabeko marru eta zemaietara, beti burumakur ibili beharrera, inoiz ez ikustea inoren arpegirik, espazioen mamuzkoa, ate hotsak, iluna eta argia, korridoreak; flexioak, lo falta, antsia, nekea, gorputzeko posizio erridikuluak galdeketa bitartean, jantziak eranztea, lauankan ibilaraztea lurrean biluzik, batez ere agresio eta umiliazio sexualak edo txantaia afektiboak.

Ondorio luzeenetakoa xoke psikologiko hori da, akidura fisikoaz gain, biktima burutik nahasten duena. Suplizioa bizitzen ari eta ezer ezin ulertu. Atxilotuak entzun izan du lehenago hamaika aldiz torturen berri; irudikatu ere inoiz egin izan du, halako kasu batean nola jokatu beharko litzatekeen. Baina errealitateak ez dauka zerikusirik, pentsatu ahal izan duen deusekin. Torturatuak, ikuskari mitologiko baten ikusliar balitz legez, esperientzia bat egin du bizitzako ohizgaindikoa, irudimenaz ere gaindikoa, posibletzat edukiko zukeen guztiaren eskemetatik erradikalki bestelakoa, “absurdua” –ez daki beste hitz bat esaten-, orain beti horrore haren mendean bizi beharko baitu, egundo ulertu ahal gabe, sinestu ere ezinda: printzipioz bera bezalakoxe gizakoxkorrengan, baina haien gainetik nolabait, ikustezin, konpreni ezinezko, botere eragabeko ihestezin bat egunetan bizitu du infernu zulo batean beldur panikoz, gaizki absolutua berbera halakoa -ez arrazoiketa, ez giza sentimentu ezagutzen du-, itsutuki oldartua bere aurka,  jainko ero destruktibo huts batek maneiatuko balitu bezala gizakoxkor polizia haiek. Badute ahots bat, mintzo dira, bere antzeko gizakiak dira. Nola da posible egiten dutena egitea? Zergatik? (“Arrazoirik batere gabe”, pentsatzen du berak). Dena nahastuta dauka buruan. Nola izan da posible? Atxiloketako lehen momentuaz gogoratzen da behin eta berriro.

Gaur, bere ziegan edo kalean, badaki hori: “hemen” alferrik da arrazoitzea; beren lana egiten dute, besterik ez; ez daude arrazoitzeko, ez esplikazio- etarako. Torturatzea beren ogibidea da, Estatuaren lanbide bat. Etxean agian aita familiako maitatiak dira. Hemen ez dira pertsonak. Eta hala ere torturatzaileekin arrazoiketa, elkarrizketa entseatzen jarraitzen zaio oraindik mekanikoki bere barnea: eman ezin izan zituen esplikazioak eman nahita aritzen da behin eta berriro bere buruarekin, objekzioei erantzuten, izuaren pean deklaratu zuena zuzentzen, ñabartzen… Ezin ulertuz jarraitzen du. Lotsatuz, autoinkulpatuz (zer egin diezun gurasoei, adiskideei; zergatik hautsi zinen). Hain zuzen, torturaren helburua zen anikilazio morala;  anikilazio moralaren kapitulu bat zen biktimaren autoinkulpazioak eta kontzientzia txarra produzitzea, aurrerantzean isil-isilik hiritar zintzoa izan dadin.

Halako batean, bere buruaz izuturik deskubritzen dizu biktimak, torturatzaileekin ele eta ele serbilitate moduko batez diharduela beti bere barnean. Deabruak hartu haiek legez behiala, bera torturak hartu bat dela. Jainkotasun pozoinezko baten moduan barneratua duela torturaren boterea. Askatasuna jan diola. Nortasuna jaten ari zaiola. Jada ez dela bera. Eta egun horretan ulertu egin du azkenean, zer den zinez, pairatu eta askoz gero ere, tortura, eta matxinatu egin da bere buruaren aurka eta jasan zuen torturaren aurka. Askatu egingo da torturatik. Birregin egingo du bere burua.

Orain erabaki duen birregintza hori ere, ordea, lehenago zegoen hasita bere baitan. Txikizioa torturaren alde bat bakarrik da. Torturan badago alde positibo bat, zaila esplikatzen. Beharbada pertsonaren misterioa da. Abarrakitu eta gero ere, nortasun hautsiaren hondar pilan berriro pizten dena. Ez dakit zergatik esaten zuen Sokrates-ek, ez dut uste horrelaxe hitzez hitz, baina ideiaren arabera behintzat, hobe dela torturatua izatea torturatzaile izatea baino. Beharbada honelako esperientziaren bategatik. Torturatu eta gero, bere leotzean bota eta utzi dutenean, atea itxita, nekeak urtzen dion gorputza baino sakonago, bere baitan indar estraino bat aurkitzen du torturatuak. Sentimentu bat, oraindik bera dela. Oinaze mendien azpian, ni txiki bat han dago oraindik, ukitugabe, isilik. Bera da berriro. Inoiz baino tinkoago. Lehen ideia batzuengatik egiten zuen borroka. Kasik harro sentitzen da orain: arrazoi zuen, bai. Tortura guztiekin, ez kendu, berretsi egin diote, ezin sendoago, borrokaren arrazoia. Orain ondo daki: zuzena zen bere borroka.

