Euskal iraunkortasunaren argi-ilunak. Roberto Manjon. (BERRIA. 2010-08-03)

By • Aug 3rd, 2010 • Category: Albistekaria

BERRIAko artikulua hemen

Euskal iraunkortasunaren argi-ilunak

Roberto Manjon

Hizkuntz normalizaziorako teknikaria

Duela aste batzuk egin zen UEUko iraunkortasunerako euskal trantsizioaren mintegia. Iraunkortasunerako esperientziek, zinez, arreta merezi dute, etengabeko hazkundean oinarritutako zibilizazio hau kolapsora doa-eta. Mintegi ona eta oso onuragarria izan zen, ederki antolatua eta bideratua. Nago abiagune egokia izan dela iraunkortasunaren gaineko herri-ekimenak zabaltzeko. Mintegiak, beraz, bere xedea bete du, ondo egin ere. Nolanahi ere, badira kezka-iturri izan daitezkeen alderdi batzuk, bestalde, guztiz normalak mugimendu baten hastapenean.

Mintegiko txostengile batek baieztatu zuen bizitzen ari garen une hau bakarra dela historian, oraingo erronkak erabat ezezagunak. Uste dut ez dela guztiz horrela, lehengo batean egunkari honetan azaldu nuen bezala (2010-6-12). Lehenengo globalizazioak, helenistiko-erromatarrak, desberdintasun handiengatik ere, antzekotasun handiak ere baditu gure globalizazioaren aldean. Une historiko guztiak, desberdinak badira ere, paradigma erlatibo edo ireki batzuetara bil daitezke. Une historiko honen diagnostiko egokia egiterakoan, interesgarria da zibilizazioen gainbeherari begiratzea.

Dekadentzia-zantzu antzekoak antzeman ditzakegu globalizazio-aldi bietan. Horietariko bat ideologia ahulen ugaritzea da. Ideologia indartsuak autokonfiantzan oinarritu izan dira; objektibatzaileak dira, totalitarioak neurriren batean, iraultzaileak. Sistema osoak izan dira, giza bizitza eta gizartearen gaineko alderdi nagusiak barne hartuta. Argi izan dute nolako estatua, gizartea, kultura eta gizakia nahi duten, eta prest egon dira eginahalak egiteko xedera hurbiltzearren. Ideologia ahulak, ordea, subjektibistak, erlatibistak, giza banakoari begira jarriak dira, gizarte, politika eta kulturaren gaineko eredu orokorrik gabeak. Ezintasunaren kontzientziak eta, sakonean, etsipenaren sentipenek eragindakoak izaten dira. Gizaki nekatuaren garaietan, giza banakoaren zoriontasuna bilatu izan dute. Nietzscheren iragarpena bete da: balio agintarien basamortuan bizi gara, erlatibismoaren larriduran, transzendentziarik gabe, postmodernitatean.

Gutxi-asko, postmodernoak gara. Marxismo-leninismoaren amaieratik errenka gabiltza sinesmenen aldetik. Gure ideologiak ahulak dira, onerako eta txarrerako. Giro horretan uler daitezke iraunkortasunerako trantsizioaren mintegiko antolatzaile eta parte hartzaile batzuen jarrera: ez goaz inoren eta ezeren kontra; gurea ez da protesta, eraikitzaileak gara; ez dugu gatazka bilatzen; integrazioa nahi dugu. Orobat, testuinguru horrek azaltzen du sentitzen dugun (ezker) politikoarekiko mesfidantza, are gehiago, ezkerraren narratibaren aurkako jarrera, funtsean, narratiba iraultzailearen ukoa baizik ez dirudiena. Horixe da barruan daramaguna; agian ez daukagu bestelako abiapunturik. Positiboa da hein batean, eta aldi berean negatiboa. Guztiagatik ere, dialektikoki, pentsamendu indartsua ere berreskuratu beharko dugu noizbait.

