‘We don’t need no education’… hau! (Gabirel Ezkurdia. BERRIA 2010-9-18)

By • Sep 18th, 2010 • Category: Albistekaria

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2010-09-18/004/006/we_dont_need_no_education_hau.htm

‘We don’t need no education’… hau!

Iragan otsailean, Bilboko Euskaldunan, Australians Pink Floyd tribute taldearen emanaldi ederra gozatu genuen. Tribute moda honetan, dirudienez musikagintzan XXI. mendean ez baita ezer berririk egiten, taldeen profesionaltasuna ikaragarria da, eta egun, Mozart edo Beethoven nonahi jotzen diren bezala, desagertutako Pink Floyd zuzenean gozatzea posible da.

Berandu iritsi arren, Valhala musikalean geunden. Bukaeran, hunkituta argiak piztean ehunka gorbatadun eta pintxo jantzitako politicaly correct exekutibo eta marrazoz inguratuta geundela konturatu ginen. Ikaratuta minutu gutxi lehenago ilunpean The wall laneko hainbat abesti elkarrekin kantatu ostean, han zeuden The wall-eko adreilu guztiak, Harresiari eusten dioten morroiak. Zur eta lur. 2010ean ongizate gizartean ondo kokatutako irakasle, burokrata, polizia, saltzaile, matxista eta enpresagizon-emakume, homofobo edota nazionalista We don´t need no education eta Another brick in the wall abesten.

No dark sarcasm in the classroom…

Neguan gertatutakoa uda amaieran EHUk borobildu du. Errektoreak The Wall laneko hezkuntza paradigma-salaketaren irudiak erabili ditu 2010eko EHUko kurtsoari hasiera emateko. EHU The wall-ek salatzen duen alienazio eta Sistema zapaltzailetik at dagoen errealitatea dela azpimarratu zuen Goirizelaiak joan zen astelehenean.

Hasieran adarjotzea zela uste nuen, benetan paradigmatikoa den EHUko irudia beste bat da eta. 2010-11ko ikasturteko sarrera hitzaldia Lopez lehendakariak, ikasketarik gabeko morroiak, irakurri zuen. Paleto cum laude. Gogoratu nuen ziurrenez XX. mendeko bukaeran unibertsitatean txistu eta iseka egingo ziotela gutxienez, baina orain «sasoi haietatik urrun gaude», noski. Kaikua hirueletasunaz edota Boloniak erakarriko dituen ez dakit zeintzuk «maila» eta aurrerakuntzez «irakurri zen». Huts eta putz. Lotsarik gabe, Boisen bezala Guk, euskaraz abesten ziotenean, edota irailaren 9an Brad Little Idahoko gobernadoreordearekin bildu zenean, horren ingeleseko «itzultzailearekin mintzatzeko», telebistan ikusi genuen bezala, arrapaladan eskapatu zen, guztiok ordaindutako bazkariren bat izango zuelakoan.

Kaskarkeria lotsagabe hura EHUko estamentu gehienek makur onartzen dute eta, beraz, EHUren mamia hor adierazten da: menpekotasunean.

We don’t need no thougt control

Egungo unibertsitateek, EHU barne, ez baitute kode genetikoan Sistema zalantzan jartzen. Unibertsitateak aginte politikoaren hierarkia, adibidez, ez du sekula ezbaian ipintzen. Ezikasiz osatutako klase politiko erdipurdia ikasien eta adituen gainetik den heinean, absurdoa da unibertsitatearen independentziaz mintzatzea. Tamalgarria bada ere, Sistemak oso ondo mantsotu du unibertsitatea, eta Bolonia horren paradigma zehatza da. Bi norabideko kontrola.

Unibertsitatean ez baita izpiritu kritikorik, alegia. Bere esan instituzional guztiak Pentsamendu Zuzen eta Derrigorrezkoan finkatzen ditu, esan akademikoak ildo berean Sistemaren zutoina direlarik. Udako Ikastaroak horren eredu argiak ditugu. Kapitalismo basatienaren morrontza ere logika horretan datza. Nazioarteko logika ekonomiko jasanezinean oinarritzen ditu bere hazkunde proiektu eta asmo guztiak, unibertsitatea enpresa pribatuaren morroi bihurtuz.

Barnean betiko logika hierarkiakoan, irensten ez duenak etorkizunik ez du. Boloniak lehiakortasuna, norberekeria, irentsaraztea… muturtuko ditu, merkatuek behar dutena baita. Gaurko dekano eta irakasle askok, alegia orain dela hogeita hamar urte orduko dekano eta irakasleek inposatutako baldintzak jasan eta irentsi ondoren, egun bekadun eta laguntzaileekin esplotazio sistema berbera erabiltzen dute. Makurtzen, apaltzen edota saltzen ez denak jai du!

EHU Sistemaren gure unibertsitatea da, NUP, Bordele edota pribatuak bezala. Zerbitzuen aldetik puntakoa, irudi itxurosoa, eta atzerritarrentzako «Espainiako hamaikagarrena». Iraunkortasunik gabeko Sistema horren aurkako mezurik kritikoena eko-sozial-demokraziar-autonomiko sostengarriaren ildoko balore apalenetatik eraikitzen duena, eta Askatasun nazionalaren diskurtsoarekiko edota Unibertsitate herrikoi parte-hartzaile eta horizontala gero eta baztertuago duena, eta dagoen apurra Lopez bezalakoek eta Boloniak hilko dutelakoan dagoena.

We don’t need no ‘this’ education.

Ez dugu unibertsitate protokapitalistarik nahi, ikuspegi nazionalik gabea, harroputza, elitista eta makurra… poliziaz eta guardiaz josia. Azken finean Pink Floyd eta Alan Parkerren film paregabean bezala, denek, ikasleek eta irakasleek, kate industrialean segitzen dute. Harresiko adreiluak agian ez dira XIX. gizaldiko buztinezkoak, egun adreiluak Porcelanosakoak baitira, baina azken finean harria, Euskalduna jauregian itsu eta lotsa gabe Another brick in the wall abesten zuten WASP edota yuppiak bezala.

Emakumea armadetan dago; gay eta lesbianak ezkon daitezke, eta unibertsitatea enpresa eta instituzio politikoak gero eta lotuago daude. Gainditu ditugu XX. mendeko kateak! Esaten digute errektoretzatik, baina agian benetan aurrerakoiak, Harresiaren behin betiko apurketak, ejertzitoen desagerpenean, ezkontza instituzioaren abolizioan edota unibertsitate publiko independentean dautza. Horregatik, tamalez, 2010ean EHU ere Harresiaren beste adreilu bat da.

(Hernani, 1975). Filosofian Lizentziatua. Zinemazalea ere banaiz, nahiz eta sarri barrurakoan baino aldarte ilunagoarekin atera ohi naizen zinema aretotik. Freud-en "Egonezina kulturan" (Gaiak, 2009) liburuaren itzulpenak dituen gabezien erruduna ere ni naiz.
Email this author | All posts by

2 Responses »

  1. O-N-A.
    Paleto cum laude-ren hori ze egian den ez balitz EHUn Cum Laude soilak eskaintzan daudela…

  2. http://video.google.com/videoplay?docid=-1665512765896481771#

Leave a Reply