III

Momentu batzuk bakarrik gogoratuko ditugu historia triste luze honetatik.

Orain 80 urte, monarkia konstituzionalean, Eli Gallastegik salatzen zuen (1923): “Un día es en el calabozo municipal, inmundo como pocilga, donde se abofetea a un hombre que tiene sus manos amarradas a la espalda; otra noche es en el cuartelillo de Seguridad donde se pisotea y se maltrata de obra, violenta y cobardemente, a otro hombre indefenso que tiene que escuchar, mordiéndose la lengua y sangrando por los ojos, una ofensa mil veces más grave y mil veces aún más vil: «¡Me c… en tu madre!… » Y hay que callar. Cuándo, son los culatazos en el pecho, que la misma Guardia civil propina a quien se atreve a manifestar, en forma y con toda corrección, una opinión razonable. ¡Para qué sirve la razón!… Y hasta en la misma cárcel -correccional le llaman… ¡vaya manera de corregir!,- a bofetadas y vergazos, baldadas sus espaldas, caen unos hombres a tierra como los corderos en el patio del matadero, atadas sus manos y sus pies… ¿Duda alguno de esto?… ¿Será necesario sacar a la luz pública mil casos que lo atestiguan de una manera que deja en la conciencia inquietudes de ira, de venganza, y hace brotar sangre del corazón?” Mehatzarien greba batengatik 1923ko abuztuan Bizkaian egon zen komunisten errepresio barbaroaren kariaz idatzi zuen Eli Gallastegik protesta hori. Eta jada orduan esijitzen zuen, torturaren arazoa, lehen ere “cien veces planteada con timidez o sin clara orientación”, beraz aspaldian behin eta berriro eztabaidatua, behin eta betiko konpon zedila.

Orain 70 urte, Errepublikan, Jose Antonio Agirrek testigatzen zuen (1934): “Yo he visto llegar al reconocimiento médico de la cárcel de Larrinaga muchachos con sus espaldas y brazos deshechos por los golpes como si se tratara de un hospital de sangre”. Jose Antonio Agirre, geroago Lehendakaria, orduan diputatua, abertzaleen aurkako razzia polizial batean atxilotua izan zen Bizkai Buru Batzar osoa eta beste hainbat militanterekin batera, Larrinagako kartzelan izaki espetxeratuak. “Después de declarar fui incomunicado en un pequeño calabozo, donde mis ojos vieron algo que jamás podré olvidar. En la parte inferior de las paredes y en la banqueta de madera aparecían, a modo de mudos testigos, pero elocuentes, unos gruesos manchones de sangre coagulada. – ¿Quién o quiénes habían sido las víctimas y quién el verdugo?”. Bi hilabeteren buru Agirre diputatua askatua izan zen, baina jeltzaleen jazarpenak jarraitu egin zuen. “Llegó a mi despacho el joven Luis de Ugarritza. Venía materialmente deshecho. Sus espaldas eran un manchón negro donde se apreciaban con realidad que espantaba los vergazos descargados sobre su cuerpo”. Jose Antonio Agirrek torturen berri gehiago ere aipatzen du, kasu bat guztiz xeheki kontatuz. Eta orohar: “Lo sucedido en los calabozos y prevenciones durante aquellos meses de octubre y noviembre de 1934 alcanzó proporciones de tal brutalidad, que es menester contener la pluma ante muestras de tan absoluta falta de civilización”.

Orain 40 urte, frankismoan, “339 apezen gutunak” honela zioen pasarte batean (1960): “En las Comisarías de Policía de nuestro País se emplea el tormento como método de exploración y búsqueda del transgresor de una ley muchas veces intranscendente y no pocas injusta. Una malévola sospecha basta para que el policía o la guardia civil de turno pueda flagelar irresponsablemente, torturar y herir a cualquier ciudadano muchas veces inocente de la fechoría que se le atribuye. No hablamos de hechos aislados. Se trata, puesto que las autoridades conocen los hechos, y los toleran, de un sistema”.