Erronkei aurre egiteko, gure indibidualtasun tragikoa transzenditzen duten balio batzuk behar ditugu, eta horien eszipiente emozionala, sentipenezkoa ere bai, zentzua ematen baitiote gure ekimenari. Hori guztia komunikatzeko dugu narratiba, mitoak. Narratiba ezinbestekoa dugu, eta iraultzailea ere izan beharko du. Kontua da, ezkerreko narratiba iraultzailea erdi galduta, haren zati bat, narratiba kristaua baizik ez zaigula geratu. Horregatik ere, diskurtso bakezalea nagusitzen da, bortitza alboratuta.

Tradizio horren eskutik bizi-bizirik dugu gure imajinarioari koherentzia ematen dion humanismoa. Bertsio indartsuan heldu zaigu, ilustratuan. Hala ere, humanismo gotor hori gainditu ezik, jarraituko dugu pentsatzen ezen natura gure zerbitzura dagoela, eta jasangarria zaigun bitartean, gure eskubidea dela mundutik nahibeste espazio eta masa hartzea. Izan ere, Jainkoaren irudira sortuak garela diosku narratibak. Mito zaharra berrituta, Ilustrazioak diosku Jainkoaren (Arrazoiaren) umeak garela, izaki arrazionalak, eta arrazionalitateak gobernatu behar duela mundua. Horrela ulertzen da desazkundearen aldeko jendeagan nabaritzen den higuina arazo demografikoaren aurrean. Ez da desazkunde demografikorik behar? Ez horixe! Sei mila milioi bizilagun munduan, horrenbeste arima arrazional beraz. Laster %50 gehiago, baina, apika, molda gaitezke natura modu egokian ustiatzen badugu. Pentsaera horrek ez digu lagunduko Ilustrazioaren atzaparretatik ateratzen, eta horrela hazkundearen pentsamendu sofistikatuago batera itzuliko gara.

Hala ere, desazkunde-mugimendua noizbait arriskutsu izatera heltzen bada, etsai handi, gupidagabe eta espeditiboak agertuko zaizkio, autoantolakuntzako beste esperientzia batzuk errotik suntsitu dituzten berak hain zuzen (AEBetako SWP eta Pantera Beltzak ez ahaztu). Mundu globalizatua kolapsorantz hurbildu ahala egoera gaiztotuko denez, zapuzketak, tentsio sozialak, egoera bortitzek gora egingo dute, eta botere-gune nagusien erantzun bortitzek ere bai. Orduan, herritarrek ideologia sendoagoak, beteagoak, osotuagoak, bortitzagoak, indartsuagoak beharko dituzte, biktima huts sentitzeak ez baitu asebetetzen gogo jipoitu, iraindu eta irendua. Eta iraultzaileak ez badira, bortizkeria zentzugabea nagusituko da, ezker iraultzailea desagertu denetik hainbat tokitan sortutako gazte-mugimendu ultren antzera. Erantzun bortitzen premiak norabidea behar du, euskarri ideologikoa.

Desazkundearen mugimenduak aurrean izango ditu erronka horiek, eta haiei erantzunez moldatu beharko da, bazterrean eta ezdeus geratu nahi ez badu, lehenengo globalizazioko ideologia ahulen historia errepikatuta. Gainera, Euskal Herrian, erronkok aurrean ditu jada, berton ideologia indartsuak ez dira-eta guztiz aienatu. Nazio-proiektua, eraldaketa sozialari loturik, ez da ideologia ahul baten produktua. Herritar askok, sarritan herri-mugimenduetan aktiboetarikoek, ideologia indartsu eta narratiba nazionalaren premia dute. Desazkundearen aldeko ideologia ahulegi batek talka egin dezake askoren asmoekin, edo haiengandik aldenduta garatu, egun zenbait mugimendu ekologista, kultur aniztasunaren aldeko eta solidariorekin gertatzen den bezala.

(Berriz, 1984) Filosofian lizentziatua. Jon Jimenez-ekin batera "Modernitatearen auziaz" (Jakin, 2009) idatzi du. UEUko Filosofia Sailburua 2 urtez izandakoa. Doktoradutza ikasketak bukatzen EHUrekin. Gara egunkarian iritzi saileko kolaboratzailea izan da. hAUSnART aldizkariko zuzendaria.
Email this author | All posts by

Leave a Reply