Orain 20 urte, Trantsizioan edo, irakurtzen diogu Karlos Santamariari (1983): “En la situación actual, muchos ciudadanos estamos moralmente convencidos de que se siguen produciendo casos de torturas en los conocidos lugares de detención (…). Ahí tenemos el caso Arregui tan comentado estos días. Como es sabido, el Tribunal ha absuelto a los dos funcionarios procesados por no haberse probado que los mismos tuvieran a su cargo la vigilancia y custodia del detenido. Según propia sentencia este fue interpelado por otros 20 policías y –por otra parte- el exDirector general Francisco Laina declaró en el curso del proceso que no menos de 70 habían intervenido en los interrogatorios. «Estando todo lo relativo a los interrogatorios y custodia envuelto en nebulosa no puede declararse culpables a los funcionarios procesados de las lesiones tantas veces repetidas», dice paladinamente la sentencia. Es precisamente esa «nebulosa» -por no decir tiniebla- en que se desenvuelven las diligencias policiales lo que nos aterra, lo que nos indigna”.

Orain 10 urte, demokrazian, sozialistak zeudela agintean, prentsa errepasatuz aurkitzen dugu, Amnesty International-ek torturak salatu dituela Espainian, gazte abertzaleenak gehienbat; NBE-ko Giza Eskubideen Komisioak Espainian torturak maiz direla deitoratu du publikoki (eta Espainiako Gobernuak ukatu). Juan María Bandrés abokatuak Estrasburgoko Ganbaran ekimen bat aurkeztu du, Guardia Zibilak ETA-ko kide bat torturatu duelako salaketaz. Pila bat dago urtean zehar, torturaren salaketak tribunaletan nahiz prentsaurrekoetan, gazte hala helduenak. Auzitegi Gorenak bederatzi Guardia Zibili torturatzeagatik Entzutegi Nazionalak ezarririko zigorrak berretsi ditu. Torturatzeagatik zigorturiko beste bost Guardia Zibil indultatuak izan dira. Guardia Zibileko kapitain bat, torturengatik zigortua, komandantetara goratua, etab., etab.

Sekula ezer entzun ez balitz bezala egiten da beti. Torturak? Hemen ez dago holakorik. 100 urte horrela. Beste zenbat urte beharko dugu horrela jarraitu?

Jose Antonio Agirreren irakurlea txundituta geldituko da, torturako prozedurak zein kontserbakorrak diren nonbait gure artean: atxiloketaren modua, gaueko ordu bi ilunetan, Guardia Zibilak ate joka eta zemaika, familiaren izua, inkomunikazioa, galdeketak hasi, utzi, minutu gutxi barrengo berrasi, leotzera jaitsi eta igo etengabeak, lorik eza, txantaia afektiboak (“zuk ez dituzu haurrak maite”), salaketa faltsu berberak mila bider orroka errepikatuak, “zuk hau egin duzu!”, “zu han egon zinen!”, azoteak eta kolpeak biktima lurrean zerraldo gelditu arte kordea galduta, “hemendik ez duzu bizirik irtengo”, “Grite Viva España!…, más fuerte! más fuerte!”, torturatuaren desesperazioa mesedez tiro bat emateko eskatzeraino… Gero, torturatua errugabea da: zoaz etxera, hemen ez da ezer pasa.

Agirreren kontakizunean nabarmentzen den puntu bat historia guztian, merezi du hori gomutatzea, kazeten eta irratien jokabidea da. Estreina “voceros del odio, atizadores de nuestra persecución” izan dira su eta fu, buruzagi eta militante abertzale seinalatuak atxilotuak izan zitezela, lortu duten arte. Atxiloketak eginda, gezur albiste eta susmotxar faltsuak barreiaketan jarraitu du haien aurka eginahaletan “esa prensa «caritativa» que en su ceguera quería disfrutar nuestro castigo”. Gero, presoen torturak salatuak izandakoan, “la prensa -¡oh! serenísima prensa- que no registra en sus columnas una protesta, ni una advertencia siquiera ante tanto atropello contra la dignidad humana…”

Karlos Santamariak legearen erantzukizuna azpimarratzen du bereziki torturaren arazoan. Tortura kasuak ezin izaten direla frogatu? Ez. “Pero de cualquier modo, pretender demostración de unos hechos que previamente han sido colocados en condiciones de absoluta indemostrabilidad es una auténtica canallada jurídica”. Harentzat praxi arrunta zera da: “La tortura policial ha llegado a convertirse en un procedimiento de rutina en la lucha contra el terrorismo. Procedimiento por otra parte perfectamente encubierto por disposiciones legales de excepción que hacen imposible su denuncia ante los Tribunales de Justicia”. Birrazpimarratzen dut: Santamariaren ustean (ez baitzen ETA-ren kontsignak aisa jarraitzeko mutiltxo bat), tortura ez da kasu bat ala biko kontua, baizik “un procedimiento de rutina en la lucha contra el terrorismo”.

Baina torturaren frogarik inoiz ez dagoelako horri ohartxo pare bat gehiago zor zaio.

IV

Guztiz ofizialki dena: eguerdiko hamabietan puntuan, 1944eko ekainaren 23an, Doktore Maurice Rossel-ek, 27 urteko mediku gazte suitzarra bera, zeregin garrantzitsu honetarako Enbasada Daniarreko bi ordezkari lagun duela, Henningsen eta Hvas jaunak, juduen kontzentrazio kanpo edo ghetto-hiri Theresienstadt/Terezin bisita ofizialean bisitatu du Nazioarteko Gurutze Gorriaren (CICR) delegatu gisa, Berlingo agintarien baimen guztiekin, bideratuak Adolf Eichmann-en bitartez, Reich-eko Segurtasun Zentralean juduen arazoetarako arduradun ofiziala. Bisita bitartean komunitate juduko buruzagia (“zaharrena”), hiriko alkatea bezala aurkeztu diotena berari, ibili dute gida, Doktore Paul Eppstein, denbora guztian SS-ko ofizial batzuek txit adeitsuki lagun egiten ziela. Bisita hori egin zen, artean Nazioarteko Gurutze Gorria hainbat informazio negatibo jasotzen ari zelako juduen patuaz Alemanian, eta, bestalde, Danimarka eta Suediako Gobernuek Berlingo gobernariei presio diplomatikoa egiten ez zutelako amore ematen, 1943an lurralde eskandinabiarretatik deportaturiko juduen paraderoaz informazio eske, beren Estatuetako hiritartzat eta babespekotzat baitzituzten. Doktore Maurice Rossel-ek hiru orduz, nahi zuen guztia, ikuskatu du kontzentrazio kanpoan, eta deus ez du hauteman desegokirik edo Genebako Konbentzioen kontrariorik. Aitzitik, esames guztien aurka, gerran bertan “ia erabat normal bizi den hiri bat…, hiri judu gogoangarri bat” aurkitu dizu miretsirik, falansterio baten gisara, txukun zaindua dena, bizitza kultural eta musikal eredugarrikoa. “Informe honek Theresienstadt-eko ghettoaren inguruan dagoen misterioa, piska bat desegiten badu, nahikoa da hori”, bukatzen du kontent bere txostena. Are, Genebako Zentraletik bultzatuta (ordurako Gurutze Gorriak eskuratua zuen A. Wetzler eta W. Rosenberg judu eslobakiarren erreporta, Theresienstadt-etik ihes egitea erreusituak biak), berriro bisitatu du ghetto-hiria1945-eko apirilaren 6an, berriro bikain kalifikatuz bere informean. Areago are, 1943an M. Rossel Auschwitz-en inolako abisu eta baimenik gabe presentatua zen, komandante ezustean harrapatuak jendetasun guztiz ongietortu duelarik eta haren informazio beharra asebete, galdera guztiei konplituki erantzunez, kanpoaren bisitarik autorizatu ez dion arren. “Leku ikaragarria” iruditu zaio; ikusi ditu preso batzuk ere “begiak bakarrik bizi zirenak”, baina Genebako Konbentzioen urraketarik ez du erreparatu. 1944ko irailaren 27an (Theresienstadt lehen aldiz bisitatu eta hiru hilabetera) delegatu suitzarrak berriro bisitatu du Auschwitz, oraingoan kanpoko hainbat sail ikuskatuz eta presoekin ere mintzatu ahal izan duela (soldadu aliatu presoekin, ingelesekin batikbat). Gas-ganbaren zurrumurruaz abertitua zegoenez, erneago ibili da (bere ustean), baina ez haragi erre usainik, kerik, krematorio zantzurik, ez ezer sumatu dizu; bere informean, horiek zurrumurruak baino ez direla, ziurtatu du berriro.  M. Rossel ahalegindu da, beraz. Hain gustora gelditu da bere ikerketaren emaitzekin, ezen Theresienstadt-eko ikustaldian berak eginiko argazkiak ume batzuenak parkean jolasten, bidali baitizkio pribatuki Atzerri Ministro alemanari, Eberhard von Thaden. Atzerri Ministroak, “atzerritarrak berriz Theresienstadt-eko horroreak omen direlakoak ailegatuz, niregana zuzentzen badira, erabilera egingo dut” argazki horiena, erantzun dio eskertsu. Esan eta egin, Suediako Enbasada kezkatuari berehala bidali zizkion haur zoriontsuen argazkiak. Reich-eko eledunak, “Europan finkaturiko juduen tratuari buruz etsaiaren propaganda(ri)” aurre egiteko, prentsaurreko batean erakutsi zuen Rossel-en testigantza inpartziala.

Noiz demostratu ahal izan da inon torturarik? Gurutze Gorriak Dachau, Buchenwald eta Ravensbrück-eko kanpoak ere ikuskatu ahal izan ditu (1943), eta inon ez du gaitzestekorik ezer “ikusi”. Nazien kontzentrazio kanpoetan egiten ziren ikaragarrikeriak berak, dudarik txikien-txikiena uzten ez dutenak orain guretzat, leku haiek Armada Gorriak militarki askatu eta gero bakarrik frogatu dira.

Nola hori? Antzina, Jainkoa zen ahalguztiduna: mundua egin, eta gero ezkutatu egin zen. Orain (barka, biraoa irudi badu), Estatua da aski ahalguztiduna, nahi duena egin eta ezkutatu, eta egin duena ez existitzeko ere. Estatuak, aurretik hartuak edukitzen ditu, behar diren neurriak, tortura noiznahi egin dadin, baina inoiz ez frogatu. Faurisson eta Le Pen-en errebisionismoak (juduen Holokaustoa existitu denik ukoa) indignatu egiten gaitu, eta tribunaletan kondenarazi egiten dugu; baina patxadan bizi gara gu geu orain eta hemengo espetxeetako errealitatearen errebisionismo osoan. Gure artean asko eta askok ez du sinestu nahi izaten, Alemanian jendeak ez omen zekiela, juduekin zer gertatzen ari zen. Zenbat interesatzen dira beraiek, jakiteko Espainiako komisaria eta kartzeletan oraintxe zer ari den gertatzen bertoko “juduekin”? Historia hau zaharra da eta berriro errepikatzen da. Zer ari da gertatzen Guantanamon? Zer informatzen zuten, basakeriak gertatzen ari ziren egunetan, Txileko, Argentinako hedabideek? Zer zabaltzen zuten Pariseko hedabideek, beren Armada heroikoak egiten zuela Algerian 1956 eta 63 artean? Zer Iparraldeko Herria-k berak? J. P. Sartre-k 1958an idatzi du: “Algerian erregularki, sistematikoki torturatzen da, mundu guztiak daki hori, Jaun [Ministro] Lacoste-engandik Aveyron-go laborarienganaino; baina inork ez du txintik hitzegiten horretaz”. Izan ere, Sartre, Henri Alleg bezala (bere tortura kontatu duen kazetaria, in “La Question”), “komunistak” ziren, orain “terroristak” direna bezalatsu, eta gauza jakina da, jende zintzoak ez diola jendilaje horri sinesten. Gobernu demokratiko frantsesak H. Alleg-en liburua errekisatu du, autorea auziperatu. Jende zentzudunak ulertu du, Gobernuak zentzuz jokatu beharra zeukala. Berrogei urte geroago, General Aussaresses-ek, Algeriako gerran Armadak egindako balentriak liburu batean kontatuz, egindako torturak argi eta gordin aitortu dituelako, bera harro-harro militar patriota gisa, eskandalo nazional bat probokatu du. Errepublikak tribunaletara eraman ditu, ez ziegetan torturak egiteagatik, ezpada “torturaren apologia” liburuan egiteagatik, Generala eta bere editorea.

Egun hauetako albistea da, Khieu Samphan-ek, hori Lehendakaria zen Kanputxea Demokratiko edo Kanbodia komunistako Khmer Gorrien Pol Pot-en Gobernuan -aro hartan 1,7 milioi hiritartik gora izan baitzen han akabatua torturaz, exekuzioz edo goseak-, ailegatu nahi omen duela bere defentsan, aurki Nazio Batuak egiteko diren auzian gizadiaren aurkako krimen edo khmer gorrien genozidioagatik, berak deusen deusik ez zekiela guztiaz… Bistan da, goiko nagusiek beheko torturen eta masakreen albisterik inoiz ez dutela. Nürenberg-eko Auzian, jauntxo nazietarik inork ez zekien ezer Shoah edo Holokaustoaz; Hamburgo-ko Auzian, gas erailea ekoizten zuten enpresaburuetatik (Zyklon B), inork ez zekien ezer, zertarako erabilketan zen. Krimen handienen erantzule gorenak egundoko arrakastatsu izaten dira beti ezer ez jakiten.

Gobernariei dagokienaz hori. Poliziari dagokionez, sekula ez du ezer jakiten, bistan da, poliziaren torturei buruz. Iritzi publikoaz denaz bezainbatean, azkenik, egia da tamalez, gizarte alemanak (txiletar, argentinar, frantsesak) benetan gutxi jakiten duela, jakin; eta dakientxoan ez du nahi izaten asko pentsatu, gehiago jakiteko beldurrez seguruenik. Baina aitortu beharra dago, jakiten ahalegindu den Gurutze Gorriak ere, oso gutxi jakin ahal izan zuela kontzentrazio kanpo naziez; aliatuen propaganda antinaziak orobat, kontzentrazio kanpoen eta Holokaustoaren gaia ia ez zuela aintzat hartu: informazio zehatzik ez zuela, ondoria liteke. Algerian, Txilen, Argentinan, horrorearen zinezko datuak gero bakarrik ezagutu dira garbi. Errealitatea hori da.

Lehenengo arazoa torturaren inguruan gertakarien froga ziurrik eza izaten da beti. Gutxien-gutxiena, torturatuak berak izaten du frogarik. Torturaren lekukorik ez da egoten, poliziek ez dituzte emango, Gobernu guztiek ukatu egiten dituzte… Baina frogarik inon ez egote hau ez da fenomeno natural itzurigabeko bat. Norbaitek ipintzen ditu gauzak horrela. Badago, beraz, erantzule bat, eta hor ikusten da, ez dela torturatzailea, torturaren erantzule aurren eta behinena, eta arazoa ez dela harengan zentratzen, soluzioaren bilaketak ere ez duela harengan zentratu behar.

Honela planteatzen zaigun galdera da, zein den, hori horrela izateko, Estatu modernoak –nazi, komunista ala demokratikoa izan- torturaren inguruan eraikita edukitzen duen sare babestaile, edo ezkutatzaile, legal, politiko, mediatiko guztia. Hori begiratzen denean, ezin negargarriagoa ageri da panorama – eta ezinago etsigarria. Torturaren edozein posibilitate errotik eragotzi beharko lukeen legeak, edozein zigorgabetasun da, garantiatzen duena (inkomunikazioa, etab.). Norbaitek bere tortura epaitegian salaketan duenean, gehienetan artxibatu egiten da kasua (salatzaileari berari entzun ere gabe askotan). Noizbait erdiesten bada epaitegiek torturatzailea zigortzea, geroxeago aginteak indultatu egin ohi du, eta laster merezimendu bereziengatik promugitu egiten dizu. Torturatzailea lasai ibil daiteke lanean, Estatuak beti babestuko duela jakitun. Jean Améry-k garrazturik idatzi du: torturak-eta, uste genuen nazismoarekin batera bukatuak izango zirela betiko; demokrazia garaileetan nazien moduko jokabideok ez zirela behin ere gehiago ikusiko. Baina urte batzuk igaro eta Estatu demokratikoek nazien metodo berberak praktikatzen dituzte, eta Gobernuek justifikatu egiten dituzte praktika horiek. “Jamás he oído que un funcionario del cuerpo de policía procesado por malos tratos haya sido acusado abiertamente por sus superiores”.

Beste galdera bat plantearazten digu horrek: nola da posible aginteak demokrazian, faxismoan bezalaxe, torturatzaileak herri osoaren bistan saritzea ezein eskandalo gabe, torturatzaileak berak kontzientziarik onenaz egitea bere ofizio kriminala, are ongile sozialaren kontzientzia kasi erlijioso batez ihardutea kasu batzuetan (Txema Auzmendi jesuita adiskideak kontatu digun legez, Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusian kapitain galegoak adierazi diola berari), epaile eta mediku forentseek torturatua abailduta ikusi eta ezer ez pasatzea, salaketak egon eta hedabide guztiak ezaxola gelditzea? Galdera ezberdinak dira, elkarlotuak daudenak baina.

Azken batean, gizarte batek daukan kultura dauka historian, eta hemen, politikoen diskurtsoan, intelektual askoren akiakula eta hedabideen kanpainetan, kaleko iruzkinetan, ikusten da, demokrazian ere burdinezko hariz ehunduta kultura batek jarraiketan duela publikoan nagusi, turkoarentzat, heretikoarentzat, “ETA-ratas” besterik ez den jendearentzat, tortura bera ere onirizten edo eskusatzen dizuna eskrupulo gehiegi gabe, batzuetan mokorkeria batekin adierazten dizutena, gehiagotan bizkarra jaso eta isiltasunaz. Horiek torturatu? Izorra daitezela! Edo, zibilizatukiago: ez da ondo egongo, baina ezinbestekoa da. Edo, are: merezia dute! Gure kulturak (Gobernuaren praxiak, Alderdi handienak, hedabideenak) onartuta dauka tortura, “kasu batzuetan” behinipein. Gutxitan esango da horrelaxe literalki, zehar-mehar edo aitzaki-maitzaki maizago; behin baino gehiagotan, ordea, aski ulertzeko moduko arrazoipideetan ere bai. Ikustea dago “intelektualen” testu asko terrorismoari edo terroristei buruz. Adibide “intelektual” bat aipatzeko, beraz (tabernako edo behin irakurri eta botatzeko egunkarikoa gabe), Zuzenbideko estudiante espainolak urte askoan hauxe ikasi dio Alvaro d’Ors irakasleari Una introducción al estudio del derecho eskuliburutxoan: “El terrorista no debe ser juzgado (…), sino que debe ser capturado como enemigo, o muerto, conforme al Derecho de Guerra” (1982, 153). “Terrorista” ez da hiritar bat, ez da jende normalaren eskubideak lituzkeen norbait (epaiketa justu bat, adibidez). “Arerioa” da, harekin gerrako legeak bakarrik balio du. Alabaina, tortura edozein kasutan da ezlegezkoa. Internazionalki debekatua dago. Horregatik, D’Ors irakasleak badaki, behar den lekuan, behar den berezkuntza finak egiten, eta ez dauzka torturatzat “la práctica de malos tratos sin reglas, así como también la práctica policial de castigos corporales profilácticos para el mantenimiento del buen orden público” (Nueva introducción al estudio del derecho, 1999, 44-45). Horiek ez dira torturak. Horiek ez dira debekatuak. Alegia, tortura estriktoa, ilegalizatua, “sometido a ciertas reglas” praktikaturikoa izango litzateke eta “como modo judicial de conseguir una confesión” baliatua; hots, seguru asko tortura Inkisizioaren behialakoa bakarrik litzateke, hura baitzen, a) urratsez urrats arautua zegoena, eta b) aitorpena lortzeko “molde judizial” bezala onartua, froga modu horren baliagarritasun judiziala Iraultzak abolitu zuen arte. Estatu modernoek debekatu egiten dutenez, eta praktikatu bai, baina araugabeki, hori ja ez da tortura… D’Ors ez da nornahi. Opus-en Nafarroako Unibertsitateko katedratikoa, Zuzenbideko maisu gailenetakoa Espainian, hainbat sari nazional eta nazioartekoren eskuratzaile da, haren aipatu liburuak –ideiak- milaka estudiante espainol Zuzenbidekoren testuliburuak izan dira urte eta urteetan. Euskal Herrian bertan haren maisutza Eusko Ikaskuntzaren Humanitate eta Giza Zientzien (1996) eta Vianako Printzearen Kulturako (1999) Sari bereziez ohoratu da. Pentsamendu akademiko txalotua hori bada gure artean, zer ez ote da tabernako eta kalekoa? Beharbada ez da harritu behar, Zuzenbideko estudianteek kontzeptuok ikasten dituzten erresuman, epaileek, ikusten dugun eran, juzgatzen badituzte terrorista susmatuen “tratu txar” eta “zigor korporal profilaktikoak”. Eta torturatzaile jauna bera, krimen barbaroenaren profesional gogobetea eta katoliko debotoa izan ahal bada, berak Estatuaren, beraz ordena eta ongiaren zerbitzuan diharduelako kontzientzia onarekin. Gizartearen ageriko kultura hori da, komisarietan tragediak ezkutatzen dituena.

Guzti horren aurkako proiektu eta errealitate bat da Torturaren Aurkako Taldeak (TAT), hori da Gobernuz kanpoko erakunde bat Euskal Herrian, izenak dioen asmoa dizuna helburu. TAT-ek torturatuei laguntza juridiko, psikologiko eta medikala eskaintzen die (nahi badute). Horrez gain, tortura desagertarazteko ekimenak antolatu ohi ditu, erakunde internazionaletan laguntzak bilatuz bezala gizartea kontzientziarazten laneginez. Lehen-lehenengo egitekoa, gizarteari begira, torturak ezkututik ateratzea da, berria jendaurrean zabaltzea. Horretarako torturak jasan dituztenen testigantzak jaso eta publiko egiten ditu. Badakigu, testigantza bat errigortsuki ez dela froga bat (tortura salatzeagatik bakarrik hamar urte kartzela arriskatzeko kemena aski froga ez bada behintzat!), baina egon ere ezin egon liteke frogen zain, historiak sobera irakatsi digunean, apenas direla posible. Dagoen esperientziarekin, inortxok aipatu ere orduko torturatua izan dela, obligazio morala eta politikoa da beste gabe, egia dioelako suposizioa; eta obligazio morala eta politikoa da, torturarik egotea bidera lezakeen oro, lehenbailehen eliminatzea. Torturatuari benetan eskertu egin behar diogu bere testigantza (berea bakarrik den ziurtasun absolutuarekin eta ziurtasun horren autoritate moralez), are gehiago zuzenbidearen perbertsio total bategatik beste zigor bat arriskatzen duenean, bultzadarik handiena egunen batez agian torturarik gehiago egon ez dadin, gaurko biktimen lekukotza baita.

Oraindik, zoritxarrez, bizitza publikoan nazien garaian gaudela dirudi, nazien esperientziatik ezer ikasi ez bagenu legez (beraien metodoak ez bada): salaketan du norbaitek, torturatua izan dela, eta politikoek eta erakunde publikoek frogak esijitzen dituzte biktimarengandik. Frogarik eskuan ez badu, eskusatuak baleude bezala egiten dute. Biktimaren ezin horretan ez dute nonbait beraien salaketa bat ikusten, logika piska batekin horixe den arren. Izan ere, biktimaren aldetik, torturarik nozitu badu, nozitu duen erabateko indefentsio egoerari berez datxekio, frogarik ezin edukia. Sarkasmoa da, orduan, politikoek torturatuari frogak eskatzea, torturarik egotea aurrena eta frogarik ezin egotea gero, beraiei zor zaienean (botere legegileari) eta ez beste inori. Biktimari frogak eskatzea, soluzioa nahi ez duenaren soluzioa da. Politiko gisa bere-bere erantzukizunari  ihes egin nahi izatea. Tortura badagoela aski jakin, eta ezer egin nahi ez duen politikeroaren aitzakia: biktimak ezin du ezer frogatu, berak ezin du ezer egin. Hala eskuak ikuz ditzakeela uste du. Baina torturen lehenengo erantzuleak politikoak dira. Torturak  posible egiten dituzten baldintzak behin eta berriro salatuak izan, eta behin eta berriro haiek aldatzeari uko egiten dion politikak –alderdiak, Gobernuak-, egon daitezela torturak,  nahi du garbi, hortxe dago arazoaren maratila eta soluzioarena ere.

Gauzak dauden bezala, askoz premiatsuago da, tortura ez dadila posible izan lortzen saiatzea denon artean, gertatu eta gero frogak bilatzen eta errudunak zigortzen ahalegitea baino. Eragozte hura ez da iritsiko gure kultura politikoa eta soziala aldatzeke, lehenengo eta behin oraingo legeak aldatzeke, tortura –berdin da egon ala ez egon- frogatzea praktikan inposible bihurtzen dutenak, eta horrela zigorgabetasunaren garantia direnak. Legeak ez du tortura zigortu behar, ezinezkoa bihurtu baino. “Ez du balio «utz diezaiogun Justiziari bere bidea egiten» esateak”, abisatu digu Inaki Uriak Aranjuez-ko kartzelatik. “Zer balio du helburua ez denean Justizia egitea”, hari bere bidea egiten uzteak? Hain zuzen, ez zaio utzi behar bere bidea egiten Justizia horri.

Irakurtzen dut, ordea, Berria-n (2004-02-14) TAT-ek Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideetarako Zuzendaritzagaz bilkura bat izan duela. TAT-eko ordezkarien artean zeuden Unai Romano (haren arpegi itxuragabetua denok ikusi dugu argazkian) eta Susana Atxaerandio (berak ere 2002ko urtarrilean torturak jasan izana salatu du). Egunkariak Susanaren deklarazio hauek birproduzitzen ditu hitzez hitz: “Torturak pairatu dituen pertsona naizen aldetik oso sentimendu txarrarekin atera nintzen bilera hartatik. Izan ere, esan zigun Eusko Jaurlaritzak ez duela ezer egingo tortura kasuekin. Salbuespen bat aipatu zuen, eta horrek min egin zigun bai niri eta bai Unairi [Romano], bileran nirekin baitzegoen. Esan zigun zantzu argiak daudenean, Unairen kasuan bezala, Jaurlaritzak babesa emango duela [?!!] eta jarraipen judiziala egingo duela, baina zantzurik ez badago, nire kasuan bezala, ez dutela ezer egingo”. Ulertzekoa da Susanaren etsipena.

Ez da ezer egin behar, ezer ezin egitearen aurka? Jaurlaritzak ezin du ezer egin? Horrela den bitartean, tortura agian ez da sistematikoa, baina sistemak onartua bai de fakto.

Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, Gipuzkoa, 1941eko martxoaren 19a) euskal idazlea, filosofoa, saiakera egilea eta poeta da. Etikaren, politikaren, hizkuntzaren filosofiaren, teknikaren, euskal literaturaren, eta orokorrean filosofiaren gaineko liburu eta artikulu asko plazaratu ditu. Jakin irakurgaietako zuzendaria izan zen, eta 2010 urtera arte bere zuzendaritzapean 40 liburu atera zituen argitaletxeak. Hala nola, Klasikoak editorialaren filosofiako euskarazko itzulpenetan lagundu izan du. Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetako bat izan zen, halaber; eta EHUko irakaslea da. 2010ean euskaltzain ohorezko izendatu zuten.
Email this author | All posts by

Leave a Reply

Printer  Print This Page